56. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

5/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura garatzen duena bulegoen mailan.

ATARIKOA

Urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa; orain, berriz, departamentu horren egitura eta eginkizunak osatu eta egokitu behar dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango kontseilariaren foru agindua beharko dela.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiak behar diren txostenak egin dituzte.

Horregatik, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko kontseilari gisa dagozkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut:

I. KAPITULUA

Xedea eta egitura orokorra

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura eta eginkizunak garatzea bulegoen mailan.

2. artikulua. Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren egituran daude:

–Europako Proiektuen eta Lankidetzaren Bulegoa, zuzendaritza nagusi horri atxikita.

3. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Justizia Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran, atxikipen hauekin:

Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuan:

–Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoa, Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atalari atxikia.

Azpiegitura Judizialen Zerbitzuan:

–Hornidura Bulegoa, zerbitzu horri atxikita.

–Mantentze-lanen Bulegoa, zerbitzu horri atxikita.

–Zerbitzu Orokorren Bulegoa, Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalari atxikita.

–Artxibo Judizialaren Bulegoa, Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalari atxikita.

Justiziako Gizarte Zerbitzuan:

–Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa, zerbitzu horri atxikita.

–Doako Justiziaren Bulegoa, zerbitzu horri atxikita.

–Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoa, Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalari atxikita.

–Epaitegien arteko Bitartekaritza Bulegoa, Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalari atxikita.

II. KAPITULUA

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia

4. artikulua. Europako Proiektuen eta Lankidetzaren Bulegoa.

Europako Proiektuen eta Lankidetzaren Bulegoa Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuarekin lotura duten politika eta programa komunitarioen jarraipena.

b) Nafarroako Gobernua partaide duten Europako egituren zerrenda eta jarraipena arlo hauetan: migrazioak, asiloa edo aterpea, kulturen arteko elkarbizitza eta arrazakeriaren kontrako borroka.

c) Harremanak izatea, Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorrarekin eta Nafarroako Gobernuko Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuarekin.

d) Identifikatzea, batetik, lehentasuneko ildoak Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren intereseko gaietan eta, bestetik, proiektuetarako aukerak.

e) Proposamenak definitu eta prestatzea eta proiektuak dinamizatzea Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren arlo estrategikoetan baliabideak bereganatzeko.

f) Baliabide publikoak kudeatzea Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako proiektuen finantzaketarako.

g) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia partaide duten Europako proiektuen jarraipena eta kontrola egitea.

h) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren intereseko eta jardun eremuko arloetan Espainian eta nazioartean dauden sareetan parte hartzea eta haien jarraipena egitea.

III. KAPITULUA

Justizia Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzua

5. artikulua. Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoa.

Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoa Justizia Administrazioko Langileriaren Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Justizia Administrazioko langileen ohiko kudeaketa, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekin bat.

b) Nafarroako Justizia Administrazioko eta Justizia Zuzendaritza Nagusiko langileen datu-baseak mantentzea eta eguneratzea, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko unitate organikoekin koordinatuta.

c) Sostengu administratiboa ematea antolaketa judizialaren eredu berria ezartzeko.

d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Azpiegitura Judizialen Zerbitzua

6. artikulua. Hornidura Bulegoa.

Hornidura Bulegoa Azpiegitura Judizialen Zerbitzuari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Justizia Administrazioaren material suntsikorraren, altzarien eta bulegoko materialaren hornidurak bideratu eta kontrolatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erosketa zentralizatuetarako dituen organoen bitartez.

b) Horniduretako materialaren entrega kudeatzea eta haren jarraipena eta kontrola egitea.

c) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

7. artikulua. Mantentze-lanen Bulegoa.

Mantentze-lanen Bulegoa Azpiegitura Judizialen Zerbitzuari atxikita dago, eta eginkizun hauek ditu:

a) Eraikin judizialetako instalazio eta ekipoen funtzionamendu egokia begiratzea, oreka geografikoa bilatuz bitartekoen eta giza baliabideen banaketari dagokionez; horretarako, beste departamentu batzuetako unitateen laguntza jasoko du, baliabideak zentzuz erabiltzeko.

b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

8. artikulua. Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoa.

Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoa Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Jendeari arreta eta argibideak ematea, dela zuzenean, dela telefonoz, dela agiri bidez.

b) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren posta eta paketeak jaso, banatu eta sailkatzearekin loturiko lan guztiak.

c) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren paperak eta liburuak jaso eta banatzea eta Artxibo Judizialari laguntzea gaien banaketa eta funts bibliografikoen mailegua egiten organo judizialei eta Fiskaltzari.

d) Garbitze eta mantentze-lanetan laguntzea.

e) Ate eta leihoak kontrolatzea eta organo judizialen bulegoetako sarrerak irekitzea.

f) Justizia Auzitegian sartzen diren pertsonak egiaztatzea eta nortasun agiriak eskaneatzea.

g) Beharrezkoa denean, Justizia Auzitegian sartzen diren pertsonei lagun egitea.

h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

9. artikulua. Artxibo Judizialaren Bulegoa.

Artxibo Judizialaren Bulegoa Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Artxibo Judizialeko dokumentazioaren erregistro, artxibo, zaintza eta kontserbazio lanak gainbegiratzea.

b) Agiriak sortu edo eskatzen dituzten organo judizial baimenduei bermatzea espedienteak lokalizaturik eta eskuragarri daudela, eta, orobat, ikusteko, maileguan hartzeko edo kontsultatzeko moduan.

c) Nafarroako Agiri Judizialak Suntsitzeko Batzordearekin kolaboratzea.

d) Nafarroako organo judizialetan administrazio elektronikoa garatzen laguntzea.

e) Artxibo digitalen ezarpenean laguntzea.

f) Organo judizialei eta Fiskaltzari ematen zaizkien funts bibliografikoaren mailegu zerbitzuari eta informazio buletinen harpidetzari dagozkion lanak betetzea.

g) Artxiboari buruzko dibulgazio eta prestakuntza ekintzak proposatu eta antolatzea.

h) Bulegoaren eginkizunei buruzko txosten teknikoak egitea.

i) Bere eremuari atxikitako langileen lanak gainbegiratzea.

j) Jardueren memoria prestatzea.

k) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. ATALA

Justiziako Gizarte Zerbitzua

10. artikulua. Doako Justiziaren Bulegoa.

