48. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2020 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honetarako deialdia onesten duena: “Nekazari gazteak beren gain jartzea 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren barnean. 06.01. neurria”. DDBN identifikazioa: 496941.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan, 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horien artean dago nekazari gazteak beren gain jar daitezela sustatzea, neurri hori lagungarria baita belaunaldi aldaketa egiteko, biztanleria finkatzeko eta landa eremuetan jarduera sortzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 19. artikuluan nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri gisa, berriz, artikulu horren 1, a) puntua, nekazari gazteek enpresak sortzeari buruzkoa.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean “nekazari gazte” bakoitzeko emanen diren gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro soziekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 aldirako programak neurri hori jasotzen du, eta, zehatzago, nekazari gazteak jardueran hasteko azpineurria ere bai. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Belaunaldi aldaketa sustatu nahi da nekazari gazteentzako enpresak sortzeko laguntzaren bidez, oinarri hartuta behar adinako prestakuntza daukaten gazteak, nekazaritzako enpresen titularrak, hori baita alternatiba nagusia nekazaritzaren sektoreari jarraipena emateko eta etorkizunari arrakastaz ekiteko.

Kontuan harturik nekazaritzan ari den populazio aktiboa zahartzen ari dela, gazteak landa eremuetatik hiri aldera joaten direla, gazteek jarduera ekonomikoaren beste sektore batzuk nahiago dituztela eta landa eremuetan gizonezkoak nagusitzen ari direla, beharrezkoa da gazteak (gizonezkoak zein emakumeak) nekazaritzan aritzera bultzatzeko estrategiak ezartzea, horien bitartez biztanleria finkatzeko, jarduera ekonomikoari eusteko eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen jasangarritasuna eta garapen orekatua bermatzeko.

Nekazari gazteak beren gain jartzeari laguntzeak oso helburu garbiak ditu, eta oso lotuta dago Nafarroako nekazaritzaren sektorearen beharrekin. Azken helburua da erraztasunak ematea gazteak nekazaritza lanetan has daitezen ustiategi bideragarrietan, sektorearen egokitzapen estrukturalarekin bat. Neurri hori beste neurri batzuekin estuki lotuta dago, hala nola, nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzekin, garapen okupazionalarekin eta etengabeko aholkularitzaren eta prestakuntzaren bidez gaitasunak hobetzeko neurriekin.

Ildo horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien lehiakortasuna bultzatu nahi da, beste jarduketa ildo batetik, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta aukera berdintasunerako eta bizitzeko baldintza egokiak eskaintzeko.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, “Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak” lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile bat lortu beharrez, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehazki, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.b) artikuluaren arabera, neurri hau Batasunaren landa garapenerako lehentasun honekin bat dator: “erraztasunak ematea nekazaritza sektorean nekazari behar bezala prestatuak sartzeko, eta, bereziki, belaunaldi aldaketa erraztea”.

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboak.

Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunak, eta sektorean dauden emakumeen tasa txikia, aintzat hartu da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat (3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa).

Ebazpen honi, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 17an hartutako erabakiaren bidez, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari baimena eman zaio 3.503.944,00 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauen 2019ko ekitaldiko deialdia finantzatzeko, 2021eko eta 2022ko ekitaldien kargura.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

“Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dira, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala.

2. Deialdiaren onespena.

“Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2019ko ekitaldiko deialdia onesten da.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 1.751.972,00 euroko gastua baimendu da, 2021eko ekitaldian, eta 1.751.972,00 eurokoa, 2022ko ekitaldian, 2020ra luzatutako 2019ko Aurrekontu Orokorretako 720004 72230 7700 412103 partidaren baliokidearen kargura (“Nekazari gazteak bere gain jartzea. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2022”), behar adinako kreditu egokia baldin bada.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2019ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Mendialdea, goi mendialdea eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak.

