50. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15E/2020 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariarena, Ingurumen Ukipenetarako Baimena ematen diona “Asteraingo banaketa- eta sarbide-sarea zabaltzeko proiektua” delakoari, A12 autobidean dagoen zuntz optikoko sarea konektatu ahal izateko Asteraingo kontsultategi medikoarekin, sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) delarik.

2019ko azaroaren 4an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen Ukipenetarako Baimena lortzeko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru Dekretu horrek onetsi zuen ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen Ukipenetarako Baimena emateaz edo ukatzeaz.

Aipatu Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen Ukipenetarako Baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere jasoko duela. Hala, 2020ko otsailaren 13an, Lurralde eta Pasaia Zerbitzuak aldeko txostena egin dio proiektuari, zenbait baldintzarekin, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako.

Jarduketaren helburua da zuntz optikoko banaketa-sarea lotzea Asteraingo kontsultategi medikoarekin. Hoditeria berria A-12 autobideko 557 kutxatilan hasi, 10+900 KPan, autobideko ezpondatik jaitsi, Asteraingo bidearen bermara heldu eta ezkerretik doa Asterain herriraino. Jarduketaren zati bat hiri-lurzoruan da, eta gainerakoa lurzoru urbanizaezinean.

Lan hauek eginen dira: 580 m-ko hoditeria, PVCzko 110 mm-ko 2 konduktu, hormigoizko 5 m-ko kanaleta, kutxatilak, kableak eta gainerako instalazio osagarriak.

Zizur Zendeako Udalaren aldeko txostena ageri da espedientean, hiri-zerbitzuen azpiegituratzat jotzen du esku-hartzea, hiri-plangintzarekin bat datorrena, eta hiri-lurzoruan jarduteko irizpideak ezartzen ditu.

Ingurumen Eraginaren Atalak dioenez, jarduketak ez die eraginen balio naturalei, ez du eraginik izanen paisaian, hodien trazatuak ez du zeharkatzen naturako gune babesturik, ez die eragiten ez ibaiei ez bide historikoei ez abelbideei eta, beraz, aldeko txostena eman du, baldintzekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen Ukipenetarako Baimena ematea “Asteraingo banaketa- eta sarbide-sarea zabaltzeko proiektua” delakoari, A12 autobidean dagoen zuntz optikoko sarea konektatu ahal izateko Asteraingo kontsultategi medikoarekin, sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) delarik.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo material-hondarrak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitatean eraikuntza- eta eraispen-hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Azpiegituraren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Azpiegituraren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Egin gogo den jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehala, hala baitio ondare historikoaren arloko legeriak (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragindako edozein ukipen arau-hauste larritzat joko da, aipatu Foru Legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, Ebazpen honen barruko jarduketa edo esku-hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera baimenaren ondorioak bukatu eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Baimen honek, gainera, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezinetako jarduketak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Zizur Zendeako Udalari, Ingurumen Zaintzako Taldera (Iruñerri barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 18an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2002582