75. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

282E/2020 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa ematen duena Arguedasko Arau Subsidiarioetan S15 sektorea aldatzeari buruz. Sustatzailea Nasuvinsa da.

2019ko azaroaren 28an, Arguedasko Udalak eskatu du ingurumen-ebaluazio sinplifikatua has dadila Arguedasko Arau Subsidiarioetan S-15 sektoreko determinazio xehatuak aldatzeko. Sustatzailea Nasuvinsa da. Agiri hauek jaso dira espedientean: tramitatu beharreko dokumentua, eranskina (dokumentazio gehigarria) eta ingurumen agiri estrategikoa.

Aldaketa 2019ko martxoaren 21ean hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2019ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 29koan.

Aldaketaren xedea S-15 sektorea da, industria-erabilerako lurzoru urbanizagarriaren eremu bat, Sopeña eta Los Olivillos alderdietan kokatua. Azalera, gutxi gorabehera, 16 hektarea da, eta garapen independenteko hiru unitatetan dago bananduta: UE1, UE2 eta UE3.

Aldaketaren xedea da industria lurzatien morfologia eta azalera egokitzea hautemandako eskarietara, sektorearen mugei eta lurzoruaren sailkapenari eutsiz, eta barneko bideen diseinu berria zehaztea. Aldaketa proposamen honek UE 1 eta UE 2 ukitzen ditu, UE 2n 33.000 m²-ko lurzati bat sartzeko, 14. sektorean kokatutako industria bat handi dadin, baita tamaina txikiagoko beste lurzati batzuk ere, industria txikiak koka daitezen.

Industrialdera bi biribilgunetatik sartzen jarraituko da, baina barneko bidea kenduko da. Erabilera publikoko espazio libreen azalerak handituko dira, bereizte zerrenda bat sortuko baita industria lurzatietatik NA-8712 errepidearen aurrealdera eta UE 1era sartzeko bidean. Aldaketarik ez da aurreikusten UE3ren antolamenduan. Barrancofondo (edo de la Fuente) lur gaineko ibilgua izanen da.

Ingurumenaren ikuspuntutik, S15 sektorea aldatzeko proposamenak ez du ingurumen ukipen aipagarririk sortzen; hala ere, kontuan hartu beharko da urak 15. sektoreko hego-ekialdeko muturra hartzeko arriskua. Egun arroko organismoa aztertzen ari da informazio hori.

Aipatu behar dira ingurumen agiri estrategikoan proposatzen diren prebentzio, murrizketa eta zuzenketa neurrietako batzuk, hala nola mugikortasun jasangarria hobetzea xede duena, oinezkoentzako eta txirrindulentzako sarbide bat ezarri eta sustatu gogo baitu hirigunetik industrialdeko sarbideraino; hiriko drainatze jasangarrirako soluzioak aplikatzekoa, soilik behar-beharrezkoa den tokietan iragazgaiztea lehenetsiz; euri-ura hartzen duten egiturak eta materialak erabiltzekoa eta berdeguneak kudeatzeko neurriak.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik eta jarduketaren eremua azterturik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea Arguedasko Arau Subsidiarioetan S15 sektoreko determinazio xehatuak aldatzeari buruz. Sustatzailea Nasuvinsa da.

2. S15 sektorea garatzean, ingurumen agiri estrategikoan proposatzen diren zuzenketa, murrizketa eta prebentzio neurriak aplikatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arguedasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2004248