75. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORRIO

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Orrioko Kontzejuko Batzarrak, 2020 martxoaren 10ean egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

ERABAKIA:

Ikusirik Orrioko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespena, 2019ko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 31n.

Ikusirik ez dela alegaziorik aurkeztu ordenantza hori jendaurrean egon den bitartean.

Ikusirik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa, erabaki da:

Aho batez onestea Orrioko Kontzejuko Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Orrioko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren testu osoa erantsi da.

Orrion, 2020ko martxoaren 10ean.–Kontzejuko burua, Judith Zalba Oteiza.

ORDENANTZA, ORRIOKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Orrioko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, bestenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatua deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Orrioko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herri-ondasunei buruz Orrioko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Orrioko Kontzejuak justifikatu beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Orrioko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Orrioko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta haiek defendatzeko behar diren ekintzak oro burutu beharko ditu.

8. artikulua. Orrioko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik Aholkularitza Juridikoko idazkariaren edo, hala bada, legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko. Herri-ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, ezaugarri hori adierazi beharko da.

9. artikulua. Orrioko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Orrioko Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Orrioko Kontzejuak ezin du herri-lurren gaineko jabariari eta gainerako eskubideei eragiten dieten demanda judizialetan etsi, ezta haiei amore eman ere, non ez duen Udalbatzak osoko bilkuran hala erabakitzen, kideen legezko kopururaren gehiengo osoz. Gainera, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko da aitzinetik.

11. artikulua. Orrioko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da. Betiere, maizterrak administrazio bidetik botatzeko prozeduraren gaineko arauei jarraitu beharko zaie.

12. artikulua. Orrioko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Orrioko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena zilegi izanen da, hain zuzen ere Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 26. artikuluak zehazten duen moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Orrioko Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Laborantzako finken aprobetxamendua.

c) Zur eta egurretako aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Orrioko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik egokien aprobetxatzen.

16. artikulua.

1. Orokorrean, Orrioko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Orrion egiazki bizitzea, edo herrian atxikimendua eta errotzea edukitzea, ekonomiaren, familiaren edo ekoizpenaren aldetik; agiri bidez frogatu beharko da.

d) Orrioko Kontzejuarekiko eta Ezkabarteko Udalarekiko betebeharrak eguneratuak izatea.

2. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Orrioko Kontzejuaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua.

1. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egin ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatu ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.

2. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez ere.

3. Hala ere, laborantzako herri-lurren edo herri-larreen bigarren eta hirugarren enkanteetarako aski izanen da toki entitatearen iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

18. artikulua. Orrioko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

19. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak abeltzaintza arloko eskumenak dituen departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, Udalaren baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

Kontzejuak noiznahi eskatzen ahalko du aitzinekoa frogatzeko agiriak aurkezteko eta arrazoitzeko.

20. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena.

21. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

22. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa aitzineko urtean eginen da.

23. artikulua. Onuradunak adjudikazioaren egunetik 10 eguneko epean adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %2 utzi beharko du fidantzatako.

24. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta horri dagokion foru legeko nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

Kontzejuak noiznahi eskatzen ahalko du aitzinekoa frogatzeko agiriak aurkezteko eta arrazoitzeko.

25. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Orrioko Kontzejuak ondoko baldintzak ezarri ditu:

1.–Adjudikazio-hartzaileak belaia garbi eduki behar du belar txar, sasi, iratze eta abarretatik.

2.–Adjudikazio-hartzaileak tenorez eta moduz ongarritu beharko du belaia.

3.–Debeku da herri-lurrean atakak, barne itxiturak eta askak paratzea.

4.–Abeltzain bakoitza arduratuko da bere azienda kontrolatzeaz eta zaintzeaz.

5.–Orokorrean, adjudikazio-hartzaileak belaiaren emankortasuna mantentzeko ekintza guztiak egin beharko ditu; adjudikazioaren hasierako baldintza berak izan beharko ditu.

6.–Azienda ez da nolanahi bazkatzen ahalko herri-lurraren perimetroaren eremutik kanpora.

7.–Ez da onartuko herri-lurrera finka pribatuetatik zuzenean pasatzea; aziendak bide publikoetan eta herri-lurretako ataketan barna sartuko dira.

