73. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Ordenantza, Mutiloako herri-lurretako
aprobetxamenduak arautzen dituena

Aranguren Ibarreko Udalak, 2019ko azaroaren 26an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Aranguren Ibarreko Mutiloako herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, eta jendaurrean jarri zen, iragarkia argitara emanik 2019ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 20an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatua).

Mutiloan, 2020ko martxoaren 5ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Mutiloako mugarteko herri-ondasunak administratzeko eta haien gainean xedapen egintzak emateko, eta ondasun horiek defendatu, berreskuratu eta aprobetxatzeko, bat etorriz indarra duen legedian ezarritakoarekin eta, bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoarekin.

Ordenantza hau onesten denetik aurrera, egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak haren xedapenen arabera arautuko dira.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izango.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatu, administratu, aprobetxamendu-araubidea ezarri eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.

Herri-ondasunen inguruan Aranguren Ibarreko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Aranguren Ibarreko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz; azken bi horiek izango dira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Aranguren Ibarreko Udalaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Aranguren Ibarreko Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta aurka egingo dio haien kalterako pribatizazio saio edo ekintza orori.

8. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.

12. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Udalak berez berreskuratu ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena eginda, non agertuko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraituz.

Halaber, Udalak akzio zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. 1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinduna izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Aranguren Ibarreko biztanleen udal erroldan Mutiloako bizilagun gisa inskribatua izatea (Mutiloagoiti - Mutiloabeiti), sei urte lehenagotik gutxienez.

c) Mutiloan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea benetan.

d) Aranguren Ibarreko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Nekazaria edo abeltzaina izatea, nekazaritza araudiarekin bat.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzean sortzen diren zalantzak, halakorik sortuz gero, Aranguren Ibarreko Udalak ebatziko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

16. artikulua. Mutiloako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modalitatetan egingo dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Aranguren Ibarreko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Aranguren Ibarreko Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modalitate horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Modalitate honen onuradun izateko, familia unitatearen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko lansariaren %30 baino txikiagoak izan beharko dute familia unitateko kide bakoitzeko, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira lansari horren eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu beharreko irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurreko ondasunen, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta mota horretako beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotetzat, modalitate honetan:

–Lehorreko lurra: 25 erregu.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emango zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, 50 erregu lehorreko lur.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea; hots, 70 erregu lehorreko lur.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea; hots, 80 erregu lehorreko lur.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, 90 erregu lehorreko lur.

19. artikulua. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendurako ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateak asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Aranguren Ibarreko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honetako 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izango da.

21. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:

–Lehorreko lurrak: 28 euro/erregu/urte.

Urtero eguneratuko da KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Edonola ere, kanonak Aranguren Ibarreko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izango dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izango dute hartu, non ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, baldin soldatapekorik hartzen bada, Udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten dion gerora erasandako eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik.

Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Aranguren Ibarreko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez badago, 24. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa izateagatik edo beste arrazoi bategatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Aranguren Ibarreko Udalak lurzatiok ondoko aprobetxamendu modalitatearen bidez adjudikatu ditu, hau da, herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Udalak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondoren.

Udalak izango du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epearen gainerakorako.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

25. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, adjudikatu zaizkien herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dituztenen kasuan.

b) Udalaren txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatietan zuzeneko laborantza pertsonala egiten ez dutenen kasuan, ordenantza honetako 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen dena aintzat hartuta.

c) Honako alderdi hauei buruzko egiaztagiriak eskatu eta Udalak agindu epean aurkezten ez dituztenen kasuan: lur-lantze lanei buruz, lehengaiak erosteko lanei buruz eta produktuak saltzeko lanei buruz, betiere lanok berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak direnean.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenen kasuan, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez dutenen kasuan.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan emanak dituztenen kasuan.

2. ATALA

Herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamendua

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitatearen titular diren herritarren artean, baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude.

27. artikulua. Udalak herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren zehaztuko du herritarrentzako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.

28. artikulua. Adjudikazioaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hau ordainduko dute:

–Lehorreko lurrak: 28 euro/erregu/urte.

Zenbateko horiek 2019. urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.

30. artikulua. Adjudikaziodunak zuzeneko laborantza pertsonala egingo du; horretarako, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

31. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak beretzat gordeko du herri-lurretako laborantza lurren %5, onuradun berriei adjudikatzeko.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak kenduko dira.

