80. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

3/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Gerora, martxoaren 17ko 476/2020 Errege Dekretuak eta martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuak aldatu zuten lehenbiziko arau hura. Apirilaren 10eko 487/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera luzatu zen 2020ko apirilaren 26ko 00:00ak arte.

Aipatutako 463/2020 Errege Dekretuak 4. artikuluan ezartzen duenez, alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza Gobernua izanen da eta, zein bere ardura eremuan, agintaritza eskudun delegatuak izanen dira, halaber, ministerio hauetako titularrak: Osasuna, Defentsa, Barne Arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Agenda Urbanoa. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere agintaritza eskudunaren zuzeneko aginduen esparruan.

Horrela, COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortu duen egoera bereziaren ondorioz, zeharo ohiz kanpokoa baita, premiazko neurri bereziak hartu dira, osasun publikoko arrazoietan oinarrituta. Horregatik, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, premiazko neurri batzuk onetsi ziren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Nafarroako Parlamentuak 2020ko martxoaren 27an egindako Osoko Bilkurak erabaki zuen bi foru lege-dekretu horiek baliozkotzea eta foru lege proiektu gisa tramitatzea presako prozeduraren bidez. Tramitazio horren ondorioz onetsi ziren, batetik, apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, eta, bestetik, apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusita, beharrezkoa da hirugarren neurri sorta ezartzea, foru lege-dekretu honetan jaso direnak, hain zuzen.

COVID-19aren pandemia mundu osoko osasun larrialdia eragiten ari da. Osasun krisia ekonomiara eta gizartera hedatzen ari da abiadura bizian, eta horrek ondorioak ditu, bai ekoizpen jardueran, bai herritarren eskaeran eta ongizatean. Ekonomia bide desberdinetatik etorri zaio kaltea, COVID-19aren agerpena denborari dagokionez nahiz geografikoki izan duen bilakaeraren arabera.

Testuinguru honetan, ekonomiaren arloan erabateko lehentasuna du ekoizpen eta gizarte sareari babesa eta sostengua emateak, inpaktua ahal den txikiena izan dadin eta, behin osasun alarma bukatuta, jarduera lehenbailehen susper dadin.

Saihestezina da COVID-19aren pandemiak Nafarroako ekonomia kaltetzea, baina, kalte hori norainokoa izanen den zehazteko, zalantza handiak daude oraindik. Egoera honetan, lehenetsi behar da inpaktu soziala ahal den neurrian gutxitzea eta jarduera bere onera itzul dadin laguntzea, betiere osasun egoerak hobera egin bezain laster.

Helburua da ondorio negatibo horiek iragankorrak izatea eta ekiditea inpaktua iraunkorra edo egiturazkoa bilakatzea, eskaerak eta ekoizpenak bata bestearen atzetik behera egitearen ondorioz, hori benetan larria izan daitekeelako Foru Komunitateko autonomoentzat; izan ere, gure erkidegoan 47.000 autonomo baino gehiago daude, eta horietako asko aritzen dira indarrean dagoen alarma egoeran baimendurik ez dauden jardueretan, arlo hauetan, adibidez: kultura, artea, kirola, ostalaritza, saltokiak, ile-apaindegiak eta hezkuntza. Orain baimenduta ez dauden jarduera horietan edo ekonomiaren hibernazioak kaltetutakoetan aritzen diren autonomoentzat da, beraz, foru lege-dekretu honen I. tituluan jasotzen diren neurrien multzoa, xede nagusi honekin: haien suspertze ekonomikoa lortzea osasun egoerak hobera egiten duenean.

Foru lege-dekretu honen II. tituluan neurri bereziak jasotzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren foru-sektore publiko instituzionalaren kudeaketa eraginkorra izateko.

Kontratazio publikoaren arloan beharrezkoa da kudeatzaileei tresna egokiak ematea, eritasunari aurre egiteko behar diren ondasunak erosteko prozedurak arinagoak izan daitezen, merkatua aldakorra eta lehiakortasun handikoa baita. Hori dela eta, baimena ematen da kontratuen prezioa, osoa edo zati bat, kontratistak hura bete aurretik ordaintzeko, baldin eta ezinbestekoa bada merkatuaren egoera kontuan hartuta.

Dohaintzen kudeaketari dagokionez, herritarrek eta enpresek interesa agertu dutenez diruzko dohaintzak egiteko COVID-19ari aurre egiteko, tramitaziorako sistema arinagoa ezarri beharko da, ohiko prozeduraz bestelakoa, gaur egun diru-sarrera egiteko beharrezkoa baita dohaintza onartzeko ebazpena tramitatu eta ordainketa-gutuna bidaltzea dohaintza-emaileari ordainketa egin dezan. Helburu horrekin, sistema arinagoa ezartzen da dohaintza mota honetarako.

Bestaldetik, maiatzaren 22ko 32/2013 Foru Dekretuak, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Programa eta Finantzaketa arloan garatzeko erregelamendua onesten duenak, 20. artikuluan aurreikusten du zerbitzu horien titularrak diren toki entitateei Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura finantzatu beharrekoa lau epetan ordaintzea, eta ordainketa horren bigarren epea egiteko dago; bada, osasun krisiak eragindako egoera dela-eta, entitate horien likidezia bermatzeko eta likidezia hori balia dezaten berehala arreta emateko finantzabide horrekin artatzen duten populazioaren sektore kalteberei, kendu behar da entitateek orain duten betebehar bat, alegia kudeaketa unitateak aurreko ekitaldiko memoria baliozkotuta egotearena.

