59. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Aldaketa, zenbait ordenantzatan. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2019ko abenduaren 10ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea zenbait ordenantza fiskalen aldaketa.

Iragarkia 2020ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 7an, baita Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamazioa, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen dira eta argitara ematen.

Argitara ematen da orok jakin dezan, eta testu osoa argitaratzen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Otsagabian, 2020ko otsailaren 27an.–Alkate udalburua, María Carmen Recalde Berrade.

ORDENANTZA, UDALAREN LOKALEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzarien erabilera.

2. artikulua. Oinarria.

Honako ordenantza hau onetsi da babes dituela Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikulua eta hurrengoak.

3. artikulua. Ordenantza honen esparru objektiboa.

Ordenantza honen arauak aplikatuko zaizkie partikularrek erabil ditzaketen udal eraikin, lokal, instalazio eta altzari guztiei, ez baldin badute ordenantza berariazkorik, edo kontratu berariazko baten bidez arauturik ez badago udal eraikin, lokal eta instalazioaren erabilera. Orobat, ordenantza honetatik kanpo geldituko da udal eraikin, lokal eta instalazioaren erabilera baldin hura lege batek arautzen badu.

Ordenantza honek ondoko lokal eta eraikin hauen erabilera arautzen du:

–Udaletxea, Labaria auzoko 1ean dagoena, katastroko 2. poligonoko 111. lurzatian.

–Eskola publikoa, instalazio guztiekin (ikasgelak, liburutegia, gimnasioa...). Urrutia auzoko 11n eta Ibaialdeko 2an dago, katastroko 1. poligonoko 20. eta 384. lurzatietan.

–Urrutia auzoko 23-An dagoen eraikineko hirugarren solairuan dagoen erabilera anitzeko gela, katastroko 1. poligonoko 59. lurzatian dagoena.

–“Javi Eseverri” zentro soziokulturala, barnean direla ekitaldi aretoa (beheko solairua) eta Zatalarrañas kaleko 2an dagoen eraikineko jarduera gela (2. solairua), katastroko 2. poligonoko 45. lurzatian dagoena.

–Udal pilotalekua, Urrutia auzoko 7an dagoena, katastroko 1. poligonoko 18. lurzatian.

–Ordenantza honek Udalaren ondoko instalazio eta altzari hauen erabilera arautzen du: agertokia.

Ordenantza honen helburua da lokalak modu ordenatuan erabiltzea; arrazoizko erabilera ematea udal eraikinei, lokalei, instalazioei eta altzariei, eta, era berean, denok erabili ahal izatea, baldintza berberetan.

4. artikulua. Hauxe da tasaren zerga-egitatea: ordenantza honetan araututako udal eraikin, lokal edo instalazioak edo hiri-altzariak erabiltzea pertsona fisikoek nahiz juridikoek, baita erakunde edo entitateek ere, nortasun juridikoa izan nahiz ez izan, betiere Udalaren lizentzia eskuratu ondotik.

Honako lokal edo instalazio hauek ez daude ordenantza honen pean:

a) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskola-ordutegiaren barnean eta eskolak berak baimendu badu, eta hezkuntza-programa ofizialak garatzeko edo horien osagarri diren jarduerak badira.

b) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskolaz kanpoko ordutegian bada eta gurasoen elkarteak antolatutako jarduera gisa egiten bada, eta eskola kontseiluak. Udalak beste talde batzuei baimena eman ahalko die puntualki, lokal eta instalazio horiek erabiltzeko.

c) “Javi Eseverri” zentro soziokulturaleko gimnasioa erabiltzea, ordenantza propioa baitu.

5. artikulua. Nolanahi ere, denbora mugatu baterako izanen da ordenantzaren xedeko ondasunen erabilera eta aprobetxamendua, eta ez dira inoiz inola mugarik gabe lagako.

II. TITULUA

Antolaketa eta erabilera

6. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzariak erabiltzeko interesa dutenek Udalaren bulegoan egin beharko dute eskaera, alkateari idazkia zuzenduz, gutxienez ere hiru egun lehenago.

Idazkiak honako hauek jasoko ditu: Eskatzailearen datuak, eskariaren arrazoia, lagapenaren iraupena, egin beharreko jardueren zerrenda, okupatzaile kopurua, lagapenaren xedea.

Baimena eman aurretik, alkateak eskatu ahalko ditu komenigarri iruditzen zaizkion agiri, txosten eta argigarri guztiak.

Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilera dela-eta izaten diren harremanetan, horrexetarako izendatzen den lagunarekin ariko da Udala, edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetan lehenbizikoarekin.

7. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak zaindu beharko dituzte erabiltzaileek, baita bertako altzariak ere, eta bertan behar den gizalegez jokatu. Orobat, erabiltzen dituzten altzariak zainduko dituzte.

Erabiltzaile batek akats edo hondatzeren bat ikusiz gero, Udalari eman beharko dio haren berri, aprobetxamenduaren hasieran eman ere.

Baimenaren titularrak erantzun beharko du lokaletan eta bertako zeretan egiten diren kalteengatik, eta Udalak haien konponketa eska diezaioke, horretarako diren legezko bide guztiak erabiliz.

8. artikulua. Debekaturik dago Udalaren eraikin eta lokaletan erretzea; orobat, animaliak sartzea.

9. artikulua. Debeku da baimendu den jarduketaz bestelakoetarako erabiltzea lokalak.

10. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzarien erabiltzaileek zainduko dute garbi eta txukun egon daitezela. Egun bateko erabilaldiaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, beste hartzaile batzuek berehalakoan erabiltzeko moduan. Erabilera luzeagoen kasuan, adibidez urritik maiatzera/ekainera irauten duten ikastaroetan, lagapen aldi bakoitzaren bukaeran altzariak eta barneko elementuak garbitu eta ordenatuko dituzte, beste eskatzaile batzuek berehala erabiltzeko moduan.

11. artikulua. Baimena emanda, lokalak ireki eta ixteko sarbide edo giltzak utziko dira interesdunen eskuetan. Horiek izanen dute haiek gorde eta Udaleko langileei bulegoetan itzultzeko ardura, jarduera bukatu eta ahalik eta epe motzenean; epe hori ez da inoiz ere izanen 12 ordu baino gehiagokoa, non ez den ezartzen epe laburragoa. Erabilpenaren eskatzaileak delako giltza itzultzeko ardura izanen du eta ez du inola ere haren kopiarik eginen.

Gainera, baimena ematearekin batera, alkateak haren xede den lokalean bisita egiteko deialdia egin dezake, eskatzaileekin eta zinegotzi batekin. Lagapena bukatutakoan, berriz ere egiaztatuko da erabiltzaileek ordenantza honetan eta indarra duen legerian ezarritako beharkizunak bete ote dituzten.

Ikasturterako lagatako lokalen kasuan, Udalak ikuskapen bisitak egin ditzake noiznahi. Horretarako eskatzaileei 24 ordu lehenago abisatu beharko die.

12. artikulua. Lokalen erabileraren lagapenari buruz, alkateak kasu bakoitzean bidezko deritzona erabakiko du, irizpide hauei begiraturik, besteak beste:

–Jarduera mota: kultura, kirolak, negozioak, ikasketak...

–Eskatu diren bezalako lokalen edo instalazioen eskuragarritasuna.

–Jarduera zenbat jenderentzat den.

–Helburua: irabazi asmorik gabea, irabazi asmoa duena...

–Lagapenaren iraupena.

13. artikulua. Udalak fidantza jar dadin eska dezake, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantzaren xedea izanen da Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabili eta lagapenaren aurretik zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzutea.

Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da delako fidantza. Ordenantza hau aplikatuz zehapenik paratu behar baldin bada, horien ordainketari erantzuteko ere izanen da.

Jardueraren eta Udalaren arabera, eska daiteke fidantza bat ezartzea helburu izanik behar bezala erabiliko direla Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak eta altzariak. Fidantzaren zenbatekoa izanen da 50 eurotik 500 eurora bitartekoa. Nolanahi ere, lokala erabiltzeko eguna baino 24 ordu lehenago eratu ez bada fidantza, besterik gabe deuseztatutzat joko da lehenago emandako baimena.

Gisa berean, lokalaren erabilera aztertuta, alkateak partikularrari eska diezaioke kontrata dezala behar adinako erantzukizun zibileko poliza.

14. artikulua. Udalaren eraikinaren edo lokalaren erabilpena bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari. Udalak nahi hainbat ikuskapen egin dezake, egiaztatzeko ea erabiltzaileek betetzen ote dituzten ordenantza honetan eta indarra duen gainerako legerian ezarritako beharkizunak.

