50. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

187E/2020 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “Haragitako ardi-aziendaren instalazioa Pitillasen, umetarako 2.100 ardirentzat” proiektuaren ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena. Sustatzailea Izco Jurio Felix, Izco Ongay, Felix y Oscar sozietate kooperatiboa da.

2018ko ekainaren 28an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak Pitillasko Udalari adierazi zion, ofizio baten bidez, besteak beste, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean sartzen direnetakoa dela eta, haren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar zuela.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritako ondorioetarako, 2019ko abuztuaren 7an, ukitutako administrazioei eta interesa zuten pertsonei kontsulta egiteko tramitea ireki zen. Kontsultaren zerrenda txosten honen I.eranskinean ageri da. Tramite horretarako ezarritako hilabeteko epea bukaturik, Herri-lurren Atalaren aldeko txostena eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren aldeko txostena jaso dira. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du jarduera sailkatuaren udal lizentziaren tramitazioan emanen duela bere txostena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz ebazpen honetan ezarritako baldintzetan.

Proiektuaren deskribapena

Sustatzaileak abeltzaintza-ustiategi bat kudeatzen du Pitillasko 5. poligonoko 307. lurzatian, herriaren iparraldean, Santa Ana alderdian (ardi-aziendako 2.100 buru eta aurrerako 315 arkazte ditu bertan), baita 2 bazkaleku Uxuen eta beste 2 Pitillasen.

Lan horietarako, egungo nabea (1.000 m²-koa, 50 x 20) handitu nahi du, eta aziendaren hazkuntzarako erabiltzen duen 1.000 m²-ko (50 x 20 m) zelaitik 582 m² estali (zelai hori nabearen hegoaldeko aldeari atxikita dago). Instalazioak hartzen dituen lurzatiak 23.681 m² ditu, irregularra da, eta %8ko malda du, ekialdetik mendebalderantz doana. Nabe berrirako eremua zelaitua dago egungo nabea eraiki zenetik.

Nabearen egiturari dagokionez, altzairu ijeztuzko portale metalezkoak izanen ditu, eta aurrez lakatutako xafla gorrizko estalkia. Kanpoko itxiturari dagokionez, mendebaldeko fatxada nagusian, aurrez lakatutako xaflarekin eginen da (gris perla), atxikitako nabea bezala. Aurreikusitako okupazioa, proiektatutako eraikina barne, 1.582 m²-koa da, hots, %6,68koa.

Ur hornidurari dagokionez, ez da aurreikusi hodi gehiago sartzerik. Egungo sarreren ondoan, ur-aska batzuk jarriko dira, ura egungo nabetik ekarrita. Nabearentzako hornidura elektrikorik ere ez da aurreikusi. Ustiategira iristeko, “Artipuchal” partzela-bidea hartu behar da Pitillas-Beire NA-5331 errepidean.

Ingurumen dokumentuaren analisia eta ebaluazioa

Tramitatzeko aurkeztutako ingurumen agiria ongi egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera. Nabearen zabalkuntza kokatuko den ingurunea egoki deskribatzen duen ingurumen inpaktuaren azterketa erantsi du, alternatiben balorazioa aurkeztu du, izan litezkeen inpaktuak baloratu ditu eta zuzenketa, kudeaketa eta segimendurako zenbait neurri proposatu ditu, proposamena ingurumenaren aldetik bateragarria izan dadin.

Neurri horien artean, kutsadura, zaratak, usain txarrak eta halakoak kontrolatu eta haiei aurre egitekoak daude, jarduera-lizentzia lortzeari dagozkionak, eta beste batzuk ingurune naturala babesteko eta ingurune naturalean integra dadin bistarako eta ingurumenaren aldetik. Horien artean, aurreikusi da landare-lurra gordetzea obrak bukatutakoan lurzatian zabaltzeko, 10 zuhaitz landatzea eta argi-kutsadura mugatzea (kanpoko argiak zama-lanak egiten diren uneetan baizik ez dira erabiliko, goiztirian edo gauean, goi-hemisferiora argirik igorri gabe eta irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua betez, zeinaren bidez onetsi baitzen Gaueko ingurumena babestearren argiteria antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

Ustiategia eremu beheratu batean kokatuta dago, Santa Ana alderdian, terraza bateko ekialdeko muturraren azpian (Donomondos bazkalekua eta Artipuchal), garai batean terrazako uren aterabide gisa erabilitako sakana zegoen behe-lur istiltsuetan. Ur horiek bideko bazterretik ateratzen dira, Pitillasko ureztalurretako drainatze erdi-naturaletaraino. Instalazioaren hegoaldeko eta mendebaldeko aldeak garbi ikusten dira NA-5331 errepidetik, Pitillasko iparraldeko irteeratik Artipuchalgo bideraino.

