8. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAKUNTZA

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lakuntzako Udalak, 2012ko azaroaren 15ean egin osoko bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Hasierako onespenaren erabakia 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 28an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz (Toki Administrazioari buruzkoa), behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batera.

ORDENANTZA, LAKUNTZAKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Lakuntzako udal-mugarteko herri-ondasunen gainean administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua aurrera eramateko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Lakuntzako Udalari dagokio herri-lurretako ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Lakuntzako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Lakuntzako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Lakuntzako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Lakuntzako Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, Lakuntzako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti eta ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

9. artikulua. Lakuntzako Udalak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-ondasunak defendatzeko, herritarren ekimena abiatzen ahalko da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Lakuntzako Udalak itzuli egin beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

10. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

11. artikulua. Lakuntzako Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

12. artikulua. 1.–Oro har, Lakuntzako Udalaren herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinduna izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

12. artikulua. 2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira.

12. artikulua. 3.–Artikulu hau interpretatzean zalantzarik sortuz gero, halakoak kasuan-kasuan argituko ditu Lakuntzako Udalak osoko bilkuran batzarturik, Mendi Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

13. artikulua. Lakuntzako Udalaren herri-larreek baterako ustiapen-unitatea osatzen dute, eta azken hori aprobetxamendu-eremu hauetan banaturik dago:

a) Arnazko eremua. Mugak: Arbizuko muga, Uharte Arakilgo muga, Arruazuko muga, eta Lakuntzako mugarteko zenbait finka partikular.

b) Beheko Basoko eremua. Mugak: Arbizuko muga, Arruazuko muga, Lakuntzako Goiko Mendia, eta Lakuntzako mugarteko zenbait finka partikular.

c) Goiko Mendiko eremua. Mugak: Aralarko Elkarteko muga, Arbizuko muga, Arruazuko muga, eta Lakuntzako Beheko Basoa.

d) Labako eremua. Mugak: Uharte Arakilgo muga, Arruazuko muga, eta Aldabarrondoko muga, Lakuntzako mugartean.

14. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean adjudikatuko zaie honako baldintza hauek betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei:

–Abeltzaina izatea, azienda-mota hauekin:

  • Ardi azienda.
  • Behi azienda.
  • Zaldi azienda.
  • Txerri azienda uztaiduna.

–Lakuntzan erroldaturik egotea, hiru urteko antzinatasunez bederen.

15. artikulua. Ordenantza honen 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki behar dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

16. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena.

17. artikulua. Debeku da uztairik gabeko zerri azienda larrean ibiltzea.

18. artikulua. Ordenantza honen 1. artikuluan aipatutako larreek jasan dezaketen abere zama zehazteko, Lakuntzako Udalak baliokidetasun hauek ezarri ditu azienda espezieen artean:

a) Zaldi aziendako buru bat behi aziendako buru baten baliokide.

b) Behi aziendako buru bat ardi aziendako zazpi bururen baliokide.

19. artikulua. Bazkatzeko sasoiak, azienda motak eta haien kopurua ezartzeko, Lakuntzako Udalak irizpide hauek zehaztu ditu:

  • a) eremua: 04-01etik 05-20ra eta 09-01etik 12-01era.
  • b) eremua: datarik ez.
  • c) eremua: datarik ez.
  • d) eremua: 04-01etik 05-20ra eta 09-10etik 12-01era.

Klima-baldintzek horretara eramanda, edo bazkaren kalitateak eta bolumenak bide emanez gero, aurreko artikuluan zehaztutako eremuetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Lakuntzako Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.

20. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, egiaztatzeko betetzen direla azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskaturiko baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzkoa), eta bete beharko ditu, halaber, Foru Lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak.

21. artikulua. Prozedura. Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki taulan ediktua agertuta, hamabost eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

22. artikulua. Lakuntzako Udalak behin-behineko adjudikazioa eginen du, honako inguruabar hauek kontuan hartuz:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

b) Urtero izena ematen duten abeltzainak, basora eramanen duten abelburu kopurua zehazturik.

23. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, sei eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

24. artikulua. Mendian aski izan, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Lakuntzako Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 12. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

25. artikulua. Lakuntzako Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

26. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu. Epaitzak eskuratzen dituen etxean baino ezin izanen dira kontsumitu.

27. artikulua. Egurra banatzean Lakuntzako Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna.

28. artikulua. Etxeko egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko du Udalak aurrekontu arruntean, eta enkantea egin aurretik ordaindu beharko da nahitaez.

29. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu hau ukatuko zaie.

30. artikulua. Guztiz debeku da enborrak pistetatik herrestan ateratzea.

31. artikulua. Adjudikazioaren prozedurari dagokionez, ordenantza honetako 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

32. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

33. artikulua. Lakuntzako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herri-lurrak hobetzea.

b) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

34. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

35. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesteko.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

36. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

37. artikulua. Toki entitateak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

38. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua.

c) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

e) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

f) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

g) Ordenantza hau egur aprobetxamenduaren aldetik ez errespetatzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

39. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), eta d) arau-hausteengatik emakida kenduko da, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak, halakorik jarriz gero.

–g) arau-haustearengatik bost urtez desgaituko da egurraz gozatzeko.

–Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogei eurotik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Lakuntzan, 2019ko abenduaren 4an.–Alkatea, Patxi X. Razkin Sagastibeltza.

Iragarkiaren kodea: L1915622