48. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa Iruñerriko hiri-garraioaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2019ko abenduaren 19an egindako bilkuran, Iruñerriko hiri-garraioaren zerbitzu publikoa arautzeko ordenantzaren 6. eta 8. artikuluak eta Azken Xedapena aldatzea onartu zuen hasiera batean.

Onarpenaren erabakia 2019ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 31n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoari jarraituta, behin betiko onartuta gelditu da ordenantza horren aldaketa, eta testu osoa argitara ematea agindu da, egokiak diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 19an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN ZERBITZU PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

6. artikulua.

1.–Garraioan erabiltzekoak diren ibilgailuetara sartzea publikoa da eta betebehar bakarra da aurretik tarifa ordaintzea, 9. artikuluan ezartzen denaren arabera. Salbuespena dira 5 urtetik beherako haurrak, behar bezala lagunduta badaude. Ulertzen da behar bezala lagunduta daudela, gutxienez, pertsona heldu bat badago 4 haurreko.

2.–Taldeen kasuan (eskoletakoak, elkarteak...), abisua eman beharko zaio enpresa kontzesiodunari gutxienez 24 ordu lehenago, dagokion linea indartzea komeni den aztertu ahal izateko. 16 urtetik beherako pertsonen taldeen kasuan, kopurua ez da inolaz ere ibilgailuaren plaza kopuruaren erdia edo handiagoa izango. 5 urtetik beherakoen kasuan, gainera, aurreko atalean ezarritakoa aplikatu beharko da.

3.–Ezin izanen da ibilgailuan sartu ondoren aipatutakoren bat gertatuz gero:

a) Ibilgailua beteta badago; kasu horretan aurreko atea ez da irekiko.

b) Ibilgailua geralekuan badago erabiltzaileak jasotzen, eta bidaiari gehiago ez bada sartzen. Halakoetan gidariak zehaztuko du zein den ibilgailuan sartzen den azken pertsona.

c) Gidariak sarbideko atea itxi badu.

d) Beren tamaina, mota, forma edo beste ezaugarriren batengatik ibilgailua zikindu, bidaiariei traba egin edo lekua kendu gabe ezin eraman daitezkeen fardel edo gauzak eramaten badira. Halakotzat ez dira behin ere joko erabiltzaileek eraman ditzaketen haurren aulkitxoak edo erosketarako orgatxoak.

Fardelen edo beste gauzen gehieneko tamaina ez da izango neurri hauek baino handiagoa: 100 x 60 x 25. Pertsona bakoitzak, gehienez, fardel bat eraman dezake.

e) Animalia batekin batera joanez gero. Salbuespena da itsuek gidari gisa erabilitako txakurrak eta laguntza txakurrak, egoki identifikatuta daudenak, eta 5. atalean araututa dagoena.

f) Leher daitezkeen edo arriskutsuak diren substantziak eramanez gero.

4.–Soil-soilik onartuko da bizikletak edo norberaren mugikortasunerako beste ibilgailu batzuk, A motakoak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren 16/V-124 Instrukzioan haien gainean ezarrita dagoen sailkapenaren arabera, eramatea, tolestuta badaude eta sendotasun egokiko zorroetan sartuta babestuta badaude, beste bidaiari batzuei kalterik ez egiteko eta eragozpenik ez sortzeko. Hala ere, ez dute lehentasunik izango gurpil-aulkien eta haurren aulkitxoen aurrean. Zorroaren barnean dagoen elementuaren tamainak ezin izango ditu gainditu aurreko atalean aipatu diren neurriak.

5.–3.e atalean ezarri dena gorabehera, etxeko animalia txikiak garraiatu ahal izango dira helburu horretarako egoki prestatutako ontzi edo kutxetan eramaten badira eta, hartara, ez badute zikintzen eta ez badiete eragozpenik sortzen gainerako erabiltzaileei. Garraioa lagun egiteko animalia txikietara mugatuko da, hala nola txakur, katu eta antzekoetara, baldin eta haien pisua ez bada 8 kilogramotik gorakoa. Bidaiari bakoitzeko animalia bakarra onartuko da, eta beti kaiola batean edo garraiorako elementu edo beste edukiontzi itxi mota batean joan beharko du. Garraiorako elementu horren neurriak, gehienez ere, hauek izango dira: 55 x 36 x 35 zentimetro.

8. artikulua.

1.–Gurpil-aulkiak edo mugikortasun murriztua duten pertsonak mugitzeko beste gailu batzuk eta haurren aulkitxoak haietarako egokitutako tokian jarriko dira eta lotuta eramateko aurreikusita dauden elementuak erabili beharko dituzte, artikulu honetan jarritakoaren arabera.

2.–Gurpil-aulki batean edo mugitzeko beste gailuren batean doazen mugikortasun murriztuko pertsonak bigarren atetik sartuko dira autobusean, eta aurretik abisua eman beharko diote gidariari kanpoan, atearen ondoan, dagoen txirrinaren bidez, ahal den guztietan. Igotzeko erabiliko dute autobusetan dagoen arrapala, gidariak aktibatuko duena. Autobusean sartu ahal izango den gurpil-aulkien edo mugitzeko beste gailuen kopurua horretarako egokituta dagoen plaza-kopuruaren berdina izango da. Mugikortasun murriztua duen pertsonak berak ordaindu ahal izango du bidaia, helburu horretarako autobusaren erdiko plataforman kokatutako txarteletarako makinan, edo edozein bidaiarik, bere ordez, gidariaren ondoan dauden txarteletarako makinetan.

