51. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

47/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita COVID-19 dela-eta neurri batzuk hartzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpeko lantokietan.

ATARIKOA

COVID-19 koronabirusaren bilakaerak eragindako egoeraren eraginez –gaixotasunari eusteko fasean gaude Nafarroako Foru Komunitatean, baina autonomia erkidego mugakideetan osasun publikoko agintariek eusteko ohiz kanpoko neurriak hartu dituzte, besteak beste ikastetxeak eta zaharrei arreta emateko zentroak ixtea–, neurriak hartu behar dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpeko lantokietan, aldi berean posible izan dadin, batetik, osasun agintarien jarraibideak betetzea, eta, bestetik, enplegatu publikoen osasuna babestea, zerbitzu publikoak modu egokian emateari utzi gabe.

Lantokietan ezagutu behar dira Osasun Ministerioaren eta Osasun Departamentuaren osasun publikoko protokoloak eta prozedurak, jarduerak behar besteko bermeekin jarraitzea ahalbidetzeko. Testuinguru horretan, osasun agintariek hartutako neurriak aintzat hartuta, ezinbestekoa da foru agindu hau izaera bereziarekin onestea, zerbitzu publikoak ematea bermatuta egon dadin.

Neurri hauek antolaketari dagozkio, eta funtzio publikoaren arloko eskumenez baliatuta ematen dira; aldi baterako neurriak dira, betiere agintari eskudunen argibideek ezartzen dutenaren arabera, eta hartuta daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organo batzuetako langileriaren arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 2. artikuluko i) eta l) letretan xedatutakoarekin bat.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea COVID-19 dela-eta ondotik jasotzen diren neurriak hartzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpeko lantokietan, horrek ukatu gabe langile guztiak zerbitzuaren beharretara loturik egotea eta prest, eskatzen zaienean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek esleituak dituzten zerbitzu publikoak emateko.

2. Bakartze egoera.

Behar diren neurriak hartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek, COVID-19 dela-eta bakartuta daudenek, segi dezaten jasotzen beren ordinsarien ehuneko ehun egoera horretan dauden bitartean.

3. Ikastetxeak edo zahar-etxeak ixteak eragindako neurriak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen kasuan, beren kargura adingabeak edo mendekotasuna duten adinekoak badituzte eta ikastetxeak edo zahar-etxeak ixteak eragiten badie, honako neurri hauek aplikatuko dira, agintaritza eskudunak erabakitzen duten aldirako eta zein bere langileria organoek emandako jarraibideekin bat:

a) Lanaldia malgutzea, kontuan hartu gabe xedapen hauen bidez ezarritako mugak: Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia epeka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onetsi zituena, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 19ko 197/2019 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2020ko lan egutegia onetsi zuena.

b) Ezinbestekoa denean, langileak etxean gelditzeko baimena emanen da, eta hala egitea ezinbesteko eginbehartzat hartuko da, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Bi gurasoak edo mendekotasuna duen adinekoaren bi arduradunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak badira, ezin izanen dituzte biek aldi berean hartu neurri hauek.

4. Jendeari arreta ematea.

Jendeari arreta emateko zerbitzuetan arreta telefonikoa eta telematikoa lehenetsiko dira. Arreta aurrez aurre eman behar denean, zerbitzua bermatzeko ezinbestekoak diren txandak ezarriko dira, beharrezkoa bada.

5. Bilerak.

Ahal dela, ez da lan-bilerarik eginen, eta bertan behera geldituko dira beste herri batera joatea dakarten guztiak. Era berean, bideokonferentzia erabiltzearen alde eginen da.

6. Ikastaroak eta prestakuntza jarduerak.

Aurrez aurreko ikastaroak eta prestakuntza jarduerak antolatzeaz arduratzen diren unitateek atzeratu eginen dituzte, salbu eta ezinbestekotzat jotzen dituztenak, eta, posible denean, bitarteko telematikoak erabiliz egiteko aukera aztertuko da.

7. Hautaprobak.

Abian den hautapen prozesu bakoitzerako deialdia egin duen organoak atzeratu beharko ditu hautapen probak, nahitaezkoa den aldirako, bereziki izangai asko dituztenak; betiere, bermatu beharko da prozesuek aurrera egiten dutela, COVID-19 birusari eusteko hartu diren neurriekin lotuta daudenak izan ezik.

Neurri hori ez da aplikatuko hautapen prozedura egitea ezinbestekotzat jotzen denean.

8. Bidaiak.

Gomendatzen da lan bidaiak atzeratzea, funtsezko zerbitzuak normaltasunez emateko ezinbestekoak ez badira.

9. Aurrez aurrekoak ez diren lan modalitateak.

Behar bezala justifikatutako kasuetan, baimena emanen da aurrez aurrekoak ez diren lan modalitateetarako, zuzendaritza nagusiko titularrak edo kasuan kasuko langileen atxikipen esparru organikoko titularrak baimena eman ondoren.

Departamentu bakoitzeko idazkaritza tekniko nagusiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko dizkio arlo honetan hartutako neurriak.

10. Txandak berrantolatzea.

Foru agindu honetan aurreikusitako kasuen ondoren beharrezkoa bada txandak berrantolatzea, departamentu bakoitzak proposatuko du nola egin bere antolaketa esparruan.

11. Jarraipena.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak txosten bat eginen du neurri hauek indarrean dauden bitartean zerbitzuen funtzionamenduan izan duten eraginari buruz.

12. Ondorioak.

Foru agindu honek sinatzen den unetik hasita izanen ditu ondorioak.

13. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 12an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2003903