75. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Udal ordenantza, prozedura arautzen duena erantzukizunpeko adierazpena egiteko obren, jarduera sailkatuen, jarduera sailkatuen irekieraren eta merkataritzako zerbitzu eta jardueren hasieraren kasuetan eta aurretiazko komunikazioa egiteko jardueren titulartasun aldaketaren edo utzi eta/edo azkentzearen kasuetan. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2019ko abenduaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal ordenantza, prozedura arautzen duena erantzukizunpeko adierazpena egiteko obren, jarduera sailkatuen, jarduera sailkatuen irekieraren eta merkataritzako zerbitzu eta jardueren hasieraren kasuetan eta aurretiazko komunikazioa egiteko jardueren titulartasun aldaketaren edo utzi eta/edo azkentzearen kasuetan. Erabaki hori 2020ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Vianan, 2020ko martxoaren 6an.–Alkatea, Yolanda González García.

I.–JUSTIFIKAZIO MEMORIA

I.1.–ZIOEN AZALPENA

Europar Batasunaren xedeen artean dago mugarik gabeko barne merkatua eratzea, zerbitzuen zirkulazio askea bermatuz eta estatu kideen artean garapena galarazten duten oztopoak kenduz. Horregatik, Europar Batasunak arau esparrua aldatu du establezimenduak ezartzeko eta zerbitzuak emateko askatasunarekin lotutako alderdietan, eta administrazio prozesua eraldatu du. Hala, lizentziak ematea arautzen duen araudiaren oinarrizko alderdi batzuk aldatu dira, tramitazioa arintzeko eta sinplifikatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean jasotakoaren arabera.

Tokiko araubidean hasiera eman zitzaion aldaketa prozesu horri, Zerbitzu Jardueretarako Sarbide Libreari eta Haietan Aritzeari buruzko 17/2009 Legea onestearekin batera. Lege hartan jada ikusten zen beharrezkoa zela prozedurak eta tramiteak berrikustea, sinplifikatzeko eta beste prozedura eta tramite batzuekin ordezteko, zerbitzuen titularrentzako hain nekagarri izan ez zitezen.

Aurkitu eta hainbat arautan jasotako aldaketen artean (25/2009 Legea, 2/2011 Legea, etab.), araubide juridikoan figura berriak sartu izana nabarmentzen da: aurretiazko komunikazioa, erantzukizunpeko adierazpena eta ondoko kontrola, tokiko esparruan esku hartzeko mekanismo arrunt gisa.

Figura berri horiek ez dira aurretiazko baimenak edo lizentziak bezalakoak, izan ere, figura berriekin, aurkeztu ondoren gertatzen da Administrazioaren kontrola; hau da, jarduera hasi ondoren. Hala, aurretiazko baimenik behar ez duten jardueretan aritzeko, toki entitateek behar diren komunikazio prozedurak ezarri eta planifikatu beharko dituzte, bai eta egiaztatze prozedurak ere, ikusteko ea bete ote diren jarduera horretan aritzeko legedi sektorialak ezarritako beharkizun zehatzak (Ekonomia Jasangarriari buruzko 2/2011 Legea).

Gogoan izan behar da administrazio publikoek begiratuko dutela ea betetzen diren aplikatzekoak diren beharkizunak, eta, horretarako, egiaztatu, berrikusi, ikertu eta ikuskatu ahalko dituztela gertaerak, egintzak, elementuak, jarduerak, balioztapenak zein gertatzen diren gainerako inguruabarrak (25/2009 Legearen 2. artikulua).

Era berean, Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko 12/2012 Legeak erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren figurak ezartzen ditu zenbait ekonomia-jardueratarako, eta administrazioa behartzen du figura berri horien bidez tramitatzera irekierak eta obra mota batzuk, bai eta jarduera zehatz horien titulartasun aldaketak ere.

Halaber, eman diren zenbait foru legek administrazioa sinplifikatzeko xedea dute, aurretiazko baimen eta lizentziak kenduz edo ordeztuz ondoko jakinarazpenekin edo erantzukizunpeko adierazpenekin (15/2009 Foru Legea, 6/2010 Foru Legea, etab.).

Ildo horretan, 448/2014 Foru Agindua nabarmentzen da, 93/2006 Foru Dekretua garatzeko arauak onestekoa (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua). Administrazioa bizkortzeko eta prozedurak sinplifikatzeko arauak sartzen dira: ezartzen da nahitaezkoa dela jarduera sailkatu batzuk tramitatzea erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez, eta, Udalak irekitzeko baimena eman ordez, xedatzen da aurkeztu behar dela jarduera sailkatua abiarazteko edo hasteko erantzukizunpeko adierazpena.

Ildo beretik doa Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (1/2017 Legegintzako Foru Dekretua); izan ere, 192 ter artikuluan sartzen ditu erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar dituzten egintzak, horiek aurkeztuta, jardueraren titularrak adierazitako hirigintza jarduketa egiteko ahalmena izan dezan.

Hala, Vianako Udalak uste du beharrezkoa dela ordenantza hau egitea eta onestea, non zehazten baitira figura horietarako prozedurak, bai eta ondoko kontrola ere.

ORDENANZA

II.1.–LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da alderdi orokorrak arautzea Udalaren esku-hartze prozedurei aplikatzekoa zaien araubide juridikoan, Vianako establezimendu edo lokalei eta zenbait obrari dagokienez eta figura hauek direla eta:

–Erantzukizunpeko adierazpena, hauetarako:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginaren 192. artikuluan jasotako obretarako (1/2017 Legegintzako Foru Dekretua).

–448/2014 Foru Aginduan sartutako jarduera sailkatuak ezartzeko, ustiatzeko, lekualdatzeko edo haietan funtsezko aldaketak egiteko.

–Aipatu 448/2014 Foru Aginduan ezarritako jarduera sailkatuak irekitzeko.

–12/2012 Legearen eranskinean sartutako txikizkako jarduerak eta beste zenbait zerbitzu gauzatzeko.

Aurretiazko komunikazioa, hauetarako:

–Titulartasuna aldatzeko edo jarduera utzi eta/edo azkentzeko.

