54. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

36/2020 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak arautzen dituena eta horietarako deialdia egiten duena, 2020-2021 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluak xedatzen du kirol irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntza gisa integratuko direla hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan irakaskuntza horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da irakaskuntza mota bakoitzaren curriculuma ezartzea, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartuta betiere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol irakaskuntzetako zikloetara sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. apartatuan xedatzen da titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituen errege dekretuak egitura, irakastorduak, edukia eta proba espezifikoen ebaluazio irizpideak zehaztuko dituela, bai eta kasuan kasuko ziklora sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen du ezen, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako kirol espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortu artean, kasuan kasuko titulua eta gutxieneko ikasketak arautzen dituen errege dekretuan aurreikusi bezala irakatsiko direla, salbu eta aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. puntuetan zehazten diren alderdiei dagokienez.

Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol irakaskuntzetara sartzea arautzen du, eta 1. apartatuan xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol irakaskuntzetara sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol irakaskuntzetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da beharrezkoak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murriztapenik ekar ez dezan.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako irakaskuntzen indarraldia ezartzen du, eta 2. apartatuan, berriz, adierazten du honako hauek irakaskuntza horietara sartzeko proba espezifikoetatik salbuetsiak egonen direla: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean, autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat hartzen dituztenak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak izan direla edo sailkatu direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. apartatuko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du, irakaskuntza horietara sartzeko, eskatzen ahalko dela Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifiko bat gainditzea. Artikulu horren 4. apartatuarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzerakoan.

Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ezartzeak berekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen eredu baten alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin lankidetzan aritzea ere.

Martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuak eta martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen dituzte Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, bai eta horiei dagozkien gutxieneko ikasketak eta horietara sartzeko probak eta baldintzak ere.

Martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Futboleko eta Areto-futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

Martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Neguko kirolen espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak arautzen.

Abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, 9. artikuluan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legeari buruzkoa), martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen zenbait manuren testu berria ezartzen du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin; horietako bat “Bat bis. 99. artikulua” da, 16. eta 17. tarifa sortzen dituena, hain zuzen ere, araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetara (“Mendi-kirol eta Eskalada”, “Neguko Kirolak” eta “Hipika” modalitateak) sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa.

Ikusita Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena, Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko 2020-2021 ikasturteko proba espezifikoak egiteko deialdiari buruzkoa, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Arautzea Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak, 2020-2021 ikasturteari dagozkionak, eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Eskolatze Bulegoari, Orientazio Bulegoari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta ukitutako ikastetxeei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko martxoaren 5ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

OINARRIAK

Alderdi orokorrak

1. Xedea eta aplikazio esparrua.

1. Ebazpen honen bidez, 2020. urterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoetarako, 2020-2021 ikasturterako.

2. Araubide bereziko kirol irakaskuntza hauetara sar daiteke deialdi honetako proben bidez:

a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila.

b) Mendi Ertainetako erdi mailako bigarren ikasmaila.

c) Eskaladako erdi mailako bigarren ikasmaila.

d) Futboleko erdi mailako lehen ikasmaila.

e) Iraupen-eskiko erdi mailako lehen ikasmaila.

f) Atletismoko erdi mailako lehen ikasmaila.

2. Berariazko proba egitetik salbuetsiak.

1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, inskribatzeko inprimakian, salbuespena eskatuko dute, horretarako adierazitako atalean. Horretarako, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.

2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako arrazoiak, harik eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean ezarritako modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortzen diren arte.

3. Kirol espezialitate bakoitzeko epaimahai ebaluatzaileek ebatziko dituzte salbuesteko eskaerak. Horretarako, inskripziorako ikastetxeek eskaera horien oinarri diren agiriak igorriko dizkiote epaimahai ebaluatzaileari, inskribatzeko epea bukatu eta hurrengo lanegunean.

3. Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera probak.

1. Desgaitasuna duten pertsonek erakunde eskudunak luzatutako minusbaliotasunaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute sarrera proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.

2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak baloratu ahal izan dezan izangaiak gai ote diren irakaskuntza hauek probetxuz egiteko –bakoitzaren desgaitasunaren eta mugen maila eta ezaugarriak kontuan harturik–, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidean aritzeko ere.