Era berean, gizarte zerbitzuen esparruan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Toki Administrazioaren arrazionalizazioari eta jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen bidez aldatutakoak, esleitzen die udal guztiei, beren eskumen gisa, “premia sozialeko egoerei buruzko ebaluazioa eta informazioa, eta bazterketa sozialeko egoeran edo arriskuan daudenei berehalako arreta ematea”. COVID-19aren epidemiak eta haren aurka egiteko hartu diren neurriek premia sozialak sortu dituzte populazioaren sektore kalteberenetan, berehala konpondu beharrekoak, eta beraz, araudi horretan babestuta, toki entitateek neurriak ezarri beharko dituzte premia horiei lehen baino lehen erantzuten zaiela ziurtatzeko. Nafarroako Gobernuak, aldiz, lagundu behar du lan horretan, zerbitzu sozialen titular diren toki entitateei finantza laguntza emanez, eta horrela bermatu posible izan dezatela erantzutea egoera zehatz horiei eta osasun eta gizarte larrialdi honetan laguntza behar duten herritar guztiei. Hain zuzen ere berme hori eskaini beharragatik nahitaezkoa da Nafarroako Gobernuak ohiz kanpoko finantzaketa aurreikustea xede horretara bideratzeko; finantzaketa hori aurrerago justifikatuko da oinarrizko gizarte zerbitzuen ohiko finantzaketaren esparruan.

Azkenik, II. titulu honetan, osasun laguntza emateari dagokionez, pandemiaren bilakaera ikusita, Foru Komunitateko zaharren egoitzetan dagoen osasun egoera eta zaharren egoitza guztietan COVID-19a atzemateko proba diagnostikoak zabaltzeko aukera kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen da Koordinazio Asistentzial Exekutiboaren arduradunaren postua sortzea, egoitzetako adinekoen osasun arreta antola dezan, betiere profil profesional egokia duten langileen laguntza teknikoarekin, bai Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako profesionalei dagokienez, bai asistentziaren arloko langileei dagokienez.

Horretarako, gaikuntza ematen zaio Osasuneko kontseilariari izenda dezan Hirugarren Adinekoen Egoitzetako Koordinazio Asistentzial Exekutiboaren arduraduna.

III. tituluan, ikerketa zientifikoa eta teknikoa sustatzeko neurriak jasotzen dira.

Ikerketa zientifiko eta teknikoari dagokionez, 2020ko martxoaren 19an, Carlos III Osasun Institutuak laguntza deialdi bat egin zuen SARS-COV-2ari eta COVID-19 gaixotasunari buruzko ikerketa proiektuak finantzatzeko, COVID-19 Funtsaren kargura, hori guztia COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren esparruan. COVID-19 Funtsak 24 milioi euro ditu, eta laguntzak emanen dira horretarako aurrekontu-kontsignazioa dagoen bitartean.

Nafarroako Gobernuak ongi daki zientziak eta berrikuntzak sekulako garrantzia dutela epidemiari aurre egiteko, eta beharrezkoa dela esku hartzen duten erakunde guztiek modu koordinatuan jardutea. Horregatik, egungo egoeran, egokia da Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiari baimena ematea finantzaketa edo, kasua bada, kofinantzaketa eman dezan proiektu hauetarako: COVID-19 eta SARS-CoV-2 arloetan ikertzeko proposamenak ebaluatzeko ardura duen Batzorde Zientifikoaren aldeko balorazioa jasota ere, finantzaketa jaso ez duten edo finantzaketa partziala jaso duten proiektuak.

Lan arloan, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez, COVID-19aren kontrako borrokaren testuinguruan herritarren mugikortasuna murrizteko asmoz, ordaindutako baimen berreskuragarri bat arautu zen funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten besteren konturako langileentzat. Ordaindutako baimen berreskuragarri hori nahitaezkoa izan zen, eta 2020ko martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitarteko aldia hartu zuen, biak barne.

Epe hori bukatuta, sektore hauek lan jarduerara itzuli behar dira: eraikuntza (EJSNko 41etik 43ra bitarteko sailak), eta industria (EJSNko 05etik 33ra bitarteko sailak). Nafarroan, sektore horietan, 1.612 eta 2.209 enpresa aritzen dira, hurrenez hurren, Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren Estatistika eta Analisi Soziolaboralaren Zuzendariordetza Nagusiaren datuen arabera (2019ko abenduaren 31ko datuak).

Nafarroa osoan sakabanatuta dauden enpresa horiek guztiak gainbegiratzeko, Nafarroako enpresei zerbitzu ematen dieten prebentzio baliabide guztiak behar dira, hala propioak, nola kanpokoak.

Horregatik, kontuan harturik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eskumenak, IV. tituluan institutu horren menpeko Lan Osasunaren Zerbitzuaren esku uzten da COVID-19 birusaren aurkako gutxieneko prebentzio neurriak ezarri eta kontrolatzea lanera itzultzeko prozesu horretan, baita kontrolatzea ere neurriak nola aplikatzen diren enpresetan. Ikusirik, batetik, ohiz kanpoko pandemia egoera hau, eta bestetik, lan jardueraren normalizazioa, lanera itzultzeko prozesua segurua izaten dela bermatzeko, beharrezkoa da Gizarte Segurantzaren laguntzaile diren mutualitateetako prebentzioko teknikariek eta prebentzio zerbitzuek modu zentralizatuan esku hartzea enpresetan.

Ildo horretan, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Legeak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak aginduta beharrezkoa denean, Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia erkidegoetakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko.

Lehenengo xedapen gehigarrian, apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legearen 15. artikuluaren 5. apartatua aldatzen da, arau baten erreferentzia okerra zuzentzeko, eta, orobat, adierazteko larrialdiko kontratazioek etengabeko finantza-kontrola izanen dutela, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean oro har ezarritakoaren babesean.

Kontratazio publikoaren esparrutik atera gabe, bigarren xedapen gehigarrian apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 2. artikulua aldatzen da, entitate instrumentalei egindako mandatuak kontratazioaren arloko neurrien aplikazio esparruan sartzeko. Horrela, kalte-ordaina emateko aukera jasotzen da, eteten diren kasuetarako, arauak ezarritako baldintza guztiak betetzen badira.

Era berean, neurri horiexek hartuko dira esleitu zitzaizkien kontratuak bukatutakoan zerbitzua ematen jarraitzen duten enpresekin, lizitazio berririk egin ez bada, kontratazio horien bidez betetzen diren interes publikoko beharrak bere horretan mantentzen badira ere. Kasu horietan, fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak aintzat hartuz, Administrazioaren kontratistentzat ezarritako kalte-ordainen araubide bera aplikatu behar zaie enpresa horiei.

