72. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

45/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, urtarrilaren 24ko 2/2011 Foru Agindua eta uztailaren 1eko 95/2019 Foru Agindua aldatzen dituena. Lehena ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen 600 eta 605 ereduei buruzkoa da, eta, bigarrena, oinordetzen eta dohaintzen 660, 661 eta 651 ereduei buruzkoa.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 2/2011 Foru Aginduaren bidez, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak onetsi ziren, kostu bidezko ondare eskualdaketen eta sozietate-eragiketen eta egintza juridiko dokumentatuen modalitateetakoak.

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren uztailaren 1eko 95/2019 Foru Aginduaren bidez, onetsi eta ezarri ziren, behean aipatzen diren ereduei dagokienez, aurkezpen moduak, aitorpena egiteko betebeharra, aurkezteko epea, ordainketa modua, dokumentazioaren aurkezpena, baita baldintza orokorrak eta prozedurak ere, Interneten bidez telematikoki aurkezteko: 651. eredua, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Autolikidazioa”. 660. eredua, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Aitorpenak” eta 661. eredua, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Dohaintzak. Autolikidazioa”.

Bi foru agindu horiek aukera ematen dute ereduak telematika bidez aurkezteko. Kasu horretan, nolanahi ere, aurrez aurre aurkeztuko da, Foru Ogasuneko bulegoetan, likidazio horiek sorburu duten dokumentazioa. Gerta daiteke, ordea, mortis causa edo inter vivos eskurapenerako bidea ematen duen egintza edo kontratua dokumentu pribatu batean egotea. Horrelakoetan, dokumentu pribatu hori beste dokumentuekin batera bidali beharko da, aitorpena telematika bidez bidaltzen denean.

COVID-19aren bilakaerak sortutako egoera dela-eta, eusteko neurri bereziak ezarri behar izan dira. Beraz, aurrez aurre egin beharreko tramiteen kopurua murrizte aldera, eta zerbitzu publikoak bermatzeko asmoz, beharrezkotzat jo da arreta telematikoari lehentasuna ematea. Horregatik, aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioa telematika bidez aurkezteko aukera emanen da. Horrenbestez, beharrezkotzat jo da bide horretatik aurkeztea telematika bidez aurkeztutako autolikidazioak direla-eta administrazioaren aurrean jarri beharreko dokumentu guztiak, publikoak izan edo pribatuak izan.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Lehen artikulua.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 2/2011 Foru Aginduaren 7. artikulua. Foru agindu horrek ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak onesten ditu: kostu bidezko ondare eskualdaketen eta sozietate-eragiketen modalitatearena, eta egintza juridiko dokumentatuen modalitatearena.

“7. artikulua. Telematika bidez aurkeztutako autolikidazioei erantsitako dokumentuak bidaltzea.

1. Subjektu pasiboek edo foru agindu honek araututako autolikidazio telematikoak aurkezten dituztenek likidazio horiek sorburu duten dokumentazioa telematika bidez aurkeztu behar dute, autolikidazio horiek aurkeztu eta biharamunetik hamabost eguneko epean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, ez da beharrezkoa izanen aitorpenak sorburu duen dokumentua eranstea, baldin eta agiri hori notario dokumentu publikoa bada, eta hura baimendu duen notarioak dokumentu horren kopia elektronikoa bidaltzen badio, telematika bidez, Nafarroako Foru Ogasunari, hori guztia 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzari buruzko Legearen 17 bis artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. 1. apartatuan adierazitako dokumentuak aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunaren web orriaren aplikazio hau erabili beharko da: “Agiriak eranstea aurretik aurkeztutako aitorpen bati” (https://hacienda.navarra.es), edo hura ordezkatzen duen beste bat. Dokumentu horiek aurkeztean, tramitazioa bukatutzat joko da. Dokumentuak aplikazio horren bitartez aurkezteko, aplikazio horretan bertan zehaztutako prozedura beteko da.”

Bigarren artikulua.–Aldatzea Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren uztailaren 1eko 95/2019 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez onetsi eta ezarri ziren, behean aipatzen diren ereduei dagokienez, aurkezpen moduak, aitorpena egiteko betebeharra, aurkezteko epea, ordainketa modua, dokumentazioaren aurkezpena, baita baldintza orokorrak eta prozedurak ere, Interneten bidez telematikoki aurkezteko: 651. eredua, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Autolikidazioa”. 660. eredua, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Aitorpenak” eta 661. eredua, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Dohaintzak. Autolikidazioa”.

Bat. 8.1.3 artikulua.

“3. Aitorpena bete eta gero, bidaltzeko baimena emanen da. Aitorpen bat baino gehiago bidal daitezke.

Jaraunspen, legatu edo beste edozein oinordetza tituluren bitartez ondasun eta eskubideak mortis causa eskuratzen direnean, egintzaren edo kontratuaren dokumentuak erantsi beharko dira aitorpena bidaltzean, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 36.6 artikuluak aipatzen duen gainerako dokumentazioaz gain.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, ez da beharrezkoa izanen aitorpenak sorburu duen dokumentua eranstea, baldin eta agiri hori notario dokumentu publikoa bada, eta hura baimendu duen notarioak dokumentu horren kopia elektronikoa bidaltzen badio, telematika bidez, Nafarroako Foru Ogasunari, hori guztia 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzari buruzko Legearen 17 bis artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aitorpena edo aitorpenak zuzen egin badira, sistemak balidatu eginen ditu. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Zuzendu eta gero, sistemak jakinaraziko du aitorpen-aurkezpenen lote-zenbakia, baita aurkeztutako aitorpen bakoitzari esleitu zaion zenbakia ere, eta aukera emango du inprimatzeko, aitorpenen egiaztagiri bat lortzeko”.

Bi. 8.3.2 artikulua.

“2. Zer autolikidazio eredu egin nahi den adierazi, eta hura aurkeztu ahal izateko beharrezkoak diren datu guztiak bete.

Inter vivos eta doako negozio juridikoaren bidez eskuratutako ondasun eta eskubideen kasuan (661 eredua), erantsi beharko dira, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 36.6 artikuluak aipatzen duen gainerako dokumentazioaz gain, eskurapenerako bidea ematen duen egintzaren edo kontratuaren dokumentuak.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, ez da beharrezkoa izanen aitorpenak sorburu duen dokumentua eranstea, baldin eta agiri hori notario dokumentu publikoa bada, eta hura baimendu duen notarioak dokumentu horren kopia elektronikoa bidaltzen badio, telematika bidez, Nafarroako Foru Ogasunari, hori guztia 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzari buruzko Legearen 17 bis artikuluan xedatutakoarekin bat”.

Hiru. 9 artikulua, kentzea.

Xedapen indargabetzailea.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe utziko da urtarrilaren 16ko 4/2012 Foru Agindua, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariarena, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren aitorpen araubideari lotutako dokumentu eta aitorpenak aurkezteko tokia zehazten duena.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkezten diren aitorpenei eta likidazioei aplikatuko zaie, zein den ere zerga sortzeko data.

Iruñean, 2020ko martxoaren 31n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2004370