3. Epaimahaiak baldintza horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera proba espezifikoak egokitzen ahalko ditu. Nolanahi ere, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak errespetatu beharko dira, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko irakaskuntzak eta horietara sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol ikasketetarako definitzen diren helburuak ere.

Izena ematea

4. Berariazko sarrera probetan izena ematea.

1. Honela eman daiteke izena:

a) Aurrez aurre: aukeratutako kirol ikasketak zer ikastetxetan dauden ezarrita, hango bulego administratiboetan.

b) Telematika bidez, online, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:

–“Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak: Mendi-kirolak eta Eskalada”.

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/5869/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Deportes-de-Montana-y-Escalada

–“Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak: Futbola”.

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/6035/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Futbol

–“Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak: Iraupen-eskia”.

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/6033/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Esqui-de-Fondo

c) Posta elektronikoaren bidez, helbide hauetara igorriz:

IKASTETXEA / HELBIDE ELEKTRONIKOA

KIROL IRAKASKUNTZAK

Altsasuko “Sakana LH” IIP:

iestexer@educacion.navarra.es

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi maila, lehen ikasmaila

Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Irunberriko “FP Lumbier” IBP

ieslumbi@educacion.navarra.es

Iraupen-eskiko kirol teknikaria

Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorra (Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari zuzendua)

ordenafp@navarra.es

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Atletismoko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

3. Izangai bakoitzak inskripzio eskabide bakar bat bete beharko du, 2. eranskineko eredua erabiliz. Eredu hori aipatutako kirol espezialitate edo modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxan eskura daiteke.

Eskabidea hartzen duen ikastetxeak inskripzioa eskatu izanaren frogagiri bat emanen du.

4. Taula honetan ageri da kirol irakaskuntza bakoitzean sartzeko proba espezifikoetarako inskripzioa aurkezteko epea:

EPEA

KIROL IRAKASKUNTZAK

2020ko maiatzaren 6tik 15era (14:00ak arte), biak barne

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

2020ko martxoaren 23tik 27ra (14:00ak arte), biak barne

Iraupen-eskiko kirol teknikaria

2020ko abuztuaren 31tik irailaren 4ra (14:00ak arte), biak barne

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

2020ko abuztuaren 31tik irailaren 4ra (14:00ak arte), biak barne

Atletismoko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

5. Dokumentazioa.

Inskripzio eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren nortasun txartelarena.

–Erdi mailako edo goi mailako, kasua zein den, kirol ikasketetan sartzeko ikasketa eskakizuna betetzen dela frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.

6. Inskribatzeko tasak.

Hauek dira probetan inskribatzeko tasak, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean (Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatua), 99. artikuluan, xedatutakoarekin bat:

a) Futboleko erdi mailako lehen ikasmailara sartzeko proba:

–Tarifa arrunta: 45 euro.

–Familia ugari orokorreko edo 1. kategoriako familia ugariko kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 22,50 euro.

–Familia ugari bereziko kideak; ekintza terroristen biktimak (baita ezkontidea eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita seme-alabak ere); gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak; langabeak, frogatzen baldin badute langabe izan direla gutxienez sarrera-probetan izena eman aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez), edo 2. kategoriakoak: doan.

b) Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmailara sartzeko probak, Mendi Ertainetako erdi mailako bigarren ikasmailara sartzekoak, Eskaladako erdi mailako bigarren ikasmailara sartzekoak eta Iraupen-eskiko lehen ikasmailara sartzeko probak:

–Tarifa arrunta: 80 euro.

–Familia ugari orokorreko edo 1. kategoriako familia ugariko kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 40 euro.

–Familia ugari bereziko kideak; ekintza terroristen biktimak (baita ezkontidea eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita seme-alabak ere); gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak; langabeak, frogatzen baldin badute langabe izan direla gutxienez sarrera-probetan izena eman aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez), edo 2. kategoriakoak: doan.

Onartu eta baztertuen zerrenda

7. Onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Izangai kopuru hauek onartuko dira, gehienez, deitutako probetan:

–60 izangai Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmailako probetan, Mendi Ertainetako bigarren ikasmailan eta Futboleko lehen ikasmailan.

–30 izangai Eskaladako bigarren ikasmailako probetan.

–30 izangai Iraupen-eskiko lehen ikasmailako proban.