Mendialdetzat, goi mendialdetzat eta naturak bereziki mugaturiko tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 11ko 82/2019 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru agindu horren bidez honako hauen deialdia egin zen 2019ko kanpainarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarra, Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemarentzako aldaketa eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

6. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Iruñean, 2020ko otsailaren 20an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

2019ko ekitaldiko deialdia, laguntzak emateko, Nafarroako
2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako. Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1. a) artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezkoa (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EB) 1698/2005 Erregelamendua.

2. oinarria. Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin bat, “nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko” neurri honen azken helburua da landa eremuetan enpresak sortzea, eta azpineurri honen helburua da, zehazki, nekazari gazteek nekazaritzako enpresak sortzea.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira; izan ere, laguntzen dute, zalantzarik gabe, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen diren lehentasunak lortzen, eta lagungarriak dira, orobat, nekazaritzaren sektorean behar bezalako prestakuntza duten langileak sartzeko eta, bereziki, belaunaldi aldaketa egiteko, emakumeak nekazaritzan sartzeko, eta, gainera, sustatzen dute enpresak sortu, garatu eta dibertsifikatzea, enplegua sortzea, eta, horrekin denarekin loturik, landa eremuen tokiko garapena sustatzea.

3. oinarria. Onuradunak.

Neurri hau bideratua dago behar bezalako enpresa plan baten bidez bideragarri diren nekazaritzako ustiategietako titular, titularkide edo bazkide gisa lanean jartzen diren pertsona fisikoei. Ustiategi horiek Nafarroan kokatu beharko dira, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak egon, edo inskribatzeko moduan. Eskatzaileek, berriz, hemen ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsi.

4. oinarria. Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan daitezke nekazaritzako ustiategi batean lehenbizikoz beren gain hasten diren pertsona fisikoak, baldin eta onartua izateko honako baldintza hauek betetzen badituzte laguntza eskatzen den egunean:

a) 18 - 40 urte bitarte izatea, biak barne.

b) Nekazaritzako ustiategi baten titularra, titularkidea edo bazkidea ez izatea laguntza eskaera aurkezten den eguna baino urtebete lehenagotik. Ondorio horietarako, laguntza eskaera aurkeztu aurreko urtean baldintza hauetako edozein betetzen duenak ezin izanen du laguntzarik eskuratu:

–Eskatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 11ko 82/2019 Foru Aginduan, edo aurreko kanpainetako horren baliokideetan, aurreikusitako laguntzetako edozein. Foru agindu horren bidez, honako hauen deialdia egin zen 2019ko kanpainarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarra, Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemarentzako aldaketa eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

–Zergetarako aitortutako diru-sarrerak lortzea nekazaritzako jardueragatik.

–Batera 0,1 nekazaritzako lan unitate (NLU) baino gehiago osatzen duten produkzio, nekazaritza edo abeltzaintzako elementuen titularra izatea, diru-sarrerarik jasotzen ez bada ere nekazaritzako jardueragatik.

c) “Enpresa plan bat” aurkeztea, oinarri arautzaile hauen 6. oinarrian xedatutakoaren araberakoa.

d) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza izatea.

Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza duela ondorioztatuko da baldin eskatzaileak honako baldintza hauetako bat betetzen badu:

–Prestakuntza arautua izatea, nekazaritza arloko erdi edo goi mailako ziklo baten parekoa, edo unibertsitateko prestakuntza, aurreikusitako ustiategi motarekin lotura zuzena duena.

–Nekazari gaztea zer ustiategitan jartzen den, haren tipologiarekin loturiko ikastaroak egitea, hura kudeatu eta erabiltzeko. Ikastarook 250 ordu baino gehiago iraun behar dute.

–“Nekazaritzako ustiategian sartzeko” berariazko ikastaro bat egiten badu, gutxienez 200 ordukoa. Ikastaro hori emanen dute Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategietarako aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak arautzen dituen foru araudiak homologatu, aitortu edo izendatutako prestakuntza entitateek. Ordu kopuru horretatik kentzen ahalko dira gazteak truke programetan eta nekazaritzako ustiategietara egindako bisitetan emandako orduak (1305/2013 EB Erregelamenduaren 14.1 artikulua).

