56. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana. Honen bidez deialdi bat onesten da, Nafarroako toki entitateei 2020an dirulaguntzak emateko, artxibatze sistema propioa abiarazi eta/edo finka dezaten. DDBN identifikazioa: 497503.

Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak 28. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Artxibo Sistemaren parte izateagatik, toki entitateak behartuta daude tratamendu egokia bermatuko duten arau eta prozedurak aplikatzera, beren jardunean sortu edo jasotzen dituzten dokumentuak ekoitzi, kudeatu, antolatu, kontserbatu eta zabaltzean. Betebehar hori zuzenekoa da 15.000 biztanletik gorako udalerrientzat, hau da, foru legearen arabera beren udal artxiboaren zerbitzua antolatzeko gauza direnentzat, eta horregatik ematen zaie antolaketa arloko berariazko eginkizun eta ezaugarri multzo bat (29. artikulua); aldiz, laguntza handiagoa emango die artxibo arloan eskuduna den departamentuak biztanle gutxiagoko toki entitateei (30. artikulua).

Nafarroako Artxibo Sistemako kide diren aldetik, toki entitateek eskubidea dute, aurrekontuko posibilitateen arabera, eta hitzarmen eta laguntza publikoen bidez (11. artikulua), Foru Komunitateko Administraziotik lankidetza jasotzeko honako hauetarako: agiriak kontserbatzea eta zaharberritzea, artxiboko langileen prestakuntza, artxiboen instalazio materialen hobekuntza, dokumentazioa tratatzea fase guztietan, eta teknologia berriak ezartzeko informazioa eta aholkularitza.

Foru agindu honen helburua da epe luzeko prozesu bat abiaraztea, ahalbidetuko duena Nafarroako toki entitateek artxibatze sistema finkatu eta eraginkorrak izatea, bermatuko dutenak toki entitate bakoitzak duen agiri ondarearen gaineko ardura egokia, 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onetsi zituen ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat. Orobat, foru agindu honen helburua da artxibatzeko zerbitzu jardueraren ikusmolde zabala sustatzea, presentzia izanik tramitazio administratiboaren hasieratik beretik, arreta emanez administrazio, informazio edo kultura beharrei.

Horren guztiaren ondorioz, egoki da lankidetza ematea bitarteko ekonomikoz hornitzeko toki entitateek planteatutako ekimenak, horien behar bereziekin bat, helburu dutela artxibatze sistemak araudira egokitzea, artxibatze zerbitzu publiko egonkorrak finkatzeko, batez ere agiri funtsen antolakuntzari eta kudeaketari dagokienez, 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat.

Foru agindu hau zuzen aplikatzearen eta garatzearen ondorioetarako, hau joko da “toki entitate baten artxibatze sistematzat”: erakunde esparru horretan gauzatzea agiriak tratatzeko politika baten definizioa eta aplikazioa, bere baitan hartuko dituena bulegoetatik hasi eta artxibo historikoraino, ulerturik ezen agirien tratamenduari buruzko politika hori, entitate bakoitzak aplikatuko duena, oinarrituko dela, oro har, 50/2016 Foru Aginduan agertzen diren jarraibideetan. Honako honi esaten zaio “toki entitate baten artxibatze sistemarako proiektua”: zehaztutako tratamendu politikaren arabera, toki entitateak aurreikusitako faseen segida zehaztea, oraingo artxiboa egokitzeko 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideetara. Azkenik, “artxibatze programa” honako honi esaten zaio: dirulaguntza eskaeraren xede den jarduketa zehatza, urtebetekoa edo gutxiagokoa, bat etorriko dena artxibatzeko sistemaren proiektuko elementu bat edo batzuk osorik edo partez betetzearekin.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, artxibatze sistema propioa abiaraz eta/edo finka dezaten. Oinarriak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A21002-A2200-7609-332100: Toki entitateen artxiboetarako dirulaguntzak

2020

60.000,00

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

1. Foru agindu honek bide administratiboa amaitzen du, eta haren kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko otsailaren 24an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, artxibatze sistema propioa abiaraz eta/edo finka dezaten

1. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko arauak ezartzea, artxibatze sistemetan inbertsioak egiteko, 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onetsi zituen ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduarekin bat. Helburu orokorrarekin bat, deialdia bi alderditan gauzatzen da:

–Artxibatze sistema propioa edukitzeko proiektuak egitea.

