51. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18/2020 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2019-2020 ikasturteko Metodologia Aktiboen V. Jardunaldia egitea Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxeentzat, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikastetxeentzat eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako ikastetxeentzat.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak ekainaren 27an emandako 324/2018 Ebazpenaren bidez “Kimua programa” onetsi zen, zeinaren bidez arautzen baita zer betebehar bete behar diren metodologia aktiboen sareak garatu, ezarri eta aitortzeko Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxeetan, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikastetxeetan eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako ikastetxeetan.

2019-2020 ikasturte honetan, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak “Kimua programa” garatzen jarraituko du, Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduetan berrikuntza metodologikoa sustatzeko asmoz. Programaren barruan, ikasturtean diseinatu eta garatutako hezkuntza proiektuak hedatzeko fase bat aurreikusi da, parte hartzen duten irakasle eta ikasleak aitortzeko eta hurrengo ikasturteetarako pizgarri izateko balioko duena.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak aldeko txostena egin duela ebazpen bat onets dadin, alde batetik, baimentzeko 2019-2020 ikasturteko Metodologia Aktiboen V. Jardunaldia egitea Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxeentzat, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikastetxeentzat eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako ikastetxeentzat, eta bestetik, jardunaldiaren oinarri arautzaileak onesteko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2019-2020 ikasturteko Metodologia Aktiboen V. Jardunaldia egitea lanbide heziketako ikastetxeentzat, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikastetxeentzat eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako ikastetxeentzat, ebazpen honen 1. eranskinean ezarritako oinarriei jarraikiz.

2. Nafarroako Metodologia Aktiboen V. Jardunaldia egiteko kalkulatutako zenbatekoa onestea, hots, gehienez ere 15.000 euro, jardunaldia antolatu eta kudeatzeko gastuetarako.

Diru hori ordainduko da 2020ra luzatutako 2019ko gastu-aurrekontuen “Lanbide Heziketaren garapena eta berrikuntza” izeneko 422001 43100 2269 322E00 partidaren kargura, edo helburu horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere gastuak justifikatu ondoren.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzako Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Azterlan Ekonomikoen Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Lanbide Heziketaren Berrikuntza, Nazioartekotze eta Kalitaterako Atalari, Lanbide Kualifikazioen Atalari, Lanbide Heziketa Dualaren eta Etengabeko Ikaskuntzaren Atalari eta Laguntza Juridikoaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 24an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Emilio Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Nafarroako Metodologia Aktiboen V. Jardunaldiaren deialdia. Oinarri arautzaileak

1. Jardunaldiaren helburua.

Nafarroako Metodologia Aktiboen V. Jardunaldiaren xedea da metodologia aktiboen erabilera bultzatzea eta erraztea lanbide heziketako ikastetxeetan, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikastetxeetan eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako ikastetxeetan, bereziki Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 27ko 324/2018 Ebazpenean ezarri bezala, horren bidez onetsi baitzen Kimua programa.

Jardunaldiko jardueren zati bat ikasleek 2019-2020 ikasturtean landutako proiektuak azaltzeko erabiliko da.

2. Proiektuen betebeharrak.

a) Proiektua jatorrizkoa izan beharko da, eta 2019-2020 ikasturtean garatu, proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza erabiliz.

b) Nafarroako ikastetxeetan ezarrita dauden lanbide heziketako, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako edo araubide bereziko kirol irakaskuntzetako zikloetan garatu beharko da proiektua.

c) Proiektuaren garapenean, kasuan kasuko curriculumeko ikaskuntzaren emaitzak, edukiak eta gaitasun tekniko zein zeharkakoak txertatuko dira.

d) Proiektu guztiek koordinatzaile bana izan beharko dute. Haren ardura izanen da lanaren garapenean parte hartzen duen hezkuntza taldea koordinatzea, baita ikasleen taldea ere, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidetza bideratzea.

