73. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, deialdi hau onesten duena: boluntariotzako entitateei eta boluntariotza programak dituzten entitateei, Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribatuta daudenei laguntzak ematea, ekintzak eta jarduerak egiteko kirolaren esparruan, boluntariotzako proiektu baten barruan; horrekin batera, laguntza horiek emateko 8.000 euroko gastua baimentzen da. DDBN identifikazioa: 500409.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa esleitzen dio kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak sustatzen duen kirol politikaren xedeen artean daude (3.c artikulua), besteak beste, kirol elkarteak sortzea eta, oro har, parte-hartze soziala eta kirol arloko boluntariotza bultzatzea eta kirol elkarteen egituren funtzionamendu demokratikoa eta parte-hartzailea zaintzea.

Horrela, kirol arloko foru arauak xedatzen du 11. artikuluan kirol administrazioak guztientzako kirol jarduera sustatuko duela, eta jarduera fisiko libre eta bat-batekoa eta jarduera antolatua erraztuko dituela; halaber, prestakuntzako, sormeneko, parte-hartze sozialeko, oneratze fisikoko eta mantentzeko jarduera ahalik eta gehien eskainiko dituela, Nafarroako herritar guztiek bizi-kalitate hobea izan dezaten.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak ezartzen duenez, erakunde autonomo horri dagokio Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere Kultura eta Kirol Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren menpe.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunetako bat kirol jarduera sustatzea da, laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Orobat, Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

–Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.

–Kirolaren balioak sustatzea.

–Gizartean aukera-berdintasuna bermatuko duten jarduerak sustatu eta bultzatzea.

–Kirola sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren gizataldeentzat.

–Kirolaren eta jarduera fisikoaren programak antola daitezen sustatzea, toki erakundeen eta kirola sustatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko helburu nagusia duten beste erakunde batzuen bidez.

Helburu horiekin, NKIk lagundu egin nahi die boluntariotza elkarteei edo boluntariotza sustatzeko programak gauzatzen dituzten entitateei, jarduera fisikoen eta kirolaren esparruan dihardutenei hain zuzen, 2020. urtean jarduerak egiten badituzte.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: laguntzak ematea boluntariotza entitateei eta boluntariotza programak dituzten entitateei, Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribatuta daudenei, kirolaren esparruan ekintzak eta jarduerak egiteko, boluntariotzako proiektu baten barruan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak, onestea, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4819-336104: Dirulaguntza boluntariotza entitateentzat edo boluntariotza programak dituztenentzat, kirolaren arloan

2020

8.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko martxoaren 16an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da norgehiagokako araubidean laguntzak emateko prozedura ezartzea, Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribaturik dauden boluntariotza entitateek eta boluntariotza programak dituztenek kirol arloko ekintzak eta jarduerak egin ditzaten boluntariotza proiektu baten barnean, 2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte, bi egun horiek barne.

Boluntariotza proiektu hori osatzen duten jarduerak askotarikoak izan daitezke: jostetakoak eta aisiakoak, lehiakoak, prestakuntzakoak eta abar, eta lehentasuna emanen zaie gizonen eta emakumeen partaidetza ekitatiboa dutenei.

2. Laguntzen helburua.

Laguntzak 1. oinarrian jasotako ekintzak gauzatzean sortutako defizitak ordaintzeko erabiliko dira, baldin eta horien titularra boluntariotza entitate edo boluntariotza programak dauzkan entitate eskatzailea bada.

Deialdi honen bidez, interes sozialeko xede eta helburu hauek erdietsi nahi dira:

–Jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak edo kirol jarduerak egitea sustatzea, parte-hartze soziala eta jarduera fisikoaren ohiturak bultzatzen dituztenak, bai eta bizimodu osasuntsua ere.

–Boluntarioen parte-hartzea ikusaraztea eta bultzatzea jarduera fisikoen eta kirol jardueren antolakuntzan.

–Jarduera fisikoen eta kirol jardueren praktika erraztea biztanleriaren sektore guztietan.

–Kirola eta jarduera fisikoa gizarte ongizaterako eta integraziorako tresna bihurtzea; eta, horrela, biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzen laguntzea.

–Jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez kirolaren balioak sustatzea, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.

–Genero-ikuspegia duten jarduerak eskaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita gizon eta emakumeentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala ekartzen dutenak bai eta onurak ere osasunaren eta ongizatearen aldetik.