Frogatzen bada erabiltzaileek bete dituztela ordenantza honetan ezarritako beharkizunak, ez dela kalte-galerarik izan eta ez dela zehapenik paratu behar, Udalak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu.

Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, fidantza erabiliko da ordaintzeko ordenantza honetan ezarritako beharkizunak ez betetzetik, eragindako kalte-galeretatik eta bidezko diren zehapenetatik etor daitezkeen diru erantzukizunak.

15. artikulua. Udalaren lokal eta instalazioak 4 motatan sailka daitezke:

1) Eginkizun iraunkorra dutenak eta, beraz, laga ezin daitezkeenak, esaterako:

1.1. Udaletxea, Labaria auzoko 1ean dagoena, katastroko 2. poligonoko 111. lurzatian, barnean dituena bertako instalazioak, esaterako bulego ofizialak (idazkaritza, alkatetza, bilkura aretoa...) eta artxiboak.

Orobat, ez dira lagako honako hauetarako diren lokalak eta bulegoak: osasun kontsultategia, nekazaritza ganbera, zerbitzuen mankomunitatea, natura interpretatzeko zentroa, turismo bulegoa, eta erakunde eta instituzioetarako diren gainerakoak. Era berean, Udalak erabiltzen dituen tresnen eta materialen biltegiak ere ez dira lagako.

1.2. Eskola publikoa (Urrutia auzoko 11n eta Ibaialdeko 2an dago, katastroko 1. poligonoko 20. eta 384. lurzatietan), barnean direla instalazio guztiak –ikasgelak, liburutegia, gimnasioa...–. Instalazio horietan ez da baimenduko jarduerak egitea, salbu ordenantza honen 4. artikuluko a) eta b) ataletan ezarritakoak.

2) Ordu batzuetarako laga daitezkeenak hitzaldietarako, bileretarako, lantegietarako, jardueretarako eta abarretarako. Ondoko hauek:

2.1. Urrutia auzoko 23-An dagoen eraikineko 3. solairuan dagoen erabilera anitzeko gela, katastroko 1. poligonoko 59. lurzatian dagoena.

2.2. “Javi Eseverri” zentro soziokulturala, barnean direla ekitaldi aretoa (beheko solairua) eta Zatalarrañas kaleko 2an dagoen eraikineko jarduera gela (2. solairua), katastroko 2. poligonoko 45. lurzatian dagoena.

3) Ordenantza honek arautzen du ondoko udal instalazio eta altzari hauen aldi baterako lagapena:

3.1. Agertokia, ekitaldi eta jardueretan erabiltzeko.

4) Lokal bereziak. Epigrafe honetan dago udal pilotalekua, Urrutia auzoko 7an dagoena, katastroko 1. poligonoko 18. lurzatian; arau propioak izanen ditu. Pilotalekuaren kasuan, aparteko lagapenerako aukera bada, kultur, musika edo kirol ikuskizunetarako; horretarako, eskaera idatziz egin beharko da, 15 egun lehenago, pertsona fisiko edo juridiko batek sinatua, eta hartan azaldu jarduera, eguna eta ordua.

16. artikulua. Baimenen araubidea honako hau izanen da:

1. Alkatearen eskumena izanen da aurreko artikuluko 2. eta 3. epigrafeetako lokalak eta instalazioak erabiltzeko baimena ematea. Aldez aurretik, interesdunek eskaera egin beharko dute, ordenantza honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Baimena, behar bezala sinatua, eskatzaileari ailegaraziko zaio, eta hartan espresuki zehaztuko dira lagapenaren kostua, prezio bat erabakiz gero, eta fidantzak, lagapenaren orduak eta gainerako xehetasunak.

Baliabide bererako eskaera bat baino gehiago baldin bada, esleipenaren lehentasuna honako hauei jarraituz eginen da:

–Udal jarduera bat aurreikusia bada, harexek izanen du lehentasuna.

–Aurrekoa gertatu ezean, gizarte, hezkuntza edo kultur jarduerek izanen dute lehentasuna jarduera politiko edo sindikalen aldean.

–Erroldatuen eskaerek lehentasuna izanen dute, erroldatu gabeen aurretik.

2. Alkatearen eskumena izanen da aurreko artikuluko 4. epigrafeko lokalak eta instalazioak erabiltzeko baimena ematea. Aldez aurretik, eskaera egin beharko da, idatziz, 15 egun lehenago, pertsona fisiko edo juridiko batek sinatua, azalduz zer jarduera eginen den, baita eguna eta ordua ere.

