75. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

281E/2020 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena “La Arena” legar hobia ustiatzeko proiektuari buruz, ingurumen inpaktuaren azterketari buruz eta leheneratze planari buruz. Sustatzailea Buñuelgo Hormigones Beriain SA da.

Proiektua sartua dago Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende dago. Proiektuaren xedea da legarra ateratzea Buñuelgo udal-mugarteko 5. poligonoko 568., 569. eta 570. lurzatietan.

21/2013 Legearen 34.2 artikuluarekin bat, 2016ko apirilaren 22an, sustatzaileak proiektuaren hasierako dokumentua aurkeztu zion organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, hain zuzen), ingurumen inpaktuaren azterketaren irismena zehazteko eskaerarekin batera. Eskaera hori Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari igorri zitzaion, eta hark, 34.3 artikuluari jarraikiz, hasiera eman zion ukitutako administrazio publikoentzako eta pertsona interesdunentzako kontsulten tramiteari 2016ko ekainaren 16an. Azkenik, 2016ko abuztuaren 23an, ingurumen inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua eman zen. Ebazpen honen I. eranskinean zehaztu da zer erakunderi egin zaien kontsulta irismeneko dokumentua prestatzeko, eta jasotako erantzunen laburpena jaso da. Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten ekintzen azalpena ebazpen honen II. eranskinean jaso dira, eta ingurumen inpaktuaren azterketaren laburpena, berriz, III. eranskinean.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Hormigones Beriain SAk 2018ko maiatzaren 25ean aurkeztu zizkion proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketa eta leheneratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 2018ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 13koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, 30 egun balioduneko epean, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen ebaluazioari buruzkoa; ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta leheneratzeari buruzkoa; eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa. Jendaurreko informazio aldian, Tausteko Ubideko Ureztatzaileen Sindikatuak eta Francisco Pórtolas Litago jaunak alegazioak aurkeztu dituzte. Alegazioen laburpena eta erantzuna, ingurumen ondorioetarako, ebazpen honen IV. eranskinean ageri dira.

21/2013 Legearen 37. artikuluari jarraituz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Buñuelgo Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari. Kontsultatutako hiru erakunde horien erantzunak jaso ziren. Zehazki, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak fase honetan emandako txostena dago, 2018ko abenduaren 13koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari zuzendua, non azaltzen baitira proiektuak hirigintzako udal planeamenduarekin dituen bateraezintasun batzuk. Espedientean jaso da, halaber, aurreko hori osatzen duen 2019ko ekainaren 27ko txostena, Buñuelgo udal planeamenduaren eguneratzea aipatzen duena (2019an egin zen eguneratzea).

2019ko apirilaren 25ean, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, behin espedientean sartuta organo eskudunak eskatutako agiri batzuk, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eskaera hori ingurumen arloko organoari igorri zitzaion espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

Ingurumen inpaktuaren azterketan (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenean izanen dituen ukipen nagusiak egoki aztertzen dira, eta neurri zuzentzaile zehatzak ezartzen, ingurumenean inpaktu nabarmenik eragiten ez dela bermatzeko.

Proiektua belarki laboreetan garatzen da (ureztalurretan), eta ez du ukipenik sortuko ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideak, intereseko landaredia edo habitatak ere ez dira ukituko.

Ingurumen Eraginaren Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du tramitatu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatu du proiektuaren gainean ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen baitu ingurumenaren aldetik, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero. Era berean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari bidali zaio Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2019ko ekainaren 27an egindako hirigintzako txostena, jarduera honen organo eskuduna den aldetik aztertu eta kontuan har dezan. Txosten horrek 2018an emandakoa osatzen du, lehenago bidali zitzaiona.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako hauen aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten da: “La Arena” legar hobia ustiatzeko proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketa eta leheneratze plana. Proiektua Buñuelgo udal-mugarteko 5. poligonoko 568., 569. eta 570. lurzatietan garatuko da eta sustatzailea Hormigones Beriain SA da. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz gauzatuko da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

A) Erauzketa-eremua Buñuelgo 3. poligonoko 568., 569. eta 570. lurzatien mugen barruan egonen da, eta lurraren jatorrizko kota gehienez ere 4 metro beheratuko da ustiapen fasean.

B) Ustiapena betiere maila freatikotik metro bat gorago mantendu beharko da gutxienez, eta horretarako, behar izanez gero, ustiapenaren kota aldatu eginen da.