3. Entitate onuradunak.

1. Dirulaguntza hauen onuradun izaten ahalko dira boluntariotza entitateak eta boluntariotza programak dituzten entitateak, boluntariotza proiektu baten barnean eta 2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte, bi egun horiek barne, jarduera fisikoak eta kirol jarduerak antolatzen dituztenak edo jarduera horiek antolatzen laguntzen dutenak.

2. Onuraduna izateko, entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribatuta egotea.

b) Entitatearen boluntariotza ekintzak inskribatzea Boluntariotzaren 2018-2020 Ekintza Planean, Nafarroa Orotan Lagun baliabidean (ekintzak inskribatuta egon beharko dira deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik). Hauen bidez emanen da izena:

https://www.navarramasvoluntaria.es/es/necesitas-voluntariado

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

d) Laguntza eskatzen denean ez egotea administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik. Era berean, ez dira onuradun izaten ahal laguntza eskatzen dutenean arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena epai irmo bat bete zain dauden entitateak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarri diren gainerako debeku-egoeretan ez izatea. Aurrekoa frogatzeko, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpena baliatzen ahalko da eskaeran, galarazi gabe Administrazioak aitorpenen edo aurkeztutako frogagirien egia ikertzeko duen ahalmena.

3. Apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten entitateek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela boluntarioen jantzietan eta materialean.

4. Gastu diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagozkion gastuak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak eta, zehazki, honako hauek:

a) Boluntariotza ekintzak gauzatzeko behar den material suntsikorra.

b) Boluntarioek jardueran aritzeko behar dituzten jantziak, boluntario izaeraren ikurra izan behar dutenak, modalitatearen araberakoa, gizonezkoena edo emakumezkoena.

c) Boluntarioen joan-etorrien gastuak.

d) Boluntarioen mantenua.

e) Entitatean boluntariotzaren zabalkundea egiteak dakartzan gastuak (boluntariotza proiektuaren publizitatea egiteko web-orriaren diseinua eta mantentze-lana, esku-orri informatiboak, proiektuaren zabalkunderako hitzaldiak edo erakusmahaiak, sustapeneko materiala eta abar).

f) Boluntarioentzako prestakuntza ikastaroak antolatzeko gastuak.

g) Entitatean aritzen diren boluntarioen erantzukizun zibileko eta istripuetako aseguruak.

h) Oro har, proiektua garatzeko beharrezkoa eta ezinbestekoa den beste edozein gastu.

2. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Dohaintzak eta eskuzabaltasunak.

b) Beste deialdi zehatzago batzuetan dirulaguntza jaso duten gastuak.

5. Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

1. Deialdiak, guztira, 8.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida honen kargura: 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Dirulaguntza kirol arloko boluntariotza entitateentzat edo boluntariotza programak dituzten entitateentzat” izeneko A50002-A5110-4819-336104 partida.

2. Nafarroako Kirolaren Institutuak proiektu bakoitza finantzatzen ahalko du, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Zenbateko osoaren muga hori kontuan harturik, Nafarroako Kirolaren Institutuaren 2020ko ekitaldiko aurrekontuan horretarako kreditu egokia eta behar adinakoa egoteak baldintzatuko ditu ematen diren dirulaguntzak.

3. Eskaera bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntuaren balioaz biderkatuko da. Puntuaren balioa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

4. Eskaera bakoitzari esleitzen zaion zenbatekoak ez du jardueraren defizita gaindituko. Soberazko diru kopuruak gainerako entitate eskatzaileen artean banatuko dira, esleitutako kopuruaren proportzioan.

5. Entitate onuradunak aurkezten dituen ziurtagiriak ikusita, ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da geroago, baldin eta egiaztatzen bada dirulaguntzen banaketan lortutako puntuak justifikazioaren arabera dagozkionak baino gehiago direla.

Ez da murrizketa aplikatuko, dena dela, birkalkulatu ondoren gertatuko balitz epigrafe batean galdutako puntuak konpentsatu ahal direla beste epigrafeekin.

6. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.