8.–Adjudikazio-hartzaileak erantzukizuneko aseguru bat kontratatu beharko du, abeltzaintzan diharduela lurzatian eragindako kalteak estaltzeko.

Bestalde, aldi hauek ezarri dira espezie bakoitzak herri-lurraren aprobetxamendua egin dezan.

–Behi azienda: apirilaren 1etik irailaren 30a arte.

–Ardi azienda: Urte guztian.

–Behor azienda: urriaren 1etik martxoaren 31 arte.

26. artikulua. Prozedura. Orrioko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, 20 egun balioduneko epea hasiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten, aurretik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki entitatearen iragarki-taulan.

27. artikulua. Orrioko Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako baldintza hauek kontuan harturik:

a) Guztira irabazpide urrienak dituzten familia-unitateek izanen dute lehentasuna.

b) Bazkatokiak har dezaketen abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkatoki bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen kopurua baino handiagoa. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudika dakizkioke, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

28. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

29. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 8 urterako, egungo arautegiari jarraikiz, eta ordenantza honetan xedatutakoari, aplikatzekoa den horretan.

Kontzejuak finkatuko du larre bakoitzaren hasierako prezioa; inguruan ezaugarri berdintsuak dituzten lurrak errentan hartzeko prezioaren gisakoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

III. KAPITULUA

Laborantzako finken aprobetxamendua (lurzatiak)

30. artikulua. Herri-lurretako laborantzako finkak zuzeneko adjudikazioaren bidez adjudikatuko dira lehentasunez.

31. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira zortzi urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

32. artikulua. Finkak aziendek aprobetxatu behar badituzte, aziendak abeltzaintza arloko eskumenak dituen departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dira, eta ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, Udalaren baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

Kontzejuak noiznahi eskatzen ahalko du aitzinekoa frogatzeko agiriak aurkezteko eta arrazoitzeko.

33. artikulua. Laborantzako finken aprobetxamendua zuzenekoa izanen da; ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko, aparteko kasuetan Kontzejuak baimendu ezik.

34. artikulua. Hona hemen laborantzako finken aprobetxamenduaren kanona:

–1. herri-lurra (2. poligonoa, 117. lurzatia): 36,5 erregu. Kanona: 282,47 euro (3 lagun).

–2. herri-lurra (2. poligonoa, 118. lurzatia): 13 erregu. Kanona: 90,15 euro (lagun bat).

–3. herri-lurra (2. poligonoa, 142. lurzatia): 13 erregu. Kanona: 90,15 euro (lagun bat).

–4. herri-lurra (2. poligonoa, 158. lurzatia): 14 erregu. Kanona: 120,20 euro (2 lagun).

–5. herri-lurra (4. poligonoa, 152. lurzatia): 20,5 erregu. Kanona: 220,38 euro (2 lagun).

Delako kanona urtero berrikusiko da KPIaren igoerari egokitu beharrez, betiere Nafarroan onesten diren indizeen arabera.

Zuzeneko adjudikaziorik egiten ez bada, enkantea egin beharko da, eta hartan hasierako prezioa kanon hori izanen da, urteko KPIaren arabera behar bezala eguneraturik.

35. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa aitzineko urtean eginen da.

36. artikulua. Onuradunak adjudikazioaren egunetik 10 eguneko epean adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %2 utzi beharko du fidantzatako.

37. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Orrioko Kontzejuak ondoko baldintzak ezarri ditu:

1.–Adjudikazio-hartzaileak belaia garbi eduki behar du belar txar, sasi, iratze eta abarretatik.

2.–Adjudikazio-hartzaileak tenorez eta moduz ongarritu beharko du belardia.

3.–Orokorrean, adjudikazio-hartzaile hartzaileak belaiaren emankortasuna mantentzeko ekintza guztiak egin beharko ditu; adjudikazioaren hasierako baldintza berak izan beharko ditu.

4.–Adjudikazio-hartzaileak erne ibili beharko du, bereziki, finken itxiturekin; horiek adjudikazioaren hasierako baldintza berak edo hobeak izan beharko baitituzte.

38. artikulua. Adjudikatzeko prozedura. Kontzesioak bukatzean, urtarrilean, interesdunek eskaera eginen diote alkateari, aprobetxamenduaren zerrendan sar ditzan.