Orobat, aplikatuko da indarreko legedian aipatutako prozedurei buruz egiten diren aldaketetan.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

a) Erantzukizunpeko adierazpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentua, non hark, bere erantzukizunpean, adierazten baitu eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako beharkizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

b) Aurretiazko komunikazioa: dokumentu bat, zeinaren bidez interesdunek administrazio publiko eskudunari ezagutzera ematen baitizkiote beren identifikazio datuak eta eskubide bat erabiltzeko, jarduera bat hasteko edo uzteko, edo titulartasuna aldatzeko eskatzen diren gainerako beharkizunak.

c) Ekonomia-jarduera: ondasunak eta produktuak ekoiztea zein trukatzea edo zerbitzuak ematea dakarren industria edo merkataritza jarduera oro, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

d) Zerbitzua: norberaren konturako jarduera oro, gehienetan ordainsari baten truke emana.

e) Jarduera sailkatua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen IV. eranskinean eta hura garatzeko araudian sartutako jarduerak eta instalazioak.

f) Jarduera kaltegabea: indarreko ingurumen legedian jarduera sailkatu gisa identifikatuta ez dauden jarduera guztiak.

g) Obra txikia: teknikoki erraza den obra, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak izaten dira, konpontzeko, dekoratzeko, apaintzeko edo itxiturak egitekoak eta proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabekoak; ezaugarri horiek biltzeak, hain zuzen, zehazten du obra txikiaren kontzeptua. Ez dakarte bolumena, azalera eraikia edo erabilera inola ere aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ez eta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinaren edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ez eta bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

h) Lizentzia: aurretiazko kontrolerako erabiltzen den edozein egintza administratibo, arauzkoa eta deklaraziozkoa, zeinaren bidez eskatutako jarduketak baimentzen baititu toki entitateak, behin egiaztatuta bat datozela indarrean dagoen kasuan kasuko ordenamenduarekin.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Erantzukizunpeko adierazpenaren eta ondoko kontrolaren bidez bideratuko dira:

a) 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean sartutako eta III. eranskinean sartu gabeko jarduerak ezartzea, ustiatzea, lekualdatzea edo aldatzea, funtsezko eran aldatu zein ez (foru agindu horren bidez onetsi ziren 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak, zeinaren bidez onetsi baitzen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak sinplifikatzeko arauak sartzeko xedez); edo une bakoitzean ematen den foru aginduan sartutakoak.

b) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 192. ter artikuluan sartutako obrak, edo une bakoitzean ematen den arauan sartutakoak.

c) Jarduera sailkatuen irekiera (93/2006 Foru Dekretuaren 4A, 4B, 4C eta 4D eranskinetan sartutako jarduerak).

d) 12/2012 Legearen eranskinean sartutako zerbitzuak eta txikizkako merkataritza jarduerak.

2. Aurretiazko komunikazioaren bidez bideratuko dira, nahiz eta abiarazteko beharrezkoa izan erantzukizunpeko adierazpena edo jarduera sailkaturako udal lizentzia:

a) Jarduera guztien titulartasun aldaketak.

b) Gauzatzen diren ekonomia-jarduera guztiak uztea eta/edo azkentzea.

4. artikulua. Salbuespenak.

Badaude salbuetsirik ordenantza honen aplikaziotik honako establezimendu, jarduera eta obra hauek, indarreko araudi sektorialari jarraikiko baitzaizkio:

a) I. babes mailan (integrala) eta II. babes-mailan (estrukturala) katalogaturik dauden eraikin, elementu eta/edo inguratzaileetan (fatxadak, portxeak, elementu nabarmengarriak) kokaturiko obrak eta/edo jarduerak, Vianako Udal Planaren arkitektura-ondareari buruzko 99. artikuluan eta Vianako Hirigune Historikoko Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren 47. artikuluan halakotzat identifikaturik daudenei dagokienez. Salbuesten dira, halaber, III. babes mailan (ingurumenekoa) katalogaturik dauden higiezinetako esku-hartzeak, azken horiek eragiten dietenean haien katalogazioa ekarri zuten elementuei, bai eta elementu nabarmengarri babestuei ere (Vianako Hirigune Historikoko Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren 15. planoa).

b) Vianako Hirigune Historikoko arkeologia-ondarearen 1., 2. eta 3. arkeologia-eremuen barneko jarduketak, Vianako Hirigune Historikoko Barne Eraberritzeko Plan Berezian halakotzat identifikaturik daudenei dagokienez:

–1. eremua: jarduerek harresiaren edo antzinako gazteluaren atal, elementu edo hondakinei eragiten badiete.

–2. eremua: aurreikusitako jarduketak lurpean egiten direnean.

–3. eremua: lurpeko jarduketek eragiten diotenean orubearen azaleraren %50etik gorako azalera bati.

c) Vianako gainerako arkeologia-ondarean egitekoak diren jarduketak, Udal Planeko aztarnategien eta haien babes-mailaren zerrendan halakotzat identifikaturik daudenei dagokienez (Udal Planaren araudiaren 107. artikulua).

d) Erabilera publikoko lurzoruari eta jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboari eta okupazioari eragiten dieten obrak eta/edo jarduerak, bai eta jabari publikoko ondasunen afektazioa edo haien erabilera pribatiboa dakarten jarduerak ere.

e) Beste obra eta/edo jarduera batzuk, aplikatu beharreko hirigintza araudiaren arabera debekatutako erabilerak direnak edo hirigintzako planeamenduan ezarritako antolamenduarekin bat ez datozenak.

f) Gauzatze proiektua behar duten obrak, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legearen arabera.

g) Nafarroako Gobernuaren edo beste erakunde batzuen eskumenekoak diren eta haien aurretiazko kontrola behar duten obrak eta/edo jarduerak.

h) Hirigintzako planeamenduan ezarritako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetako eta/edo antolamenduz kanpo deklaratutako eraikinetako obrak.

i) Legedi sektorialean eta hirigintzako planeamenduan baimenduta egonik, behin-behineko gisa kalifikatutako obrak edo bestelako hirigintza jarduketak gauzatzea, utzi beharrekoak eta, edonola ere, eraitsi beharrekoak, inolako kalte-ordainik jaso gabe, Udalak erabakitzen duenean.

5. artikulua. Eredu normalizatuak.

Ordenantza honen eranskinetan jasotako eredu normalizatuen arabera, edo Vianako Udalak horretarako prestatzen dituen ereduen arabera, aurkeztu behar dira erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak.