Udalaren lokalak erabiltzeko ohiko ordutegia 8:00etatik 22:00ak arte izanen da. Beraz, ohiko erabileretarako lagapenak ordutegi horri lotu beharko zaizkio. Ordutegi horretatik kanpora, jarduera guztiek baimen berariazkoa beharko dute, zehaztu beharko dena baimena emateko idazkian.

17. artikulua. Fidantza ezartzen den kasuetan, aldez aurretik jarri beharko da. Hala egiten ez bada, deuseztaturik geldituko da emandako baimena.

18. artikulua. Ez da inola ere lokal baten erabilpena lagako, baldin erabilpenaren lagapena eskatzen duen elkartea edo haren izenean eskaera egin duen pertsona fisikoa zorretan badago Udalarekin, betebehar fiskalak, zehapenak edo beste edozer ordainketa mota dela eta.

III. TITULUA

Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak

19. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta altzarien erabiltzaileek ordainduko dituzte beren maltzurkeriagatik edo axolagabekeriagatik bertan eragiten diren kalte-galerak.

Halaber, erabiltzaileek beren gain hartuko dute bidezkoak diren baimenak tramitatzearen ardura, hots, bidezko diren erakundeei eskatu beharreko baimenak, behar den jarduera egiteko, aplikatzekoa den legeriaren arabera.

Baldin jendaurreko ikuskizunak eta josteta jarduerak egin nahi badira, jardueraren parte-hartzaileek eta antolatzaileek bete beharko dituzte honako arau hauek aplikatzearen ondoriozko baldintzak: 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, jorratzen dituena Jendaurreko Ikuskizunak eta Josteta Jarduerak; 202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresa eta lokalen erregistroak; eta martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretua, jorratzen dituena ikuskizunak eremu publikoetan baimentzeko baldintzak. Orobat, indarreko legeria beteko da honako hauei dagokienez: jendaurreko ikuskizunen eta josteta jardueren ordutegi orokorra; edari alkoholdunen kontsumoaren prebentzioa eta mugak adingabeentzat; eta arlo horretan aplikatzekoa den legeria.

20. artikulua. Okupatzaileak bat baino gehiago badira, eskaeraren sinatzaileak izanen du fidantzaren ordainketaren erantzukizuna, honako hauei dagokienez: lokaletan, instalazioetan eta bertan izan daitezkeen ondasunetan eragindako kalte-galeren kalte-ordaina, eta, orobat, hala behar baldin bada, ezartzen diren zehapenak.

21. artikulua. Arau-haustetzat jotzen dira:

a) Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

b) Baimena izanik okupaturiko lokal edo egoitza egunero garbitzeko lanak ez egitea, ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako ondasun higigarrietan kalteak egitea.

d) Alkatearen baimenik gabe, erabilitako eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.

e) Erabilitako eraikinak hustu eta berehala edo finkatu den epean bertan sartzeko giltzak ez itzultzea.

f) Lokaletan eta/edo eraikinetan tabakoa erretzea eta animaliak sartzea.

g) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honen kontra.

22. artikulua. Aipatutako arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira:

a) Aurreko artikuluko a), b), d) e) eta f) apartatuetakoei, 100 euroko isuna ezarriko zaie.

b) Aurreko artikuluko c) atalekoei, kaltea edo galera zenbatekoa den, horrenbesteko isuna ezarriko zaie.

c) Aurreko artikuluko g) apartatukoei, kasu bakoitzean aztertu beharreko zehapena ezarriko zaie. Nolanahi ere, zehapena ez da 150 eurotik gorakoa izanen.

Gainera, eragiten dituen ondorioak larritzat hartzen direnean, urte batetik 5 urtera bitarte lokalak erabiltzeko debekua ezar daiteke zehapen gisa.

23. artikulua. Kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte ezarriko dira aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak.

Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen-bidetik bideratu eta gauzatuko dira.

IV. TITULUA

Tarifak

24. artikulua. Ezartzen da I. eranskinean agertzen diren zenbatekoak ordaindu behar direla lokalak erabiltzeagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Tarifak

1. Urrutia auzoko 23-An dagoen eraikineko 3. solairuko erabilera anitzeko gela:

–Bilera informatiboak eta hitzaldiak oro har: 10,00 euro/eguna.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publiko, enpresa publiko eta elkarteak: salbuetsita.