Halaber, segurtasun juridikorik eza saihesteko eta enpleguari eusteko, argitzen da enpresaburuek ordaintzen dituzten Gizarte Segurantzako kotizazioak ere sartuko direla kalte-ordainaren xedeko soldata-gastuetan. Gainera, argiago zehazten da zer alderdi aipatu behar diren kalte-ordainaren xedeko kalte-galerak frogatzeko orduan (eskatzen diren gastuen benetakotasuna, eraginkortasuna eta zenbatekoa), eta baldintza bat ezartzen da, hots: eskaeraren xedeko aldi osoan, kontratuaren exekuzioari atxikitako enpleguak mantendu izana.

Azkenik, ezartzen da ezen, kalte-ordainaren eskaeran aipatzen diren langileen artean baimen ordaindu eskuragarria izan duen pertsonaren bat baldin badago (baimen hori martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretuaren bidez arautu zen), langile horien soldata-gastuen ordainketa ez dela kalte-ordaintzat hartuko, baizik eta konturako ordainketatzat, eta kontratuaren azken likidazioa egiteko kontuan hartuko da.

Bestalde, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuak, zeinaren bidez presako neurri osagarriak hartu baitziren esparru sozialean eta ekonomikoan COVID-19ari aurre egiteko, hedatu egin du martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren bidez ezarritako hipoteka-geroratzearen aplikazio eremua, eta, horrenbestez, bertan sartzen dira, bai enpresaburuek eta profesionalek garatzen duten jarduera ekonomikoari atxikitako higiezinak, bai ohiko bizileku ez diren etxebizitza alokatuak. Dena dela, 2/2020 Foru Lege-dekretuaren –gero, apirilaren 2ko 7/2020 Foru Lege bihurtu denaren– bigarren xedapen gehigarriaren bidez ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren testu bateginean sartu den onura fiskala mantentzen da, bakar-bakarrik, ohiko etxebizitza erosteko hipoteka-geroratzearen kasuetarako. Hortaz, bigarren xedapen gehigarri hori aldatu beharra dago, onura fiskala esan bezala mugatzeko. Hori guztia foru lege-dekretu honen hirugarren xedapen gehigarrian jorratzen da.

Foru lege-dekretu honen laugarren xedapen gehigarrian dirulaguntzei buruzko bi neurri jasotzen dira.

Lehenbizi, kontuan hartuta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duela etenda gelditzen direla sektore publikoko entitateak tramitatzen ari diren prozedura guztiak, uler daiteke etenda dagoela diruz lagundutako ekintzak egiteko epea alarma egoeraren aldiak ukitzen duenean, eta berriz irekiko da epea alarma egoera bukatzen denean, eta guztirako epea zabalduko da alarma egoeraren aldia gehituz gutxienez, bermatzearren nahiko denbora dagoela diruz lagundutako proiektua edo jarduera burutzeko.

Krisialdi honetan, beharrezkoa da behar diren baliabideak ezartzea bertan behera geldi ez daitezen hirugarren sektoreak egiten dituen lan eta zerbitzuak, hots, Nafarroan arlo sozialean, kulturalean, kirolean eta osasun arloan jarduten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, elkarteek edo horrelakoen konfederazioek egiten dituztenak. Horregatik, entitate guztiei bermatu behar zaie itunen eta dirulaguntzen baldintzak malgu interpretatuko direla. Horrela, aurreikusten da ezen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak indarra hartu baino lehenagoko dirulaguntzak eta deialdiak aldatzen ahalko direla, diruz lagundutako jarduera egiteko epeak luzatzeko, eta, behar denean, jarduera justifikatu eta egin dela ziurtatzekoak ere bai, kasuan kasuko oinarri arautzaileetan aurreikusi ez bada ere.

Era berean, egokitzat jotzen da oraindik eman ez diren dirulaguntza izendunek hirugarren sektoreari eman zaizkion dirulaguntzen tratamendu bera izatea.

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, aipatu neurriak berehala hartzea behar-beharrezkoa baita.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2020ko apirilaren 15ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru Lege-dekretu honen xedea da neurri bereziak hartzea koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko.

I. TITULUA

Laguntzak langile autonomoentzat

2. artikulua. Laguntzak langile autonomoentzat.

1. Arloko organo eskudunak langile autonomo bati aitortu dionean jardunari uzteagatiko prestazio berezia, COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan zehazten dena, langile autonomoak eskubidea izanen du 2.200 euroko laguntza zuzena eta berezia jasotzeko, baldin eta eskubidea ematen duten baldintza hauek betetzen baditu:

a) Ohiko bizilekua Nafarroako lurraldean izatea eta Nafarroako Foru Komunitatean alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma egoera deklaratu zuen egunean.

b) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketa eguneratuak izatea.

c) 2020an laguntzarik eskatu ez izana enplegu autonomoa sustatzeko.

d) 2018ko ekitaldiko ondarearen gaineko zergan tributatzeko betebeharrik ez izatea, ordaindu beharreko kuotaren emaitzarekin.

e) Langile autonomoren familia-unitateko kideen diru-sarreren baturak (langile autonomoarenak barne) ez gainditzea zenbateko hauek alarma egoerak irauten duen bitartean:

I) Oro har, muga izanen da hileko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (hemendik aurrera OAEAPa) halako lau.

II) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko. Guraso bakarreko familia-unitateen kasuan, 0,15ekin biderkatuko OAEAPa seme edo alaba bakoitzak dakarren igoera kalkulatzeko.

III) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitatean 65 urte baino gehiago dituen pertsona bakoitzeko.

IV) Familia-unitateko kideren batek deklaraturik baldin badu %33tik gorako desgaitasuna, mendekotasun egoera edo lanean aritzeko modu iraunkorrean ezgaitzen duen gaixotasun frogatua, aurreikusten den muga OAEAPa halako bost izanen da, ezertan galarazi gabe norberaren kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko metatzen diren igoerak.

f) Alta emanda egotea autonomo gisa Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean eta ekonomia-jardueren gaineko zergan Nafarroako Foru Komunitatean hamabi hilabetez, 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan zehaztutako prestazioa bukatzen denetik aurrera. Alta emanda egoteko betebehar hori konplitzen ez bada, hartzaileak itzuli beharko du ez konplitzeak iraun duen aldiari dagokion laguntzaren zati proportzionala.