C) Legarra ateratzen hasi baino lehen, gutxienez 40 cm-ko geruza bat landare-lur kenduko da. Beste materialetatik bereiz metatuko da, eta gero, den-dena, leheneratze lanetarako erabiliko da.

D) Leheneratze lanak lurraren nekazaritzarako berreskuratuz eginen dira, bildutako landare-lurra berrerabiliz, lurra landuz eta ezponda perimetralean hidroereintza eginez. Legar hobiaren azken ezponda perimetralak 3H-1V-ko malda izanen du; erauzketa fasean eginen da, perimetroko legarrak ustiatu gabe utziz, geroago morfologia hori lortzeko betelanik egin behar izan gabe.

E) Proiektatutako leheneratze lanak hobetzeko, zuloa bete ahal izanen da osorik edo zati batean kanpotik ekarritako hondeaketa-lur eta harri garbiekin. Laborantzarako egokia den landare-lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betegarriaren azaleko geruzetarako erabiliko da.

F) Kanpoko hondeaketa-lurrak legar hobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).

G) Erauzketa lanetan edozein aztarna arkeologiko aurkituz gero, haren berri eman beharko zaio Vianako Printzea Erakundeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

H) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:

–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.

–Nekazaritzako finka mugakideetan hautsa pilatzea saihesteko asmoz, legar hobira iristeko bidea asfaltatuko da.

–Ustiategiko eremuaren barrenean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.

–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.

I) Gogorarazten da ezen ibilgura isuriak egiteko, urak hartzeko edo ibilgua ukitzeko Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren edo dagokion erakundearen baimen berariazkoa beharko dela.

2. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzen da, organo eskuduna den aldetik, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren 2019ko ekainaren 27ko txostena, non adierazten baita proiektua ez dela baimengarria Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako lurralde ondorioetarako. Txosten horrek 2018an (jendaurreko informazio aldian) egindako txostena eguneratzen du, zeina haren esku ere baitago.

3. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari jakinarazten zaio ezen egokitzat jotzen dela 29.373 euroko abala ezartzea, modu horretan bermatuko baita leheneratze planaren exekuzioa legar hobiaren baimen substantiboaren barnean eginen dela, Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat.

4. Sustatzaileari adierazten zaio ezen, indarreko legediarekin bat, proiekturako jarduera lizentzia eskatu behar diola Buñuelgo Udalari, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin bat.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Hondakinen Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Basozainak-Ingurumena Babesteko Taldeari (Tuterako Barrutia), Buñuelgo Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Irismeneko dokumentua izapidetzea eta kontsultatutako erakundeak

Buñuelgo Udala

x

Ondare Historikoaren Zerbitzua. Vianako Printzea Erakundea

x

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua

Mendi Zerbitzua

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

x

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

x

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua

x

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

x

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

Zientzietako Fakultatea. Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

LAB (Langile Abertzaleen Batzordea)

UGT

ELA (Eusko Langileen Alkartasuna)

CCOO

Ekologistak Martxan

Gurelur

Landazuria

X batekin seinalatu dira erantzuna eman duten erakundeak.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2016ko uztailaren 22an egindako txostenean adierazten da proiektua ez litzatekeela baimengarria izanen lurzoru urbanizaezinean jarduteko lurralde baimena ematearen ondorioetarako, 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan araututako prozedurarekin bat, arrazoi hauengatik:

–Zerbitzu honetan dauden datuen arabera, 5. Lurralde Antolamenduko Planaren arabera eta mota agrologikoen maparen arabera (1:100.000 eskala), lurzatiak I+II (R) sailkapena du. Horrenbestez, 5. Lurralde Antolamenduko Planean honela identifikatzen da: babes bereziko eremua, natura aldetik ustiatzeko balioa, gaitasun agrologiko handiko lurzorua. Lurzoruen azpikategoria horretarako araudiaren arabera, zeina lurralde antolamenduko planen 1. eguneratzean jasota baitago, legarrak ateratzea jarduera debekatua da, non eta ez diren beharrezkoak herri-lanetarako; eta erantsitako dokumentazioaren arabera, kasu honetan ez da baldintza hori betetzen. Horri dagokionez, Uraren Zerbitzuko Lurzoru eta Klimatologia Bulegoak 2016ko uztailaren 5ean egindako txostenean adierazten da aurkeztu den memorian ez dagoela informazio aski proposamena baloratzeko, eta, gainera, kokapenak ere ez dirudi egokiena, uholde arrisku ertaineko eremu batean aurreikusi baita.