2. Inskribatzen diren izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda prestatzeko, lehentasun irizpide hauek erabiliko dira:

a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmailara, Iraupen-eskiko lehen ikasmailara eta Futboleko lehen ikasmailara sartzeko probak:

–Lehenbizikoa: Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Nafarroako Neguko Kirolen Federazioak edo Nafarroako Futbol Federazioak emandako federazio lizentzia indarduna duten izangaiak, kasuaren arabera.

–Bigarrena: mendi kiroletako eta eskaladako beste federazio batek, neguko kiroletako beste federazio batek edo futboleko beste federazio batek emandako federazio lizentzia indarduna duten izangaiak, kasuaren arabera.

–Hirugarrena: federazio lizentzia indardunik ez duten izangaiak.

Adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen den talde bakoitza ordenatzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian, 2020-2021 ikasturteko onarpen prozeduran, egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.

b) Mendi Ertainetako bigarren ikasmailara eta Eskaladako bigarren ikasmailara sartzeko probak.

–Lehenbizikoa: Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen maila Altsasuko “FP Sakana LH” IBP ikastetxean egin duten ikasleak.

–Bigarrena: Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen maila beste ikastetxe batzuetan egin duten ikasleak.

Adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen den talde bakoitza ordenatzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian, 2020-2021 ikasturteko onarpen prozeduran, egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.

3. Izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira, baita arestian aipatutako kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan ere.

Zerrenda horietan adieraziko da, halaber, izangaiek eskatutako salbuespenen eta probaren egokitzapenen gaineko ebazpena.

4. Erreklamazioak kasuan kasuko ikastetxean aurkezten ahalko dira, kasuan kasuko tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiko buruari zuzenduko zaizkio.

5. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, kasuan kasuko ikastetxeetan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan.

6. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:

KIROL IRAKASKUNTZAK

PROZEDURAREN FASEA

EGUNAK

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2020ko maiatzaren 18a

Erreklamazioak

2020ko maiatzaren 19tik 21era

Behin betiko zerrenda

2020ko maiatzaren 26a

Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2020ko maiatzaren 18a

Erreklamazioak

2020ko maiatzaren 19tik 21era

Behin betiko zerrenda

2020ko maiatzaren 26a

Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2020ko maiatzaren 18a

Erreklamazioak

2020ko maiatzaren 19tik 21era

Behin betiko zerrenda

2020ko maiatzaren 26a

Iraupen-eskiko kirol teknikaria

Behin-behineko zerrenda

2020ko martxoaren 31a

Erreklamazioak

2020ko martxoaren 31tik apirilaren 2ra

Behin betiko zerrenda

2020ko apirilaren 3a

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2020ko irailaren 8a

Erreklamazioak

2020ko irailaren 9tik 11ra

Behin betiko zerrenda

2020ko irailaren 15a

Atletismoko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2020ko irailaren 8a

Erreklamazioak

2020ko irailaren 9tik 11ra

Behin betiko zerrenda

2020ko irailaren 15a

Sarrera proba espezifikoak

8. Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 4. ataletan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

9. Mendi ertainetako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Mendi ertainetako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

10. Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

11. Iraupen-eskiko lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Iraupen-eskiko erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Neguko kirolen espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

12. Futboleko kirol teknikarien ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Futboleko erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Futboleko eta Areto Futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

13. Informazio bilera.

Sarrera proba espezifikoak egin baino lehen, informazio bilera bat egiten ahalko da kasuan kasuko ikastetxeen instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bileran, honako alderdi hauei buruzko argibideak emanen dira: proben edukia eta ezaugarriak, probak egiteko behar diren jantziak eta kirol materiala, eta probekin loturiko beste alderdi batzuk.

Informazio bilerarik egiten bada, garaiz eginen da horretarako deialdia, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta dagokion tramiteen fitxan argitaratuz.

14. Izangaientzako argibideak eta orientazioa.

Kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek argibideak eta orientazioa eman beharko dizkiete interesdunei, honako hauei buruz: ikasketak, inskribatzeko prozedura eta kirol modalitateetara sartzeko proba espezifikoak.

15. Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordutegia eta tokia.

Proba espezifikoak egun batean baino gehiagotan egiten ahalko dira, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.

