75. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

15/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Osasuneko kontseilariak emana, María Zandio Zorrilla andrea osasun sistema publiko eta pribatuaren sareko ospitaleetarako kontingentzia plan osoaren koordinatzaile exekutiboaren alboko izendatzen duena, COVID-19 izeneko gaixotasunarekin loturik.

COVID-19 izeneko gaixotasuna dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdi egoera deklaratu du, eta nazioarteko garrantzia eman dio. Gaur den egunean, ez dago txertoen bidezko babes tratamendu espezifikorik gaixotasun honetarako. Beraz, har daitezkeen neurriak hauek dira: infekzio iturria bakartzea eta mugak jartzea kutsapena errazten duten transmisio mekanismoei.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko.

Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdia deklaratu duenetik, Nafarroan COVID-19aren ondoriozko krisia kudeatzeko neurriak hartu dira, Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legeak osasun arloan emandako agintaritza erabiliz.

Ospitale publiko eta pribatuen sare integratuan egiten ari zen lankidetzan pauso bat gehiago emateko, Osasuneko kontseilariak martxoaren 21ean emandako 5/2020 Foru Aginduaren bidez, koordinazio exekutiborako zenbait arduradun izendatu ziren Nafarroako Foru Komunitateko osasun sistema publikoan eta pribatuan, COVID-19 izeneko gaixotasunarekin loturik.

Epidemiaren bilakaeragatik eta inguruabarrengatik Nafarroako osasun sare integratuko koordinazio exekutiboaren eginkizunak indartu beharra dago eta, horrenbestez, bidezkoa da Nafarroako osasun sistema publiko eta pribatuaren sareko kontingentzia planaren koordinatzaile exekutiboaren alboko arduradun bat izendatzea, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik.

Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–María Zandio Zorrilla andrea, Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari asistentziala, izendatzea osasun sistema publiko eta pribatuaren sareko ospitaleetarako kontingentzia plan osoaren koordinatzaile exekutiboaren alboko, COVID-19 izeneko gaixotasunarekin loturik. Izendapenak 2020ko apirilaren 4tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Bigarrena.–Foru agindu hau jakinaraztea María Zandio Zorrilla andreari, eta igortzea osasun zentro publiko eta pribatu guztietako kudeatzailetzetara eta zuzendaritza medikoetara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileari, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko apirilaren 4an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2004427