Eredu horiek Vianako Udalaren webgunean nahiz dagokien udal bulegoetan egonen dira herritarren eskura.

II.2.–BIGARREN TITULUA

Alderdi orokorrak erantzukizunpeko adierazpenaren bidezko prozeduretan

I. KAPITULUA

Arau komunak

6. artikulua. Arau komunak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena eta kasu bakoitzerako eransten den dokumentazioa Vianako Udalean aurkeztu edo hara igorri beharko dira.

b) Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ez du berez ekarriko aurretiaz onartzea establezimendua eta/edo egin beharreko obrak eta/edo jardueraren hasiera bat datozenik aplikatzekoa den araudiarekin, eta ez du mugatuko aplikatzekoa den araudi sektorialak Vianako Udalari ematen dizkion ahalmenen erabilera, egiaztatzeko, ikuskatzeko, zehatzeko eta, orokorrean, kontrolatzeko.

c) Erantzukizunpeko adierazpenak jardueraren titularrari ahalmena emanen dio egin nahi duen eta eskabidean adierazi duen hirigintza jarduketa gauzatzeko, baldin eskabideari beharrezko eta ezinbesteko dokumentazioa eransten badio, horrek galarazi gabe egoki diren egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak erabiltzea.

d) Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, edo jarduketak gauzatzen edo aurrera eramaten badira kautelazko edo behin betikoa etetea deklaratu arren, baimen edo lizentziarik gabeko jarduketatzat hartuko dira ondorio guztietarako eta, legezkotasuna babestean eta zehapenak ezartzean, lizentziarik gabeko jarduera sailkatu, obra eta erabileretarako araubide bera aplikatuko zaie, kasu bakoitzean egoki dena.

e) Erantzukizunpeko adierazpenaren datuak edo bertan adieraziak ez-zuzenak badira, faltsuak badira, edo omisioren bat badute, funtsezko eraren batean, edo adierazpena ez bada aurkezten Vianako Udalean, horrek berarekin ekarriko du jarduera, zerbitzua edo obra hasi, aurrera eraman edo gauzatu ezina, gorabehera horien berri jakiten den unetik bertatik; horrez gain, erantzukizun penal, zibil eta administratiboak ere egon litezke.

f) Hainbat jarduketa egin behar badira jarduera edo zerbitzu beraren inguruan edo lokal berean, erantzukizunpeko adierazpenak batera tramitatuko dira.

g) Vianako Udaleko zerbitzu teknikoek ezartzen badute erantzukizunpeko adierazpenaren bidez hasitako espediente bat tramitatu beharko litzatekeela aurretiazko lizentzia edo baimen baten bidezko prozedurari jarraikiz, aipatutako espedientea prozedura egokira birbideratuko da, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, interesdunak eskaera berriz egin behar izan gabe. Ebazpen hartan deklaratuko da ezin dela onartu erantzukizunpeko adierazpen hori, eta ohartaraziko da ezin dela ukitutako eskubidea edo jarduera gauzatzen hasi, behar den arauzko lizentzia eskuratu ezean.

Jarduera ezin bada legeztatu, aginduko da establezimendua itxi dadila.

h) Inola ere ez da erantzukizunpeko adierazpenaren bidez eskuratutzat joko ahalmenik, legedi edo hirigintzako planeamenduaren kontra doanik, eta erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrako erantzukizunpeko adierazpenak, eraginkor izateko funtsezko beharkizunak betetzen ez dituztenean.

i) Inola ere ez da joko erantzukizunpeko adierazpenari lotutzat aldamioak jartzea, eremu publikoa nolanahi okupatzea, edo aldi baterako altuerako lan prozedurak edo garabi-ibilgailuak erabiltzea. Erantzukizunpeko adierazpena behar duen edozein obrak eremu publikoa okupatzea bereiz tramitatuko da, egoki den lizentziaren edo baimenaren bidez.

j) Jardueren eta establezimenduen ardura duten pertsonak beharturik daude horiek behar bezalako baldintzetan gauzatu eta mantentzera, segurtasunari, osasungarritasunari, irisgarritasunari eta ingurumen kalitateari dagokienez, espazio publikoetan eragina izatea murriztuz eta aipatutako baldintzak betetzeko behar diren teknikarik hoberenak erabiliz, eskura daudenen artean.

k) Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiten den jarduera edo obraren ardura dutenak berariaz beharturik daude frogagiriak gordetzera jarduera edo obrari dagokion establezimendurako adierazitako elementu eta beharkizunen inguruan, eta, behar denean, halakoak Udalaren esku jartzera, baldin egiaztapen eta/edo ikuskapen jarduketetarako eskatzen badira.

l) Agintaritzaren agentetzat hartuko dira erantzukizunpeko adierazpenaren bidez tramitatu behar diren jarduerak ikuskatzeko ofizialki izendatutako langileak, berezko dituzten eginkizunak betetzeko, ikuskapenen inguruan hirigintzako eta/edo ingurumeneko legedian ezarri den bezala.

m) Vianako Udalean aurkezteko unean indarrean dauden ordenantza fiskalen arabera egonen dira arauturik erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak dakartzan tributuak.

II.3.–HIRUGARREN TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduketen araubidea

I. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak,
zerbitzuak eta obrak

1. ATALA

Jarduera sailkatuak

7. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak.

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak izanen dira indarreko ingurumeneko araudiak ezartzen dituenak.

Gaur egun 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean sartutako eta III. eranskinean sartu gabeko jarduerak dira. Foru agindu horren bidez onetsi ziren, hain zuzen, 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak, zeinaren bidez onetsi baitzen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua. Hemen jasotzen dira:

II. Eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak eta instalazioak:

A) Gauzen eta materialen biltegiak, haien azalera eraikia 500 m²-tik gorakoa eta 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

B) Merkataritza-establezimenduak, Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legean ezarritako kasuetan: lege horren eranskinean jasotako txikizkako merkataritza jarduerak eta zenbait zerbitzu, establezimendu iraunkorren bidez gauzatutakoak, haien erakusketa eta salmenta azalera erabilgarria 750 m²-tik gorakoa ez denean (12/2012 Legearen 2.1 artikulua).