Laguntza eskatzen duen gazteak aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, 2022ko azaroaren 1era arte izanen du prestakuntza hori jaso duela erakusteko, eta hala zehaztuko da bere enpresa planean.

e) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluarekin.

f) Egunean izatea tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

2. Onuradunek laguntza eskatu aurreko 12 hilabeteko epean hasia izan behar dute ustiategian beren gain hasteko prozesua, eta ez dute amaiturik izan behar.

Prozesu hau hasia dela ulertuko da, inguruabar hauetako bat betetzen dela frogatzeko modua baldin badago:

–Inskribatuta egotea oinarri honen 1.d) puntuko hirugarren marran aipatzen den prestakuntza ikastaroan, behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzeko.

–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Eskaera bakarra aurkeztea (nekazaritza politika erkidea, NPE), edo Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (NUE) inskribatzea 0,1 NLU baino gehiago osatzen duten ekoizpen baliabideak, onuraduna titular bakar moduan jartzen bada.

–Elkartean bazkide moduan sartzea, elkarte asoziatibo bateko kide eginez gero.

Apartatu honetan esaten denaren ondorioetarako, ulertuko da bere gain jartzearen prozesua amaitu dela onuradunak betetzen dituenean ogibide nagusia nekazaritza izatearen kalifikazioa lortzeko betebeharrak.

3. Nekazari gaztea ustiategiaren titular bakarra ez bada, haren izaera juridikoa zeinahi delarik ere, ustiategiaren titular bakarrak izanik hasten diren nekazari gazteei eskatzen zaizkien antzeko baldintzak eskatuko zaizkio.

4. Kasu guztietan nekazari gazteek ustiategiaren egiazko kontrola izan beharko dute. Kontrol hori enpresaren jokabide estrategikoari buruzko funtsezko erabakiak hartzearen gainekoa izanen da (negozio plana, aurrekontua, finantzaketa, etab.), onuradunarentzako konpromisoak indarrean dauden denbora osoan.

Onuraduna ez bada ustiategiaren titular bakar gisa hasten bere gain jarduten, bere gain jartzearen prozesuan zehar entitate juridikoaren egiazko kontrola hartuko du, abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren 24. artikuluaren hirugarren apartatuko b) letran jasotakoarekin bat (errege dekretu hori Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketaren araubideko eskubideen esleipenari buruzkoa da).

Elkarteek beren eraketa-agiria eskritura publiko batean jaso beharko dute, eta hartan adierazi beharko da nola banatzen diren partaidetzak eta haiek mantentzeko konpromisoa.

5. oinarria. Ustiategiak onartuak izateko irizpideak.

1. Onuraduna bazkide egiten bada dagoeneko baden elkarte asoziatibo batean (elkarte asoziatibotzat hartuko dira eskaera aurkezteko eguna baino urtebete lehenago sortu direnak), ustiategi-eskaera aurkezteko unean elkarteak egon behar du mikroenpresa eta enpresa txikien definizioaren barruan, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan (2003.5.20ko L 124 AO) ezartzen den bezala, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda egon behar du.

2. Kasu guztietan, aurreikusitako ustiategiak mikroenpresa eta enpresa txikien definizioaren barnean egon beharko du, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan (2003.5.20ko L 124 AO) ezartzen den bezala, eta gutxienez dimentsio ekonomikoaren 12 unitate (DEU) edukiko ditu, eta ematen duen unitateko lan errentak %15 handiagoa izan behar du erreferentzia-errenta baino. Elkarte asoziatibo sortu berrietan, aurkezten den enpresa planean bilduko da ustiategiaren gaineko informazioa.

Enpresa planak aurreikusi behar du ustiategiak lortu eta/edo sortu behar duela NLU bat (nekazaritza lan unitatea) sartzen den gazte bakoitzeko.

