56. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, Zuzenbideko lizentziadunen lanpostu bat bete dadin lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez (A maila)

Alkatetzak martxoaren 3an emandako 415/2020 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdi bat eta haren oinarriak, Zuzenbideko lizentziadunen lanpostu bat bete dadin (A maila), Tuterako Udalaren zerbitzukoa, lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez.

Lekualdatze lehiaketa gauzatuko da bat etorriz aplikatu beharreko araudiarekin eta honako oinarri hauekin:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da bete dadila Zuzenbideko lizentziadunen lanpostu huts bat, Tuterako Udalaren zerbitzukoa, lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez; kode hau du plantilla organikoan: 0512A05301.

Deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizuna izanen da ardura hartzea bere eskumeneko eremuari dagokion aholkularitza juridikoaz, azterlanez eta txostenez; honako hauek dira eginkizunetako zenbait adibide:

–Aholkularitza juridikoa ematea Tuterako Udalbatzari.

–Txosten juridikoak egitea, arlo juridiko eta administratiboan behar direnak.

–Espedienteak tramitatzea, behar den ebazpen proposamenarekin, kasua bada; laguntza ematea irizpenak eta proposamenak egiteko (Tokiko Gobernu Batzordeko Zinegotzigoarenak), gero organo eskudunei igortzeko, alkatea barne.

–Bere jarduera profesionalagatik dagozkion azterlanak eta lanak egitea.

–Bere eskumeneko eremuari lotutako diziplinako espedienteak instruitzea, eta horien ebazpen proposamena egitea.

–Aztertzea eta ezagutzea bere eskumeneko eremuari dagozkion legezko xedapenak, araudia, eta abar, garaiz eta eguneraturik, eta ardura hartzea horiek ezagutarazteko arduradun politikoei, teknikoei eta interesdunei, oro har.

–Udal langileei aholkularitza ematea alderdi juridikoez eta administrazio prozeduraz.

–Udala ordezkatzea eta defendatzea, Udalak hasitako auzietan, bai eta Udalaren kontra jarritakoetan ere, indarrean den araudiari jarraikiz, eta, bereziki, Botere Judizialaren Lege Organikoan xedatuari jarraikiz.

–Beste edozein eginkizun, bat datorrena lanpostuaren helburuarekin, mailarekin eta berezko eskumenekin.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Honako arau hauek beteko dira lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua (foru lege horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak eta jarraian adierazten diren oinarriak.

3.–Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostuen kopurua gero handitzen ahalko da: epaimahaiak deialdia egin duen organoari igortzen dionean lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, gehitu daitezke egun horretan hutsik dauden lanpostuak.

4.–Betebeharrak.

Indarreko araudian xedatuaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko bete behar dira ondoko betebeharrak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Tuterako Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) A mailan edo taldean egotea, betebehar gisa Zuzenbideko lizentzia zeukan lanpostu batean (edo titulazio baliokidea nahitaezkoa zeukan batean).

Orobat, deialdian parte hartu ahal izanen dute, baldin baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoeran gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, lanpostu baten behin betiko esleipena lorturik.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5.–Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek jasoko dituzte indarreko xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak eta Udalaren plantilla organikoan aurreikusitakoak.

6.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

a) Eskabideak erregistratu beharko dira Herritarrentzako Laguntza Zerbitzuan (Plaza Vieja 1) edo Frontón kaleko 1eko bulegoetan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (39/2015 Legea, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), hamabost egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honetan argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

b) Eskabidearekin batera, aurkeztuko dira alegatzen diren merezimendu guztien frogagiri egiaztatuak (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), salbu administrazio publikoetan egindako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

7.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Tuterako alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila. Orobat, ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Tuterako alkateak ebazpena emanen du adierazteko lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, alkateak onartuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

8.–Epaimahaiko kideak.

Lehiaketaren epaimahaian hauek izanen dira:

Epaimahaiburua: Anichu Agüera Angulo, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Epaiahaikide-idazkaria: José Luis Zardoya Molinos, Udalaren Ur Batzordearen aholkulari juridikoa.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: José I. Villafranca Galindo, Zuzenbideko lizentziaduna.

Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost egunean.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak biltzen ahal ditu lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko, eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

9.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak honako baremo honen arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:

a) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez ere.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez ere.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Deialdiko 5.b) oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatuko eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, aurkezten duenean lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea, eta horretarako jatorrizko agiriak edo kopia egiaztatuak erabiliko ditu. Salbuespen bakarra izanen dira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, organo deitzaileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez ere.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, baloratuko da norbera nola egokitzen zaien deialdiko lanpostuaren izaerari eta ezaugarriei. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

d) Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz: 25 puntu gehienez, eta baztergarria izanen da; beraz, gutxienez ere 12,50 puntu atera behar dira hura gainditzeko.

Lanpostuaren gaineko proba praktikoa gainditzen duten izangaien puntuazioa gehituko zaio lehiaketako ataletan lortutakoari, jakiteko zenbatekoa den guztira izangai bakoitzaren puntuazioa.

Lehiaketako elementuak baloratu ondoren, epaimahaiak Tuterako Udaleko iragarki-taulan paratuko ditu parte-hartzaileen puntuazioak, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.

Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

10.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Tuterako Udaleko iragarki-taulan, eta Tuterako Udaleko alkate udalburuari igorriko dio lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoan, epaimahaiak deialdia egin duen organoari proposamena eginen dio, eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu duten izangaiak izendatzeko, hain zuzen ere deitutako lanpostu kopurua betetzeko adina, barnean direla aurreko paragrafoak aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.

11.–Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta aginduko du esleipen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Esleipen hartzaile diren lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, salbu deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen badu ebazpen horretan.

12.–Aurkeztutako dokumentazioa.

Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik paratzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori hasiko da esleipenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera.

Baldin aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak eraman gabe, ulertuko da izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko dagokion epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik. Aldez aurretik, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Horretaz gain, epaimahaiaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzenduta, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

Tuteran, 2020ko otsailaren 21ean.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, deialdian eskatzen den maila/talde eta titulazioko lanpostuan: urte bakoitzeko 1,50 puntu.

2. Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan: urte bakoitzeko 0,37 puntu.

b) Prestakuntza, irakasle eta ikerketa lana eta beste merezimendu batzuk:

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

2. Txostenak edo komunikazioak aurkeztea biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

4. Titulu eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutako mailakoak ez direnak: gehienez ere, 4 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioaren gainean: gehienez ere 2 puntu.

6. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak:

a) apartatua:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Honako a) letra honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

b.1) atala:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo balidaturik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea baloratuko da puntuazio berberarekin. Horien artean, espresuki, sartuko dira sindikatuek antolatu dituztenak, administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean.

5. Ez dira atal honetan baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatekoak ez direnak.

Oharrak b) atal guztirako:

1. Atal honetan, merezimenduak baloratuko dira soilik baldin zuzeneko zerikusirik badute deialdiko lanpostuarekin.

2. Gehienez ere 25 puntukoa izanen da b) atalaren puntuazioa.

Iragarkiaren kodea: L2003643