–Jarduerak: 30 euro/eguna.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publiko, enpresa publiko eta elkarteak: 10 euro/eguna.

2. “Javi Eseverri” zentro soziokulturala:

2.1. Ekitaldi aretoa (beheko solairua):

–Bilera informatiboak eta hitzaldiak oro har: 10,00 euro/eguna.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publiko, enpresa publiko eta elkarteak: salbuetsita.

–Jarduerak: 30 euro/eguna.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publiko, enpresa publiko eta elkarteak: 10 euro/eguna.

2.2. Jardueren aretoa (2. solairua): 30 euro/eguna.

Egoitza soziala “Nafarroako Ekialdeko Pirinioa” eskualdean duten erakunde publiko, enpresa publiko eta elkarteak: 10 euro/eguna.

3. Udal pilotalekua: 10 euro/eguna.

4. Ordenantza honek Udalaren ondoko instalazio eta altzari hauen erabilera arautzen du:

Agertokia: 200,00 euro/eguna eta 500,00 euroko fidantza.

ORDENANTZA FISKALA, OTSAGABIKO UDAL HILERRIKO EHORZKETA, MANTENTZE ETA GARBIKETA ZERBITZUAREN TASA ARAUTZEN DUENA

Oinarria.

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.5.P) artikuluan eta hurrengoetan xedatuaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zerga-egitatea.

2. artikulua. Honako hau da tasaren zerga-egitatea:

a) Udalak egiten duen jarduera tekniko eta administratiboa, giza hilotzak ehorzteko edo hobitik ateratzeko edo giza hilotzak erraustetik heldu diren errautsak hobiratu eta/edo barreiatzeko beharrezkoa dena.

b) Otsagabiko udal hilerriko mantentze eta garbiketa zerbitzua egitea, hau da, Otsagabiko udal hilerriko hobi, bide eta eremu komunetan diren belarrak eta gainerako landareak garbitu eta kentzea eta zabortegi baimendu batera eramatea.

Tasaren xede den zerbitzuak ez du inola ere bere gain hartuko hilarrien garbiketa, ezta Otsagabiko udal hilerriko hobi eta hilobietan dauden apaingarriena ere.

3. artikulua. Otsagabiko udal hilerriko hobien titularrek ez dituzte tasak ordaindu beharko, baldin eta haiei uko egin badiete, tasaren sortzapenaren datan beste titular bati adjudikaturik ez badaude.

Salbuespenak.

4. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honetan.

Subjektu pasiboak.

5. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, Tributuei buruzko Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatu pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak, ondoko ezaugarriak dituztenak:

a) Otsagabiko udal hilerriko hobi baten adjudikazioaren titularra izatea.

6. artikulua. Nolanahi ere, titularraren ordezko subjektu pasiboa izanen da giza hilotzak ehortzi edo hobitik atera edo giza hilotzak erraustetik heldu diren errautsak hobiratu eta/edo barreiatu egin duena, edo/eta hori egiteko eskatu duena.

Tributu-kuota.

7. artikulua. Tributu-kuota. Ehorzketa, mantentze eta garbiketa zerbitzuak egiteagatik eskatu beharreko tributu kuota behin baizik ez da eskatuko eta 40,00 euroko zenbateko finkoa izanen da urtean.

Sortzapena.

8. artikulua. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zerga-egitatearen udal jarduera hasten den unean, jarduera honelakoetan hasiko baita:

a) Otsagabiko udal hilerrian urte bakoitzeko uztailaren 1ean hobi baten titular gisa agertzen denak sortuko du tasa.

b) Otsagabiko udal hilerrian hobi bat adjudikatzen den egunean, subjektu pasiboak espresuki hala eskatzen badu.

c) Otsagabiko udal hilerrian giza hilotz bat ehorzten edo hobitik ateratzen edo giza hilotzak erraustetik heldu diren errautsak hobiratzen eta/edo barreiatzen direnetik. Kasu honetan tasa sortuko da kontuan hartu gabe Otsagabiko Udalak hobirik espresuki adjudikatu duen ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

9. artikulua. Otsagabiko udal hilerriko ehorzketa, mantentze eta garbiketa zerbitzuak baitezpadakoak izanen dira Otsagabiko udal hilerrian diren hobi guztietarako.