3.–Gurpil-aulkietarako eta mugitzeko beste gailu batzuetarako indarrean dagoen legerian araututako segurtasun sistemak izango dituzte autobusek. Gomendatzen da gurpil-aulkien edo mugitzeko beste gailu batzuen erabiltzaileek sistema horiek erabiltzea. 1.300 mm x 700 mm neurriak gainditzen dituen edo, erabiltzailea barne hartuta, 300 kilogramoko pisua gainditzen duen gurpil-aulkirik edo mugitzeko beste gailurik ezin izango da sartu autobusean, ez eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen neurriak gainditzen dituztenak ere, bereiz daitezkeen moduluak eta erreserbatutako tokietan kokatzeko desmunta daitezkeenak badira izan ezik.

4.–Arrapala ez badabil, taxi bati deituko zaio erabiltzailearen bila joateko, ezpada hurrengo autobusak taxiak baino denbora gutxiago behar badu erabiltzailearengana iristeko. Erabiltzailea taxiz joaten bada, jaistea aurreikusita zuen geralekua izango da taxiaren helmuga. Dena den, beste helmuga bat adierazten badio, bi helmugen arteko alde ekonomikoa erabiltzaileak ordaindu beharko du.

5.–Haurren aulkitxoak eta kapazuak, posible den guztietan, aurreko atetik sartuko dira autobusean. Autobusaren egitura dela eta ezin bada horrela egin, bigarren atetik eginen dute, gidariari aurretik jakinarazita.

6.–Autobusean sartu ahal izango den tolestu gabeko haurren aulkitxo eta/edo kapazu kopurua “gurpil-aulkietarako” gordetako tokian sartzen dena izango da.

7.–Aulkitxoan edo kapazuan dagoen haurrarekin doan pertsona heldua da haur horren segurtasun baldintzak betetzeko arduradun bakarra eta haurrak izan ditzakeen kalteen edo aulkitxoak edo kapazuak eragin ditzakeen kalteen arduradun bakarra.

Horretarako, aulkitxoan edo kapazuan doan haurrarekin doan pertsona helduak:

a) Aulkitxoa edo kapazua ibilgailuaren erdiko plataforman jarri beharko du, gurpil-aulkietarako gordetako tokian.

b) Aulkitxoan edo kapazuan behar bezala lotu beharko du adingabea, horietan dauden eusteko sistemen bidez.

c) Aulkitxoaren edo kapazuaren balazta galgatu beharko du.

d) Aulkitxoari edo kapazuari bidaia osoan eutsi beharko dio.

Autobusera igotzean gurpil-aulkietarako eta haurren aulkitxoetarako gordetako tokia beteta badago, aulkitxoan edo kapazuan doan haurrarekin bidaiatzen duen pertsona helduak tolestu ahal izango du, haurra besoetan hartu eta mugikortasun murriztuko pertsonentzat gordetako eserlekuetako batean eseri ahal izango da, edo, eserleku horiek ez badaude libre, beste batean, baina betiere bere ardurapean, edo hurrengo autobusaren zain gelditu ahal izango da. Aulkitxoa edo kapazua tolesten bada, gainerako bidaiariei igarotzea ez eragozteko moduan utzi beharko da.

8.–Ibilgailu guztiek eraman beharko dute gurpil-aulkietarako gordetako tokietan, ikusteko moduko leku batean, gurpil-aulkiak eta haurren aulkitxoak edo kapazuak autobusetan garraiatzeko araudia.

9.–Eserlekuak eta tokiak gordetzea. Mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasunez erabiltzeko, gutxienez, bi toki gordeko dira gurpil-aulkiak edo mugitzeko beste gailu batzuk jartzeko eta lau eserleku autobus guztietan.

Gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doazen mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasuna izango dute helburu horretarako egokituta dauden lekuak hartzeko. Mugikortasun murriztuko pertsonentzat gordetako eserlekuak autobusean sartzeko ateetatik hurbil egongo dira, seinale egokiak izango dituzte, eta txirrinak, gelditzeko seinaleak eta alarmak izango dituzte eskura. Beste pertsona batzuk eserita badaude gordetako eserleku horietan, gidariak eskatuko die libre uzteko. Hartara, libre badaude soilik eseri ahal izango dira beste bidaiari batzuk eserleku horietan.

10.–Autobusean sartzen bada gurpil-aulki bat edo mugitzeko beste gailu bat eta horretarako gordeta dauden tokiak hartuta badaude eta tokietako batean haurren aulkitxo edo kapazu bat badago, haurren aulkitxoa edo kapazua daraman pertsona behartuta dago tolestera eta tokia uztera gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doan pertsona erabiltzaileari. Haurren aulkitxoak eta/edo kapazuak zenbait badira, autobusean azkena sartu den haurren aulkitxoa edo kapazua daramana egongo da behartuta tolestera eta tokia uztera gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doan pertsona erabiltzaileari.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Aldaketa hauek indarra hartuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, 8. artikuluko 2. atalean xedatutakoa izan ezik, Mankomunitateko lehendakariak zehazten duenean jarriko baita indarrean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen baten bidez.

Iragarkiaren kodea: L2002621