–Toki entitate baten artxibatze sistema baterako proiektu batean txertaturik dauden programak gauzatzea, lagunduko dutenak artxibatze sistema propioa ezartzen eta/edo finkatzen.

1.2. Honako hauek izango dira dirulaguntzaren xede:

1.2.1. Proiektu bat prestatzea toki entitateak artxibatze sistema propioa izateko, non zehaztuko baita agiriak tratatzeko politika berariazko bat eta hura ezartzeko aurreikusitako fase segida bat, egungo egoeraren diagnostikoarekin bat, erreferentziatzat hartuta 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak.

1.2.2. Programa zehatzak gauzatzea, honako alderdi hauek jasoko dituztenak, erreferentziatzat hartuta 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak:

a) Agiri funtsak antolatzea edo berrantolatzea, baita eguneratze lanak egitea ere, lehendik dagoen agirien antolaketari jarraipena emateko eguneratzearen bidez.

b) Artxibatze zerbitzuak mantentzea, hau da, artxiboa kudeatzeko, erabiltzaileei arreta emateko eta bulegoei (baita toki entitate batzuek partekatzen dutenei edo mankomunatuta daukatenei) aholkua emateko lan egonkorra.

c) Deskribapen tresnak (inbentarioak edo katalogoak) sortzea, eguneratzea edo hobetzea, funtsak deskribatzearen bidez, deskribapen tresna informatizatuak lortzeko helburuarekin.

d) Deskribapen tresnak (inbentarioak eta katalogoak) eta sailkapen koadroa egokitzea 50/2016 Foru Aginduko jarraibideetan jasotako formatuetara eta kodetzera.

e) Agiriak ebaluatzeko azterlanak, ulerturik funtsak kontserbatzeko edo ezabatzeko politika orokor baten barnean daudela, Nafarroako toki entitateen dokumentuak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak onetsi zituen ekainaren 14ko 51/2016 Foru Aginduarekin bat.

f) Balio historikoko agiriak edo bolumenak zaharberritzea eta prebentziozko kontserbaziorako ekintzak.

g) Zabalkunde kulturaleko jarduerak, artxiboko agiriei buruz.

h) Artxibatzeko agiriak digitalizatzea, soil-soilik jatorrizko agiria babesteko, inoiz ez haiek ordezteko, betiere agiri funtsa aldez aurretik euskarri informatikoan antolatua eta deskribatua badago. Oro har, digitalizazioaren xedeko agiriak 40 urtetik gorakoak izango dira, baina antzinatasun txikiagoko agiriak digitalizatzeko programa zehatzek ere har ditzakete dirulaguntzak, baldin ebaluatu badira eta kontserbazio iraunkorreko serieen zati badira. Kontserbazio iraunkorreko artxibo digital baten sorrera jasoko dute programek, egoki diren segurtasuneko kopia digitalekin, eta Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren web-orrian argitaratutako agindu teknikoak beteko dituzte.

1.3. Eskaerak ez dira deialdi honen barnean sartuko baldin haien xedeko artxibatze sistemarako proiektuek ez badituzte erreferentziatzat hartzen 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak.

Oro har, proiektuak kanpoan geldituko dira baldin sarturik ez badaude toki entitatearen artxibatze sistemarako proiektu batean, edo hartan sartzeko konpromisorik ez badute, halako moduz non bermatuko den mantenduko direla agiri funtsak antolatzeko, kontrolatzeko eta kontserbatzeko gutxieneko baldintzak, baita horiek ikustekoak ere, orain eta etorkizunean, 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat.

2. Entitate onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, halakotzat harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan deskribatutakoak.

2.2. Nafarroako Foru Komunitateko udalez gaindiko entitateen kasuan, onuradunak izan daitezke baldin laguntza eskatzen badute udalez gaindiko edo mankomunatutako proiektuak edo programak egiteko.