Deklarazioa, likidazioa eta diru-sarrera.

10. artikulua. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboek alta eta baja aitorpenak egin behar dituzte tasaren subjektu pasiboen zentsuan. Hobiaren titulartasunaren aldaketa egiten denetik hurrengo hilabete naturaleko azken egunera bitartean egin behar dira aitorpenak.

11. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen aitorpenek eragina izanen dute egiten den lehen likidaziotik aurrera, betiere alta eta baja aitorpenak aurkezteko epea bukatutakoan.

12. artikulua. Otsagabiko udal hilerrian hobiaren adjudikazioa emandakoan, ofizioz eginen da hasierako sarrera zentsuan.

13. artikulua. Tasa honengatik eska daitezkeen kuotak urtean likidatu eta bilduko dira, eta ez dira hainbanatuko.

Azken xedapenak.

Lehenbizikoa: Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena: Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta sortuko ditu erabateko ondorio juridikoak.

Argitara ematen da orok jakin dezan, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin.

ORDENANTZA FISKALA, UR HORNIDURA ARAUTZEN DUENA

Oinarria.

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da babes duelarik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa.

Zerga-egitatea.

2. artikulua. Zerga-egitatea dira edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izatea eta benetan erabiltzea.

Salbuespenak.

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak.

4. artikulua. Zergadunak diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu badute edo hartaz baliatzen badira.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatu ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Tarifak.

5. artikulua. Tarifak. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptu hauengatik kobratuko dira:

a) Hornidura zerbitzua eskura izateagatik eta horren mantentze lanarengatik: hamabost euro (15,00 euro).

b) Etxeko erabilerarako horniduragatik, kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko: berrogeita hamabost zentimo (0,55 euro).

c) Industrian edo ureztapenetan erabiltzeko horniduragatik, kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko: berrogeita hamabost zentimo (0,55 euro).

Likidatu beharreko kuota.

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena.

7. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen dira:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik.

Kudeaketa arauak.

8. artikulua. Sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenak ordainduko ditu kontagailua erosteko gastuak, bai eta instalaziorako eta hornidurarako behar diren materialen eta eskulanaren gastuak ere.

9. artikulua. Prebentziozko neurri moduan, ur hornidura moztu ahalko zaio instalazio barrenean matxurak dituen hargunearen titularrari, baldin haien ondorioz ur-galerarik badago.

10. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik eman ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

11. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak.

12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

Erabiltzaileen artean gertatzen diren altak, bajak edota aldaketak nahiz gorabeherak Udalari jakinarazi beharko zaizkio nahitaez, eta orduan kontagailua kentzea ekar dezake edo hari prezintoa jartzea.

13. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile baimenduari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

Diru-bilketa.

14. artikulua. 1. 5. artikuluaren a), b) eta c) apartatuetan aipatzen diren ordainarazpenak urtean behin ordainduko dira.

Arau-hausteak eta zehapenak.

15. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Toki entitateko langileei sartzen ez uztea, behar bezala kreditaturik joanda ere.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogaketak eragoztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak maneiatzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

16. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatuari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatuari ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN GIMNASIOKO KIROL INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honetako tasa ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean (martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu egin zuen lege hori).

2. artikulua. Otsagabiko Udalaren gimnasioko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoek ordaindu behar dituzte ordainarazpen hauek.

3. artikulua. Instalazio horretarako sarbidea ematen duen sarrera edo udal baimena eskuratzen denean sortzen da ordaindu beharra.

4. artikulua. Abonatu bilakatuko dira horretarako ezarritako tasak ordaintzen dituztenak.

14 urtetik beherakoak ezin dira abonatu bilakatu, eta debekatuta dute sartzea eta instalazioak erabiltzea.

14 urtetik 16 urtera bitartekoek instalazioak erabili ahal izateko, guraso, tutore, legezko ordezkari edo guraso-ahala dutenetako batek lagunduta eta haren zaintzapean egon beharko dute, baldin eta horietako bat abonatuta badago instalazioetara.

Udal gimnasioko instalazioak erabiltzeko abonatuei luzatzen zaien txartela pertsonala eta besterenezina da, eta haren titularrari baizik ez dio ematen instalazioak erabiltzeko eskubidea.

Artikulua: 5. Indargabetua.

6. artikulua. Aplikatzeko tarifak ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen dira.