33. artikulua. Mutiloako mugartean, Aranguren Ibarreko Udaleko Ingurumen Zerbitzuak bultzatutako laborantza ekologikoko familia baratzeen proiektuaren barnean, 1. puntuan xedatutako horretatik erreserbatuko dira Aranguren Ibarreko katastroko 2. poligonoko 457. eta 539. lurzatiak, zozketa bidez adjudikatzeko –eta zozketaren ondoren, eskaeren antzinatasun-ordenaren arabera– Mutiloako (Aranguren Ibarra) erroldan izena emana duten familia unitateen titularrei. Horretarako, honako hauek ezartzen dira:

–Gehienez adjudikatuko diren loteak: 83.

–Adjudikatuko den azalera: 150 m².

–Kanona: 25 euro/urte, urtero KPIaren igoera gehituz gehienez ere.

3. ATALA

Aranguren Ibarreko Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurrik baldin badago sobera, enkante irekian egingo du adjudikazioa; azken horri emango zaion epea hurrengo banaketa egin behar den unean bukatuko da.

Udalak ezarriko du erreguaren hasierako prezioa; ezaugarri berak dituzten inguruko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izango da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik gelditzen bada sobera, Aranguren Ibarreko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onetsi ondoren, erabakitzen ahalko du ordenantza honetan arauturiko aprobetxamenduen eskabideak aurkezteko epea noiz hasten den, eta ediktua jarriko du iragarki-taulan; kasu horretan, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako aprobetxamenduak eska ditzaten.

36. artikulua. Eskaerei honako alderdi hauei buruzko zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Mutiloako bizilaguna izatea (Mutiloagoiti - Mutiloabeiti), gutxienez sei urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udal honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan bai beste batzuetan, lehorreko lurrak ala ureztatuak diren zehaztuta.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzakoa ez den beste tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan, lehorreko lurrak ala ureztatuak diren zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Aranguren Ibarreko Udalak ahalmena izango du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; maila horiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

g) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarrentzako adjudikazio zuzena eskatzen dutenentzat.

37. artikulua. Aranguren Ibarreko Udaleko Gobernu Batzarrak onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzean, bai lehentasunezkoan bai zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izango da.

38. artikulua. Modalitate bakoitzeko behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-taulan jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko iritzitako alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak egonez gero, horien gaineko ebazpena emango du Udalak, eta modalitate bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

40. artikulua. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduan eskubidea duten familia unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Aranguren Ibarreko Udalak loteak adjudikatuko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 18. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

Loteak banatzean, haietaz baliatzeko eskubidea duten bizilagunekin ados jartzen ahaleginduko da; desadostasunik bada, zozketa egingo da.

Lurzatien adjudikazioa bukatu ondoren, onuradunen eta dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jarriko da jendaurrean, 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Udaleko Gobernu Batzarrak onetsi beharko ditu zerrendok.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak ebatzita eta akatsak zuzenduta, halakorik bada, Udalak behin betikotzat joko du laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-ondasunen bestelako aprobetxamenduak

42. artikulua. Aranguren Ibarreko ehiza barrutiaren aprobetxamenduak, herri-lurrekin ere osatu baita, Ehizari buruzko Legean eta xedapen osagarrietan ezarritakoari jarraituko dio.

IV. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

43. artikulua. 1. Aranguren Ibarreko Udalak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauetakoren bat baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

d) Desafektazioa egitea, trukaketarako edo salmentarako.

e) Nekazaritzakoa ez den beste zernahi erabileratarako kalifikazio urbanistikoa ematea.

44. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean edukita, eta epe horretan aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezartzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrek nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea dena delako aprobetxamendu mota.

d) Adjudikazio zuzenaren edo enkante publikoaren bidez adjudikatutako herri-lurretako loteak azpierrentamenduan uztea edo hirugarren batzuei lagatzea.

e) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Landaketa iraunkorrak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

h) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

j) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduetarako eskubidea zehazten edo justifikatzen duten agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea.

k) Bizilagun izateari uztea edo urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez, ez bizitzea.

46. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izango dituzte:

a) Aurreko a), b), c), f), g) eta i) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da; hala ere, horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunek zehapenak jartzea.

b) Aurreko d) eta k) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da.

c) Aurreko h) apartatuko arau-haustea eginez gero, herri-lurren adjudikaziodun izateko desgaikuntza ezarriko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko den gehieneko zehapena izango da lotearen urteko errentamendu balioa halako bi edo zehapenaren xede zehatzari dagokion zatia.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Iragarkiaren kodea: L2003639