54. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

31/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietako sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorra) autolikidaziorako S90 eredua onesten duena eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituena.

Sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 75. eta 76. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren diru-sarrera zehaztu eta egitera eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, zerga arloan eskuduna den departamentuak finkatutako tokian eta moduan.

Uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen du Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan, eta gaien artean, besteak beste, jorratzen du teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzea eta hobetzea, tributuen aplikaziorako, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan; helburuak dira, batetik, zergapekoei erraztea zerga-betebeharrak (bai materialak bai formalak) betetzea; bestetik, haien eskubideak eta bermeak errespetatzea, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzea.

Beraz, Nafarroako Foru Ogasunak aitorpenen aurkezpen elektronikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabiltzeko aukera izatea Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide elektronikoa izan dadila sistema bakarra S90 eredua aurkezteko.

Foru agindu honetan Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, zehazten dira Nafarroako Foru Ogasunak prestatu duen laguntza-programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek izan beharreko erregistro-diseinuak. Aipatutako erregistro-diseinuak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian zehazten dira, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei batera ordaintzen dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorra) zergadunei dagokienez, fitxategi bat bide elektronikotik igorriz aurkeztu beharko dituzte beren aitorpenak. Zein administrazioren araudia aplikatzen den, administrazio horrek eredu bakoitzarentzat zehazturiko erregistro-diseinuetara egokituko da fitxategi hori.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 27ko 30/2018 Foru Legeak Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legean sartutako aldaketetara egokitu behar da S90 eredua.

Sartutako aldaketa horien artean nabarmendu behar da, alde batetik, bi onura fiskal garrantzitsu egokitu direla: I+G+b jardueren kenkaria eta zinema ekoizpenetan eta ikus-entzunezko serieetan egindako inbertsioengatiko kenkariak. Alde horretatik, gutxieneko tributazioaren minoraziorako aukera zabaltzen da bi kasutan: Zergari buruzko Foru Legearen 62. artikuluko I+G+b jardueren “finantzatzailearen” kenkariaren kasuan, bai eta 30/2018 Foru Legeak sartzen duen zinema ekoizpenen “finantzatzailearen” figura berriaren kasuan ere, Zergari buruzko Foru Legearen 65 bis artikuluan jasotakoa. Aldaketa horien ondorioz, laukitxo berriak sortu dira, kenkari horiek aplikatzeko, alegia zinema ekoizpenetan eta ikus-entzunezko serieetan parte hartzeagatiko kenkaria (bai ekoizleentzat bai “finantzatzailearentzat”) eta I+G+b proiektuetan parte hartzeagatiko kenkariak.

Era berean, berariaz baztertzen da interes ekonomikoko elkarteak (IEE) erabiltzeko aukera I+G+b jardueren eta zinema ekoizpenen kenkarien onura aplikatzeko. Aukera hori baztertzeko arrazoia da bi kenkariez baliatzen ahal den “finantzatzailearen” figura arautu dela.

Horrez gain, I+G+b proiektuaren “finantzatzaileak” proiektuaren finantzaketarako ordaindutako zenbatekoarengatik aplika dezakeen kenkariaren muga 1,20tik 1,25era pasatzen da. Horrela, parekatzen dira araudiaren arabera zinema ekoizpenen finantzatzailearentzat dauden mugekin, bai eta interes ekonomikoko elkarteetako bazkideek horiengatik kenkariak aplikatzen dituzten beste kasu batzuetan ezarritakoekin ere.

Espainiako zinema ekoizpenetan egindako inbertsioengatiko kenkarien kasuan (26/2016 Foru Legearen 65.1 artikulua), Nafarroan egin beharreko gastuen portzentajea handitzen da, 100eko 25etik 100eko 40ra. Era berean, hiru milioi euroko gehieneko kenkaria ezartzen da egindako zinema ekoizpen bakoitzeko. Gehieneko muga jartzen da, halaber, hirugarren ekoizle baten ekoizpena egiteagatiko kenkarian (26/2016 Foru Legearen 65.2 artikulua).

Horrez gain, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 23/2019 Foru Legearen bidez aldatu da enplegua sortzeagatiko kenkaria, Zergari buruzko Foru Legearen 66. artikuluan jasotzen dena, eta lanbide arteko gutxieneko soldataren erreferentziaren ordez zenbateko finko bat ezartzen da, kenkarirako eskubidea izateko soldata egoki baten adierazgarri.

Azkenik, konpentsatzeko dauden likidazio oinarriei eta kuota negatiboei buruzko informazioa osatzeko, laukitxo berriak sortzen dira, jasotzen dituztenak zergaldiaren hasieran konpentsatzeko dauden oinarriak eta kuotak, bai eta etorkizunean konpentsatu beharrekoak ere, aurre-aurreko hamabost urteetan amaitutako zergaldietakoak.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. S90 ereduaren onespena.

Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S90 eredua onesten da, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietarako.

Eredu horren argibide osagarrien zatiak estatistiketarako bakarrik balioko du.

2. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.

Behartuta daude aitorpena S90 ereduari jarraituz egitera honako hauek: sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen 26/2016 Foru Legearen 10. artikuluan aipatzen direnak, baldin Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bai eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak ere, baldin aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera zergak bi administrazioei ordaindu behar dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten zergadunek dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte 4.3 artikuluan xedatuari jarraikiz.

3. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta modua, ordainketa eta itzulketa.

1. Zergadunek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arteko epean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatu behar denean.

Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, zergadunek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute aitorpena.

2. Zergadun guztiek baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dute nahitaez S90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

3. Zergadunak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan sartzera. Diru-sarrera egiteko “712 ordainketa-gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Foru Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

4. artikulua. Autolikidazioen aurkezpen elektronikorako baldintza orokorrak.

1. S90 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat eduki behar du, eta ziurtagiri elektroniko onartu bat erabili, Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legeak ezartzen dituen baldintzekin bat etorriz egindakoa, eta Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat eduki behar du, eta Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko moduko ziurtagiri elektroniko bat erabili, b) letran aipatzen den moduan.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza-programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza-programa hori Nafarroako Foru Ogasunak S90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).

e) Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei ordaintzen diezkieten eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten zergadunei dagozkien autolikidazioak honela aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, zergadunek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro-diseinuetara egokitutako fitxategi informatikoan.

b) Aipatu fitxategi informatikoa bide elektronikotik igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko prozedura.

a) S90 ereduari dagozkion aitorpenak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza-programarekin, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1.–Aitorpena betetzea laguntza-programa erabiliz.

2.–Betetako aitorpena balidatzea.

3.–Balidatutako aitorpena Internet bidez igortzea. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta zergaldi berekoak baldin badira.

4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1.–Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2.–Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3.–Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4.–Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

6. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.

S90 ereduari dagokion aitorpenarekin batera agiriak aurkeztu behar dituzten zergadunek, aitorpena egiteko epearen barnean beteko dute agiriak eransteko betebehar hori, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.

Zergadunek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukitxoetan. Era berean, laukitxo horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2020ko apirilaren 30ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko otsailaren 28an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2003179