39. artikulua. Orrioko Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako baldintza hauek kontuan harturik: per capita irabazpide urrienak dituzten familia-unitateek izanen dute lehentasuna.

40. artikulua. Kontzejuak finkatuko du larre bakoitzaren hasierako prezioa; inguruan ezaugarri berdintsuak dituzten lurrak errentan hartzeko prezioaren gisakoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

41. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

IV. KAPITULUA

Zur eta egurretako aprobetxamenduak

42. artikulua. Herri-basoetako aprobetxamenduak basoen arloko foru araudiak ezarritako baldintzen eta baimenen arabera eginen dira. Administrazioen arteko lankidetzaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan basoen arloan eskumena duen departamentuak, toki entitateak eskatuta, aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoari buruzko txostena emanen du. Balorazioa orientabide modura eginen da eta ez da loteslea izanen.

Herritarrek etxerako eta materialetarako egurraren aprobetxamendua egiten dutenetan, toki entitateak finkatuko ditu zenbatekoa, epeak eta gainerako baldintzak, eta salmenta inola ere ez da onartuko.

43. artikulua. Orrioko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori Orrioko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

44. artikulua. Epaitzak zuzenean aprobetxatuko dira.

45. artikulua. Toki entitateak, Foru Komunitateko Administrazioak baimendu ondoren, oihan loteen aprobetxamenduak eman ahalko ditu, bertako usadio eta ohituren arabera. Ordenantza honen 16. artikuluan aipatu baldintzez gain, honako hauek ere eskatuko dira:

a) Onuradunak izan daitezke familia-unitatearen kide bakoitzeko lanbide arteko gutxieneko soldataren %30etik behera jasotzen duten bizilagunak edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak aipatu soldata gehi erdiaren azpitik dutenak.

Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

b) Oinarrizko lotearen bolumena izanen da zortzi metro kubiko etxe bakoitzeko.

Onuradunei eman beharreko loteak ereduzko loteari hurrengo koefizienteak aplikatuz lortuko dira:

–Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

–Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 1,5 koefizientea.

–Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

–Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 2,5 koefizientea.

–Lote guztiek ez dute inolaz ere gaindituko mendiaren urteko errentaren edo ahalmenaren %25.

c) Toki entitateak, bere herri-ondasunen ezaugarriak eta herriko baldintza sozialak kontuan hartuta, proportzionalki eta justifikatuta beheratu ahal izanen dute a) eta b) letretan ezarritakoa, baina ez goratu.

d) Basoko produktuen lote horiek ezin izanen dira bakarka ustiatu, toki entitateek batera ustiatu beharko baitituzte. Besterendu eginen dituzte eta onuradunei salmentaren zenbatekoa emanen diete, markatzearen eta enkantearen gastuak kendu ondoan.

46. artikulua.

1. Oro har, enkante publikoaren sistema erabiliko da, 17. artikuluan eta tokiko kontratazioaren arloan ezarritakoarekin bat, azpiatal honetan ezarritako berezitasunei jarraikiz.

2. Enkantea hutsik geldituz gero, eta zur eta egurretako aprobetxamenduen ondorioetarako soilik, bigarren enkantea eta, beharrezkoa bada, hirugarrena ere egin ahal izanen dira; tasazioaren hasierako prezioa %10 merkatuko da bigarren enkantean, eta %30era bitarte, berriz, hirugarrenean.

3. Ez baldin bada aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzen edo azkeneko enkantea izan ondoren hutsik gelditzen bada eta, hala ere, Orrioko Kontzejuak beste eskaintza bat jasotzen badu, orduan haren balio ekonomikoari buruzko txostena eskatuko dio basoen arloko administrazioari. Halakoetan, toki entitateak ordenantza honen 39. artikuluan xedatuari jarraikiz besterendu ahalko ditu zur eta egurretako aprobetxamenduak.

47. artikulua.

1. Orrioko Kontzejuak eskatuta, zur eta egurretako baso aprobetxamenduak lote desberdinetan zatitu ahal izanen dira, ondoren errazago saldu ahal izateko.