2. Langile autonomo batek heldu ez dionean martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan zehaztutako jardunari uzteagatiko prestazio bereziari, eskubidea izanen du 700 euroko laguntza zuzena jasotzeko, baldin eta, aurreko 1. apartatuko a), b), c) d) eta e) letretan ezarritakoaz gain, baldintza hauek ere betetzen baditu:

a) Alta emanda egotea etenik gabe Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean edo aurreikuspen sozialeko mutualitate batean, eta ekonomia-jardueren gaineko zergan Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Jardunari utzi ez izana, baina frogatzea laguntza eskatu aurreko hilabete naturaleko fakturazioa gutxienez %30 murriztu dela aurreko seihileko naturaleko batez besteko fakturazioaren aldean.

3. Aurreko 2. apartatuko laguntza zuzena 800 eurokoa izanen da baldin eta langile autonomoren familia-unitateko kideen diru-sarreren baturak (laguntzaren eskatzailearenak barne) ez baditu gainditzen zenbateko hauek alarma egoerak irauten duen bitartean:

I) Oro har, muga izanen da hileko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (hemendik aurrera OAEAPa) halako hiru.

II) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko. Guraso bakarreko familia-unitateen kasuan, 0,15ekin biderkatuko OAEAPa seme edo alaba bakoitzak dakarren igoera kalkulatzeko.

III) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitatean 65 urte baino gehiago dituen pertsona bakoitzeko.

IV) Familia-unitateko kideren batek deklaraturik baldin badu %33tik gorako desgaitasuna, mendekotasun egoera edo lanean aritzeko modu iraunkorrean ezgaitzen duen gaixotasun frogatua, aurreikusten den muga OAEAPa halako lau izanen da, ezertan galarazi gabe norberaren kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko metatzen diren igoerak.

4. Lan elkartuko kooperatibetako bazkide-langile batek aukeratu duenean norberaren konturako langile gisa sailkatuta gelditzea kasuan kasuko araubide berezian, hark ere eskubidea izanen du lehenengo apartatuan zehaztutako laguntza jasotzeko, baldin eta ezarritako baldintzak betetzen baditu, salbu ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egoteko betebeharra, kooperatibista baita. Era berean, honako hauek ere izan daitezke laguntza honen onuradun, baldintza berberetan: autonomo sozietarioak edo nortasun juridikorik gabeko entitateetako edo merkataritza sozietateetako langileak.

5. Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari dagokio aurreko apartatuetan aurreikusitako laguntza zuzenak eta bereziak kudeatzea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari laguntza hau emateko prozedura foru agindu bidez garatzeko.

6. Alarma egoera zein hilabetetan bukatzen den, hurrengo hilabeteko azken egunera arte eska daiteke artikulu honetan arautzen diren laguntza zuzen eta bereziak aitortzeko. Eskaera hori modu telematikoan aurkeztu beharko da. Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak, aurkeztutako eskaeraren eta agirien arabera, halakorik bada, bidezko behin-behineko ebazpena emanen du, eskubidea baiesteko edo ezesteko, 3 hilabeteko epean eskaera aurkeztu zenetik hasita. Gero, behin-behineko ebazpenak berraztertuko dira, ikusteko eskatzen diren baldintzak betetzen diren. Ondorioztatzen bada interesdunak ez duela eskubiderik laguntza osoa edo zati bat jasotzeko, jaso behar ez ziren zenbatekoak itzultzeko erreklamazioa tramitatuko da.

7. Aurreko 2. apartatuko b) letran aipatzen den fakturazio murrizketa frogatzeko, hori justifikatzen duen kontabilitate-informazioa aurkeztuko da, dela egindako eta jasotako fakturak erregistratzeko liburuaren kopiaren bidez, dela diru-sarreren eta gastuen eguneroko liburuaren bidez, dela erosketen eta gastuen liburuaren bidez.

Langile autonomo bat beharturik ez dagoenean jardunaren bolumena frogatzen duten liburuak eramatera, zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide erabiliz frogatu beharko du gutxienez eskatzen den %30eko murrizketa izan duela.

Aurreko apartatuetan eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen direla frogatzeko, zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide erabili beharko da.

Eskaerarekin batera zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko da, non jasoko baita betetzen direla prestazio horretarako eskubidea ematen duten baldintza guztiak.

8. Aurreko apartatuetan aurreikusten diren laguntza zuzen eta bereziak bateragarriak dira beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, kontuan izan gabe beste administrazio edo entitate batzuek emanak diren, entitate horiek publikoak edo pribatuak izan, eskualdekoak, estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak, baldin eta laguntzen zenbateko osoak ez badu gainditzen laguntzen gehieneko muga, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan finkatuta dagoena, edo, azken batean, eskatzaileak 2019an hilabete bakoitzeko izan zuen batez besteko fakturazioa.

II. TITULUA

Neurri bereziak Nafarroako Foru Komunitateko administrazio
publikoen eta haren foru-sektore publiko instituzionalaren
kudeaketa eraginkorra egiteko

3. artikulua. Prezioa ordaintzea, COVID-19aren ondoriozko horniduretarako eta ekipamendu erosketetarako kontratazio prozeduretan.

COVID-19aren ondorioz gauzatzen diren horniduretarako eta ekipamendu erosketetarako kontratazio prozeduretan, ordainketa guztiak edo batzuk kontratistak zerbitzua eman aurretik egiten ahalko dira, baldin merkatuaren egoera dela-eta ezinbestekoa bada. Horrelakoetan, hartutako erabakia jasoko da espedientean, eta arrazoiak azalduko dira labur-labur.

4. artikulua. COVID-19ari aurre egiten laguntzeko dohaintzak.

1. COVID-19ak eragindako osasun krisiak sortutako gastuak finantzatzen laguntzeko diruzko dohaintzak berariaz onartu behar izan gabe gauzatuko dira, ordainketa-gutunen lau ereduetako bat erabilita. Eredu horiek interesdun ororen eskura daude “nafarroa.eus” Interneteko helbidean. 2020ko diru-sarreren aurrekontuko partida hauetako bati aplikatuko zaizkio dohaintzak, zein ordainketa-gutun hautatu den:

–Osasun Departamentua: 540000 52000 4800 000000 COVID-19 Dohaintzak.

