51. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Ordenantza, Hirigune Historikoaren Babeserako Plan Bereziaren eremuan etxebizitzak eraiki eta birgaitzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Doneztebeko Udalak, 2019ko abenduaren 19an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Doneztebeko Hirigune Historikoaren Babeserako Plan Berezia deritzon hiri-jarduketarako plan bereziaren eremuan etxebizitzak eraiki eta birgaitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluaren manuei jarraikiz, erabaki hori 2020ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an, bai eta Doneztebeko Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu manua bete beharrez, eta ohartarazten da ezen erabaki honen aurka –administrazio-xedapena baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112.3 artikuluaren arabera. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka bide hauetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Donezteben, 2020ko otsailaren 25ean.–Alkate udalburua, Santiago Uterga Labiano.

ORDENANTZA, DONEZTEBEKO HIRIGUNE HISTORIKOAREN BABESERAKO PLAN BEREZIAREN EREMUAN (HJPB) ETXEBIZITZAK ERAIKI ETA BIRGAITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Doneztebeko Udalak, ordenantza honen bidez, bultzatu nahi du partikularrek sustaturiko bizitegi-jarduketak gauza daitezen. Jarduketek xede hauek izan behar dituzte: alde batetik, dauden etxebizitzen parkea hobetzea etxebizitzok birgaituz eta berroneratuz, halako obren bidez etxebizitzen funtzionaltasuna eta irisgarritasuna eta eraikinen energia-eraginkortasunaren optimizazioa lortzeko; beste aldetik, herrian etxebizitza berriak egitea, udalerrian herritarrak kokatu ahal izateko; hori guztia, Doneztebeko hirigune historikoko hiri-jarduketarako plan bereziaren eremuan.

Horretarako, laguntza ekonomikoak ezarri asmo ditu Udalak, haren ahalbideen neurrian, jarduketa horiek egiteko pizgarri izan daitezen, aipatu HJPBaren eremuan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantzaren xedea da arautzea Udalak ezarri dituen laguntzak Doneztebeko hirigune historikoko hiri-jarduketarako plan bereziaren eremuan bizitegi-erabilerako eraikinak birgaitzeko eta eraikitzeko, ordenantzan honetan ezartzen diren baldintzen eta ezaugarrien arabera.

2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.

Ordenantza honen xedea da honako obra hauek sustatzeko laguntzak arautzea:

–Etxebizitzak zati batean edo osorik birgaitu edo konpontzea (fatxadak konpontzeko lanak, kanpoko arotz-lanak, estalkiak, berreraikuntzak, eraikinaren egitura sendotzeko eta indargarriak jartzeko obrak...).

–Lehendik dauden eraikinak ordeztea (eraitsi eta berriz eraikitzea), ohiko etxebizitzak egiteko.

–Oin berriko eraikinak egiteko obrak orubeetan.

–Eraikinaren inguratzailearen isolamendu termikoa hobetzeko obrak (fatxada eta estalkia).

–Barnealdean egiten diren obrak edo jarduketak etxebizitzak egokitzeko, irisgarritasuna hobetzea helburu, arkitektura-oztopoak kenduz.

–Oro har, etxebizitzen egokitzapen funtzionalerako obrak, haien bizigarritasuna helburu, indarreko foru dekretuetan definitu bezala.

Ordenantza honetan xedaturik dagoenaren ondorioetarako, Doneztebeko hirigune historikotzat jotzen da hiri-jarduketarako plan bereziak halakotzat mugaturiko eremua.

3. artikulua. Baztertzeak.

Ez dira izanen laguntzarik jasotzekoak honelako jarduketak:

–Udal Planeamenduaren kontrakoak, bai eta oro har aplikatzekoa den ordenamendu juridikoaren kontrakoak ere, eta hirigintza araudiaren eta birgaitzeari eta bizigarritasunari buruzko araudiaren kontrakoak, bereziki, “antolamenduz kanpoko” eraikinetan edo "antolamenduz kanpoko” elementuak dituzten eraikinetan egiten diren obrak.

–Minusbaliotasuna duten pertsonek erabil ditzaten, eraikinak egokitzeko helburua duten jarduketak, ez dutenean erabat lortzen irisgarritasun eta diseinu unibertsalei buruzko berariazko araudira egokitzea, eraikinaren sarreratik hasi eta etxebizitza guztietara, salbu eta teknikoki edo ekonomikoki bideraezina den kasuetan, 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera.

–Babesten ahal den aurrekontuaren barnean ez da sartuko igogailuaren aparatuaren kostua, lehendik dagoen bat ordezkatzeko bada.

–Udalarekiko ordainketetan egunean ez dauden partikular edo entitateei ez zaie dirulaguntzarik emanen.

–Ez dira izanen laguntzarik jasotzekoak udal planeamenduaren kontrakoak, oro har aplikatzekoa den antolamendu juridikoaren eta hirigintza arauen kontrakoak eta, batik bat, birgaitzeari eta bizigarritasunari buruzko arauen kontrakoak diren jarduketak.

–Laguntzetatik baztertuta daude etxebizitzak birgaitzeko edo oin berrikoak eraikitzeko sustapen-jarduketak, gero saltzeko edo alokatzeko badira.

–Birgaitzeko dirulaguntzetan ez dira sartuko eraikinean aldaketa estetiko hutsak bakarrik ekarriko dituzten zaharberritzeak. Energia-eraginkortasuna, segurtasuna, irisgarritasuna, eta abar hobetzeko obrak izan beharko dute.

4. artikulua. Laguntzak ematea.