Erabiltzaile bakoitzak tarifen eranskinean jasotako kuotetako bat ordainduko du kirol instalazioak erabiltzeagatik.

“Hileko”, “hiruhileko”, “seihileko” eta “urteko” kuotek bide ematen dute instalazioak kasuan kasuko aldirako erabiltzeko. Aldi horiek (hilabetea, hiruhilekoa, seihilekoa, urtea) naturalak izanen dira.

“Asteburuak, Eguberriak eta Aste Santua” izeneko kuotek bide ematen dute instalazioak erabiltzeko asteburuetan (urte guztiko larunbat eta igande guztiak); Eguberrietan, abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra, biak barne, eta Aste Santuan, Ostegun Santutik hasita Pazko biharamunera arte, biak barne.

“Hileko”, “hiruhileko”, “seihileko” eta “asteburuak, Eguberriak eta Aste Santua” izeneko kuotak ordainduko dira instalazioak erabili baino lehen.

Kuota ezin izanen da hainbanatu, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen zenbatekoa itzultzeko, ongi justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik; udal administrazioko organo eskudunak baloratuko ditu inguruabarrak eta, bidezkoa bada, gelditzen diren hilabete naturalen zenbatekoa itzuliko du, bajaren data onartzen den hilabetea izan ezik.

7. artikulua. Ez da egun baterako sarrera-txartelik emanen.

8. artikulua. Instalazioak abonamenduaren bitartez erabili nahi dituztenek, Udalak finkatzen duen moduan eta finkatzen dituen baldintzetan eskuratuko dute.

Horretarako, instalazioetan txartel elektronikoaren bidez sartzeko sistema ezarriko da. Txartel horretan agertuko dira erabiltzaileak ordaindutako kuotaren arabera baimenduta dauden egunak, orduak eta sarrerak.

Baja emanez gero, txartel elektronikoa udal bulegoetan utzi beharko du erabiltzaileak.

9. artikulua. Udalak, hala dagokionean, zehaztuko du denboraldiak noiz hasi eta noiz amaituko diren, urtaro bakoitzean instalazioak zein ordutan ireki eta itxiko diren, eta zein egunetan egonen diren itxita.

Oro har, hau izanen da instalazioak erabiltzeko ordutegia:

Astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 22:00etara.

Igandeetan, 9:00etatik 15:00etara.

10. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak eta arduradunei erakutsi eskatutakoan, bestela kanpora bidaliko baitituzte.

11. artikulua. Erabiltzaileek beti errespetatuko dituzte instalazioak erabiltzeko arauak; horiek instalazioak erabiltzeko erregelamenduan bildurik daude eta ikusgai daude haien esparru bakoitzean.

12. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko nahitaez eduki beharko dira ordainduta tarifen eranskinean zehazten diren kuotak.

13. artikulua. Udalaren kiroldegian paserik edo erabiltzeko baimenik gabe sartze hutsa iruzurtzat joko da.

14. artikulua. Udalak urtero zehaztuko du urte bakoitzeko kuoten zenbatekoa.

15. artikulua. Taldeek, bai bertakoek bai kanpokoek, instalazioak erreserbatzeko egin nahi dituzten eskaerak udal bulegoetan aurkeztuko dituzte, erreserbarako eskaeraren edo horretarako prestatutako eskabidearen bitartez.

Tarifen eranskinean ezarritakoa izanen da tasa, kirol motaren batean ofizialki lehiatzeko antolaturiko abonatuen taldeen kasuan izan ezik, haiendako Udalak kuota berezi murriztuak ezarri ahalko baititu.

16. artikulua. Ordenantza honetan arautu gabeko orotan, instalazioak erabiltzeko dagoen araudiari jarraituko zaio.

17. artikulua. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, Ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan agindutakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta erabateko ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

TARIFEN ERANSKINA

Honela finkatu da inskripzio kuota:

1.–14 urtetik 16 urtera bitartekoak: gurasoen, tutoreen edo guraso-ahala dutenen baimenarekin: doan.

2.–16 urtetik gora:

–Hileko kuota: 25,00 euro/hilabetea.

–Hiruhilekoko kuota: 60,00 euro/hiruhilekoa.

–Seihilekoko kuota: 110,00 euro/seihilekoa.

–Urteko kuota: 150,00 euro/urtea.

–Asteburuko, Eguberrietako eta Aste Santuko kuota: 100,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L2003118