–Buñuelgo Udal Planaren arabera (plana 35/2002 Foru Legearen arabera homologatua dago eta 2011ko ekainaren 22tik aurrera dago indarrean), legarra ateratzeko proposatzen den lurzatia gorde beharreko lurzoru urbanizaezinen sailean dago eta natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua da, nekazaritzako emankortasun handikoa; bertan legarra ateratzea debekatuta dago.

Buñuelgo Udalak 2016ko uztailaren 4an egindako txostenean adierazten du ustiapenak inguruko ureztalurrak errespetatu beharra duela, ukitutako lurzatien ipar-mendebaldean eta hego-mendebaldean daudenak.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atalak 2016ko urriaren 6an egindako txostenean adierazi du aurreikusita dagoen gehieneko ustiapen eremuan ez dagoela inolako aztarnategi arkeologiko katalogaturik, eta, beraz, aldeko txostena eman du. Nolanahi ere, adierazten da, obrak gauzatu bitartean edozein aztarna arkeologiko aurkituz gero, legez behartuak daudela atalari jakinaraztera.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2016ko uztailaren 18an egindako txostenean adierazi du proiektuak ukipen larria eragiten duela gaur egun dauden ureztalurren gainean, baina ez diola eragiten Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planari. Larri gisa sailkatutako ukipena arintzat hartuko da baldin eta lurzoruaren nekazaritza gaitasuna aldatzen ez bada. Beraz, baimena ematekotan, baldintza honen pean emanen da: eskatzaileak hitzeman beharko du aurretiaz lurzoruaren azaleko geruza kenduko dela, gutxienez 40 cm-ko sakoneraraino, eta, erauzketa bukatutakoan, lurra berriz ere egokituko dela lehen laborantzarako zeukan gaitasuna berreskuratzeko.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2016ko abuztuaren 3an emandako txostenean azaltzen du Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak adierazi duela trafiko azterketa bat egin beharko dela zehazteko nola igoko den trafikoa bai NA-5211 errepidean (zubiko sarbideak), bai errepide hori Ribaforada-Cortes NA-5200 errepidearekin lotzeko bidegurutzean (biribilgune zatitua), batez ere ibilgailu astunei dagokienez. Adierazten du, orobat, aztertu beharko litzatekeela zein den bidegurutze mota egokiena NA-5211 errepidetik legar hobira iristeko bidean sartzeko.

Zainketa Zerbitzuak sarbide hori egokitzeko gutxieneko baldintza teknikoak ezarri ditu, eta adierazi du beharrezkoa dela baimena eskatzea sarbideko obrak egiteko. Horretarako dokumentazio teknikoa erantsi du.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2016ko abuztuaren 24an egindako txostenean adierazi du zeintzuk diren, bere iritziz, ingurumen inpaktuaren azterketan jorratu beharreko alderdi nagusiak (alternatiben analisia, ingurune hidrikoaren inbentarioa, ureztatzeko azpiegituren gaineko ukipenak, ingurune hidrikoaren gaineko eraginaren analisia, uholde-arriskuaren azterketa, maila piezometrikoko ukipenak baztertzea, prebentzio eta zuzenketa neurriak). Sustatzaileari oroitarazten zaio, orobat, erakunde honetan tramitatu beharko dituela proiektuaren ondorioz behar litezkeen jabari publiko hidraulikoaren okupazioak, isurketak eta kontzesioak.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2016ko abuztuaren 23an egindako irismeneko dokumentuan bildu dira jasotako erantzunak, eta bertan adierazten du bereziki hartu behar dela kontuan Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostenean jasotakoa, hots: legar hobia ez litzatekeela baimengarria izanen proposatutako lurzatietan, lurzoru urbanizaezineko lurralde baimenaren ondorioetarako, eta indarreko udal planarekiko bateraezina dela..

Adierazten da, halaber, kontu horiek konponduz gero, ingurumen inpaktuaren azterketan alderdi hauek jorratu beharko liratekeela bereziki:

–Argi eta zehazki mugatzea bai erauzketa eremua, baita legar hobiak eragiten dituen okupazio guztiak ere.