2. Zenbait toki entitateren zur eta egurretako aprobetxamenduak lote bakarrean bildu ahalko dira, besterentzeko. Horretarako, eta zur eta egurretako produktuak saltzeari dagokionez, salmenta-zentralak erabili ahal izanen dira, kontratu publikoei buruzko foru legeriak eta Foru Lege honek salmenta-zentraletarako xedatuari jarraikiz.

48. artikulua.

1. Orrioko Kontzejuak esparru-akordioak egin ahal izanen ditu enpresa batekin edo gehiagorekin zur eta egurretako produktuen aprobetxamenduari dagokionez. Esparru-akordioetan gutienez honako hauek zehaztu beharko dira: indarraldia, baldintza tekniko eta administratibo orokorrak, ezaugarri bolumetrikoak eta aprobetxamenduen produktu motak eta prezioak.

2. Esparru-akordio horiek onesteko prozedura erregelamenduz garatuko da.

Osagarri gisa, eta zur eta egurretako produktuak saltzeari dagokionez, jarraituko zaio kontratu publikoei buruzko foru legerian xedatuari.

49. artikulua.

1. Orrioko Kontzejuak zur eta egurretako aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu, enkantearen tramitea egin gabe, kasu hauetan:

a) Lote bakarraz osatuak daudenean eta kubikazioak erregelamenduz zehaztutakoak direnean.

b) Aprobetxamenduak egiten direnean herri-lanetarako edo frogatutako urgentzia izanik interes publikokoak diren obra pribatuetarako.

c) Basoko suteak, izurriteak eta gaitzak edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak direla-eta mendiko produktuak premiaz erauzi behar badira.

d) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 166.3 artikuluan edo ordenantza honen 72.3 artikuluan jasotzen diren kasuetan.

2. Artikulu honetako 1. apartatuko b) eta c) letretan jasotzen diren kasuetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan basoen arloko eskumena duen departamentuak txostena egin beharko du, eta loteslea izanen da.

50. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, mendi zaindariek edo Udalaren nahiz Kontzejuaren mendizainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

V. KAPITULUA

Herri-ondasunen bestelako aprobetxamenduak

51. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

52. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Orrioko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza orriei lotuko zaizkie. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

53. artikulua. Orrioko Kontzejuak ezin izanen die hemendik aitzina iratzeen aprobetxamendurik eman herritarrei. Lehenago espresuki nahiz isilbidez emandako iralekuak toki entitateari itzuliko zaizkio bi urtez elkarren segidan haien egiazko aprobetxamendurik egiten ez bada, deusetan ukatu gabe botatzeko ahalmena, 6/1990 Foru Legeak aipatzen duen gisara.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

54. artikulua.

1. Orrioko Kontzejuak indarrik gabe utzi ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauetarako erabili nahi baldin badira:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Orrioko Kontzejuaren osoko bilkuraren erabakia, dagokion proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Orrioko Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Foru Komunitateko Administrazioaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak ordainduko zaizkie, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Orrioko Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

VII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

55. artikulua.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrek nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea dena delako aprobetxamendu mota.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Kontzejuak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, larre utziak.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak etab.) Kontzejuaren baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Herri-lurrean atakak, barne itxiturak eta askak paratzea.

l) Herri-lurretako aprobetxamendurako aldiak ez errespetatzea.

m) Azienda kargaren mugak gainditzea.

n) Kontzejuaren eskutan ez uztea ordenantza honen 19. eta 26. artikuluek aipatzen dituzten agiriak, Kontzejuak zehazten dituen epeetan.

o) Animaliak behar bezala ez zaintzea edo kontrolatzea, edo herri-lurretatik kanpora bazkatzera uztea.

p) Bere nahiz besteren finka pribatuetatik edo horiek zeharkatuz zuzenean sartzea herri-lurrean.

q) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

56. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f), h), k), n), o) eta p) arau-hausteengatik, kontzesioa iraungiko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

g) eta l) arau-hausteengatik, kontzesioa iraungitzeaz landa, herri-lurren edo bertako larreen adjudikazio-hartzaile izateko eskubidea galduko da 5 urtez.

Arau-hauste guztiek, gainera, zehapena ekarriko dute, 60tik 12.000 euro bitarte.

Arestian xedatu denagatik ere, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie.

Iragarkiaren kodea: L2003967