C) Eraikinetako zerbitzu-establezimendu hauek:

–Administrazio jarduerak, haien azalera eraikia 1.000 m²-tik gorakoa eta 2.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Kultur eta erlijio jarduerak, haien azalera 500 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Aurrekoen pareko ez diren zerbitzu orokorretako beste jarduera batzuk, haien azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

E) Konponketa lantegiak, haien azalera erabilgarri eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean; baldin ez badaude bizitegi erabilerako eraikinetan.

Erregelamendu honen aplikazio eremutik kanpo daude ondoren aipatzen diren lan osagarrietarako lantegiak edo antzeko beste batzuk, baldin beheko solairuan edo sotoan badaude, haien potentzia mekaniko instalatua 5 kW-etik beherakoa bada eta/edo haien azalera erabilgarria 200 m²-koa edo txikiagoa bada.

a) Eraikuntzako lan osagarrietarako lantegiak: igeltserotza, eskaiolagintza, beiragintza, elektrizitatea, iturgintza, berokuntza eta aire girotua.

b) Erlojugintza, urregintza, zilargintza, bitxigintza, bisuteria, optika, eta ortopedia eta protesiko lantegiak.

c) Jantzigintza, jostuntza, larrugintza, puntugintza, kapelagintza, eta uhalgintzako lantegiak.

F) Jabari publiko erradioelektrikoa erabiltzen duten antenak, instalazioak eta azpiegiturak; telekomunikazioen arloko oinarrizko araudiaren aplikazio eremuan sarturik daudenak, hain zuzen.

III. Eranskina.–Pertsonen osasunarentzat arriskutsuak diren eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea behar duten jarduerak. Horiek guztiak salbuetsirik daude erantzukizunpeko adierazpenaren bidezko tramitaziotik:

–Produktu biozidak biltegiratu, banatu eta/edo aplikatzeko instalazioak, salbu horrelako jarduerak jende orok erabiltzeko baimendutako biozidekin bakarrik egiten dituztenak.

–Turistei ostatu emateko jarduerak (hotelak, turismoko kanpalekuak, landetxeak, aterpetxeak eta antzeko beste batzuk).

–Ura jostatzeko erabiltzen duten jarduerak.

–Barnetegia duten osasun zentroak eta egoitza diren zentro soziosanitarioak.

–Hornidura publikoko sare batetik ez datorren giza kontsumorako ura duten jarduerak.

–Legionella kutsatzeko arriskutsutzat jotzen diren jarduerak, legionellosiari buruz indarrean dagoen legediaren arabera:

Hozte-dorreak eta lurrunketa-kondentsadoreak.

Ur girotuko sistemak, agitazio konstantea eta birzirkulazioa dituztenak abiadura handiko zurrusten edo aire injekzioaren bidez.

Zentral hezetzaile industrialak.

Uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen diren instalazio arriskutsuak barnetegia duten osasun zentroetan eta egoitza diren zentro soziosanitarioetan.

–Bertan araztutako urak (ur berrituak) berrerabiltzen dituzten eta/edo urak birziklatzen dituzten jarduerak.

–Tatuajeak eta/edo piercingak egiten dituzten establezimenduak, osasun arlotik kanpokoak.

8. artikulua. Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatua gauzatu aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena. Hartan, jardueraren titularrak edo sustatzaileak adieraziko du betetzen dituela legezko eta erregelamenduzko beharkizun eta ziurtapen guztiak hura aurrera eramateko, barnean direla udal ordenantzak, eta hori frogatzen duen dokumentazioa badaukala. Aditzera emanen ditu, halaber, Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak emandako proiektu zenbakia eta sarbide gakoa, agiri bidezko ikus-onetsia duen proiektu teknikorako.

Ordenantza honen I. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienez aurkeztu beharrekoa da. Vianako Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

2. ATALA

Obrak

9. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak:

Indarrean dagoen hirigintzako araudiak ezarriko du zein obrak behar duten erantzukizunpeko adierazpena. Gainerako obretarako lizentzia beharko da, alegia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginaren 190. artikuluan jasotako obretarako (1/2017 Legegintzako Foru Dekretua).

Gaur egun, erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak aipatutako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192. artikuluan daude jasota.

Ordenantza honen ondorioetarako, honako hauek zehazten dira:

1. Lokalak egokitzearekin lotutako obrak, txikizkako merkataritza jarduera gauzatzeko eta zenbait zerbitzu emateko, aplikatzekoa den araudi sektorialarekin bat.

Indarrean dagoen legedia kontuan hartuz (Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko 12/2012 Legea), talde honetan sartuko dira legearen beraren eranskinean adierazitako jarduerak edo zerbitzuak dituzten lokaletako obrak, haien erakusketa eta salmenta azalera erabilgarria 750 m²-tik gorakoa ez denean.

2. Munta edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak:

a) Dauden etxebizitzetako barneko obrak, ez denean handitzea, ez etxebizitza berriak moldatzea, ez etxebizitzaren banaketan aldaketa handia egitea (sukaldeari, komunei eta/edo esekitokiei eragin gabe), eta eraikinaren kanpoko itxurari eragin gabe betiere (fatxadak, estalkiak...):

–Barneko estaldurak eraberritzea, konpontzea eta/edo ordeztea.

–Barneko arotzeria eta/edo tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Eraikinaren barnetik doazen instalazioak konpontzea, eraberritzea eta aldatzea edo berriak egitea, fatxadei eragin gabe.

–Igeltserotza eta trenkada-lanetako obra txikiak.

b) Lehendik dauden eta mantentzen diren jarduera sailkatuen lokaletako barneko obrak, fatxadei eragin gabe eta jarduera sailkatuan funtsezko aldaketarik egin gabe:

–Barneko estaldurak eraberritzea, aldatzea, konpontzea eta/edo ordeztea, gelen banaketari eta erabilerari eragin gabe.

–Trenkada batzuk kendu eta/edo jasotzea, honako hauek ekarri gabe:

  • Espazioen banaketa eta erabilera aldatzea, doikuntza txikiak salbu.
  • Jendeak okupatzen duen azalera handitzea, okupatzea eta haren banaketa aldatzea, ebakuazio elementuei dagokienez.
  • Instalazioak eta azpiegiturak konpontzea.

c) Jarduera sailkaturik gabeko lokaletako barneko obrak, fatxadei eragin gabe eta gero jarduera sailkaturik ekarri gabe:

–Barneko estaldurak eraberritzea, aldatzea, konpontzea eta/edo ordeztea, banaketari eragin gabe.

