51. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2019ko azaroaren 26an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen udal ordenantza. Onespenaren erabakia 2019ko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 24an.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa nahiz oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da jarraian ematen den ordenantza; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman zaion idazketaren arabera.

Irurtzunen, 2020ko otsailaren 21ean.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

ORDENANTZA FISKALA, ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatuaren babesean.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea udalerrian kokatzen diren eta okupatu gabetzat jotzen diren etxebizitzak edukitzea da.

3. artikulua. Zergari dagokionez, etxebizitzatzat joko da baldintza arruntetan pertsonen bizitegi izan daitekeen eraikuntza oro, aldi baterako zein luzaroan.

4. artikulua. Okupatu gabetzat joko dira urtean zehar lau hilabete baino gehiago hutsik dauden etxebizitzak, salbuespen honekin: etxebizitza non, hango biztanle ez den batek urteko sasoi jakin batzuetan baino ez eta aisialdirako soilik erabiltzeko duena.

Ondorio horiei dagokienez, kontratua duten etxebizitza alokatuak okupatutzat joko dira.

5. artikulua. Ez da zerga hau ordaindu beharko etxegintzan edo etxe salmentan ari diren enpresek eraikitako etxebizitzengatik, horien lehen eskualdaketa egiten ez den artean.

Subjektu pasiboak

6. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean gozamenerako bestelako eskubide errealik ez denean.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamenerako eskubide errealen baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

7. artikulua. Zerga honetatik salbuetsirik egonen dira honako kasu hauetan daudenak:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzen ahal zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak arrazoi teknikoak, antolamendukoak zein ekoizpenekoak direla medio edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkien kontratuak direla bide edo toki-mugikortasunaren menpe daudelako, ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak badira.

c) Etxebizitzen titularrak administrazio publikoak badira.

Edonola ere, etxebizitza bakarra hartuko du salbuespenak, aurreko c) letrakoari dagokionean salbu, horrek denak hartuko baititu.

Zerga-oinarria

8. artikulua. Zerga-oinarria Hiri-lurreko Ondasunen gaineko Kontribuzioa ordainarazteko indarra duen bera izanen da.

Kuota.

9. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatu ondokoa.

Karga-tasa.

10. artikulua. Karga-tasa ordenantza honen eranskinean agertzen da.

Zergaren sortzapena

11. artikulua. 1. Lehen aldiz, 16. artikuluan aipatzen den jakinarazpenetik urtebete iragandakoan sortuko da zerga, etxebizitzaren desokupazioa gelditu gabe, 3. eta 4. artikuluetan horren gainean egin den kalifikazioarekin bat.

2. Gerora, urte bakoitzeko lehenbiziko egunean sortuko da zerga.

Kuotak seihilekokoak izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta txikiezinak.

12. artikulua. Subjektu pasiboek ondokoa eskatzen ahalko dute, dagokion espedientea tramitatuz: etxebizitza okupatu denetik aitzinako zergaren sortzapen aldiari dagokion kuotaren heineko zatia itzultzea.

Zergaren kudeaketa

13. artikulua. Etxebizitza hutsen errolda egin beharko du Udalak, zergaren ordainarazpenerako.

14. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoari dagokionez, subjektu pasiboek aitorpena aurkeztu beharko dute, Udalak emandako ereduarekin bat, 4. artikuluan xedatutakoaren arabera hutsik jo daitezkeen etxebizitzen berri emateko, zerga ezartzeko erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

15. artikulua. Aitorpenik aurkeztu ezean, edo aitorpenak akastunak badira, Udalak, ofizioz edo salaketaren ondorioz, erroldan sartuko ditu aurreko lerroaldean aipatzen diren etxebizitzak, interesdunari entzutea emanik aldez aurretik espedientea tramitatuta.

16. artikulua. Erroldan sartu ondotik, alkateak titularrari jakinaraziko dio, zerga sortzeko urtebeteko epea has dadin, 11. artikuluak xedatutakoarekin bat.

Alta eta bajen sistema

17. artikulua. Behin erregistroa eraturik, eta aurreko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, subjektu pasiboek edo horien administratzaileek edo legezko ordezkariek gertatu diren aldaketak deklaratu behar dizkiote Udalari, eta horretarako alta, baja eta jabari edo titulartasun deklarazioak aurkeztu behar dituzte, aipatutako egintzak ematen diren unetik ondoko 30 egun baliodunean.

18. artikulua. Subjektu pasiboek behar diren alta, baja eta aldaketen aitorpenak aurkeztuko dituzte, dokumentu fede-emaileekin batera, zeinetan gertatutako aldaketa kreditatuko den; horiek eraginkorrak izanen dira aldaketak zein seihilekotan gertatu eta hurrengo seihileko naturaletik aurrera, eta hari dagokion kuota ukituko du.

Arau-hausteak eta zehapenak

19. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagozkien afera guztietarako, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari eginen zaio men.

TARIFEN ERANSKINA

Karga-tasa.

Tributu kuota erdiesteko zerga-oinarriari aplikagarri zaion karga-tasa indarrean dagoen hiri kontribuzioaren tasaren %0 da.

Iragarkiaren kodea: L2003090