56. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

151/2020 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira “Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zaraten mapa estrategikoak (3. fasea)”.

Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 162/2019 Ebazpenaren bidez, “Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zaraten mapa estrategikoak (3. fasea)” jendaurrean egon ziren hilabeteko epean, Europako legedian (2002/49/EE Zuzentaraua) eta Estatuko antolamendu juridikorako transposizioan (Zaratari buruzko 37/2003 Legea eta hura garatzen duten 1513/2005 eta 1367/2007 Errege Dekretuak) xedatutakoari jarraikiz.

Jendaurreko aldia bukaturik, alegazio batzuk jaso dira. Hona hemen alegazioen edukia eta horiei emandako erantzunak:

1. alegazioa, Jorge Pascual del Río jaunak aurkeztua.

Beharrezkoa jotzen du AP-15aren ikerketa tartea handitzea Artederretako gainatik Puiuraino, gutxienez, eta zehazki Garinoaingo tartea. Gainera, beste zarata iturri batzuk daude herri horretan: trenbidea eta N-121 errepidea. Biak ala biak ikerketan sartu beharko lirateke.

Erantzuna:

Errepide tarte horretatik egunean igarotzen diren ibilgailuen batez besteko kopuruari erreparatu ondoren, egiaztatu da urtean hiru milioitik gorakoa dela. Horrenbestez, eskaera onartu da, eta AP-15 errepidea zarataren mapa estrategikoen azterlanean sartuko da, 5+030 kilometro puntutik 68+490 kilometro punturaino.

Trenbideari eta N-121 errepideari dagokienez, ez dira azterlan honen xede, horietan ez baita trafikoaren gutxieneko intentsitatera iristen.

2. alegazioa, María Isabel Azanza Ocáriz andreak aurkeztua, Garesko Udaleko ordezkari den aldetik.

Alegazioak dokumentu zabal bat dakar, herri horretako Udal Plan Orokorraren (UPO) eta bertan egindako azterlan akustikoaren laburpenak biltzen dituena, bai eta eranskinak dituen CD bat ere. Eskatzen du:

1. Berrikus dadila UPO berrian dagoen soinuen zonifikazioren planoan identifikatutako bizitegi eremuen gaineko eragina, eta har daitezela behar diren neurriak, kalitate helburuen ukipenak eta ez betetzeak ikusita.

Erantzuna:

Garesko UPOaren ingurumen ebaluazioak agerian utzi zituen A-12 autobidetik eratorritako ukipen akustikoak. Udal mailan egindako zaratari buruzko azterlanaren ondorioz, bizitegietarako proposamena murriztu zen errepide horren inguruan (bizitegi-sektore bat kendu zen).

UPOren IOAren azalpen zatian (361E/2018 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Garesko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Sustatzailea Garesko Udala da) honako hau jasotzen da:

“... Gune horietako lurralde ukipen nagusiei dagokienez, zarata da aipagarriena iparraldean, eta Robo ibaiaren ingurukoan, berriz, uholde-arriskua.”

“... Bestalde, A-12 autobidearekiko hurbiltasuna dela eta, gune horren antolakuntza egiteko baldintzak ezartzeko garaian kontuan hartu beharreko kontu garrantzitsuenetako bat zarata aztertzea eta ebaluatzea da. Ukipen akustikoei buruz eginiko txostenei (2013ko irailaren 20an, 2016ko martxoaren 6an eta 2017ko otsailaren 13an egindakoak) erantzuteko, autobiaren aldamenean dagoen 2-BS bizitegi sektoreak lurzoru urbanizagarri izateari utziko dio. 3-BS eta 4-BS sektoreen kasuan, bi sektoreak hartzen dituen proiektu akustiko bat eginen da. Proiektu horretan, kalitate akustikoari loturiko helburuak beteko direla bermatuko duten neurriak aztertu eta ezarriko dira, eta Ekintza Plan bat gehituko du. Alderdi horiek Hirigintza Araudi Partikularrean araututa daude (20. artikuluan). Neurri akustikoak aplikatzeko ardurari dagokionez, araudi horretan gastuen banaketa bat ezarri da; baina banaketa hori ez da bidezkoa, ukitutako sektoreetako sustatzaileei baitagokie ardura hori beren gain hartzea”.

Horrenbestez, alegazioa onartzen da, eta ondorioz UPO berrian dagoeneko aplikatzen diren ingurumen adierazpenaren ondorioak zaratari buruzko mapa estrategikoan sartuko dira.

2. Ikusirik A-12 autobideak lehendik urbanizagarri gisa sailkaturik dauden lurzoruetan izan duen ukipena, eta kontuan harturik indarrean dagoen plan orokorraren ahultasun juridikoko egoera, Nafarroako Gobernuak susta dezala aipatu herriko plan orokorraren aldaketa puntual bat, bertan sartzeko A-12ren ukipen akustikoaren zuzenketa eta konpentsazio neurriak gauzatzeak dakarren ondorio ekonomikoa eta Foru Administrazioak hartzen dituen kostuen onarpena.

Erantzuna:

Garesko Udal Plan Orokorraren espedientean (0009-OT03-2012-000010) Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 2018an egindako txosten bat dago, eta zaratari dagokionez honako hau ondorioztatzen du:

“Horrenbestez, nahiz eta 6. eta 7. simulazioetan planoetako hesien altuerak eta aurkeztutako azterlan akustikoan ageri direnak bat ez datozen, zerbitzu honek, bere eskumenei dagokienez, uste du, proposatutako hirigintza-garapen berrietan kalitate akustikoari buruzko helburuak bete daitezen, aipatu garapenen sustatzaile berriak direla horretarako behar diren neurri zuzentzaileak hartu behar dituztenak. Neurri horien bidez, A-12 autobideak hiri lurzoru gisa sailkaturiko eremuan eragiten dituen ukipen akustiko txikiak ezabatzen ahalko dira.

