48. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa Eskualdeko hiri garraioaren zerbitzuarengatiko tributu izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzeko ordenantzan. Behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2019ko abenduaren 19an egindako bilkuran, Eskualdeko hiri garraioaren zerbitzuarengatiko tributu izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzeko ordenantzaren 27. artikulua eta Azken Xedapen Bakarra aldatzea onartu zuen hasiera batean.

Onespenaren erabakia 2019ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 31n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituta, behin betiko onetsita gelditu da aldaketa hori eta testu osoa argitara ematea agindu da, egokiak diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 19an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN ZERBITZUARENGATIKO TRIBUTU IZAERA EZ DUTEN ONDARE-PRESTAZIO PUBLIKOAK ARAUTZEKO ORDENANTZA

27. artikulua. Erabilerak.

Ezarrita dauden tarifak garraio-txartelaren bidez ordaintzea, orokorrean, autobusetan txarteletarako dauden makinetan egingo da, gidariaren ondoan kokatuta daudenetan. Salbuespena izango da gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batzuetan ibiltzen diren eta mugikortasun murriztua duten pertsonen kasua, pertsona horiek helburu horretarako autobusaren erdiko plataforman kokatuta egongo den makinan ere egiteko aukera izango baitute.

Autobus bakoitzean, txarteletarako bi makina daude gidariaren ondoan: aurrekoa edo saltzeko makina, eta atzekoa edo balioztatzeko makina. Garraio-txartel pertsonalizatuak saltzeko makinan baino ezin izango dira erabili, hartara, gidariari erakutsi eta hark zuzen erabiltzen ari dela identifikatzeko aukera izan dezan. Garraio-txartel izengabeak bi makinetan erabil daitezke.

Txarteletarako hirugarren makina bat ere badago, autobusaren erdiko plataforman kokatuta dagoena. Gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batzuetan ibiltzen diren eta mugikortasun murriztua duten pertsonek baino ezin izango dute erabili makina hori txartelak balioztatzeko.

Azken xedapen bakarra.

Mankomunitateko lehendakariak zehazten duenean hartuko dute indarra aldaketa hauek. Ebazpen bidez egingo du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da ebazpen hori.

Iragarkiaren kodea: L2002620