Bere gain jartzea elkarte asoziatiboen bidez egiten denean, baldintza hauek bete behar dira:

–Dagoeneko baden elkarte asoziatibo baten bidez jartzen bada bere gain onuraduna, NLU gehigarri bat sortuko da, lehen zeudenez gain. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da elkarteak zer egoera duen gaztea sartzen den egunean, laguntza eskaera aurkeztu baino lehen sartu bazen, edo eskaeraren egunean, gaztea oraindik ez bada sartu. Ez da baldintza hori eskatuko gazteak ordezten badu erretiroagatik edo lanerako ezintasun iraunkorragatik jarduera utzi duen bazkide bat. Kasu guztietan, ezin da urte bat baino gehiago igaro jarduera uzten denetik eskaera aurkezten den arte.

–Onuraduna bere gain jartzen bada sortu berri den elkarte asoziatibo batean, NLU bat sortuko da, erantsiko zaiena beste ustiategi batzuetako NLUei, baldin eta elkarte sortu berriko beste bazkide batzuk badira ustiategi horien titularrak, titularkideak edo bazkideak. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da dauden ustiategiek zer egoera duten gaztea elkartean sartzen den egunean, laguntza eskaera aurkeztu baino lehen sortu bazen elkartea, edo eskaeraren egunean, elkartea oraindik ez bada sortu.

6. oinarria. Enpresa plana eta tutoretza.

1. Eskaera atzematearekin batera, enpresa plana gehituko da, oinarri izanen dena gaztea nekazaritzako ustiategi baten titular, titularkide edo bazkide gisa bere gain hasteko prozesurako.

2. Enpresa planean honako hauek adieraziko dira:

a) Beren gain hasteko prozesuaren egoera eta jardueraren hasieraren justifikazioa, 4. oinarriko 2. puntuan adierazitakoaren arabera.

b) Nekazaritzako ustiategian bere gain hasteko prozesuaren garapenerako faseen eta funtsezko helburuen deskribapena.

c) Nekazaritzako ustiategiaren jarduerak garatzeko behar diren jarduketen xehetasunak, konparazio batera, inbertsioak, errentamenduak, lizentziak etab.

d) Honako arlo hauetan hartu beharreko beste jarduketa batzuen gaineko erreferentziak: prestakuntza, aholkularitza, kalitatezko produkzioak, nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan parte hartzea, 8. oinarrian aurreikusitako balioespen irizpideekin loturiko jarduerak, eta egokitzat jotzen diren beste batzuk.

e) Bost urteren buruan, ustiategiak lortu nahi dituen helburuak, abiaburuko egoeran azaldutako parametroekin konparatuz.

3. Plan honek azterketa ekonomiko bat edukiko du, ustiategiaren azken emaitza deskribatuko duena, bideragarritasuna bermatzeko.

4. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak tutore bat esleituko dio onuradun bakoitzari, eta hark banakako jarraipena eginen du instalazioaren bilakaerari buruz, eta txostenak eginen ditu, ustiategira bisita egin ondoren, eta organo kudeatzaileari igorriko, non jasoko baita enpresa planaren bilakaera.

Txostenean, besteak beste, egiaztatuko dira 10. oinarrian ezarritako konpromisoak, enpresa plana gauzatzeari buruzkoak, eta, zehazki, honako alderdi hauek jasoko dira:

–Enpresa plana bete den, aurreikusitako eta egiazko produkzio-unitateei dagokienez, sortutako lanari eta egindako inbertsioei dagokienez, eta balioespen-irizpideak bete diren, laguntza emateko ebazpenean onetsi zirenak.

–Egiaztatzea gazteak ustiategia gobernatzen eta kontrolatzen dakiela eta enpresa plana aplikatzen ari dela.

7. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Laguntzaren zenbatekoa 37.276 eurokoa da, guztira.

3. Prima bakarreko laguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira. Azkeneko ordainketa egiteko, enpresa plana zuzen bete izana eskatuko da.