–Eskubide Sozialetako Departamentua: 920000 93000 4800 000002 COVID-19 Dohaintzak.

–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua: G20000/G2000/4800/000000 COVID-19 Dohaintzak.

–Kultura eta Kirol Departamentua: A20000 A2000 4800 000000 COVID - 19 Dohaintzak.

2. Ordainketa-gutunen lehen hiru ereduen bitartez lortzen diren zenbatekoak erabiliko dira bakar bakarrik COVID-19ak eragindako osasun krisiak eragindako gastuak finantzatzeko, eta era honetako gastuak ordaintzera bideratzen ahalko dira: osasunaren eta gizartearen arloko ekipamenduak eta azpiegiturak, materiala, hornidurak, langileen kontratazioa, ikerketa, eta COVID-19aren ondoriozko krisiari erantzuteko gaitasunak indartzen lagun dezakeen beste edozein gastu. Kultura eta Kirol Departamentuaren partidari lotutako ordainketa-gutunaren bitartez lortutako zenbatekoak erabiliko dira Nafarroan kulturaren sektoreari laguntzeko ekintza bereziak finantzatzeko, COVID-19aren ondorioak leuntze aldera.

3. COVID-19aren kontra borrokatzeko asmoz dohaintzan ematen diren ekipamendu eta horniduretatik ondasun higigarritzat hartzen diren horiek onartutzat joko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak edo azken horrek hartzaile izendatzen duen organoak edo organismoak jasotze hutsez.

5. artikulua. Nafarroako toki entitateei bigarren ordainketa egiteko araubidea, aurreikusita dagoena maiatzaren 22ko 32/2013 Foru Dekretuan, oinarrizko gizarte zerbitzuen programen eta finantzaketaren arloan gizarte zerbitzuei buruzko foru legea garatzeko erregelamendua onesten duen horretan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargurako finantzaketa, zeina aurreikusi baita maiatzaren 22ko 32/2013 Foru Dekretuko 20. artikuluko b) letran, ordaintzen ahalko da, unitate kudeatzaileak aurreko ekitaldiko memoriak baliozkotu ez baditu ere, baina, hala egiten bada, aurkeztu ez duten entitateek ekitaldi hau bukatu aurretik aurkeztu beharko dute. Aipatutako foru dekretuak onesten du Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea oinarrizko gizarte zerbitzuen programa eta finantzaketa arloan garatzeko erregelamendua.

6. artikulua. Oinarrizko gizarte zerbitzuen titular diren toki entitateentzako larrialdiko laguntzen ordainketa, COVID-19aren ondorio sozialetara soilik bideratuta dagoena.

1. Apirilaren 8ko 8/2020 Foru Legearen bidez kreditu gehigarri bat eman zen, COVID-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiak direla-eta hartutako neurri berezi eta urgenteek ekarritako beharrei erantzuteko. Foru lege horretan aurreikusitako 500.000 euroko zenbatekoa, oinarrizko gizarte zerbitzuen titular diren Nafarroako toki entitateei transferitu beharrekoa, ordainduko zaie ordainketa bakar batean eta foru lege-dekretu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera, entitate horiek finantza ditzaten COVID-19aren ondoriozko egoera bereziei aurre egitea xede duten larrialdi laguntzak.

2. Proportzioan eta neurriz eginen da banaketa toki entitateen artean, aldagai hauen arabera, gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizko bakoitzari dagokionez: errenta bermatua jasotzen duten unitateen kopurua (%25), langabezian dauden pertsonena (%25), pobreziaren atalasetik behera dauden pertsonena (%20), 18 urtetik beherakoena (%10), 64 urtetik gorakoena (%10) eta COVID-19az kutsatutakoena (%10). Aldagai bakoitzaren azken datu ofizialak hartuko dira kontuan.

3. Ekarpen berezi hori formalizatuko da eranskin espezifiko bat gehituz Eskubide Sozialetako Departamentuak eta oinarrizko gizarte zerbitzuen titular diren toki entitateek sinatutako hitzarmen indardunei.

7. artikulua. Hirugarren adinekoen egoitzetan osasun laguntza emateko antolakuntza neurriak.

Gaikuntza ematen zaio Osasuneko kontseilariari izenda dezan Hirugarren Adinekoen Egoitzetako Koordinazio Asistentzial Exekutiboaren arduraduna, eta egokitzat jotzen diren profesionalei koordinazio lanetan laguntzeko eginkizunak agin diezazkien.

III. TITULUA

Ikerketa zientifikoa eta teknikoa sustatzeko neurriak

8. artikulua. COVID-19 koronabirusak eragindako osasun larrialdiaren ondoriozko ikerketa zientifikoa eta teknikoa sustatzeko neurriak.

1. Baimena ematen zaio Berrikuntzako zuzendari nagusiari banakako ebaluaziorako dirulaguntzak eman diezazkien unibertsitateei, teknologia zentroei, ikerketa zentroei eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuari, baldin eta horiek, Carlos III Osasun Institutuaren aldeko balorazioa jasota ere COVID-19 koronabirusak eragindako osasun larrialdiaren ondoriozko ikerketa zientifiko eta teknikorako deialdian, finantzaketa jaso ez badute, deialdi horretako funtsak agortu direlako, edo, finantzaketa partziala jaso badute eta hura ez bada nahikoa aurkeztutako aurrekontu osoa estaltzeko.

Proposamenek bat etorri behar dute larrialdi egoerarekin eta, hortaz, aukera eman behar dute horiek Osasun Sistema Nazionalean inplementatzeko eta berehala abian jartzeko, eta emaitza zehatzak eman behar dituzte laster, egungo egoeran egoki den moduan.

2. Espedientean hala justifikatzen baldin bada, posible da onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabeko dirulaguntza horiei aplikatu behar ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenen bat, kontuan hartuta alarma egoera dagoela, COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratuta.

3. Aurrerakintzat hartuko dira ordainketak, emanen direlako laguntza zer jardueratarako ematen den, jarduera hori gauzatu eta justifikatu aurretik.