Doako Justiziaren Bulegoak, Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari sostengu administratiboa ematea.

b) Doako justizia onartzeko ebazpenak interesdunei eta organo eskudunei igortzea.

c) Ukitutako lanbide elkargoen fakturazioaren gainean ebaztea.

d) Justiziako prestazioen gaineko aholkuak ematea herritarrei eta profesionalei.

e) Zerbitzuak edo Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkion guztiak.

11. artikulua. Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa.

Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako organo judizialek eskatzen dituzten itzulpen eta interpretazio zerbitzuetarako eskaerak kudeatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.

b) Peritu judizialak izendatzeari buruzko informazioa eta orientazioa.

c) Justiziako Gizarte Zerbitzuaren fakturazioaren jarraipena, kontrola eta tratamendu administratiboa, salbu eta doako justiziaren prozeduran parte hartzen duten lanbide elkargoena.

d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

12. artikulua. Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoa.

Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoa Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Administrazioari laguntza eta sostengu teknikoa ematea gizarte lanari dagozkion arloen gainean, gizarte programa eta baliabideak sustatuz.

b) Argibideak eta aholkuak ematea dauden baliabideei eta eskubideei buruz.

c) Gizarte kontuei buruzko aholku espezializatuak ematea.

d) Gizarte-bazterketa egoeran dauden herritarrekin koordinazio lanak egitea neurri judizialei eta gizarte eta osasun zerbitzuei dagokienez.

e) Gizarte lankidetza sustatzea, zabalkunde kanpainetan eta gizartea sentsibilizatzeko kanpainetan sostengu teknikoa emanez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Lanaren Sailarekin koordinatuz abian jartzen dela hango ikasleek praktikak justiziaren esparruan egiteko programa, baita horren jarraipena eta ebaluazioa ere.

f) Eskatzen zaizkion txosten eta aditu-irizpen guztiak egitea.

g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

13. artikulua. Epaitegien arteko Bitartekaritza Bulegoa.

Epaitegien arteko Bitartekaritza Bulegoa Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Epaitegietatik bidalitako eskaerak jasotzea, bitartekaritza espedienteak egiteari dagokionez.

b) Abokatuen elkargoen eta bitartekarien eskura jartzea bitartekaritza bat hasteko behar den dokumentazioa, hala badagokio.

c) Bitartekaritza kasuen gaineko estatistikak egitea, jurisdikzioen arabera eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren adierazleen arabera.

d) Justizia arloan bitartekaritzara jotzeko baliabideari buruzko informazioa ematea profesionalei eta herritarrei.

e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

VI. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

14. artikulua. Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.

Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuko gastuen eta diru-sarreren espedienteak kontrolatzea, haien jarraipena egitea eta kontabilizatzea.

b) Esleipen kodeak prestatzea fakturak kontabilizatzeko eta kodea kudeaketa zentroari jakinaraztea.

c) Kutxako aurrerakinen kontuak eta justifikatu beharreko ordainketa-aginduen koordinazioa, jarraipena eta kontrola.

d) Herritarrek Justizia Zuzendaritza Nagusiarekin izaten dituzten harremanak ukitzen dituen diruzaintzaren kudeaketa.

e) Aurrekontuaren betetzea kontrolatzen laguntzea.

f) Kontabilitateko informazioa artxibatu, gorde eta kontrolatzea.

g) Epaitegiei eta lekukoei informazioa ematea zigor arloko ahozko judizioetara joateagatik sortutako bidaia eta mantenu gastuen ordainketari buruz.

h) Perituei informazioa ematea minuten baldintzei, prestakuntzari eta ordainketari buruz.

i) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

15. artikulua. Langileriaren Kudeaketarako Bulegoa.

Langileriaren Kudeaketarako Bulegoa Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek beteko ditu:

a) Departamentuari atxikitako langileen arloko gaiak tramitatzea, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organo batzuetako langileriaren arloko eskudantziak zehazten ditu.

b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Bulegoburutza hauen izendapenak berresten dira, sortu ziren baldintza beretan:

Justizia Zuzendaritza Nagusian:

–Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoko burua;

–Hornidura Bulegoko burua;

–Mantentze-lanen Bulegoko burua;

–Zerbitzu Orokorren Bulegoko burua;

–Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoko burua;

–Bitartekaritza Bulegoko burua;

–Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoko burua;

–Doako Laguntza Juridikoaren Bulegoko burua.

Idazkaritza Tekniko Nagusian:

–Justiziako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoko burua aurrerantzean Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoko burua izanen da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Bulegoak kentzea

Bulego hauek kentzen dira:

–Justizia Zuzendaritza Nagusian, Artxibo Judizialaren eta Liburutegiaren Bulegoa.

–Idazkaritza Tekniko Nagusian, Justiziako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Bulegoak sortzea

Bulego hauek sortzen dira:

–Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusian, Europako Proiektuen eta Lankidetzaren Bulegoa.

–Justizia Zuzendaritza Nagusian, Artxibo Judizialaren Bulegoa.

–Idazkaritza Tekniko Nagusian, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa eta Langileriaren Kudeaketarako Bulegoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko martxoaren 6an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2003633