50. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

42/2020 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Barneko zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 71/2019 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, Foruzaingoko agente lanpostu batzuk lehiaketa bidez edo berariazko lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Barneko zuzendari nagusiak martxoaren 21ean emandako 71/2019 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Foruzaingoko agente lanpostu batzuk lehiaketa bidez edo berariazko lehiaketa bidez betetzeko. Deialdia 2019ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 25ekoan.

2019ko maiatzaren 16an, 72807162H zenbakiko NANa duen pertsonak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen ebazpen horren aurka. 2019ko uztailaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (130. zenbakia) ediktu bat argitaratu zen gora jotzeko errekurtso horren berri emateko eta interesdun guztiei jakinarazteko hura aztertu eta alegazioak aurkezten ahal zituztela 10 egun balioduneko epean, iragarkia argitaratzen zen egunetik hasita. Horretarako emandako epean inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Funtzio Publikoaren Antolamenduko Zerbitzuak eskaturik, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak txosten bat egin zuen 2019ko abenduaren 11n gora jotzeko errekurtsoan planteatuko auziei buruz.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak urtarrilaren 24an emandako 9E/2020 Foru Aginduaren bidez, baietsi egin zen Barneko zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 71/2019 Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtso hori, funtsean, errekurtsogilearen uziak zuzenbidearen araberakoak zirelakoan, hots: hautapen prozesu horretan bete beharreko lanpostu batzuetarako eskatzen zen euskara maila egiaztatu ahal izatea berariaz deitutako proba baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren bidez aitortuak ditudan eginkizunak erabiliz,

EBAZTEN DUT

1. Foruzaingoko agente lanpostu batzuk lehiaketa bidez edo berariazko lehiaketa bidez betetzeko asmoz Barneko zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 71/2019 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren 3. oinarriko 5. atala aldatzea, oinarri arautzaileen 3.5 atalaren bukaeran paragrafo hau gehituz:

“Euskaraz jakin beharra ezarrita duten lanpostuetara lehiatzen diren izangaiek, hala adierazi eta eskatuz gero, berariaz deitutako jakite proba bat egiten ahalko dute eskatutako hizkuntza maila dutela egiaztatzeko.”

2. 15 egun naturaleko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, ebazpen honen eranskinean azaltzen diren lanposturen batera edo guztietara lehiatzea aukeratu ahal izateko, baina, bakar-bakarrik, euskararen jakite maila neurtzeko probaren bidez.

Eskaera deialdiaren 5.2 atalean ezarritako lekuetatik edozeinetan aurkezten ahalko da.

3. Hasiera batean irekitako epean eskabidea aurkeztu eta destinoa hautatu zuten interesdunek ezin izanen dituzte aldatu orduan hautatutako destinoak edo lehentasun hurrenkera.

Eranskinean azaldutako lanposturen batera lehiatzea aukeratuz gero, aukeratzen den destinoa aurretik egindako destinoen zerrendan txertatuko da, eta, hala, aukeratutako lanpostuen hurrenkera ondoz ondo aldatuko da.

4. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian (www.nafarroa.eus) deialdiari buruz ageri den fitxan eta foruzain etxeetako iragarki-tauletan, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta kalifikazio epaimahaiko idazkariari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

Iruñean, 2020ko otsailaren 28an.–Barneko zuzendari nagusia, Amparo López Antelo.

ERANSKINA

Euskara maila egiaztatzeko proba egiteko eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2003256