–Dokumentazioan ageri diren datu piezometrikoen arabera, legar hobiaren beheko kotak bat egin lezake 4-5 metro sakon dagoen maila freatikoarekin. Jarraipenerako neurri zehatzak hartu beharko dira erauzketa-zuloaren barruan urik atera ez dadin.

–Ildo horretan, alternatiben azterketan justifikatu beharko da aukeratzen den alternatibaren bideragarritasuna, beste batzuekin alderatuta, eta hidrologiaren gaineko inpaktua murrizten ahal duten beste ustiapen modu batzuk jaso beharko dira.

–Leheneratze planean fasekako kronograma, planoak eta aurrekontua jaso beharko dira. Lurzoruak nekazaritzarako duen gaitasunari eutsi beharko zaio, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egindako txostenean adierazi bezala.

–Ikusizko inpaktuaren gaineko paisaia-azterketa. Proiektuaren ikus-eremua ezartzea eta ikusizko inpaktuaren simulazio fotografikoak aurkeztea, toki bisitatuenetatik atereak. Horretarako neurri zuzentzaileak.

–Plano eta profil topografikoak erantsi beharko dira, eta horietan zehaztuko dira hasierako egoera, amaierako egoera eta tarteko egoerak, legar hobiaren ustiapenekoak eta leheneratze lanetakoak. Gainera, jarduerak eragin ditzakeen beste okupazio batzuen definizio grafiko zehatza ere aurkeztuko da; esaterako, materialak biltzeko eremuena eta sarbideena.

–Sortuko diren arroka antzuen bolumena modu egokian baloratuko da. Harri horiek sortzen den zuloa estaltzeko erabiliko dira, ustiategitik kanpoko eremuei eragin gabe. Kanpotik lur eta harri garbiak ekartzeko aukera ere baloratuko da, sortzen den zuloaren leheneratze topografikorako.

–Proiektuak Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena behar du, aztarnategi arkeologikorik ez dela ukituko azalduz. Txosten hori ere erantsi behar da.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Buñuelgo udal-mugarteko 5. poligonoko 568., 569. eta 570. lurzatietan legarra ateratzea proiektatzen da. Ateratzen diren legarrak legar hobitik Buñuelgo ipar-mendebaldean kokatzen den tratamendu zentrora eramanen dira. Ustiapenaren helburu nagusia da agregakinak sortzea N-232 errepidea bikoizteko lanetarako, legar hobitik 10 bat kilometrora baitago.

Eraginpeko lurzatiak ureztalurretako laborantza finkak dira, eta Ebro ibaiaren Kuaternarioko terraza batean daude. Ustiategia Buñuelgo hego-ekialdean dago, herrigunetik 1,4 kilometrora. Sarrera NA-5200 eta NA-5211 errepideetatik egiten da, eta, gero, 200 metro inguru egin behar dira herriko bide batetik.

Proiektuak, guztira, 26.046,17 m²-ko eremua hartzen du, eta aurreikusten da 22.706,59 m² okupatzea erauzketa-lanetarako, kontuan hartuta ezarritako babes zerrendak eta aurretik egokitu beharreko eremuak.

Lur erauzketetan, 90.826,63 m³ inguru material gordin ateratzea aurreikusten da. Proiektuan proposatzen da, aurretik, landare-lurreko kanpoko geruza kentzea, gutxienez 20 cm-koa. Hortaz, material aprobetxagarria, gehienez, 86.285,06 m³ izanen dira. Kalkuluen arabera, materialen aprobetxamendu garbia hauxe izanen da: 23.000 m³ urtean.

Materiala ateratzeko, atzerako hondeamakina hidraulikoa erabiliko da. Legar hobiaren garapena 4 fasetan zehaztu da. Horien artean 0 fasea dago, jarduera hasi aurretiko obrak egitekoa. Erauzketa-lanen gehieneko potentzia 4 metrokoa izanen da, betiere kalkulatu den maila piezometrikoaren gainetik. Proiektaturiko azken topografia zelaia da, 3H:1V maldako ezponda perimetralekin.

Proposatzen den ustiapen egutegia 4 urtekoa da, eta beste urte bat leheneratze lanetarako. Leheneratze lanetan honako hauek sartu dira: landare-lurra berriz zabaltzea, lur zelaiak nekazaritzarako berreskuratzea eta ezponda perimetralean hidroereintza egitea.