Bestalde, neurri zuzentzaile horiek behar bezala definituta egon beharko dira (mota, altuera, kalkulua, kokapena, etab.) sektore desberdinetako garapen plan partzial bakoitzean eta kasuan kasuko urbanizazio proiektuetan, eta dagokion baimena eskatu beharko zaio Herri Lan Zuzendaritza Nagusi honi, betiere errepideetako bideen jabari publikoari eragiten bazaio. Arga ibaiaren gaineko zubian zarataren kontrako pantailak jartzea beharrezkoa balitz, hartutako konponbidearen bideragarritasun teknikoa justifikatzen duen dokumentazioa sartu beharko da. Izan ere, egiaztatu beharra dago zubiaren egiturak haren gainean pantailak jartzean aurreikusten den karga birbanaketari eusten dion. Horrela ez bada, ezin izanen da baimena eman horiek jartzeko.”

Horrenbestez, alegazioa ez da onartzen, kostuak banatzea ez baitagokio UPOari.

3. Eskatu du zortasun akustikoaren zonen mugaketa UPOari buruzko dokumentazioan sartzeko, behin zaraten mapa estrategikoak onetsi ondotik, eta UPOan dagoeneko finkatu diren neurriak berrikus eta osa daitezela.

Ez da alegazioa onartzen, UPOa aldatzea ez delako beharrezkoa zarataren mapa estrategikoetan ezartzen dena kontuan hartzeko.

3. alegazioa, Altsasuko Udalak aurkeztua.

Bizitegietarako lurzoru urbanizagarriko bi sektore aipatzen ditu (1. sektorea: Zelandi; 5. sektorea: Lezalde). Bietako bakar batean ere ez da urbanizazioa exekutatu oraindik. Berez ez dira zarataren mapa estrategikoei buruzko alegazioak, aipatu diren lurren egoeraren gaineko zenbait galdera baizik.

1. Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 2. artikulua aplikatuz, (dekretu horrek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen du zona akustikoei, kalitate helburuei eta zarata emisioei dagokienez), zehaztu dadila lur horiek eremu urbanizatutzat edo lehendik dauden eremu urbanizatutzat hartu behar diren.

Erantzuna:

5. sektorea, Lezalde, lehendik dagoen eremu urbanizatutzat hartuko da, haren antolamendua 2007ko urriaren 24a baino lehenagokoa baita. Egun horretan sartu zen indarrean urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua.

1. sektorea, Zelandi, ez da lehendik dagoen eremu urbanizatutzat hartzen, haren antolamendua urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak indarra hartu ondoren egin baitzen.

2. Lehendik dauden eremu urbanizatuetan, posible al da zuzkidura-eremuak eragin akustiko gehien duten tokietan izatea eta etxebizitzak, aldiz, eragin gutxienekoetan?

Erantzuna:

Eremu akustikoen mugaketa edo zonifikazio akustikoa egiten da 1367/2007 Errege Dekretuaren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuz eta erabilera nagusiaren arabera, berdeguneak eta parkeak barne, besteak beste.

Sektore zehatz baten antolamenduak berak eragina izan dezake eremu osoaren ukipen akustikoen intentsitatean. Horrela zehazten ahal da antolamendu horrek, zarata iturritik hurbilen dauden eremuetan proposatzen badira kalitate akustikoko eskakizun gutxiago dituzten eraikuntzako erabilpen edo elementuak, analisi bat beharko ote duen, antolamenduak berak eremu osoaren konfort akustikoan nola eragiten duen jakiteko.

3. Aipatu lurzoruak lehendik (zaraten mapak tramitatu aurretik onetsitako plan batetik) datozen eremu urbanizatutzat hartu badira, halakotzat ere hartuko al lirateke udal plana etorkizunean berrikusi edo aldatuko balitz, lurzoruek garatu gabe jarraitzen badute?

Erantzuna:

Lurzoru bat lehendik dagoen eremu urbanizatutzat hartu behar den ala ez, zaratari buruz indarra duen legerian oinarrituta aplikatutako irizpideen arabera egiten da. Horren ondorioz, plana berrikustea edo aldatzea, eta lurzoru horien hirigintza-sailkapena (hiri-lurzoruak, urbanizagarriak, urbanizaezinak) udalari buruzko ikuspegi orokor batetik eginen da, eta ez soilik alde akustikoari erreparatuz.

Horrenbestez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak egindako txostenarekin eta proposatu duenarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak xedatzen duenarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. “Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zaraten mapa estrategikoak (3. fasea)” direlakoen jendaurreko epea ebaztea, azalpen zatian adierazi bezala.

2. Behin betiko onestea “Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zaraten mapa estrategikoak (3. fasea)”.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuaren web-orrian argitaratzea, eta dagokion iragarkia bidaltzea Foru Komunitatean hedapen handiena duten egunkarietako bitara.

4. Ebazpen hau igortzea alegatzaileei eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute haren aurka, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, ebazpen honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko martxoaren 2an.–Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Pedro Andrés López Vera.

Iragarkiaren kodea: F2003235