–Trenkadak kentzea jendeak okupatzen duen azalera handitu gabe, eta azalera hori okupatu eta aldatu gabe, ebakuazio elementuei dagokienez.

–Instalazioak eta azpiegiturak konpontzea.

d) Lehendik dauden eraikinen fatxadetako eta estalkietako obrak, baldin eta lehengo bolumena, forma eta baoak mantentzen badira:

–Estalkian egiturazkoak ez diren elementu batzuk konpontzea, eta teilaberritzea.

–Fatxadak pintatzea eta paramentuak eta fatxadako beste elementu batzuk (eskudelak, moldurak, zorrotenak eta antzekoak) konpontzea.

–Lehendik dagoen kanpoko arotzeria ordeztea eta berriak jartzea.

–Erretenak eta zorrotenak garbitzea eta ordeztea.

e) Eraikinetako instalazio edo azpiegitura komunetako obrak, fatxadari, estalkiari eta eremu publikoari eragin gabe:

–Zati batean konpontzea eta ordeztea.

–Instalazio berriak egitea.

f) Eraberritze txikiak kanpoaldeko urbanizazioetan eta jabetza pribatuko lorategi eremuetan, lorezaintzako, zolatzeko, altzariak jartzeko, hormak akabatzeko, apaintzeko eta abarretako lanak eginik. Halakoen artean ez da sartzen estalpeak, egurtegiak, tresnak gordetzeko etxolak, baratzeko etxolak eta abar egitea, ez eta lurrak mugitzeko lanik egitea ere; azken horietarako, dagokien obra-lizentzia eskatu beharko da.

g) Etxebizitza-eraikinetako atariak eraberritzeko obrak, soilik estaldurak eta dekorazioa ordeztekoak edo aldatzekoak direnean, eta arauzko baldintzetan funtsezko aldaketarik eragiten ez dituzten konponketak egitekoak.

3. Itxiturak eta hesiak, lur mugimendurik gabe:

a) Dauden itxiturak konpontzea, berreraiki gabe.

b) Itxitura berriak jartzea hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian. Gogorarazten da egokitu beharra dagoela finka-itxituretarako berariazko baldintzetara. Halakoak jasotzen dira Udal Planeko Eraikingintza Ordenantzan eta Udalez gaindiko plan sektorialen (UPS) determinazio partikularretan nahiz garapenerako planeamenduan.

c) Itxitura berri arinak jartzea, zimendurik gabe, lurzoru urbanizaezinean. Gogorarazten da errespetatu beharko direla errepide, ur, bide eta abarretara arteko distantziak. Halakoak legedi sektorialean daude ezarrita, bai eta Udal Planeko II. Hirigintza Araudian ezarritako baldintza orokor eta partikularretan ere.

4. Eremu publikotik ikusten diren publizitate kartelak eta errotuluak:

a) Dauden kartelak konpontzea eta mantentzea.

b) Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, arlo horretan indarrean dagoen udal araudiaren arabera.

5. Eraikuntza (eraikitzekoa zein eraistekoa) aurreko lanak, hala nola zundaketak, prospekzioak, laginketak, saiakuntzak edo eraispen txiki puntualak, egiturazko elementuei eragiten ez dietenak.

10. artikulua. Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Titularrak edo sustatzaileak obra hasi aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena. Hartan, berariaz adieraziko du indarreko araudiak eskatzen dituen beharkizunak betetzen dituela eta hori frogatzen duen dokumentazioa badaukala.

II. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienez aurkeztu beharrekoa da. Vianako Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

3. ATALA

Jarduera sailkatuak irekitzea

11. artikulua. Irekitzeko erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak.

Jarduera sailkatu berriak lehenbizikoz irekitzeko jarduketa guztiak, edo funtsezko aldaketa baten ondoriozkoak direnak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez tramitatuko dira. 93/2006 Foru Dekretuaren 4A, 4B, 4C eta 4D eranskinetan sartzen diren jarduera guztiak hartzen ditu barnean; ez dira halakoak ordenantza honetan jasotzen, luzeegiagatik.

12. artikulua. Jarduera sailkatua irekitzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Proiektuaren titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatua hasi aurretik aurkeztuko du Vianako Udalean erantzukizunpeko adierazpena. Hartan, bere erantzukizunpean adieraziko du betetzen dituela dagokion enpresa edo lanbide jarduera hasteko indarreko araudiak eskatzen dituen beharkizun guztiak, hori frogatzen duen dokumentazioa badaukala eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko jarduera horrek iraun bitartean.

III. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienez aurkeztu beharrekoa da. Vianako Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

4. ATALA

Merkataritzako zerbitzu eta jarduerak hastea

13. artikulua. Hasteko erantzukizunpeko adierazpena behar duten merkataritzako zerbitzu eta jarduerak.

Merkataritzako txikizkako zerbitzuak eta jarduerak hasteko, jarduera sailkatuak ez direnean eta, ondorioz, kapitulu honen 3. atalaren arabera tramitatzen ez direnean, merkataritzako zerbitzuak eta/edo jarduerak hasteko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez tramitatu beharko dira.

14. artikulua. Merkataritzako zerbitzuak eta jarduerak hasteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Titularrak edo sustatzaileak merkataritzako zerbitzua edo jarduera hasi aurretik aurkeztuko du erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienez aurkeztu beharrekoa da. Vianako Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

II. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta eraginkortasuna

15. artikulua. Aurreikusitako jarduera eta/edo obra hastea.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak interesdunari ahalmena ematen dio aurreikusitako jarduera hasteko eta/edo obrak gauzatzeko, aurkezpenaren egunetik bertatik edo hasierarako adierazitako egunetik, baldin Udalaren esku uzten bada tramitaziorako legez eskatzen den dokumentazio guztia, horrek galarazi gabe udal administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak.

Aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak emandako hartu-agiria jendaurrean egonen da jarduera, obra eta/edo zerbitzua egiten den establezimenduan.

16. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna.

1. Jarduera sailkatuak.

448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean sartutako eta III. eranskinean sartu gabeko jardueren kasuan, jarduera sailkatuaren udal baimena automatikoki emantzat joko da, sustatzaileak aipatu erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz gero.

Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondoren, bi urteko epean ez bada proiektua gauzatzen hasten, edo hiru urteko epean ez bada proiektua gauzatzen bukatu edo jarduera hasi, jarduera sailkaturako beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du jarduera hasi edo proiektua gauzatzen segitu nahi duenak.

2. Obrak.

Obren kasuan, interesdunak erregistroan eskabidea aurkeztean emanen du ezagutzera zer egunetan aurreikusten duen obra hastea eta bukatzea.

Obrak sei hilabeteko epean hasi beharko dira, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik zenbatuta, eta hasten direnetik hamabi hilabeteko epean bukatu beharko dira. Pertsona interesdunak obrak gauzatzeko epea luzatzea edo geroratzea eska dezake, gehienez ere aurreko epeen erdirako.

Epe horiek iraganik obrak ez badira hasi edo gauzatu, Udalak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, erantzukizunpeko adierazpena eten eginen du, eta eraginkortasuna galduko du. Hortaz, obrak hasteko edo horiei segida emateko beharrezkoa izanen da beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea.

3. Jarduera sailkatuak irekitzea.

Titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatua hasteko eguna adierazi beharko du eskabidea aurkezten duenean, Vianako Udalak aukera izan dezan hura egiaztatzeko, hala erabakitzen badu.

Jarduera irekitzeko edo abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkezturik, jarduera ez bada hasten edo bi urtetik gora gelditzen bada, jarduera sailkatuak irekitzeko beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du jarduera hasi edo hari segida eman nahi dion interesdunak.

4. Merkataritzako zerbitzuak eta jarduerak hastea.

Interesdunak jarduera gauzatzen edo zerbitzua ematen hasteko eguna adierazi beharko du eskabidea aurkeztean, Vianako Udalak aukera izan dezan egiaztatzeko, hala erabakitzen badu.

Jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpena aurkezturik, jarduera edo zerbitzuari hasiera ematen ez bazaio edo bi urtetik gora gelditzen bada, beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du jarduera edo zerbitzua hasi edo segida eman nahi dion interesdunak.

III. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren egiaztapena

17. artikulua. Ohar orokorrak.

Egiaztatzeko jarduketak dagozkien arau sektorialei lotuko zaizkie. Udal zerbitzu eskudunek noiznahi eginen dituzte beharrezkotzat jotzen diren egiaztapenak eta/edo ikuskapenak Ordenantzaren xede diren jarduera, zerbitzu eta obrei dagokienez, indarra duen legediak esleitzen dizkien eskumenak erabiliz; horrez gain, aplikatzekoa den araudian oinarrituriko edozein alderdi betetzen dela frogatzen duten agiriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

18. artikulua. Egiaztatzeko prozedura.

Erantzukizunpeko adierazpenen egiaztapenak egiteko prozedurak, oro har, jarduketa hauek izanen ditu:

1. Egiaztapen aldia:

a) Sarrera erregistroko zigiluak esan nahi du Udala “jakinaren gainean” dagoela, salbu eta gertatzen bada artikulu honen 1.b) puntuaren lehen apartatuan zehaztutako kasua.

b) Udalak aurkezturiko dokumentazioa aztertu (erantzukizunpeko adierazpena eta eskatzen den gainerako dokumentazioa), eta egiaztatuko du ea egokitzen den egintza komunikatuen tramitaziora (ordenantza hau) eta indarrean diren hirigintza-determinazioetara. Erantzukizunpeko adierazpenaren tramitazioak segituko du eta/edo bukatuko da modu hauetako batean:

–Ikusten baldin bada jarduketa komunikatua ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, espedientea prozedura egokira birbideratuko da, ordenantza honen 6.g) artikuluan jasotzen den bezala.

–Dokumentazioa aztertuta, ondorioztatzen bada osatu gabe dagoela, behar den zuzenketa egin dadila eskatuko da.

–Gainerako kasuetan, egiaztatuko da ea proposamena egokitzen den indarrean dauden hirigintza-determinazioetara. Beharrezkoa bada, Udalak titularrari eskatuko dio bere proposamena egokitzeko indarrean dauden determinazioetara. Eskatutako zuzenketak egin eta gero, adierazpena Vianako Udalaren “ados” eginbidearekin osatuko da.

2. Ikuskapen aldia:

In situ egiaztatuko da ea betetzen den erantzukizunpeko adierazpenean eta aurkeztutako frogagirietan adierazitakoa, eta Udalak dagokion hirigintza txostena eginen du.

Akatsik atzemanez gero, Vianako Udalak horiek zuzentzeko eskatuko dio titularrari.

Akatsik ez dagoenean, Udalak Alkatetzaren ebazpena emanen du erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren bukaera deklaratzeko. Akatsek badiraute, Udalak erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasunik eza ebatziko du, bai eta jardueraren behin betiko itxiera eta/edo zehapen araubidearen hasiera ere.

IV.4.–LAUGARREN TITULUA

Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketen araubidea

I. KAPITULUA

Titulartasuna aldatzea edo jarduera utzi eta/edo azkentzea

19. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketak.

a) Jardueraren titulartasuna aldatzea, izan jarduera sailkatua, txikizkako merkataritza jarduera edo zerbitzuak ematea, kontuan izan gabe jardueraren edo zerbitzuaren hasiera lizentzia bidez edota erantzukizunpeko adierazpen bidez bideratu izana.

b) Jarduera uztea eta/edo azkentzea, izan jarduera sailkatua, txikizkako merkataritza jarduera edo zerbitzuak ematea, kontuan izan gabe jardueraren edo zerbitzuaren hasiera lizentzia bidez edota erantzukizunpeko adierazpen bidez bideratu izana.

20. artikulua. Aurretiazko komunikazioa aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

V. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienez aurkeztu beharrekoa da. Vianako Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun-aldaketa edo jarduera-uztea zuzen eta osoki zehazteko.

21. artikulua. Bete beharra eta ondorioak.

Jardueraren titulartasun aldaketaren edo jarduera utzi eta/edo azkentzearen aurretiazko komunikazioak ordenantza honen aplikazio eremuko jarduerak ukitzen dituenean, ondorio informatiboetarako bakarrik eskatuko da.

Aurretiazko komunikazioek kasuan-kasuan zehazten diren ondorioak sortuko dituzte. Haiei esker, aurkezten diren egunetik bertatik eskubide bat aitortu edo erabiliko da edota jarduera edo zerbitzu bat hasiko, horrek galarazi gabe udalek egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituzten ahalmenak.