III. ERANSKINA

Ingurumen inpaktuaren azterketaren
eta leheneratze planaren laburpena

Ingurumen inpaktuaren azterketan ingurune hauen inbentarioa egin da: ingurune fisikoa, biotikoa, pertzeptuala, sozioekonomikoa eta kulturala, barnean sartuta: geologia, klima, hidrogeologia, landaredia, fauna, lurzorua, lurzoruaren erabilerak, paisaia, arkeologia eta kultura ondarea, azpiegiturak eta ingurune soziodemografikoa.

Proiektuak ez du ukipenik sortuko Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideak ere ez dira ukituko.

Proiektuaren eremuko ingurune hartzailea azterturik, IIAk analizatu eta baloratu egiten du proiektatutako ustiategiak bere eremuko ingurunean izanen duen eragina. Ondorio gisa, 36 inpaktu identifikatzen dira. Horietarik, moderatutzat jotzen dira prozesu geofisikoen gaineko inpaktuak, paisaiaren gainekoak, atmosferaren kalitatearen gainekoak eta lurzoruaren erabileraren gainekoak. Geologiaren gaineko inpaktua larritzat jotzen da, eta gainerakoak bateragarritzat. Eragin orokorra moderatutzat jotzen da. Proiektuan, ez da inpaktu kritikoko ekintzarik identifikatzen.

Ingurumen inpaktuaren azterketak beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana jaso ditu; horiek aurrera eraman beharko dira ebazpen honetan eskatzen denarekin batera.

Leheneratze planaren xedea izanen da lurzatia berreskuratzea nekazaritzarako erabili ahal izateko. Sortzen den zuloak, gehienez, 4 metroko aldea izanen du lurraren jatorrizko kotarekin alderatuta. Ebazpen honetan ezarri da nola eginen diren bete-lanak kota altuagoetaraino, kanpotik ekarriko diren lurrak erantsiz. Sortzen den zelaiguneak ezponda perimetral bat izanen du, 3H:1V maldakoa.

Leheneratze lanetan aurreikusita dago, batetik, kendutako landare-lurra berriz zabaltzea, eta bestetik, plataforma nagusian nekazaritza-erabilera berrezartzea. Ezponda perimetralak zuhaitzik gabeko baso lur gisa utziko dira, eta hidroereintza bidez landareztatuko dira belar espezieekin (%95) eta zurezko landareekin (%5).

IV. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko tramitearen laburpena

Jendaurreko aldian honako alegazio hauek jaso dira:

Tausteko Ubideko Ureztatzaileen Sindikatuaren alegazioa.

Sindikatuak alegatzen du ustiategiak “La Arena” erretenarekin eginen duela muga, zeina alegatzailearena baita. Erreten horren funtzionamendu egokia bermatzeko eta iragazteak saihesteko, legar hobiak lur zerrenda bat utzi beharko luke ustiatu gabe, ubidearen zabalera adinakoa (8 metro), erretenak eta legar hobiak bat egiten duten tokian, Tausteko Ubidearen ordenantza orokorretan ezartzen den bezala.

Erantzuna.

Erretenaren funtzionamendu egokia ez da proiektuaren ingurumen ebaluazio honen xede. Kasua bada, alderdi hori jardueraren organo eskudunak baloratzen ahalko du.

Francisco Pórtoles Litago jaunaren alegazioa.

Lehenbizi, alegatzaileak azaltzen du, bere iritziz, ez dagoela neurri egokirik hautsak nekazaritza-finka mugakideetan izanen duen eragina saihesteko. Bigarrenik, alegatzen du legarra ateratzeak uholdeak eragin ditzakeela ukitutako lurzatietan, baita kalte materialak eta ingurumen kalteak ere.

Erantzuna.

Ebazpen honetan jaso dira beharrezkoak diren neurriak hautsak nekazaritza-finka mugakideetan eragin dezakeen inpaktua zuzentzeko.

Lurzatien balizko uholde-arriskuari dagokionez, sustatzailea behartua dago maila piezometrikoa kontrolatzera eta, hala, maila horretatik gutxienez metro bat gorago mantendu behar du ustiategia.

Ildo horretan, aipatu behar da, orobat, espedientean Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena jaso dela, non adierazten baitu, bere eskumenei dagokienez, ingurumen inpaktuaren azterketa egokia dela, baina behar diren neurriak hartu beharko direla ingurune hidrikoaren gaineko ukipena gutxiagotzeko.

Iragarkiaren kodea: F2004234