75. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Alkateari eta zinegotzi ordezkariei kontratazio-gaietan eskuordetzan esleitutako eskumenak, COVID-19aren karira

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak honako erabaki hau hartu zuen 2020ko martxoaren 30ean:

JOB 30-MAR-20 (16/AL).

“2/2020 Dekretua-Foru Legeak, martxoaren 25ekoak, zeinen bidez premiazko neurriak onesten baitira koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, besteak beste, zenbait neurri hartzen ditu indarreko kontratu publikoen esparrurako, izan ere, alarma-egoeraren deklarazioak edo horren ondoriozko neurriek eragina izan dezakete kontratu horiek egoki bete daitezen. Hala, kontratuak eteteko edo/eta luzatzeko berariazko araubide bat aurreikusten da, kontratuak aldatzekoa, edo betearazteko epea aldatu edo luzatzen duena, kontratuak suntsiaraz ez daitezen, eta behar diren baldintza eta egoerak ezartzen dira eteten diren kontratu publikoen adjudikaziodunek ordain bat hartu ahal izan dezaten kalte-galerengatik, edo oreka ekonomikoa berreskuratu dezaten, lehenbizi egoera honen eragin ekonomikoa arintzeko eta, ondoren, jarduera errekuperatu ahal izateko.

Aipatu 2/2020 Dekretu-Foru Legea, martxoaren 25ekoa, Nafarroako Toki Entitateetan aplikagarria da, haren 2. artikuluarekin ezarritakoarekin bat, entitate horiek Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende egoteagatik kontratu bakoitza esleitu zen unean.

Tokiko Gobernu Batzarrak, JOB 05-JUL-19 (4/AL) erabaki bidez, Alkatearen eta zinegotzi ordezkari izendatutakoen esku utzi zituen kontratazio arloko eskumenak eta horren ondorioz baita gastua baimendu eta xedatzekoak ere. Orain, beharrezkoa da horiek handitzea, COVID-19aren osasun-krisiak eragindako inpaktuak dirauen bitarte, administrazioan azkartasuna eta desburokratizazioa sustatzeko, herritarrei zerbitzu hobea eta eraginkortasun handiagoz eskaintze aldera.

Bat etorrita aurrekoarekin guztiarekin eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 127. artikuluan eta kontratazio publikoaren esparruan aplikagarri den araudian ezarritakoarekin, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehena.–Zinegotzi Ordezkari izendatutakoak oro eskuordetzea, Udal Antolaketari buruz indarrean den Dekretuak horietako bakoitzari esleitutako gaietan, eta, bestela, Alkatea eskuordetzea, Alkatetzako Alorrari esleitutako gaietan, honako eskumen hauetarako:

1.–Martxoaren 5eko 2/2020 Dekretu-Foru Legearen 2. artikuluan bilduta dauden kontratazioaren arloko eskumenak oro. Izan ere, haren bidez premiazko neurriak onesten dira koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, hala nola kontratuak etetea edo/eta luzatzea, horien aldaketa, kontratuak betetzeko epea luzatzea, kalte-galeren ordainketa onestea, oreka ekonomikoaren berreskurapena onestea eta artikuluan jasota dauden beste edozein neurri, diru-mugarik gabe.

2.–Aurreko puntuan adierazitako kontratazioaren esparruan eskuordetutako eskumenetan jatorria duten gastuak baimendu eta xedatzea, diru-mugarik gabe.

Bigarrena.–Dekretu hau onetsi eta biharamunean sartuko da indarrean.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, bai eta Osoko Bilkuran horren berri ematea ere.”

Iruñean, 2020ko martxoaren 30ean.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

Iragarkiaren kodea: L2004424