2.3. Entitate eskatzaile guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2.4. Oraindik artxibatzeko sistemarako proiekturik izan gabe programa baten onuradun diren toki entitateek frogatu beharko dute proiektua zehazteko konpromisoa, baita dirulaguntzaren xede den programa operatiboa izatekoa ere.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektu edo programaren gastuen %40 finantzatzeko behar dena izango da (BEZa barne). Aplikatu beharreko BEZa deialdia argitaratzen den egunean indarra duena izango da. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko laguntza 5.000 eurokoa izango da. Eskaeraren xedea baldin bada arriskuan den agiri-ondarean aplikatu beharreko proiektu bat, dirulaguntzaren zenbatekoa handitzen ahalko da, %60 arte, betiere behar bezala justifikatzen bada eta ezarritako gehieneko laguntza gainditzen ez bada (5.000 euro).

3.2. Toki entitate onuradunen batek laguntzari uko egiten badio edo, edozein arrazoirengatik, hasiera batean emandako diru kopuruak askatzen badira, kopuru hori dirulaguntzarik lortu ez duten toki entitateei ematen ahalko zaie, deialdi honen 7. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aurrekontu guztia banatu arte, betiere 3.1 oinarrian onuradun bakoitzeko ezarritako diru-muga gainditu gabe. Kasu horretan, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak aukera horren berri emango die interesdunei, dirulaguntzaren proposamena eskura dezaten hamar egun balioduneko gehieneko epean. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Vianako Printzea-Kulturako zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du eta jakinarazi eginen da.

3.3. Eskaera batzuen azken puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, berdinketa biztanle-kopuruaren arabera ebatziko da, lehentasuna emanez biztanle-kopuru txikiena daukaten toki entitateei.

4. Aurrekontuko zuzkidura.

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren 2020ko ekitaldirako luzatutako gastu aurrekontuko “Toki entitateen artxiboetarako dirulaguntzak” izeneko A21002 A2200 7609 332100 partidaren kargura finantzatuko dira deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak, 60.000 euroko mugarekin, gehienez.

5. Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Laguntza hauekin loturik, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki egingo dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko (DEH) bat izatea.

5.3. Laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa izango da eskaera, eta, harekin batera, deialdi honetan parte hartzen duten toki entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Aurkezten den proiektuaren edo programaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu zehaztuak (BEZa barne) eta justifikazioa jasotzen dituen memoria xehatua. Memoriak xehetasunez azalduko du zein den hasierako egoera. Deialdiaren 1.2.2 a) apartatuan biltzen diren programak betearazteko eskaeretan, azaldu beharko da, laburki, antolaketa-lana den (lehen esku-hartzea), berrantolaketa bat den (lehendik dagoen antolamendua erreferentziazko araudiak definitzen dituen irizpideetara egokitzea, bere deskribapenarekin), edo gaurkotze bat den (artxiboa eguneratzeko jarduketa planifikatua, aldez aurretik izan den esku-hartze egoki batetik abiaturik).

Digitalizazio proiektuen kasuan, digitalizatu beharreko liburu edo espedienteak banan-banan eta argi identifikatuko dira, bakoitzaren izenburua, data zaharrena eta berriena eta serie dokumentala adierazita, bai eta jakinaraziz ere serie osoak diren edo serie baten zatia, hasitako edo jarraitu beharreko proiektu baten jarraipena direlako, eta aurreikuspenen arabera lortuko diren irudien kopurua.

b) Artxibatzeko lokalak deskribatzea, eta agiri funtsak identifikatzea, baita toki entitatearen artxiboan kontserbatzen diren deskribapen tresnak ere.

c) Eskaeraren xede diren artxibo lanak zer lantalderi edo enpresari esleitu behar zaizkion, bertako langileek horiek gauzatzeko prestakuntza teknikoa edo profesionala dutela frogatzea.

d) Beste edozein informazio osagarri, baita argazkiak ere, baldin eskatzailearen ustez eskaera justifikatzeko balio badu.

e) Dirulaguntzaren xede den proiektua edo programa, behin zehazturik edo gauzaturik, operatibo mantentzeko konpromisoa frogatzea.

f) Entitate eskatzailearen adostasuna, eskaera aurkezteak bere baitan duela ulertuta, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzan Ogasunean eta Gizarte Segurantzan, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateaz, baita behar den beste edozein ere.

g) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena ea eskatu edo/eta jaso ote den deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik, horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.

