59. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19E/2020 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Zuntz optikoa kanalizatzeko proiektu teknikoa, konexiorako, Cascante eta Murchante artean (Nafarroa)”, Cascanteko udal-mugartean. Sustatzailea Lyntia Networks SAU da.

2019ko azaroaren 22an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuko jarduketaren xedea da lur azpiko kanalizazio bat jartzea, zuntz optikoaren bidez konektatzeko, batetik, N-6830 errepideko (erromatar bidea) 0+165 kp-an dagoen H motako kutxatila eta, bestetik, Murchanteko kanalizazioa NA-6711 errepidean. Horretarako, 2837 metroko zanga bat (15-25 × 70 cm) egitea aurreikusten da, 40 mm-ko diametroko bi hodi edukiko dituena, hondoan hormigoiztatua eta zeharkatzen duen inguruaren arabera estalia. Horrez gain, kablea pasatzeko hainbat kutxatila jarriko dira trazaduran zehar. Kanalizazio berria NA-6830 errepidean barna (erromatar bidea) doa, Cascanteko zeharbidea den tarte batean, eta NA-6711 errepidean barna (Cascante-Murchante).

Espedientean daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Cascanteko Udalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Zuntz optikoa kanalizatzeko proiektu teknikoa, konexiorako, Cascante eta Murchante artean (Nafarroa)” izeneko proiektuari, Cascanteko udal-mugartean. Sustatzailea Lyntia Networks SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Zangak ireki eta ahal den lasterren bete beharko dira, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren. Zanga zabalik gelditzen bada egun batetik bestera, arrapalak jarri beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Kablea kanalizatzearen eta ezartzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Obrak egiten diren bitartean bide zirkulazioa ez dela eteten ziurtatuko da, bitarteko egokiak erabiliz eta/edo langile egokiak horretara jarriz, eta ibilgailuen nahiz oinezkoen sarbideak erabiltzeko moduan mantenduko dira.

–Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat, hirigunetik kanpo mota guztietako hodiak eta kutxatilak errepideko zortasun eremuan kokatuko dira, lehentasunez eremu horretan kanporago dagoen tokian. Haren mugak, zelaitutako eremuaren kanpoko mugari dagokionez, 3 metrotik 8 metrora bitarte egonen dira ukitutako errepideetan.

–Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lanen Zuzendaritza Nagusian.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Cascanteko Udalera, Basozainei (Tuterako Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 2an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2003314