73. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2020”. DDBN identifikazioa: 500436.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2020” izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 35.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartu behar da aipatu gastua baimentzeko, bai helburua bai baldintzak betetzen direla, baita legez ezarritako betebeharrak ere, eta espedientean ageri dela kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2020” izeneko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso direnak foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den gastua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20000-A2010-4816-334200: Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat

2020

35.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko martxoaren 16an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATEENTZAKO 2020KO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio esparrua.

1.1. Deialdiak hauxe du helburu: irabazi-asmorik gabeko entitateei ekonomikoki laguntzea liburuak eta aldizkariak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan, edo argitalpen diskografikoak, betiere edukiak artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak badira. Obrak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, eta 2019ko azaroaren 23tik 2020ko azaroaren 23ra bitarte argitaratuak, bi data horiek barne.

1.2. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira obrak.

1.3. Deialdi honen ondorioetarako, ez da argitalpen artistiko, kultural edo zientifikotzat hartuko:

–Kultur edo eskola buletinak, ikuskizun gidak, urtekariak, auzo aldizkariak, katalogoak eta antzekoak.

–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatutako argitalpenak.

–Urteko ale guztiak hartuta, espazioaren %30etik gora, batez beste, publizitateari uzten diotenak.

–Beste argitalpen baten gehigarri edo ale berezi gisa edo harekin batera eskaintzen diren argitalpenak.

–Maiztasun egonkorra ez duten aldizkako argitalpenak.

–Web-orriak.

–Egileen eta haien lanen zabalkunderako erabiltzen diren argitalpenak, balorazio batzordearen iritziz.

–Erakusketetako katalogoak.

–Batzordearen iritziz, kultur objektu bat sortzeko erabiltzen diren material edo bitarteko teknikoei buruzkoak direnak nagusiki, edo gaitzat dituztenak, gehienbat, kultur jardueraren sektore bakoitzeko profesionalen gaiak.

–Berrinprimatzeak, berrargitaratzeak eta argitaratutako obren itzulpenak.

1.4. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

2.1. Laguntza hauen entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea. Haren estatutuetan agertuko da helburu kulturala duela.

b) Legez 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren entitateak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

2.4. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak.

–Fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada.

–Sindikatuak eta entitate korporatibo profesionalak.

–Nafarroako Gobernuaren 2020ko aurrekontuetan deialdi honen xede diren proiektuak egiteko partida izenduna duten entitateak.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (35.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Eman beharreko laguntzen baturak deialdiarako kontsignatutako zenbatekoa gainditzen badu, lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da laguntza.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Entitate bakoitzeko laguntza ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen.

3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, hori banatu daiteke proportzionalki 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak lortu dituzten proiektuen artean, oinarri hauetan ezarritako laguntzaren portzentajea eta gehieneko zenbatekoa errespetatuz betiere.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da. Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da.

4.3. Laguntza eskabidea eskabide ereduaren (I. eranskina) arabera aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:

a) II. eranskina, obraren datu eta kostuekin, BEZa banakatuta.

b) Oroitidazki bat (gehienez hiru orrialdekoa), ondoko hauekin:

–Edukiaren laburpena.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

–Egilearen CV laburra.

c) Argitalpenaren aurkibidea eta argitalpen osoa edo, gutxienez, kapitulu bat, edo diskoaren maketa, argitalpenari dagokionez ahalik eta aurreratuena eskabidea aurkezten den unean.

d) Entitatearen estatutuak.

e) Legez 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

f) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

4.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko d), e) eta f) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Eskabide ereduak, deskripzio-oroitidazkia eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.6. Proiektua 2019ko azaroaren 23tik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte editatua bada, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.

4.7. Baldin dirulaguntzarako eskaerak ez baditu jasotzen identifikazio datuak, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, ez bada aurkezten nahitaezko dokumentazioa edo ez bada betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat, eskatuko da okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez daitezela, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko da hala egin ezean ulertuko dela eskaerari uko egiten zaiola, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak badira diruz lagundutako proiektua gauzatzeko eta 2019ko irailaren 1etik 2020ko azaroaren 23ra bitarte eginak badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Argitalpena garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira diruz laguntzekoak:

–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erresoluzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).

–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).

–Itzulpena, idazketa, zuzenketa edo dokumentazioa, entitate eskatzaileak eginak ez direnak.

–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataformekin.

–Grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada, entitate eskatzaileak eginak ez badira. Proiektua gauzatzeko ezinbesteko gastuak, hala nola estudioa alokatzea, grabazio eta argitalpen lanak, musikariak kontratatzea, argazkia, libretoaren diseinua, azala eta gaileta, masteringa, CDaren inprimaketa, etab.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Igorketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak, baita langileria gastuak ere.

–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratzen ahal badu.

–Ostatu gastuak, bidaia eta dietak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kideak: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua eta Argitalpen Bulegoko burua.

–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat.

6.3. Balorazio prozesua.

1. fasea. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea. Onartutako proiektuak jaso eta aztertuko ditu Ebaluazio Batzordeko kide bakoitzak, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka.

3. fasea. Ebaluazio Batzordeak, puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.

Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, Ebaluazio Batzordeak zehaztuko du 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

Aurreko lerroaldean aurreikusitakoaren arabera eman litezkeen laguntzen baturak deialdian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, onuradunen artean hainbanatuko da eta puntuazioaren arabera jaitsiko da zenbatekoa.

Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, Ebaluazio Batzordeak sinatutako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Xehetasun hauek hartuko dira kontuan:

–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak sartzea (30).

–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sormena, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (25).

–Egileen ibilbidea (10).

–Obran sartzea genero estereotipoak hausten eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dituzten edukiak (5).

b) Proiektua bat etortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen helburuekin, gehienez ere 10 puntu:

–Berdintasuna, aniztasuna, partaidetza eta euskararen presentzia (5).

–Garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarri izan diren edukiekin jarraitzen bada ere (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), gai esparru berriei bide eman nahi zaie, tokia egiteko gaur egunekoagoak diren alderdiei: soziologia, antropologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak, arte garaikidea (5).

c) Nafarroarekiko lotura. Gehienez ere 10 puntu.

–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kultural, historiko, herriko eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.

d) Entitate eskatzailearen ibilbidea (gehienez ere 10 puntu).

–Entitateak jardueran emandako urte osoak (5 puntu).

  • 10 urte baino gehiago: 5 puntu.
  • 7 urtetik 10 urtera: 3 puntu.
  • 4 urtetik 6 urtera: 2 puntu.
  • Urte batetik 3 urtera bitarte: puntu bat.

–Entitatearen lurralde eremua edo lurraldeari dagokionez duen garrantzia (gehienez ere 5 puntu).

7.2. Erabakia hobeki hartu ahal izateko, batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzeko ere.

Ez dute inolako laguntzarik jasoko 50 puntu lortzen ez dutenek.

7.3. “Argitalpenaren kalitate artistikoa eta interesa” 7.1.a) atalean gutxienez 35 puntu lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Horretaz gainera, entitate eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

8.3. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, zenbatekoarekin ados dagoela. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkezpenean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

8.4. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: ipvpubli@navarra.es.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Entitate onuradunek, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean eta erregistro telematikoaren bidez, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez eta oinarri hauen III. eranskinean kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko dute.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Laguntzen diren proiektuak argitaratu beharko dira 2019ko azaroaren 23tik 2020ko azaroaren 23ra bitartean, bi data horiek barne.

10.4. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

10.6. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: «Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan du, Kultura eta Kirol Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana. / Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura y Deporte.», logotipo ofizialaren kopiaren ondoan. Logotipo ofiziala esaldi horrekin lotuta agertu beharko da beti.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Logotipoa zuzen agerrarazi dela egiaztatzeko, beharrezkoa izanen da agertuko den orrialdeen proba bat igortzea, PDF formatuan, liburua, aldizkaria edo CDa inprentara igorri baino lehen.

Diruz lagundutako proiektuek, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratzen direnek, betebehar hori bete beharko dute eranskailu bat jarriz argitaletxeen eskuetan dauden aleetan.

10.7. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.11. Dirulaguntzaren entitate onuradunek argitaratutako obraren ale bat aurkeztu beharko dute.

11. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez 2020ko azaroaren 23ra arte, egun hori barne:

a) Egindako argitalpenaren ale bat.

b) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

Konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek abenduaren 28a arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean aipatutako portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin ondoren onartutako gastuen frogagiriei, baldin ordainagiriak badituzte.

13. Laguntza itzultzea.

Entitate onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino bete diren dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publikoenak izan eta beste entitate pribatu edo publiko batzuenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Dena dela, bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

14.2. Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

15. Arau hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, honako arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikulua.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko abenduaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Obraren datuak eta kostua (Excela).

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

IV. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2004097