Titulartasuna aldatzen bada, jarduera edo zerbitzua berriz hasteko frogagiria, Udalak emana, jendaurrean egonen da jarduera edo zerbitzua egiten den establezimenduan.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Alkatetzaren ebazpen baten bidez aldatzen ahalko dira ordenantza honen eranskinak, dena delako aldaketak baldin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua sinplifikatzea eta bizkortzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraikitzen bazaio.

a) Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek berarekin ekarriko du, besteak beste, honako hauek onestea eta aldatzea: eskabide eredu normalizatuak, erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa, prozeduraren definizioa, eta erantsi beharreko edo establezimenduan gorde beharreko dokumentazioa, edukia zehazturik.

b) Behar den xedapen oro ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Prozedura bat hasi bada ordenantza honek indarra hartu baino lehen, aurreko araudiak eskatutako lizentziak edo baimenak lortzeko helburuz, prozedura noiz hasi eta orduko araudia aplikatuta ebatziko da. Nolanahi ere, interesdunak, ebazpenaren aurretik, eskaeran atzera egiten ahalko du, eta, hala, araudi berria aplikatzea aukeratzen ahalko du, eta ordenantza honetan araututako prozedura edo araubideen bidez aurrera egitea tramitazioan, baldin eta espresuki uko egiten badio aurreko espedientea tramitatzeari, Vianako Udalari hala komunikatzen badio eta ordenantza honetan azaldutako prozedura bakoitzean eskatzen den dokumentazioa aurkezten badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

I. ERANSKINA

Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) “Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena” Vianako Udalak normalizatutako eredua (ordenantza honen DR.1 eredu normalizatua), edo Udalak horretarako prestatzen duena, betea. Hartan, titularrak adierazi beharko du, bere erantzukizunpean, jardueran aritzeko eskatutako legezko eta erregelamenduzko beharkizun guztiak betetzen dituela, barnean direla udal ordenantzak, bai eta erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta baldintzak ezagutzen eta onartzen dituela ere. Era berean, adieraziko du badaukala behar den dokumentazioa, eta erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztuko du hura.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Jarduera sailkatuaren proiektua, agiri bidezko ikus-onetsia jasotakoa, dokumentazioa 448/2014 Foru Aginduaren 27.1 artikuluan edo haren ordez une bakoitzean ematen den arauan ezarritakora egokitua. Adierazi beharko dira Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak emandako proiektu zenbakia eta sarbide gakoa, agiri bidezko ikus-onetsia duen proiektu teknikorako. Gainera, kopia bat eman beharko da paperean, eta beste bat formatu digitalean.

d) Tributuen autolikidazioa, ordaindu izanaren frogagiria dakarrela, dagozkion ordenantza fiskaletan ezarritakoari jarraikiz.

e) Egintza, lan edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak.

II. ERANSKINA

Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

Oro har, kasu guztietan, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) “Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena” Vianako Udalak normalizatutako eredua (ordenantza honen DR.2 eredu normalizatua), edo Udalak horretarako prestatzen duena, betea. Hartan, titularrak berariaz adierazi beharko du betetzen dituela indarrean dauden arauek eskatutako beharkizun guztiak, barnean dela hori frogatzen duten agiriak edukitzea.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Dokumentazio grafikoa, egitekoa den jarduketaren xede den higiezinaren kokapenari buruzkoa, eta jarduketa horren behar adinako deskribapena.

d) Jarduketaren aurrekontua, partidaka xehakatua, materialak eta beharrezko eskulana barne hartuta.

e) Tributuen autolikidazioa, behar bezala betea eta kasu guztietarako ordainketa frogagiria dakarrela.

f) Obrek behar dituzten baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak.

Dokumentazio osagarria eskatuko da honako kasu hauetan:

1. Lokalak egokitzearekin lotutako obrak, txikizkako merkataritza jarduera gauzatzeko edo zenbait zerbitzu emateko, aplikatzekoa den araudi sektorialarekin bat.

Indarrean dagoen legedia kontuan hartuz (Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko 12/2012 Legea), talde honetan sartuko dira legearen beraren eranskinean adierazitako jarduerak edo zerbitzuak dituzten lokaletako obrak, haien erakusketa eta salmenta azalera erabilgarria 750 m²-tik gorakoa ez denean.

a) Uneko egoeraren eta egoera eraberrituaren krokisa, azalerak, erabilerak eta instalazioak adierazita.

b) Araudi sektoriala (CTE-SI, CTE-SUA, irisgarritasuna, zaratak, etab.) betetzen dela justifikatzeko memoria teknikoa.

2. Munta edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak.

a) Dauden etxebizitzetako barneko obrak, instalazioen trazadurari eragiten zaionean, eta/edo igeltserotza eta trenkada-lanetako obrak; hau aurkeztuko da, gainera:

–Uneko egoeraren eta egoera eraberrituaren krokisa, azalerak, erabilerak eta instalazioak adierazita.

b) Lehendik dauden eta mantentzen diren jarduera sailkatuen lokaletako barneko obrak, fatxadei eragin gabe eta jarduera sailkatuan funtsezko aldaketarik egin gabe; hau aurkeztuko da, gainera:

–Uneko egoeraren eta egoera eraberrituaren krokisa, azalerak, erabilerak eta instalazioak adierazita.

c) Lehendik jarduera sailkaturik ez daukaten lokaletako barneko obrak, jarduera sailkatua ezartzeko asmorik gabe; hau aurkeztuko da, gainera:

–Uneko egoeraren eta egoera eraberrituaren krokisa, azalerak, erabilerak eta instalazioak adierazita.

d) Lehendik dauden eraikinetako fatxadetan eta estalkietan obrak egitea, baldin eta lehengo bolumena, forma eta baoak mantentzen badira:

–Zer elementuren gainean jardunen den, haien argazkiak (fatxadak, estalkia, arotzeria, eta abar).

e) Instalazio edo azpiegitura komunetako obrak, fatxadari, estalkiari eta eremu publikoari eragin gabe:

–Uneko egoeraren eta egoera eraberrituaren krokisa, instalazio eta sareen trazadura adierazita.

f) Eraberritze txikiak kanpoaldeko urbanizazioetan eta jabetza pribatuko lorategietan:

–Uneko egoeraren eta proposamenaren krokisa.