Udalak laguntza eskaerak ordena kronologikoari jarraikiz ebatziko ditu, aldez aurretik Udaleko zerbitzu eskudunaren aldeko txostena emanik betiere, eta aurrekontuetan horretarako adinako partida baldin bada.

5. artikulua. Laguntzak jasotzea.

Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa eginen da obrak bukatzen direnean; horretarako, interesdunak kasuan kasuko justifikazioa aurkeztu beharko du (lehen erabilerako lizentzia edo teknikari eskudunak izenpetutako obra-bukaerako akta).

Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoaren txosten bat ere beharko da, obren zuzentasunari buruzkoa.

6. artikulua. Bateragarritasuna.

Ordenantza honen xede diren dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste administrazio edo entitate batzuek emaniko beste dirulaguntza batzuk jasotzearekin.

7. artikulua. Mugak.

Ordenantza honen babesa izan duten etxebizitzak ez dira inola ere lagatzen ahalko, hiru urteko epean, laguntzak jasotzen dituzten obrak bukatzen direnetik zenbatzen hasita, non ez zaion Udalari itzultzen eskuratutako diru guztia.

Dirulaguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, eraikuntza bererako eta kontzeptu beragatik.

8. artikulua. Laguntza galtzea.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak, bai eta aurkeztutako dokumentazioko edozein datu faltsutzeak ere, dagokion espedientean udal laguntzak deuseztatzea eta kentzea ekarriko du.

9. artikulua. Aplikazio eremua eta aurrekontu-zuzkidura.

Laguntzak aplikatuko zaizkie udal zerbitzu teknikoen aldeko txostena lortu duten jarduketei soilik, halako jarduketetan 2. artikuluan aipatzen diren obrak egiten direnean, Doneztebeko hirigune historikoko hiri-jarduketarako plan bereziaren eremuan betiere.

Urtero, Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat esleituko du, izanen ez dena lehentasunez birgaitu beharreko eremuan –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino gutxiago.

10. artikulua. Onuradunak.

Onuradunak izanen dira barne eraberritze eta babeserako plan bereziaren jarduketa eremuko eraikin edo etxebizitzen jabeak diren pertsona fisiko edo juridikoak, bai eta, jabeak ez izanik ere, badirenen berariazko baimena dutenak obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

11. artikulua. Jarduketetarako betebeharrak.

Udalaren laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2. artikuluan azaldutako tipologiarekin bat datozen obrek, baldin eta posible badira hiri-jarduketarako plan bereziak lurzati bakoitzean esleitzen duen hirigintza araubidea aplikatzean, eta, oro har, Nafarroako Gobernuak ezarritako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek.

Gainera, baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte:

–Birgaitzeko obren kasuan, 50 urtetik goragoko eraikinetan egitea.

–Kontrataren aurrekontua gutxienez 6.000 eurokoa izatea.

–Egin beharreko obren artean, betiere jarduketaren bat egotea fatxada birgaitzeko eta fatxadako elementuak hiri-jarduketarako plan bereziaren araudira eta ordenantzara egokitzeko.

–Obrak, oro har, nahitaez egin beharrekoak izatea Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulego eskudunak espediente bakoitzerako eman beharko duen aginduzko txosten teknikoaren arabera; obra horiek osorik egitea, eta ondoren Udalak onestea, bidezko bada.

12. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntza hau emanen da:

obra gauzatzeko aurrekontuaren %6,5.

Edonola ere, 10.000 euroko muga orokorra ezartzen da diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzeko.

13. artikulua. Espedienteak izapidetzea.

Oro har, interesdunek Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegora joko dute behar diren argibideen bila. Ikuskapena egin ondotik, hura egin behar bada, Bulegoak argibideak emanen dizkie interesdunei alderdi hauen gainean:

–Zer obra egin behar diren.

–Kasu bakoitzean zer agiri tekniko behar den.

–Zer laguntza jaso daitezkeen.

Hori guztia, ordenantza honen babesean eta ordenantzari berari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren laguntza orokorretatik aparte, halakorik baldin badagokie.

Interesdunak Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoan aurkeztuko du eskatzen zaion dokumentazioa. Era berean, Doneztebeko Udalean dirulaguntzen eskabidea aurkeztu beharko da, erregistraturik gera dadin, dirulaguntzak zer banku entitatetan hartu nahi diren adierazita, bai eta kontuaren zenbaki osoa ere. Eskabidean hau guztia sartuko da:

–Egin beharreko obren deskripzio-memoria, materialen kalitatea eta aurrekontu xehatua barne (neurriak, kalitateak eta prezioak unitateka adieraziz) edo ikus-onetsitako proiektu teknikoa, bestela.

–Obra-lizentziaren eskabidea.

–Jabearen edo erkidegoak duen ordezkariaren NANaren edo IFZaren fotokopia, eta horien berariazko baimena obrak sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa egiteko.

–Jabekideen erkidegoaren erabakia: obrak egitekoa, laguntza-espedientearen kudeaketarako ordezkaria izendatzekoa, eta jabekide bakoitzak obran duen ehunekoa zehaztekoa. (Hala denean).

Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoak eskabidea bere txosten teknikoarekin batera igorriko dio Udalari, azken horrek eman dezan berariazko ebazpena. Gehienez ere, bi hilabeteko epean eman behar da ebazpena, eskabidea Udalaren erregistro orokorrean sartzen denetik hasita, lizentzia emateko administrazio egintzarekin batera eman ere.

Oro har, eta ordenantza honetan berariaz jasorik ez dauden eta izapidetzean planteatzen diren inguruabar berezietan, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei buruzko dekretua aplikatzean Nafarroako Gobernuak baliatzen duen irizpideari jarraikiko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2003010