Honako hauek izanen dira kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egiteko egunak:

DATAK (1)

KIROL IRAKASKUNTZAK

2020ko ekainaren 9a eta 10a

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila

2020ko ekainaren 9a eta 10a

Mendi Ertainetako kirol teknikariaren bigarren ikasmaila

2020ko ekainaren 9a eta 11

Eskaladako kirol teknikariaren bigarren ikasmaila

2020ko apirilaren 14tik apirilaren 17ra

Iraupen-eskiko lehen ikasmaila

2020ko irailaren 17a

Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila

2020ko irailaren 22a

Atletismoko lehen ikasmaila

(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, datak garaiz argitaratuko dira kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es webgunean dago fitxa hori).

Proba egiteko eguna, ordua eta tokia proben aurreko informazio bileretan jakinaraziko dira, eta, halaber, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagokion tramite fitxan, behar den denborarekin.

Proba bakoitza hasteko ezartzen den ordua baino ordu erdi bat lehenago eginen da proba egiteko deialdia. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, eta ariketak egiteko beharrezkoa den materiala eta ekipamendua eraman.

16. Proba espezifikoak gidatzeko eta betebehar espezifikoak baloratzeko epaimahaiak.

1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.

2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 8. oinarritik 12.era bitartekoetan adierazitako errege dekretuetan xedatutakoaren arabera.

3. Kirol modalitate eta espezialitate guztiei dagozkien irakaskuntzak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, Hezkuntza Departamentuak sarrera proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako izenda ditzake kasuan kasuko Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak.

4. Epaimahai bakoitzeko buruaren zeregina izanen da bermatzea sarrera proba garatzen dela ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz.

5. Epaimahai bakoitzeko idazkariaren zeregina izanen da sarrera probari buruzko aktak egitea, eta egiaztatzea proba hori ebazpen honetan ezarritakoarekin eta gainerako araudi indardunarekin bat egiten dela. Halaber, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.

6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hura modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak ebaluatzea proba osatzen duten ariketetan, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, beraiek bakarrik baloratuko dute proba.

7. Epaimahaiek proposatzen ahalko diote Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariari aholkulariak izenda ditzan; horien zeregina izanen da probak prestatzeko eta egiteko aholkularitza eta laguntza ematea. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da aholkulari horiek izendatzeaz.

8. Epaimahaiei dagokie sarrera proba espezifikoak martxan jartzean eta garatzean sortzen ahal diren kontu tekniko eta logistiko ororen berri izatea eta horiek ebaztea. Halaber, epaimahaiek ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen dute proben garapenarekin lotutako alderdietan eta, aipatutako gaiei dagokienez, oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.

9. Salbuesteko eskaerak ebaztea ere epaimahai ebaluatzaileei dagokie.

10. Epaimahaikideei, baita epaimahaietan parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.

Proben emaitzak eta erreklamazioak

17. Azken kalifikazioa.

Sarrera proba espezifikoak “Gai” edo “Ez gai” terminoekin kalifikatuko dira. “Gai” balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideen arabera.

18. Proben emaitzak eta erreklamazioak.

1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira, bai eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagokion tramite fitxan ere.

Proba bakoitza bukatu ondoko hiru eguneko epean argitaratuko dira sarrera proba espezifikoen behin-behineko emaitzak.

2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan dagoen ereduaren arabera.

3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak bi eguneko epean argitaratuko dira, probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko epea bukatzen denetik kontatzen hasita, bai kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan, bai kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagokion tramite fitxan.

Behin betiko emaitzak argitaratzearekin beteko da epaimahai ebaluatzaileak aurkezten diren erreklamazioei buruz hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura.

Egiaztagiriak

19. Proba espezifikoen balioa eta egiaztapena.

Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko baitu. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak luzatuko du egiaztagiri hori.

Interesdunek, zer ikastetxetan egiten duten inskripzioa, hartan har ditzakete ebazpen honen xedeko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoa gainditu izanaren ziurtagiriak, zazpi egun iragandakoan behin betiko emaitzak argitaratzen direnetik. Inskripzioa modu telematikoan egiten duten izangaiek Hezkuntza Departamentuan (Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuan) jasotzen ahalko dituzte ziurtagiriak, aurretik ezarritako epean.

Ez da inola ere emanen probaren zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk.

Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

2. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2003625