e) Jardunaldian parte hartzen duten proiektuak hango erakustokietan azalduko dira, azken produktua eta erabilitako metodologia erakutsiz. Proiektuan parte hartu duen ikasle talde bat arduratuko da erakustoki horietan jendea hartzeaz, irakasleek koordinatuta.

f) Orobat, talde bakoitzak proiektua jendaurrean aurkeztuko du jardunaldian bertan, “elevator pitch” izeneko teknikaren bidez.

g) Heziketa ziklo bereko kurtso bakoitzeko, hezkuntza proiektu bakar bat aurkezten ahalko da.

h) Ikastetxeek jardunaldira eramateko hautatzen dituzten proiektuak ikasgelan landuko dira Kimua programaren jarraibideei jarraikiz, “Kimua” webgunean baitaude: https://sites.google.com/educacion.navarra.es/acbp-en-fp/recursos.

3. Eskaeren aurkezpena eta epea.

a) Proiektuen erakusketan parte hartzeko eskaera:

Proiektuaren koordinatzaileak parte hartzeko eskaera-fitxa bidali beharko du, 2. eranskinaren araberakoa, helbide elektroniko honetara: metodologiasactivas.fp@educacion.navarra.es.

Proiektuen aurkezpenetan parte hartzeko eskaera-fitxa bidaltzeko azken eguna 2020ko martxoaren 20a izanen da.

b) Ikastetxe bakoitzak erakusketan aurkezten ahal dituen proiektuen gehieneko kopurua parte hartzeko eskaera kopuruaren araberakoa izanen da. Parte hartzeko eskaera bakoitza proiektu bakar batentzat izanen da, eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak berariaz sortutako webgunean erregistratua egon beharko da. Hauxe da ikastetxe bakoitzak gehienez aurkezten ahal duen proiektu kopurua:

–7 proiektu edo gutxiago aurkeztuz parte hartzea eskatu duten ikastetxeak: 2 proiektu gehienez.

–8tik 15 proiektu bitarte aurkeztuz parte hartzea eskatu duten ikastetxeak: 4 proiektu gehienez.

–16 proiektu edo gehiago aurkeztuz parte hartzea eskatu duten ikastetxeak: 6 proiektu gehienez.

c) Ikastetxe bakoitzean onartutako proiektuak Jardunaldian inskribatu ahal izateko, ikastetxeko Kimua dinamizatzaileak mezu elektroniko bat bidali beharko du helbide honetara, proiektu horien berri emateko: metodologiasactivas.fp@educacion.navarra.es.

Metodologia Aktiboen Jardunaldian parte hartzeko eskaera formalizatzeko azken eguna 2020ko apirilaren 3a da.

4. Jardunaldiko aitorpenak.

Jardunaldiaren bukaeran, aitorpenak eginen dira ondoren adierazten diren kategorietan:

a) “Elevator pitch” izenekoaren bidez aurkezpen hoberenak egin dituzten 4 proiektuak.

b) Metodologia Aktiboen Jardunaldian erakustokia hobekien antolatu eta jendaurrean hobekien azaldu duten 2 proiektuak.

c) Kimua zikloentzako aitorpenak, 324/2018 Ebazpenaren arabera.

d) Kimua ikastetxeentzako aitormenak, 324/2018 Ebazpenaren arabera.

Aitorpen horiek jasotzen dituzten ikastetxeek Hezkuntza Departamentuaren egiaztapen diploma ofizial bana jasoko dute, egindako lana aitortzeko.

5. Argitalpena.

Erakusketan parte hartzen duten proiektuen dokumentazioa eta azken produktuak, halakorik bada, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren esku geldituko dira, baina prestakuntza arloko metodologia aktiboen sustapenerako erabiltzen ahalko ditu bakarrik.

6. Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Deialdi honen xedeko jarduerak izaera administratiboa du. Beraz, jarduera egitearen eta oinarriak interpretatzearen ondoriozko gorabehera guztiak, lehenik, organo arduradunak ebatziko ditu. Organo horren ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua.

2. ERANSKINA

Nafarroako Metodologia Aktiboen V. Jardunaldian parte hartzeko eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2003021