4. Gastuak justifikatu beharko dira dirulaguntza eman denetik urte bateko epean gehienez ere, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan adierazitako moduan.

5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, onuradunek hartutako dirulaguntzak itzuli beharko dituzte.

6. Entitate onuradunek guztiz edo partzialki azpikontratatzen ahalko dute diruz lagundutako jarduera, dirulaguntza ematea eragin zuten helburuak betetzearren. Proiektuaren guztizko aurrekontuaren %60 azpikontratatu daiteke, gehienez ere, baldin eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak horretarako baimena ematen badu.

7. Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko I+G+b Zerbitzuak finantza arloan beharrezkoak diren kontrol eta egiaztatze lan guztiak egin ditzake, artikulu honetan aurreikusitakoa behar bezala betetzen dela bermatzeko. Kontu-hartzailetza Nagusiak ere kontrol jarduketak gauza ditzake.

IV. TITULUA

Nafarroako prebentzio zerbitzu guztien koordinazio exekutiboa

9. artikulua. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Nafarroako prebentzio zerbitzu guztien koordinazio exekutiboa egitea.

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuak eginen du Nafarroako prebentzio zerbitzu guztien koordinazio exekutiboa COVID-19ari dagokionez, izan zerbitzu horiek propioak nahiz kanpokoak.

2. NOPLOIko Lan Osasunaren Zerbitzuko teknikariek eta Gizarte Segurantzaren laguntzaile diren mutualitateetakoek aholku emanen diete prebentzio zerbitzurik ez duten enpresa eta langile autonomoei.

Lehen xedapen gehigarria.–Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legearen 15. artikuluko 5. apartatua aldatzea.

Apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legearen 15. artikuluko 5. apartatua aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:

“5. COVID-19aren ondorioz, horniduretarako eta ekipamendu-erosketetarako kontratazio espedienteak larrialdiko prozeduraren bidez tramitatu behar direnean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoaren arabera, halakoak salbuetsirik egonen dira aurretiazko kontu-hartzea egitetik, azken horietan barne hartzen direla justifikatzeke ematen diren ordainketa-aginduak. Nolanahi ere, bete beharko dira aipatu artikuluaren 1. apartatuko b) letran xedaturikoa eta etengabeko finantza-kontrola, zeinaren mende baitaude, oro har, kontu-hartzailetzatik kanpo gelditu diren egintzak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 104. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.

Araubide bera aplikatuko zaio COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondoriozko beste edozein kontratazio espedienteri, lotura izan nahiz ez izan aurreko paragrafoan aipaturikoekin, baldin eta larrialdiko prozeduraren bidez tramitatu behar bada.”

Bigarren xedapen gehigarria.–Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 2. artikulua aldatzea.

Apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 2. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:

“1. Zerbitzuak eta hornidurak emateko kontratu publikoak, segidako prestaziokoak, automatikoki etenda geldituko dira kontratua betearaztea ezinezkoa den partean, baldin eta foru lege honek indarra hartzen duenean indarrean badaude, kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte eta kontratu horiek osorik edo partez gauzatzea ezinezkoa bada COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik. Kontratuaren prestazioa galarazten duen izatezko edo zuzenbidezko egoera gertatzen denetik geldituko dira etenda, prestazio hori berriz abian jartzeko modua egon arte. Ondorio horietarako, ulertuko da prestazioa berriz abian jar daitekeela hura gauzatzea galarazten duten inguruabarrak edo neurriak bertan behera gelditzen direnean. Hartara, kontratazio-organoak etetea bukatu dela jakinaraziko dio kontratistari.

Aurreko paragrafoan aipatutako kontratu bat etenda egon edo ez, haren epemugan formalizatu gabe badago kontratu berria, kontratazio-prozedurak, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan xedatutakoak eraginda, gelditzearen ondorioz prestazioaren jarraipena bermatuko duena, eta ezin bada kontratu berria formalizatu, jatorrizko kontratua luzatzen ahalko da kontratu berria betetzen hasi arte eta, betiere, bederatzi hilabeteko eperako gehienez ere, kontratuaren gainerako baldintzak aldatu gabe eta edozein izanik ere espediente berri horren lizitazioa argitaratzeko eguna. Aipatutako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen du, eta martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatu zuen.

2. Aurreko puntuan aipatutakoak ez diren zerbitzuetako eta horniduretako kontratu publikoen kasuan, epea luzatuko zaie, baldin eta kontratistak kontratuan ezarritako epeak betetzen ez baditu COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik. Honako baldintza hauek bete beharko dira horretarako: kontratuek indarra izatea foru lege hau indarrean sartzen den unean, kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek eginak izatea, kontratu horien xedea galdu ez izatea COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, eta kontratistak berak adieraztea bere konpromisoak beteko dituela indarrean dagoen hasierako epea edo luzapena handitzen bazaio. Aipatutako arrazoiarengatik galdutako denbora bezainbeste luzatuko dira epeak, kontratistak epe txikiagoa eskatu ezean. Epea luzatu aurretik, kontratua kudeatzen duen unitateak txostena eginen du, non adieraziko baita atzerapena ezin zaiola egotzi kontratistari eta COVID-19aren krisiaren ondoriozkoa dela.

3. Obretako kontratu publikoak etenda gelditzen ahalko dira, baldin eta foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenean indarrean badaude, kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte eta COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik kontratu horiek xedea galdu ez badute, eta, egoera hori dela eta, kontratua betetzen jarraitzerik ez badago; etendura kontratua betetzea galarazten duen izatezko edo zuzenbidezko egoera gertatzen denetik prestazioa berriz has daitekeen unera artekoa izanen da. Ondorio horietarako, ulertuko da prestazioa berriz abian jar daitekeela hura gauzatzea galarazten duten inguruabarrak edo neurriak bertan behera gelditzen direnean. Hartara, kontratazio-organoak etetea bukatu dela jakinaraziko dio kontratistari.