Pitillasko 5. poligonoko 308. lurzatia ustiategiaren parte da; izan ere, bertan lasto-pakak pilatzen dira, eta horrek instalazioaren begi-inpaktua handitzen du.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. Eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Kontsulten ondorioz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri begira jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Ingurumen Eraginaren Atalak adierazi du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura, eta proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, egindako ebaluazioan adierazitako ingurumen baldintzak betez gero, hori guztia ukatu gabe indarreko legearen arabera lortu beharreko bestelako baimenak; bereziki, jarduera sailkatuaren lizentzia eta lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. “Haragitako ardi-aziendaren instalazioa Pitillasen, umetarako 2.100 ardirentzat” proiektuak, zeina Izco Jurio Felix, Izco Ongay, Felix y Oscar sozietate kooperatiboak sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazten den moduan, eta, beraz, ez da 21/2013 Legearen II. tituluko 1. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren aginduzko txostena lortzeko asmoz Udalak aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, zeina martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 69. artikuluan zehazten baita, jarduera sailkatuaren udal lizentzia baino lehen, memoria bat ere aurkeztuko du, non jardueraren ingurumen integrazio eta egokitzapenerako testua, planoak, aurrekontuak eta exekuzio epea azalduko diren, baita nabeak eta lastategia kokatzen diren lurzatiek bete beharreko ingurumen-neurriak ere. Zehazki, honako neurri hauek:

  • Ustiategiaren muga zehatzak, Pitillasko 5. poligonoko 308. lurzatia barne, hantxe biltzen baita aziendarentzako bazka. Honako hauek adierazteko planoa: espazioak, nabeak, abereen hazkuntzarako kanpoko eremuak, barneko bideak, espazio libreak, kanpoko drainatzeak eta abar.
  • Lurzatiaren mendebaldean dauden ildo-bizkarrak integratzeko neurriak, adieraziz ea profilatu behar diren eta ustiategiaren barruan edo inguruko lurren batean zabaldu, edo berriz landareztatu behar diren hesi berde gisa.
  • Egin beharreko landaketak zehaztea, proiektuan azaldutakoari jarraikiz. Izan ere, landaketa horiek beharrezkoak dira ustiategia inguruko paisaian integratzeko, mendebaldeko eta hegoaldeko aldeetan gutxienez, Erriberritik Pitillasera doan errepidetik ikusten baitira.
  • Nabeen lokalizazioa eta topografia zehaztea. Gomendatzen da zuhaitzak multzoka landatzea inguru horretako sakanetako ibarretan, erretenetan eta ibaietan ohikoak diren berezko espezieak erabiliz (bereziki, zurzuria eta tamariza), edo frutarbolak (pikondoa, adibidez), lurraren hezetasuna, neurri bateko gazitasuna eta materia organikoa jasaten dituztelako.

–Sortzen diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, batez ere hormigoizko horma txikia desmuntatzean sortzen direnak, indarreko legediaren arabera kudeatuko dira, eta, beraz, baimena duen kudeatzaile bati emanen zaizkio.

–Etorkizunean, abeltegiak energia, hornidura edo saneamendu zuzkiduraren bat behar baldin badu, behar diren ingurumen baimenak lortzeari begira, unean-unean indarra duten legediaren arabera tramitatuko dira.

3. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeenak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Pitillasko Udalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (10. eskualdea, Tafalla-Zangoza) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ukituriko administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta-tramitea. Kontsultatutako administrazio eta entitateen zerrenda

Ukitutako administrazioak:

–Udalak:

Pitillasko Udala.

–Nafarroako Gobernuaren erakundeak:

  • Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.
  • Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.
  • Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala.
  • Ingurune Naturalaren Zerbitzua.
  • Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua.
  • Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala.
  • Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.
  • Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua.
  • Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua.
  • Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua.
  • Herri-lurren Atala.
  • Abeltzaintza Zerbitzua.
  • Herri Lan Zuzendaritza Nagusia. Garapen Ekonomikorako Departamentua.

–Nafarroako Gobernutik kanpoko erakundeak:

  • Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Pertsona interesdunak:

–Ekologistak Martxan Iruñea.

–GURELUR-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

–Lurra Nafarroa-Lurraren Defentsaren Aldeko Elkartea.

–Nafarroako Ehiza Federazioa.

–UAGN (Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna).

–EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna).

–Sustrai Erakuntza fundazioa.

–Ekologistak Martxan La Ribera-Landazuria.

–Gorosti Natur Zientzia Elkartea.

–Aranzadi Zientzia Elkartea.

Tramite honetarako ezarritako hilabeteko epea bukaturik, Herri-lurren Atalaren aldeko txostena eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren aldeko txostena jaso dira. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du jardueraren lizentziaren tramitazioan emanen duela bere txostena.

Iragarkiaren kodea: F2002106