1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orria ere baliatu daiteke horretarako:

https://www.deportenavarra.es/es/soy-una-entidad-de-voluntariado

Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez da aurkeztutzat joko telematikoki aurkezten ez den eskaera. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Dirulaguntza eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, artxibo bereizitan eskaneatuta eta behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin:

a) Boluntariotza proiektua: bertan adieraziko da boluntarioak zer jarduera fisikotara eta kirol jardueratara joanen diren, 3. eranskina betez.

b) Entitateko boluntarioen kopuruari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, 4. eranskina betez.

c) Entitate eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Eskaera-orrian berariaz adierazi beharko da NKIri baimena ematen zaion ala ez, egiaztapen hori zuzenean egin dezan Nafarroako Zerga Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean. Baimenik eman ezean, entitate eskatzailea arduratuko da egiaztagiri horiek aurkezteaz.

d) Aitorpena, adierazten duena, hala badagokio, diruz lagunduko den jarduera finantzatua izan dela edo finantzatzea aurreikusten dela funts berekiekin edo beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin. Horretarako, 9. eranskina bete behar da.

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala nahi izanez gero (lehen aldia bada edo ordura arte ordainketa egiteko erabiltzen zen kontua aldatu bada bakarrik).

4. Dirulaguntza eman ondoren, onuradunak jardueraren justifikazioa aurkeztu beharko du telematikoki, betiere diruz laguntzen den proiektua bukatu denean, 12. oinarrian zehazten den bezala.

7. Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna NKIko Kirol Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa osatzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NKIko Kirol Zuzendariordetzak entitate eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdi honetako betebeharrak betetzen ez badira, errekerimendua eginen da gaitutako helbide elektronikoaren bidez dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko, eta, halaber, ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9. Balorazioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetzak eginen ditu dirulaguntzen espedienteak tramitatu eta ebazteko bidezkoak diren ebaluazioak eta egiaztapenak, 2. eranskinean horretarako ezarritako baremoari jarraikiz.

10. Dirulaguntza emateko ebazpena.

1. Dirulaguntzarako eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

2. Laguntzak emateko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko da, gaitutako helbide elektronikoa erabiliz.

Hala ere, ebazpen horiek Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

4. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda ere bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

5. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere, baldin eta laguntza horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, inola ere gainditzen ez badu garatu beharreko jardueraren kostua.

11. Laguntzen ordainketa.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren eta entitate onuradunak behin aurkeztu dituela 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen. Ordaintzeko, transferentzia eginen zaio entitate onuradunari, dagokion ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.

2. Gastu guztiak justifikatzen ez badira, emandako dirulaguntzaren ordainketa proportzionalki gutxituko da. Horretarako, kontuan hartuko da ea entitate onuraduna hurbildu den nabarmenki baldintza guztiak betetzera eta, orobat, ea bere konpromisoak betetzeko prest agertu den argi eta garbi.

12. Frogagiriak.

1. Frogagiriak aurkezteko epea 2020ko azaroaren 20an amaituko da.

2. Entitate onuradunek behar bezala beterik aurkeztu beharko dute “6. eranskina”, “Justifikazio inprimakia”, https://www.deportenavarra.es/es/soy-una-entidad-de-voluntariado. web-orrian eskuratu daitekeena, eta dirulaguntzaren onuradun den entitatearen legezko ordezkariek sinatu beharko dute.

3. Frogagiriek ondoko atal hauek izanen dituzte:

A.–Justifikazio-kontua (gastuak eta diru-sarrerak).

Entitate aitortzailearen ardurapean, datu hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna (8. eranskina).

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko faktura/frogagiri eskaneatuak, aipatu zerrendan duten ordena berean. Fakturak jatorrizkoak izan beharko dira edo frogatarako balio bera duten agiriak.

c) Ordainagiriak honako hauek izan daitezke, aukeran: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Jantzien fakturak aurkezten badira, agiri grafikoak ere erantsi beharko dira, jantzietan boluntarioaren ikurra erakusten dutenak.

e) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria zehaztu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz), bai eta funts horiek nola aplikatu zaizkien diruz lagundutako jarduerei.

B.–Kirol memoria eta ebaluaziokoa.

Kirol memoria bat aurkeztu beharko da, proiektuan egindako jarduera guztiak azaltzeko; horretarako, 7. eranskina beteko da.

C.–Beste agiri batzuk.

Entitate eskatzaileak edo/eta Nafarroako Kirolaren Institutuak interesgarritzat jotzen duen beste edozein dokumentazio ere aurkeztuko da, gauzatutako jarduerekin zerikusia badu.

Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

13. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, diruz laguntzen diren proiektuen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, bisitak eginen ditu proiektua garatu bitartean, eta proiektuen koordinatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.

Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute proiektua ez dela garatzen ari proiektatutakoaren arabera, emandako dirulaguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, entitateari aldez aurretik jakinarazita.

14. Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren onuradun diren entitateek dirua dirulaguntzaren helburuetarako erabili beharko dute nahitaez, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

2. Entitate onuradunek gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute 15. oinarri arautzailean azaltzen den moduan, bestela ezin izanen baitzaie ordaindu aldez aurretik onartutako dirulaguntza.

3. Entitate onuradunek, kasua bada, 10. eranskinarekin bat frogatu beharko dute hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluen arabera.

4. Halaber, entitate onuradunak behartuak egonen dira diruz lagundutako jardueraren publizitate eta zabalkundean Nafarroako Gobernuak horretarako ezarriko duen marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzera, baita jardueraren ezaugarrien arabera erabilitako beste publizitate bideetan ere, hala badagokio, betiere Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 4/2016 Foru Dekretua betez. Zehazki, dirulaguntzaren entitate onuradunek “Nafarroa, orotan lagun” ekimenaren web-orrian ere sartu beharko dute beren proiektua.

5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Alde horretatik, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, entitate onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. 9. eranskina erabiliko da horretarako.

6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

15. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko erregistro elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua (5. eranskina) eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: www.nafarroa.eus. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

16. Datu pertsonalak babestea.

Deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen den datu pertsonalen tratamendua Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorraren, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudiaren mende eginen da. Deialdi honen 11. eranskinean, datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa eskaintzen da, web-orri honetan dagoena: https://www.deportenavarra.es/es/soy-una-entidad-de-voluntariado.

17. Ez-betetzeak.

1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

2. Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jokabidea frogatzen denean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

3. Entitateren batek ezarri diren epeetan aurkeztutako programazioa betetzen ez badu, esleitzen zaion dirulaguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.

18. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2. Era berean, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatuarekin bat.

19. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

2. ERANSKINA

Baremoa

1. Xedea.

Eranskin honetan ezarritako baremoari jarraikiz baloratuko dira jarduera fisikoen eta kirol jardueren arloko boluntariotza entitateek edo boluntariotza programak dituzten entitateek laguntzen deialdi honen babesean aurkeztutako eskaerak.

Balorazio irizpideak: 80 puntu gehienez.

Arau orokor gisa, proportzionaltasun printzipioa aplikatuz esleituko dira puntuak.

1.–Proiektuaren helburuak, aurrekontua eta ebaluazioa (6 puntu gehienez).

–Proiektua zenbateraino egokitzen zaien I. eranskineko 2. oinarri arautzailean aurreikusitako xede eta helburuei (2 puntu arte).

–Programaren helburu orokorren eta zehatzen azalpena (2 puntu arte).

–Proiektua ebaluatzeko prozedura objektibo bat ezartzea (2 puntu arte).

2.–Entitateko boluntarioen kopurua. (5 puntu gehienez).

BOLUNTARIO KOP.

50 arte

51 eta 100 bitarte

101 eta 200 bitarte

201 eta 300 bitarte

300 baino gehiago

Puntuak

1

2

3

4

5

3.–Boluntariotza proiektuak zenbat kiroletan parte hartzen duen. (5 puntu gehienez).

BOLUNTARIOTZA PROIEKTUAK ZENBAT KIROLETAN PARTE HARTZEN DUEN

Kirol bat

2 kiroletik 5 kirolera bitarte

5 kirol baino gehiago

Puntuak

1

3

5

4.–Zenbat entitateri laguntzen zaion boluntariotza proiektuarekin. (6 puntu gehienez).

ENTITATE KOPURUA

Entitate 1

2 entitatetik 4 entitatera

5 entitatetik 7 entitatera

7 entitate baino gehiago

Puntuak

1

2

4

6

5.–Boluntariotza proiektuaren zabalkundea entitatearen web-orrian (gehienez ere 10 puntu).

PROIEKTUAREN ZABALKUNDEA

BOLUNTARIOTZAREN ATALA WEB-ORRIAN

PROIEKTUAREN EKINTZEN BERRI EMATEA WEB-ORRIAN ETA SARE SOZIALETAN

Puntuak

5

5

6.–Boluntarioen sorrera sustatzea. (8 puntu gehienez).

