72. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

68E/2020 EBAZPENA, martxoaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Los Arcosko udal-mugartean glizerina hondakinen tratamendua egiten duen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzen duena. Instalazioaren titularra Gestión de Recursos y Soluciones Empresariales SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 2354/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 174E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 23ko 226E/2019 Ebazpenaren bidez aldatua.

2020ko urtarrilaren 21ean, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, honela zehazki: beste hondakin mota bat (LER kodea: 150203*) sartzea ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean jasotzen den kudeatutako hondakinen zerrendan. Hondakin hori landare-olioen iragazketa izaten duten lurretakoa da (lur diatomeoak), hain zuzen ere %25 eta %30 (m/m) bitarteko koipe-frakziokoetakoa. Iragazketako lur horiek landare-olioen aurretratamendu prozesuan sortzen dira, eta prozesatzen ahal dira hondakin ez arriskutsuen aurretratamendu generikoaren bidez (R12), lurretan dagoen koipe-frakzioaren zati handi bat berreskuratzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, aldaketa-espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar iritzita.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Los Arcosko udal-mugartean glizerina hondakinen tratamendua egiten duen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzea (Gestión de Recursos y Soluciones Empresariales SL da instalazioaren titularra). Instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak.

Bigarrena.–Zentroaren inskripzioari eustea, 15G04029033672008 zenbakiarekin, Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan. Ekoizten eta kudeatzen ahal dituen hondakinak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Gestión de Recursos y Soluciones Empresariales SLri eta Los Arcosko Udalari igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2004090