5.4. Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta 2020an egiten direnak, 10. oinarrian diruz lagundutako lanak amaitzeko ezartzen den datara bitarte. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Artxiboko funtsei buruzko ikerketa historikoa.

b) Agirien transkripzioa.

c) Artxiborako lokalak egokitzeko edo hobetzeko obrak edo azpiegitura (apalategiak) eskuratzea.

d) Irudiak hartzeko edo agiriak erreproduzitzeko ekipamendu informatikoa, aplikazio informatikoa edo ekipoak eskuratzea.

e) Kutxak, karpetatxoak, etiketa itsasgarriak, usb memoriak/disko gogorrak, argazkietarako gutun-azalak eta abar, bai eta antzeko beste material batzuk ere.

7. Laguntzak emateko prozedura eta adjudikazio irizpideak.

7.1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emango dira, oinarri honetan azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun ordenari jarraikiz, 3. oinarrian ezarritako mugekin.

7.2. Puntuazio handienetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

7.2.1. Proposamenaren kalitatea. Irizpide honengatik balorazio osoaren 40 puntu emango dira gehienez, eta balorazio elementu hauek hartuko dira kontuan:

–40 puntu gehienez, oinarri hauen 1.2.1 ataleko zehaztapenak dituen artxibatze sistemarako proiektu bat prestatzeko proposamenetarako (diagnostikoa, politika eta ezarpen faseen aurreikuspena), 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen arabera.

–40 puntu gehienez, oinarri hauen 1.2.2 atalean jasotako programa zehatzen proposamenetarako, 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen arabera. Balio hauen arabera puntuatuko dira:

–Proposamenaren egokitasun maila 50/2016 Foru Aginduarekiko (20 puntu gehienez ere).

–Abiapuntuko egoeraren azalpen argi eta zabala, hasierako balorazioa eta egin beharreko lanak barne (5 puntu gehienez ere).

–Jarraikortasuna. Irizpide hau 2018ko eta 2019ko dirulaguntza deialdietan emandako programa proposamenetara mugatuko da, aurrekoez beste toki entitate batzuk onuradun izan daitezen (15 puntu).

7.2.2. Biztanleria, 15.000 biztanleren mugaren arabera. Irizpide honi puntuazio osoaren 30 puntu dagozkio. Populazio tasa txikieneko toki entitateek aurkeztutako proiektu edo programei emango zaie puntuazio handiena, balio hauen arabera:

500 biztanle edo gutxiago

30 puntu

501 eta 1.000 biztanle bitarte

20 puntu

1.001 eta 2.000 biztanle bitarte

15 puntu

2.001 eta 5.000 biztanle bitarte

10 puntu

5.001 eta 14.999 biztanle bitarte

5 puntu

7.2.3. Toki entitateen arteko elkarlana. Irizpide honi puntuazio osoaren 20 puntu dagozkio. Puntuazio handiagoa emango da baldin proiektu edo programa batek berarekin badakar toki entitate zenbaiten artxibatze zerbitzuen elkarlana. Balio hauen arabera puntuatuko dira:

–Toki entitate baten kontzejuetarako proiektu edo programen proposamenetarako, 5 puntu gehienez.

–Toki entitate desberdinen bi artxibo zerbitzuk parte hartzen duten proiektu edo programen proposamenetarako, 10 puntu gehienez.

–Toki entitateen hiru artxibo zerbitzu edo gehiago barne hartzen dituzten mankomunitateen edo udalez gaindiko entitateen proiektu edo programen proposamenetarako, 20 puntu gehienez.

7.2.4. Arriskuaren kalifikazioa. Irizpide honi puntuazio osoaren 10 puntu dagozkio. Arrisku handieneko kontserbazio-egoeran dagoen agiri ondarean aplikatu beharreko programei puntuazio handiagoa emango zaie, eta, betiere, 5.3 oinarrian jasotako memorian proposatzen diren soluzioak 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen araberakoak izango dira. Balio hauen arabera puntuatuko dira:

Arrisku handia

10 puntu

Arrisku ertaina

5 puntu

Arriskurik gabe

0 puntu

8. Deialdiaren ebazpena.

8.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak txosten justifikatua emango du eskaera bakoitzari emandako puntuazioez.