4. Artikulu honetako 1. apartatutik 3. era bitartekoetan bildutako kasuetan, ez zaio zigorrik ezarriko kontratistari, ezta kontratua suntsiaraziko ere. Horrez gain, puntu honetako bigarren paragrafoan ezarritako baldintzak bete ondoren, kalte-ordainak jaso daitezke kontzeptu hauengatik:

1. Kontratistak kontratuaren exekuzio arruntari atxikitako langileei etete-aldian benetan ordaindutako soldata-gastuak. Ondorio horietarako, ulertu behar da soldata-gastuetan sartzen direla Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazio guztiak.

Artikulu honetako 2. apartatuan aipatzen diren zerbitzu edo horniduretako kontratuetan, COVID 19agatik galdutako denboraren ondorioz benetan izan diren soldata-gastu gehigarriak ordaintzeko eskubidea ez da gehienez ere kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 10 baino handiagoa izanen, BEZa barne dela.

2017ko irailaren 26an argitaratutako 2017-2021 eperako eraikuntzaren sektoreko VI. lan-hitzarmen kolektibo orokorraren edo negoziazio kolektiboaren bestelako esparruetan hitzartutako antzeko hitzarmenen arabera, obra kontratuetan ordaindu beharreko soldata-gastuak honakoak izanen dira: oinarrizko soldata, eraikuntzaren sektoreko lan-hitzarmen kolektiboko 47.2.a artikuluan aipatutakoa; desgaitasunagatiko osagarria, aipatutako hitzarmeneko 47.2.b. artikuluan aipatutakoa; aparteko haborokinak, aipatutako 47.2.b. artikuluan aipatutakoak; eta oporren ordainsariak, edo eraikuntzaren sektoreko beste lan-hitzarmen kolektibo batzuetan hitzartutako kontzeptu baliokideak.

Betiere, martxoaren 14a baino lehen kontratuaren exekuzio arruntari atxikita zeuden eta kontratua berriz ezartzean atxikita dauden langileen gastuak hartuko dira kontuan.

2. Behin betiko bermea mantentzeagatiko gastuak, kontratuaren etete-aldiari dagozkionak.

3. Makineriaren, instalazioen eta ekipamenduen alokairu gastuak edo mantentze-lanen kostuak, baldin eta kontratistak frogatzen badu baliabide horiek ezin izan direla erabili etendako kontratua betetzea ez den beste xede batzuetarako, eta kostu horien zenbatekoak ez badu gainditzen makineria, instalazio eta ekipamenduak alokatzeko edo mantentzeko kontratuak suntsiaraztearen kostua.

4. Pleguan ezarrita dauden eta kontratistak kontratuaren xederako izenpetu dituen aseguru polizei dagozkien gastuak, baldin eta kontratua etetean indarrean badaude.

Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea onartu eta artikulu honetan aipatzen diren kalte-ordainak ordainduko dira baldin eta kontratista nagusiak behar bezala frogatzen badu baldintza hauek betetzen direla:

–Hark edo kontratuaren exekuziorako kontratatu dituen azpikontratistek eta hornitzaileek egunean zituztela beren lan eta gizarte arloko betebeharrak 2020ko martxoaren 14an.

–Kontratistak berak 2020ko martxoaren 14an egunean zituela azpikontratistei eta hornitzaileei ordaindu beharrekoak, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 153. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Puntu honetan xedatutakoa soilik aplikatuko da kontratazio organoak, kontratistak hala eskatzen duenetik bost egun naturaleko epean, kontratua hasieran hitzartutako baldintzetan gauzatzea ezinezkoa dela ikusten duenean, artikulu honetako 1. apartatutik 3.era bitartekoetan azaldutako egoeragatik. Xede horrekin, kontratistak eskaera igorriko du kontratazio organora honako hauek adieraziz: kontratuaren exekuzioa ezinezkoa egin duten zergatiak; une horretan kontratuaren exekuzioari atxikitako langileak, egoitzak, ibilgailuak, makineria, instalazioak eta ekipamenduak; kontratistak zergatik ezin dituen kontratu horretan aipatutako bitartekoak erabili beste kontratu batean; gastu horien egiazkotasuna, eraginkortasuna eta zenbatekoa; eta eskaeraren xede den aldi guztian kontratuaren exekuzioari atxikitako enplegua mantentzearen gastuak. Eskaeran aipatzen diren langileen artean nahitaezko baimen ordaindu eskuragarria izan duenik baldin badago, hau da, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez arautu zen baimena, langile horien soldata-gastuen ordainketa ez da kalte-ordaintzat hartuko, baizik eta konturako ordainketatzat. Errege lege-dekretu horren hirugarren artikuluan ezarritakoari jarraikiz berreskuratu behar diren orduei dagokie ordainketa hori, eta kontuan hartuko da kontratuaren azken likidazioan.

Eskaeran azaldutako inguruabarrak egiaztatzen ahalko dira geroago. Aipatutako epea igaro bada kontratistari berariazko ebazpena jakinarazi gabe, ezestekoa dela ulertuko da.

5. Obra-emakiden eta zerbitzu-emakiden kontratu publikoetan, foru lege hau indarrean sartzen den unean indarrean badaude, eta kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte, COVID-19ak izatez edo zuzenbidez sortutako egoerak eta administrazio publikoek egoera horri aurre egiteko hartutako neurriek eskubide emanen diote emakidadunari kontratuaren oreka ekonomikoa berrezartzeko, emakidaren hasierako iraupen-aldia gehienez ere 100eko 15 luzatuz edo kontratuko baldintza ekonomikoak aldatuz, kasu bakoitzean bidezkoa den bezala.

Betiere, berroreka horrek emakidadunei konpentsazioa emanen die diru-sarrerak galdu dituztelako eta jasandako kostuak handitu direlako. Horien artean daude COVID-19ak izatez sortutako egoerak irauten duen bitartean benetan ordaindu dituzten soldata-gastu gehigarri posibleak, obren edo zerbitzuen emakida-kontratuaren exekuzio arruntean aurreikusitakoekin alderaturik. Konpentsazioa eginen da soilik emakidadunak aldez aurretik eskatu eta behar bezala frogatzen badu gastu horiek benetan eta eraginkortasunez izan direla eta gastu horiek zenbatekoak izan diren.

Apartatu honetan xedatutakoa aplikatuko da soilik kontratazio organoak, emakidadunak eskaturik, lehen paragrafoan azaldutako egoeraren ondorioz kontratua betetzerik ez dagoela ulertzen duenean.

6. Artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitakoa ez zaie inola ere kontratu hauei aplikatuko:

a) Zerbitzu edo hornidura sanitarioko, farmazeutikoko edo bestelakoetako kontratuak, haien xedea COVID-19ak eragindako osasun krisiari lotuta badago.

b) Sistema informatikoen mantentze-lanetarako kontratuak.

c) Garraioko azpiegituren eta zerbitzuen mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzuetako edo hornidurako kontratuak.

Ulertzen da artikulu honetan aurreikusitako araubideak ez dituela ezertan galarazten Garraioetako, Mugikortasuneko eta Agenda Urbanoko ministroak pertsonak, ondasunak eta tokiak babesteko beharrezkoak diren prestazioak bermatzeko har ditzakeen neurriak, horretarako agintaritza eskudun delegatu izendatzen baitu COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 4. artikuluak. Neurri horiek berekin ekar dezakete, besteak beste, kontratuen etendura bidezkoa den kasuak aldatzea.

7. Kontratazio organoak kontratu bat alda dezake, pertsonak babesteko premiek eta COVID-19ari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak harturiko beste neurri batzuek eraginda, apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legearen 15. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren babesean; izan ere, foru lege horren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Horrelakoetan, kontratazio organoak finkatuko ditu hasierako kontratuan ez zeuden unitate berrien prezioak edo beren ezaugarrietan funtsezko aldaketa izan dutenenak, eta prezio horiek bete beharrekoak izanen dira kontratistarentzat. Alarma egoera bukatutakoan, aldaketa espedientea tramitatuko da Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 143.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Aipatutako kasuetan, kontratua aldatzearen ondorioz hasieran aurreikusitako unitate kopurua murrizten bada, kontratistak ez du izanen inongo kalte-ordainik eskatzeko eskubiderik.

8. Aurreko apartatuetan ezarritako neurriak aplikatzekoak izanen dira, halaber, osasun arloko eta gizarte zerbitzuetako itun sozialei, erakunde instrumentalei egindako enkarguei eta amaitutako kontratu publikoen kasuei, baldin eta kontratistak, alarma egoera deklaratzean eta betiere Administrazioak eskatuta, interes publikoko arrazoiengatik, amaitutako kontratuaren xedeko zerbitzuak edo hornidurak ematen jarraitzen badu, edo ematen baditu hasierako kontratistak uko egin duelako.”

Hirugarren xedapen gehigarria.–Aldatzea apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarria; foru lege horren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legeak indarra hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, testu hau izanen du aipatu foru legearen bigarren xedapen gehigarriak:

“Bigarren xedapen gehigarria.–Aldatzea Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren testu bategina, apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa.

Paragrafo bat gehitzen zaio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren testu bateginaren 35.I.B) artikuluko 26. zenbakiari; hartara, testu hau izanen du:

“Halaber, egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agirien mailakako kuotatik salbuetsita egonen dira mailegu eta kreditu hipotekarioen kontratuetako nobazioak formalizatzeko eskritura publikoak, baldin eta eginak badira martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren babesean (horren bidez premiazko neurri bereziak onetsi ziren COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko) eta aipatu errege lege dekretuaren 7. artikulutik 16.era arautzen diren kasuak oinarri badituzte. Artikulu horiek ohiko etxebizitza erosteko zor hipotekarioaren moratoriari buruzkoak dira”.

Laugarren xedapen gehigarria.–Dirulaguntzen arloko neurriak.

1. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak indarra hartu baino lehenagoko dirulaguntzen deialdiak eta emateak aldatzen ahalko dira, diruz lagundutako jarduera egiteko epeak luzatzeko eta, behar denean, jarduera justifikatzeko eta egin dela ziurtatzeko, kasuan kasuko oinarri arautzaileetan ez bada aurreikusi ere.

Ondorio horietarako, organo eskudunak justifikatu beharko du soilik diruz lagundutako jarduera ezin dela egin alarma egoera indarrean dagoen bitartean, bai eta hori amaitu eta gero ez dela denbora nahiko izanen ere diruz lagundutako jarduera egiteko, justifikatzeko edo egin dela ziurtatzeko.

Emandako dirulaguntzaren gaineko aurrerakinak benetan ordaindu direnean, oinarri arautzaileetan espresuki hala aurreikusten bada eta jarduera ezin bada egin COVID-19arekin loturiko zergatiak direla-eta gerora sortutako arrazoiengatik, ez dira berandutze-kostuak exijituko itzulketa prozeduran.

Aipatu aldaketak ez daude martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritako baldintzen menpe, eta aldaketa horiek aplikatzeak ez dio eragiten aipatu xedapen gehigarriaren 1. apartatuan aurreikusitako epeen eteteari.

2. Apartatu bat, 5.a, gehitzen zaio Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onetsi zituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 3. artikuluari; testu hau izanen du:

“5. Alarma egoera deklaratu zen egunerako emanak ez ziren dirulaguntzen kasuan, baldin eta Nafarroako 2020ko ekitaldirako aurrekontu orokorretan aurreikusitako partida izendunen kargurakoak badira, eta diruz lagundu nahi zen jarduera ezin bada egin (osorik edo partez) alarma egoeraren ondorioz, aukera izanen da dirulaguntza ematean artikulu honen 3. apartatuan aipatutako kontzeptuak diruz laguntzeko. Horretarako, 4. apartatuan jasotako alderdiak justifikatu behar dira espedientean”.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzen diren arauak.

Indargabetzen da koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onetsi zituen apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legearen 19. artikuluaren 3. apartatua.

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena.–Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen eremuan, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea eta indarraldia.

1. Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta indarrean egonen da Nafarroako Gobernuak ezartzen duen bitartean badirauela hura onestea ekarri duen egoera bereziak.

2. Foru lege-dekretu honen 3. artikuluan jasotzen diren neurriek izanen dituzte ondorioak 2020ko martxoaren 15etik aurrera. Halaber, foru lege-dekretu honetan onetsitako neurrien artean iraunaldi zehatza dutenek hura beteko dute.

Iruñean, 2020ko apirilaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2004513