59. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

236E/2020 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ukatzen duena Berbintzanako udal-mugartean zerriak gizentzeko dagoen ustiategi baten instalaziorako. Titularra Aitor Lucea Chocarro da.

2019ko maiatzaren 6an, instalazioaren titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratua, zerri kopurua 2184tik 3248ra handitzeko proiekturako. Instalazioa funtzionamenduan dago egun, jarduera sailkatuaren baimen araubidearen menpe.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Nolanahi ere, 2019ko uztailaren 18an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontrako txostena egin zuen, lurzoru urbanizaezineko jarduerari lurralde baimena emateari dagokionez, arrazoi hauengatik:

–Berbintzanako Udal Planaren 2.7.C artikuluak adierazten du abeltzaintza intentsiboari lotutako ustiategi baten eraikinak 15 metroko tartea gorde behar dutela elkarrengandik gutxienez, baina proposatutako nabea 8 metrora dago oraingoetatik.

–Gainera, ikusi da oraingo bi nabeek ere ez dutela gordetzen 15 metroko tartea, bere garaian tramitatutako proiektuan aurreikusi zen gutxieneko tartea alegia, eta, hortaz, ez dituzte betetzen Udal Planeko araudia eta lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko baldintzak. Bi nabe horiek eraiki ziren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 15eko 259E/2015 Ebazpenaren babesean, zeinak aldeko txostena egin baitzuen zerri gizendegiaren jarduera sailkatuaren proiekturako.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean, titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda agertzen da. Alegazioak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak baloratu eta ezetsi ditu emandako erantzunean.

Horiek horrela, bidezkoa da eskatutako ingurumen baimen integratua ukatzea.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan aurreikusitakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ukatzea Berbintzanako udal-mugartean dagoen zerriak gizentzeko ustiategi baten instalaziorako. Helburua da zerri kopurua 2184tik 3248ra handitzea.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau Aitor Lucea Chocarrori, Berbintzanako Udalari, Greenpeace erakundeari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Ingurumen Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2003485