PROIEKTUAREN ZABALKUNDEA

WEB-ORRIAN AZALTZEA BOLUNTARIO IZATEKO PROZEDURA

BOLUNTARIOA WEB-ORRIAREN BIDEZ EGITEKO AUKERA

Puntuak

3

5

7.–Boluntariotza proiektuaren berezitasuna eta garrantzi berezia: (gehienez ere 35 puntu).

–Entitateentzat:

A) Boluntariotzakoak (5 puntu).

B) Boluntariotza programak dituztenak (2 puntu).

–Inklusioa kontuan hartzea:

A) Aniztasun funtzionala duten boluntarioen partaidetza duten proiektuak (5 puntu).

B) Aniztasun funtzionala dutenei zuzendutako ekintzak jasotzen dituzten proiektuak (5 puntu).

–Berdintasun printzipioa:

A) Proiektuan boluntario gisa parte hartzen duten emakumeen kopurua: (5 puntu gehienez).

PARTE HARTZEN DUTEN EMAKUMEEN %

> % 0

% 10-14,99

% 5-24,99

% 25-49,99

% 50 edo gehiago

Puntuak

1

2

3

4

5

–Kirola eta emakumea:

A) Soilik emakumeei zuzendutako ekintzak jasotzen dituzten proiektuak (5 puntu).

–Bertako kirolak:

A) Bertako kirolei zuzendutako ekintzak jasotzen dituzten proiektuak: pilota edo herri kirolak (5 puntu).

–Proiektuak zenbat ekitaldi/jardueratan parte hartzen duen (zein den ere ekitaldi/ekintzaren egun kopurua):

A) 5 bitarte (puntu 1).

B) 6tik 10era bitarte (2 puntu).

C) 11tik 15era bitarte (3 puntu).

D) 16tik 20ra bitarte (4 puntu).

E) 20 ekitaldi baino gehiago (5 puntu).

8.–Boluntarioentzako prestakuntza ikastaroen kopurua. (5 puntu gehienez).

IKASTARO KOP.

1

2tik 4ra

5etik 7ra

8tik 10era

10 baino gehiago

Puntuak

1

2

3

4

5

Eskaera bakoitzari esleitzen zaion zenbatekoak ez du jardueraren defizita gaindituko. Eskaera bakoitzean soberan dauden diru kopuruak gainerako entitate onuradunen artean banatuko dira, esleitutako kopuruaren proportzioan.

Adibidez:

LORTUTAKO PUNTUAK

1. ENTITATEA

2. ENTITATEA

3. ENTITATEA

100

150

50

Puntuen arabera dagokion zenbatekoa

1.000 euro

1.500 euro

500 euro

Aurkeztutako defizita

200 euro

3.000 euro

1.500 euro

Hasieran esleitutako zenbatekoa

200 euro*

1.500 euro

500 euro

Soberakoa

800 euro

0 euro

0 euro

* Aurkeztutako defizita ematen zaio. Eta beraz 800 daude soberan, 2. eta 3. entitateen artean banatzeko.

Soberako kopurua banatzeko:

2. ENTITATEA

3. ENTITATEA

Puntuen arabera dagokion zenbatekoa

1.500 euro

500 euro

Portzentajea

%75

%25

Soberako dirutik emandako zenbatekoa

600 euro

200 euro

Beraz, guztira emandako dirulaguntza hau litzateke:

1. ENTITATEA

2. ENTITATEA

3. ENTITATEA

Emandako zenbatekoa, guztira:

200 euro

2.100 euro

700 euro

Entitate onuradunak aurkezten dituen ziurtagiriak ikusita, ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da geroago, baldin eta egiaztatzen bada dirulaguntzen banaketan lortutako puntuak justifikazioaren arabera dagozkionak baino gehiago direla.

Adibidez:

1. ENTITATEA

2. ENTITATEA

3. ENTITATEA

Eskaera eginda lortutako puntuak

100

150

50

Eskaeran emandako zenbatekoa

200 euro

2.100 euro

700 euro

Justifikazioan lortutako puntuak

100

150

25

Puntuen arabera dagokion zenbatekoa

200 euro

2.100 euro

350 euro

Iragarkiaren kodea: F2004099