50. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

13E/2020 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita Erriberriko udal-mugartean, Las Torres eta La Pedreran (Erriberri), neurtzeko antena bat instalatzeko proiekturako. Sustatzailea MTorres Desarrollos Energéticos SL da.

2019ko uztailaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Baimena eskatu da neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko, toki horretako baliabide eolikoen berri izateko helburuaz, inguru horretan parke eoliko bat jartzeko aurretiazko urratsa baita, horretarako aukera balego.

Proiektuko dorrea sekzio triangeluarreko saretazko egitura bat da, altzairuzkoa eta 100 metroko altuerakoa. Oinarria altzairuzko plaka bat duen burdineria baskulatzailearen gainean jarriko da, azpian hormigoizko zapata bat duela 1,9x1,9x0,4 metroko sakoneran.

Dorrea altzairuzko kableaz eginiko tiranteekin finkatuko da, 8 mm-ko diametrokoak, elkarren artean 120º bereizitako 3 planotan jarrita. Plano bakoitzak 11 tirante ditu, 9 metroko tarteetan iltzatuta dorrean, baita lurrean ere 3 puntutan, 1,5x1,5x1,7 m-ko sakoneran dauden hormigoizko zapatetan sartutako altzairuzko piken bidez.

Erriberriko Udalari ere eskatu zitzaion hirigintza txostena. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedienteko txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua betez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Erriberriko udal-mugartean, Las Torres eta La Pedreran (Erriberri), neurtzeko antena bat instalatzeko proiekturako. Sustatzailea MTorres Desarrollos Energéticos SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Aurkeztutako ingurumen ukipenen azterlanean zehaztutako neurriak aplikatu beharko dira, eta zehazki: hegaztiak babesteko neoprenozko balizak jartzea, tiranteetan zerrenda lumineszenteak dauzkatenak, aipatu azterlanean zehaztutakoari jarraikiz.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendu batera eraman beharko dira, izaeraren arabera.

–Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena eman ondoko 5 urtean desmuntatuko da dorrea. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak lehengoratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokion araudia betez.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, instalazioak 100 metroko altuera gainditzen badu, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren baimena lortu beharko da.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Erriberriko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2002497