75. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Zerga kontrolerako plana 2020-2022 urteetarako

Funesko Udalak, 2020ko martxoaren 11n egin osoko bilkuran, onetsi zuen zerga kontrolerako udal plana 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietarako, Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluarekin:

FUNESKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA 2020TIK 2022RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Sarrera

Lehenbizikoa.

Funesko Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko udal zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako udal plana funtsezko tresna da udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, eta horiek, hain zuzen, ahalbidetuko dute ekitaldian ezarritako helburuak lortzea.

Bigarrena.

Zerga kontrolerako udal planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duenarekin bat, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izanen”. Eta, bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izanen dituzte; eta horien hornidura nagusiak izanen dira udal zergak, eta Estatuko eta autonomia erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea”. Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena.

Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da Planaren helburua, eta arreta eta ardura bereziz zainduko dira Ekonomia-jardueren gaineko zerga, Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga, Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga eta Jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan horretan, ezartzen diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai, baita zergak kudeatu eta ikuskatzeko udal zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan finkatuko diren ere, batere ukatu gabe Ekonomia-jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eskuordetzen ahal dituen eskumenak. Aplikatzekoa den araudiak, udalerriaren errealitate fiskalak eta udalerriak erabilgarri dituen baliabideek zehaztuko dute jarduera horiek zein diren.

Finean, kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bitartez aztertu eta ikertuko da zergapekoek ongi betetzen ote dituzten Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak.

Bestalde, jarduketen irismena partziala edo orokorra izan daiteke. Jarduketa orokorrak eginen dira zergapekoaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketa arloan, honelako lanak eginen dira zerga kudeaketaren esparruan: egiaztapen eta ikerketa arlokoak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo balioak kontraesanezko peritu-tasazio prozesuen bidez egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko departamentuek, beren jarduketetan, ikertu beharko dute zehatzak eta egiazkoak diren adierazitako egitateak eta inguruabarrak zergapekoen tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko dute ba ote den egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua den beste aurrekariren bat, administrazioak osoki edo hein batean ezagutzen ez duena. Azkenik, aztertuko dute zergapekoek egindako zerga likidazioko eragiketak zehatzak ote diren eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaien erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, eta informazio hori, oro har, ez bada Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa.

Administrazioko beste organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibideak eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatzekoa den legedia:

Udalaren zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako zergapekoen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki betetzen dituzten jakiteko eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren irismena eta edukia honako arau hauetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontrolerako planetara egokituko dira Udalaren zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar da zein irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako planaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara beterik Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra, eta Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.

Zergak ikuskatzeko planaren funtsa eta indarraldia:

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera”.

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor tributuen udal administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzea bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatzea eta areagotzea, tributua orokortze aldera eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtze aldera, herritarrek, horrela, zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izan ditzaten eta likidaturiko eta bilduriko eskubideak ahal den neurrian gehitu daitezen.

Plana 2020tik 2022ra bitarte egonen da indarrean.

Isilpekotasuna:

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira, eta ez dira aditzera emanen.

Zerga kontrolerako plana baimen orokor bat da, epe jakin batean ekin ahal izateko zergapekoen gainean egiaztapen eta ikerketak egiteko edo informazioa lortzeko jarduketei. Zergapekoak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari dagokienez, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Ikuskapenerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.

Ikertu beharreko zergapekoak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, bai eta departamentuko gainerako langileek ere, bete beharreko zeregin bat izanen dute, lan-karga batzuk finkaturik horretarako: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baizik eta ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean honako alderdi hauek landu behar dira:

–Ausazko alderdia:

Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk egiten bazaizkie itxuraz nabarmenak ez diren zenbait zergapekori.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

Alderdi hau osatzeko, kontuan hartuko dira, zergapekoen aitorpenetako datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak agertzen dituzten kasuak.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ratio normalak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinaletzat har litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datu zehatzen alderdia:

Kasu honetan, gauza jakina da jarduera izan badutela, baina ez dutela aitorpenik aurkezten.

Zerga kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak:

Baliabide materialak:

Behar den laguntza teknikoa emanen dute honako udal alor hauek: Hirigintza, eta Ogasuna eta Ondarea.

Funtzionarioei zerga kudeaketako datu-baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute zergapekoen egoera aitortua ezagutzea, jakiteko bai zergapekoa tributuen aldetik nolako egoeran dagoen ikuskapena hasi aurretik, bai zergapekoaren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, bidezkoa balitz. Izan ere, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanari buruzkoak.

Obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga, eta Ondasun higiezinen gaineko zergarako izena ematen dutenen kontrola; horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira Ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.

Baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko, eta beren xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte.

Alkate udalburuak txartela edo beste identifikazio-bideren bat emanen die ikuskatzaileei, lanpostuan aritzeko.

Giza baliabideak:

Zerga Administrazioko funtzionarioek eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, funtzionario ez diren langileei ematen ahalko zaie prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko jarduketen ardura, baldin zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Ikuskaritza:

Puntu honetan, erabaki da Funesko Udaleko alkateak betetzea Ikuskatzailetzako buruaren kargua, eta Udaleko Idazkaritzaren titularrak, berriz, ikuskatzaile aktuarioarena.

Ikuskapen lanetan aritzeko laguntza jasoko dute.

Alkateak izanen ditu errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak, edo hark eskumenok eskuordetzen dizkion pertsonak.

Zerga kontrolerako plan hau ongi betetzeko, ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren Arloa eta Hirigintza Arloa.

Prestakuntza:

Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emanen da.

Xede orokorrak:

1. Egiaztatze- eta ikertze-jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira. Halakoek, gehienbat, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan izaten dute abiaburua.

3. Jarduketa osagarriak. Txostenak egiteko eta aholku emateko jarduketak.

2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietako zergen ikuskapenerako plan orokorrerako sektore edo jarduera berariazkoak.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia:

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak:

–Eraikuntzak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritzako jarduerak, 100 metro koadrotik gorako lokaletan.

–Fabrikazio jarduerak.

–Merkataritza mistoko edo saltoki handietan integratutako merkataritzako jarduerak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta, oro har, eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

–Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendearentzako irekiak dauden bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zergen kontrola beharrezkoa da Ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatutako zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak. Izan ere, subjektu pasiboak aitortu behar du aldatu ote diren aurre-aurreko urtean besterendu diren metro koadro eraikiak edo eraikitzekoak, urbanizatuak edo urbanizatzekoak. Horretarako, aitorpena aurkeztu behar dio zerga administrazio eskudunari, urte natural bakoitzeko lehen hilabetean. Zergapekoak aurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, bere diru-sarreren zati handi bat eskuratu gabe gelditzen ari da Udala.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen lurretan higiezinak sustatzeko jarduera; alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatietako metro koadro eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, erabiliko dira Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak eginen dira, eta jarraipena ere bai, Gobernu Batzarrak eman dituen lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da lizentziaren titularrak izena eman ote duen higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ezinbestekoa izanen da Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskaritzako zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin koordinatzea.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat izanen da 100 metro koadrotik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute Ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta egiaztatu egin beharko da behar bezala aitortzen ote duten beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueren artean, kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak jarriko dira jomugan, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan atzematen baitira. Alde batetik, Ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz eta, bestetik, establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan; izan ere, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Fabrikazio jarduera horien benetako egoera jakiteko, erabiliko dira proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak, Industriako espedienteetan egoten direnak, irekitzeko lizentzia eskaeren ondorioz.

Udalen diru-sarreren artean, Ekonomia-jardueren gaineko zerga kontrolatzea garrantzitsua da. Izan ere, zerga horretan edozein erregulazio egiten denean, une horretako diru-sarrerak ez ezik, etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla, eta kudeatzaileen ekimena deusetan eragotzi gabe, zergapekoen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan.

Lurraldean oinarritutako estrategia:

Udalerriko kale, sektore edo esparru hauetan egiaztatuko da jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa:

–Industria sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan daude kokatuta udalerriko industria- eta merkataritza-jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, industria eta merkataritza establezimenduek segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera itxiarazteko.

Zerga oinarrian oinarritutako estrategia:

Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten zergapekoei, baldin eta egintza horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jardueretarako lizentzien tramitazioari buruz indarrean den ordenantzan edo haren ordezkoan.

Zerga Ikuskaritzak dituen langileria eta baliabide urriak ahalik eta hobekien kudeatu nahi dira, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta zerga-egitate aukeratuak ikuskatu beharko dira. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz; kasu honetan, hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik astunenak. Arau-hauste horien artean, Zerga Ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera zehaztu beharreko zenbatekoa gainditzen dutenak, hain zuzen ere.

Funesen, 2020ko martxoaren 11n.–Alkate udalburua, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2004072