72. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26/2020 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez neurri gehiago hartzen baitira errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan, hori guztia COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat.

Garraioetako zuzendari nagusiaren martxoaren 15eko 19/2020 Ebazpenaren bidez, neurriak hartu ziren errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan, hori guztia COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera. Besteak beste, ezarri zen %50 murriztea, alarma egoerak iraun bitartean, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren eskaintza.

Egoeraren bilakaera ikusita, Garraioetako zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 20/2020 Ebazpenaren bidez, neurri gehiago hartu, eta %75 ere murriztu ziren, alarma egoerak iraun bitartean, errepidez egiten diren erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioaren zerbitzu publiko erregularraren zerbitzuak, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak direnak.

Martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretua argitaratu ondoren, zeinaren bidez, COVID-19aren aurkako borrokaren testuinguruan, neurri batzuk ezarri baitziren herritarren mugikortasuna murrizteko, Garraioetako zuzendari nagusiaren martxoaren 30eko 25/2020 Ebazpenaren bidez, neurri gehiago hartu ziren errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuei dagokienez, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenean diren zerbitzuetan. Hala, ezarri zen zerbitzu batzuk eskatu ahala ematea, eta ibilbide batzuetako zerbitzuak bidaia oso batera murriztu ziren (joan eta etorri).

Martxoaren 30eko TMA/306/220 Aginduaren bidez, jarraibideak eman ziren bidaiarien garraio zerbitzuak murrizteari buruz 10/2020 Errege Lege Dekretuak indarra izan bitartean. Zehazki, agindu horren 2. artikuluak adierazten du ezen hiri barnekoak edo hiri ingurukoak ez diren bidaiari-garraio zerbitzuen eskaintza, zerbitzu horiek kontratu publiko baten edo osasun publikoaren betebeharraren menpe daudenean, egokituko dela eskariaren behar espezifikoetara, eta operadoreek edo arlo horretan eskumena duten Administrazioek ahalik eta gehien murriztuko dituztela zerbitzuak, martxoaren 24ko TMA/273/2020 Aginduak xedatutakoaren esparruan. Egokitzapen hori ahalik eta lasterren egin behar da, gainera.

Pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzeak eta hainbat arlotan ezarritako euste-neurriek nabarmen murriztu dute erabilera errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan. Batez ere, jaiegunetan egiten diren zerbitzuetan, gertatu baita autobusek erabiltzailerik gabeko zerbitzuak egin izana.

Beraz, beharrezkotzat jotzen da zerbitzu publikoen prestazioa benetako eskarira egokitzeko neurriak hartzea.

Hori guztia kontuan harturik, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak proposatu du jaiegunetan kentzea errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak, Administrazio honen eskumenekoak direnak, hain zuzen.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuaren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz.

EBAZTEN DUT:

1. Alarma egoerak irauten duen bitartean, jaiegunetan kentzea erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publiko aren zerbitzuak, Administrazio honen eskumenekoak direnak, hain zuzen.

Ondorio horietarako, jaieguntzat hartuko dira, bai igandeak, bai Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 10eko 177/2019 Ebazpenean ezarritako egunak ere. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri baita Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2020ko jaiegunen egutegi ofiziala (2019ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 31koa).

2. Aurreko atalean xedatutakoa ez da aplikatuko baldin eta errepidez egiten diren erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publikoen zerbitzu horien destinoa ospitale bat baldin bada.

3. Garraio Zuzendaritza Nagusiak beretzat gordetzen du ebazpen honetan ezarritakoa aldatzeko edo beste neurri batzuk hartzeko eskubidea, COVID-19aren egoeraren bilakaeraren arabera.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iruñean, 2020ko apirilaren 1ean.–Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2004383