8.2. Zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak ebazpen proposamena egingo du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako diru-mugak direla kausa deialditik kanpora gelditzen direnekin.

8.3. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira gehienez ere bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.4. Dirulaguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios

Halaber, horren berri emanen zaio eskatzaile bakoitzari, hark emandako gaitutako helbide elektronikoaren (DEH) bidez.

Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.5. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, interesdunek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, noiznahi ere isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, administrazio prozedurari buruzko legediari jarraikiz. Horrek ez du alde batera uzten, kasua bada, Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek betebehar hauek izango dituzte:

9.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari idatziz komunikatzea dirulaguntza onartu dela. Hala, baldin dirulaguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamabost eguneko epean onuraduna den toki entitateak ez badu berariaz hura onartzen, ulertuko da ezetsi egin dela.

9.2. Dirulaguntzaren xede diren programa eta/edo proiektuak egiteko bakarrik erabiltzea laguntza.

Ondorio horietarako, entitate onuradunak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari komunikatu beharko dio programetan eta/edo proiektuetan gertatzen den gorabehera oro, gertatzen den unean berean, baldin horiek aldaketa ekartzen badute. Dirulaguntza jasotzen duten jardueretan edo haien kostuan edozein aldaketa egiteko, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emango du baldin eta aldaketak ez baditu funtsean aldatzen diruz lagundutako jarduerak.

9.3. Jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako programetan, proiektuetan, agirietan edo iragarkietan.

9.4. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.5. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

9.6. Organo emaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere.

9.7. Onuradunek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

10. Ordainketa egiteko modua eta epea.

Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, eta, diruz lagundutako lanak behin bukaturik, aldez aurretik honako agiri hauek bidali behar dira telematikoki 2020ko abenduaren 15a baino lehen:

a) Dirulaguntza jaso duen programa eta/edo proiektu bakoitzaren xedea betetzearen justifikazio-memoria xehea. Digitalizazio memorien kasuan, tratamenduaren xede izan diren liburuak edo espedienteak xehetasunez azalduko dira, haien izenburuak eta data zaharrena eta berriena, bai eta haietako bakoitzean lortutako irudi kopuru osoa ere. Dirulaguntza eskatzeko aurkeztutako memorian azaldutako helburuak noraino bete diren adieraziko da halaber, eta gertatu diren gorabeherak, baldin badaude.

b) Dirulaguntza jaso duen programa bakoitza gauzatzean sortu diren material zientifikoak eta teknikoak (datu baseen kopiak, irudi fitxategien kopiak, zaharberritze txostenak, digitalizazio txostenak, eta abar). Haien formatuak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren menpeko informazio sistemetan txertatzeko modukoak izango dira, eta, horretarako, harekin harremana izango da.

c) Egindako gastuaren fakturak edo horien kopia konpultsatuak.

d) Faktura horiek ordaindu izanaren frogagiriak.

11. Diruz lagundutako programen jarraipena.

Dirulaguntza jaso duten programen gauzatzea ikuskatzen ahalko du Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak, bai zuzenean bai berari atxikitako teknikarien bidez, eta, ondorio horietarako, lanak egiten diren tokietara sartzen ahalko dira, eta komenigarritzat jotzen duen informazio guztia eskatzen ahalko du.

12. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

12.1. Deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, bat etorriz foru lege horren 5.1.b) artikuluarekin. Aipatutako foru legearen bidez, arautu ziren Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak.

12.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek baldintzak bete beharko dituzte, maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritakoak eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak. Aipatutako foru aginduaren bidez, onetsi zen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

13. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Aplikatzekoa izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikulua.

14. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

Onuradunak behar bezala justifikatu ezean onartutako programa gauzatu dela, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasunaren irizpideari jarraikiz, aipatutako 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino bete diren dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15. Arau hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak).

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16. Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

17. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F2003001