73. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

146/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 3koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zentro soziosanitario bat identifikatzen duena, esku hartzeko ondorioetarako, Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduari eta martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduari jarraikiz, eta esku hartzeko berariazko neurriak zehazten dituena.

Martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako zahar-etxeen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren hirugarren atalean ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko zahar-etxeetan esku hartzeko, zahar-etxe bakoitzean dagoen egoera epidemiologiko eta asistentzialaren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz.

Ministro-agindu horren hirugarren atalaren arabera, besteak beste, esku-hartze horrek ekar dezake, osasun publikoaren arrazoiak direla eta, egoiliarrak bere lurraldeko beste zahar-etxe batera lekualdatu eta eramatea, kontuan izan gabe zentroa publikoa edo pribatua den.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez ezarri zen zer neurri hartzen ahal den martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoera gertatzean. SND/275/2020 Agindu horretan hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako zahar-etxeen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz, betiere zahar-etxe bakoitzaren egoera epidemiologikoa eta asistentziala kontuan hartuz. Orobat, egoiliarrak lekualdatzea sustatu gogo zen, eta aurreikusten zen identifikatzen ahal zela zer zentro soziosanitariotan bidezkoa zen esku hartzea.

Iruñeko Erruki Etxea zahar-etxean, betetzen dira martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako baldintzak, espedientean dauden txostenetan jaso bezala, eta, hortaz, bidezkoa da egoiliar batzuk horretarako atondutako beste establezimendu pribatu batera eramatea.

Eskubide Sozialetako Departamentuak ikuskapen bisita egin du, egiaztatzeko Burlatako AH San Fermín apartahotelak betetzen dituela behin-behineko baimen baterako baldintzak.

Horregatik guztiagatik, eta martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Iruñeko Erruki Etxea zahar-etxea identifikatzea esku hartzeko zentro soziosanitariotzat, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduarekin eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduarekin bat.

2. Aurreko puntuan identifikatutako zentrorako neurri gisa, baimentzea zenbait egoiliar lekualdatzea zentro horretatik Burlatako AH San Fermín apartahotelera eta laguntza ematea hura atontzeko.

3. Aurreko apartatuan aurreikusitako neurria eranstea Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduan aurreikusitakoetara.

4. Foru agindu hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari eta entitate interesdunari.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko apirilaren 3an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004408