–Zer elementuren gainean jardunen den, haien argazkiak.

g) Etxebizitza-eraikinetako atariak eraberritzeko obrak, arauzko baldintzetan funtsezko aldaketarik eragin gabe:

–Uneko egoeraren eta proposamenaren krokisa, azalerak, erabilerak eta instalazioak adierazita.

–Zer elementuren gainean jardunen den, haien argazkiak.

3. Itxiturak eta hesiak, lur mugimendurik gabe:

a) Dauden itxiturak konpontzea:

–Uneko egoeraren eta proposamenaren krokisa.

–Uneko egoeraren argazkiak.

b) Itxitura berriak jartzea hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian:

–Proposamenaren krokisa, aplikatzekoa den hirigintza-araudiari jarraikiz. Espresuki adieraziko da lurzatiaren eta espazio publikoaren edo aldameneko lurzatiaren artean dagoen desnibela.

c) Itxitura berri arinak jartzea, zimendurik gabe, lurzoru urbanizaezinean:

–Bide, errepide, ubide hidrologiko eta abarretara arteko distantziaren akotazioa. Errespetatu beharko dira legedi sektorialean ezarritako distantziak, errepide, ur, bide eta abarretara arte.

–Proposamenaren krokisa.

4. Eremu publikotik ikusten diren publizitate kartelak:

a) Dauden kartelak konpontzea eta mantentzea:

–Uneko egoeraren eta proposamenaren krokisa.

–Uneko egoeraren argazkiak.

b) Kartel berriak jartzea hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian:

–Uneko egoeraren eta proposamenaren krokisa.

–Zer elementuren gainean jardunen den, haien argazkiak (fatxadak, paramentuak eta abar).

5. Eraikuntza aurreko lanak:

–Uneko egoeraren eta egoera eraberrituaren krokisa.

–Esku-hartze eremuaren argazkiak.

III. ERANSKINA

Jarduera sailkatua irekitzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) “Jarduera sailkatua irekitzeko erantzukizunpeko adierazpena” Vianako Udalak normalizatutako eredua (ordenantza honen DR.3 eredu normalizatua), edo Udalak horretarako prestatzen duena, betea. Hartan, titularrak adierazi beharko du indarrean dauden arauek eskatutako beharkizun guztiak betetzen dituela, barnean dela hori frogatzen duten agiriak edukitzea, eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko jarduera horrek iraun bitartean.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Ziurtagiri teknikoa, teknikari eskudun batek emana eta, beharrezkoa bada, dagokion lanbide elkargoak behar bezala ikus-onetsia, non frogatuko baita instalazioa onetsitako proiektuari egokitzen zaiola; orobat, instalazioaren behin betiko planoak, jarduera-lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileak abian jarri izanaren gaineko ziurtagiria, eta egindako neurketak eta egiaztapen praktikoak.

d) Obra bukaerako ziurtagiri tekniko ikus-onetsia, dagokion obra lizentzia emateko gauzatze proiektu ikus-onetsia aurkeztu behar izan den kasuetan.

e) Gauzatutako obra eta instalazioen behin betiko likidazioa, partidaka xehakatua, materialak eta beharrezko eskulana barne hartuta.

h) Udal tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

IV. ERANSKINA

Merkataritzako zerbitzu zein jarduerak hasteko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) “Merkataritzako zerbitzu eta jarduerak hasteko erantzukizunpeko adierazpena” Vianako Udalak normalizatutako eredua (ordenantza honen DR.4 eredu normalizatua), edo Udalak horretarako prestatzen duena, betea. Hartan, titularrak adierazi beharko du indarrean dauden arauek eskatutako beharkizun guztiak betetzen dituela, barnean dela hori frogatzen duten agiriak edukitzea, eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko jarduera horrek iraun bitartean.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Teknikari eskudun batek sinatutako memoria edo ziurtagiri teknikoa, non adieraziko baita araudi sektoriala betetzen dela (suteen aurkako babesa, irisgarritasuna, zaratak, atmosferara askatzen diren emisioak, isuriak, etab.), bai eta ezarritako neurri zuzentzaileak ere, halakoak daudenean, horiek zein diren berariaz aipatuta.

d) Jarduketaren aurrekontua, partidaka xehakatua, materialak eta beharrezko eskulana barne hartuta.

f) Udal tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

V. ERANSKINA

Jardueraren titulartasun aldaketaren edo jarduera utzi eta/edo azkentzearen aurretiazko komunikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) “Jardueraren titulartasun aldaketaren edo jarduera utzi eta/edo azkentzearen aurretiazko komunikazioa” Vianako Udalak horretarako normalizatutako eredua (ordenantza honen CP.1 eredu normalizatua), edo Udalak horretarako prestatzen duena, betea.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Heriotza agiria, mortis causa eskualdatzeen kasuan, edo jaraunspenaren ziurtagiria, eskualdatzearen frogagarri.

d) EJZ aldatzeko eskabideen kopiak, zehazten diren kasuetarako, eta ordaindu izanaren frogagiria, ordaindu behar denean:

–Jarduera utzi eta/edo azkentzen denean, EJZn baja emateko eskabidearen kopia.

–Titulartasun aldaketarako, eskatzailea pertsona fisikoa denean, erantsi beharko da uneko titularrak EJZn baja emateko aurkeztu eskabidearen kopia eta titular berriak EJZn alta emateko aurkeztu eskabidearen kopia.

–Pertsona juridikoen titulartasun aldaketarako, datuak aldatzeko eskabidearen kopia aurkeztu beharko da.

e) Tasaren autolikidazioa eta ordaindu izanaren frogagiria.

EREDU NORMALIZATUAK

DR.1.–Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

DR.2.–Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

DR.3.–Jarduera sailkatua irekitzeko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

DR.4.–Merkataritzako zerbitzu eta jarduerak hasteko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

CP.1.–Jardueraren titulartasun aldaketaren edo jarduera utzi eta/edo azkentzearen aurretiazko komunikazioaren eredua.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez aldatzen ahalko dira ordenantza honen eranskinak, dena delako aldaketak baldin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua sinplifikatzea eta bizkortzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraikitzen bazaio.

Iragarkiaren kodea: L2003663