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuak batuko dira (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

a) Gaitasun profesionala: baldin eskatzaileak frogatzen badu, eskaera egiteko unean, badituela gaitasun eta trebetasun profesional egokiak, 4. oinarriko 1. zenbakiko d) letraren arabera: 10 puntu.

b) Prestakuntza profesional arautua espezifikoa: baldin eskatzaileak frogatzen badu, eskaera egiteko unean, baduela prestakuntza profesional arautua, erdi edo goi mailako ziklo baten parekoa, nekazaritza arloan, aurreikusitako ustiategiaren arabera dagokiona: 5 puntu.

c) Kokapen geografikoa: 15 puntu bitarte, irizpide hauei jarraikiz:

–Instalazioa goi-mendiko eskualdeetan kokatutako ustiategietan proiektatzen bada: 15 puntu.

–Instalazioa eskualde menditsuetan kokatutako ustiategietan proiektatzen bada: 12 puntu.

–Instalazioa muga natural esanguratsuak dituzten eskualdeetan kokatutako ustiategietan proiektatzen bada: 9 puntu.

d) Eraginkortasun produktiboa eta balio-katearen merkataritzako marjina hobetzea: enpresa-planak aurreikusten duenean Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako dirulaguntzak eskatzea 4.1 neurriarengatik (“Laguntzak, nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko”), 4.2 neurriarengatik (“Laguntzak, nekazaritzako produktuak eraldatzeko/merkaturatzeko eta/edo garatzeko inbertsioak egiteko”) 6.2 neurriarengatik (“Enpresak sortzea landa eremuetan, nekazaritzakoak ez diren jardueretarako”) edo 6.4 neurriarengatik (“Nekazaritzaz bestelako jarduerak sortzeko eta garatzeko inbertsioak”): 10 puntu.

e) Prestakuntza eta aholkularitza neurrietan parte hartzea: enpresa planean aurreikusitakoaren arabera, onuradunak parte hartu behar duenean aholkularitza eta prestakuntza neurrietan, Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, 1305/2013 Erregelamenduaren 14. edo 15. artikuluen arabera: 15 puntu.

f) Ekoizpen sistema jasangarriak: baldin enpresa planean aurreikusten bada ustiapen eredu bat oinarriturik dagoela nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan, alde batetik, edo behi, ardi, ahuntz eta/edo zaldien bertako arrazak erabiltzean oinarritzen den abeltzaintzan, betiere bi ekoizpen ereduetako bat baldin bada, banaka, beren gain hasteko ustiategiaren nekazaritzako 0,5 lan unitateko gutxienez: 15 puntu.

Ondorio horietarako, arraza autoktonotzat hartuko dira abuztuaren 29ko 309/2014 Foru Aginduak ezartzen dituenak. Foru Agindu horrek aldatu zuen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2003ko maiatzaren 26ko Foru Agindua, Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala onesten duena.

g) Asoziazionismoa: baldin enpresa planak aurreikusten badu eskatzailea ustiategi asoziatibo batean hasiko dela bere gain, edo, nekazaritzako zer ustiategitan sartzen den, hark bazkide gisa parte hartuko duela Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65. 1.a) eta c) artikuluan jasotako nekazaritzako kooperatiba batean: 5 puntu.

h) Generoa: laguntzaren eskatzailea emakumezkoa baldin bada: 10 puntu.

i) Balio-katearen hobekuntza: baldin enpresa planak aurreikusten badu Nafarroan ezarritako kalitate araubideetan parte hartzea, 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluari jarraikiz, araubide horiei lotutako ekoizpen unitateek 0,5 lan unitate osatzen dutenean gutxienez: 5 puntu.

j) Enplegua sortzea: onuradunaren enpresa planean aurreikusita dagoenean ustiategian nekazaritzako 1,5 lan unitate edo gehiago sortzea: 10 puntu. Irizpide hori kasu hauetan betetzen dela ulertuko da:

–Titular bakarra baldin bada, ustiategian 1,5 lan unitate edo gehiago lortzea.

–Deialdi honetan laguntza eskatzen duten bazkideek bakarrik osatutako elkarte berriak badira edo lehendik daudenak badira, parte-hartzearen portzentajearen arabera nekazaritzako 1,5 lan unitate edo gehiago egokitzea eskatzaileei.

