56. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Desjabetzeen Epaimahaiko kideek dietak direla-eta jaso beharreko ordainsariak aldatzen dituena.

Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeak Nafarroako Desjabetzeen Epaimahaiaren eskumenak eta kideak zeintzuk diren arautzen du, lehenago, besteak beste, Hirigintza aprobetxamenduari buruzko presako neurrien 24/1998 Foru Legeak edo Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeak egin zuten bezala. Bileretara joateko eta dietak jasotzeko araubideari dagokionez, erregelamenduzko garapenera jotzen du legeak.

Horrela zegoen ezarrita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 26ko 639/1994 Foru Aginduan, horren bidez ezarri baitziren Nafarroako Desjabetzeen Epaimahaiko kideek bilkuretara joateagatik jaso beharreko dietak eta beren eginkizunetan aritzeagatik izandako gastuen konpentsazioa. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren azaroaren 19ko 379/2013 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren eguneratzeari eta ordainarazpenari buruzko arauak.

Egun, araudiko eta jurisdikzioko aldaketak direla eta, bidezkoa da epaimahaiko kideen ordainsariak berrikustea, aldaketa horiek parte-hartze gehiago eskatzen baitute eta zailagoa egiten baitute txostenak prestatzea, finean hartu beharreko ebazpenen euskarri diren horiek, hain zuzen ere.

Nafarroako Desjabetzeen Epaimahaiko buruak proposatua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak eta Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 126.9 artikuluak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 26ko 639/1994 Foru Aginduan ezarritako ordainsarien araubidea aldatzea. Halaber, berariazko dieta bat ezartzea (150 euro espedienteko) txosten teknikoa, Nafarroako Desjabetzeen Epaimahaiak kasuan kasuko ebazpena emateko oinarritzat hartuko duena, egiteko ardura duen kidearentzat.

Dieta hori bateraezina izanen da bilkuretara joategatik ordaindu beharreko dieta arruntarekin.

2. Ordainsaria urtero eguneratuko da, Nafarroako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketaren arabera.

3. Ordainsariak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko otsailaren 13an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2003231