–Lehendik dauden elkarteetan edo elkarteak berrietan bazkideren batek laguntzarik eskatu ez badu deialdi honetan, ustiategian nekazaritako 1,5 lan unitate edo gehiago sortzea sartzen den gazte bakoitzeko, betiere kontuan izanik 5. oinarriko 2. zenbakiko bigarren puntuan aurreikusitakoa.

Elkarte batean bi gazte edo gehiago sartzen direnean, baldintza hau bakoitzak bete beharko du bere aldetik.

Irizpide hau aplikatzearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko eraldaketako edo zuzeneko salmentako jarduerek sortutako nekazaritzako lan unitateak.

3. Onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat enpresa planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

4. Onuradunak eskatutako balorazio irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, betiere eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gehitu gabe.

9. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du aurreko oinarriaren a) letran puntu gehien lortzen duen espedienteak, eta gero, b), c), d) eta ondorengo letrak aintzat hartuko dira banan-banan, zerrenda bukatu arte. Berdinketak bere horretan segitzen badu, eskaera bati lehentasuna emanen zaio baldin haren enpresa planean aurreikusten bada ezen, zer nekazaritzako ustiategitan sartzen den, hark bazkide gisa parte hartuko duela “lehentasunezko elkarte” batean, edo “lehentasunezko elkarte” baten bazkide den entitate batean. Hala ere berdinketak irauten badu, eskatzaile zaharrenei emanen zaie lehentasuna.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

10. oinarria. Onuradunen konpromisoak eta betebeharrak.

1. Laguntzaren azken ordainketa egin aurretik, laguntzen onuradunek betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Hasiera batean, edo 16. oinarriko 2. puntuan jasotako oharrak aplikatu ondoren, onartutako enpresa plana betetzea 2022ko azaroaren 1ean. Enpresa plana oso-osorik burutu dela ondorioztatzeko, 8. oinarriko 2. puntuan aipatutako jarduketak bukatu beharko dira, betiere jarduketa horiei esker puntuak lortu baldin badira hautapen irizpideak aplikatuz.

b) Enpresa plana aplikatzen hastea laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteko epearen barnean. Horren ondorioetarako, enpresa plana hasi dela ondorioztatuko da gutxienez inguruabar hauetako bat gertatu bada eskaera aurkeztu ondoren, eta hura ez bada bideratu jardute-hasiera egiaztatzeko:

–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Egiaztatzea inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak egin direla.

–Eskaera bakarra aurkeztu izana (Nekazaritza Politika Erkidea).

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egotea.

c) Enpresa-planaren amaiera egunean hauek betetzea:

–Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzea, 4.d) oinarriaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera, baldin onuradunak ez badu hori justifikatu eskaera egiten duen unean.

–Ustiategia egiatan kontrolatzea, 4.4. oinarrian deskribatzen denaren arabera.

–Frogatzea ustiategiaren titularraren eskura daudela, gutxienez, ustiategiaren lan unitateen %50 osatzen duten ekoizpen baliabideak. Hori frogatzeko, errentamendu kontratuak erabiliko dira, Nafarroako Landalurreko Errentamenduen Erregistroan jasota daudenak, edo jabetza tituluak, lurzati zedulak edo herri-lurren esleipenak, eta abereen kasuan, Abeltzaintzako Erregistroko titulartasuna.

–‟Jarduneko nekazari gisa” aritzea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioaren arabera. Errege dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita zuzeneko ordainketen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Bere enpresa planaren arabera, mikroenpresa eta enpresa txikien definizioaren barruan dagoen ustiategi batean bere gain jarrita egotea, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda egotea lan unitate baten dimentsioarekin, gutxienez, dimentsio ekonomikoaren 12 unitaterekin (DEU), eta unitateko lan errentak %15 handiagoa izatea erreferentzia-errenta baino.

–Ogibide nagusia nekazaritza izatea eta ustiategian beste NLU bat sortzea sartu den gazte bakoitzeko, 5.2 oinarrian ezartzen diren betebeharren arabera.

–Ustiategiak Nafarroan izan beharko du kokatuta nekazaritzako azalera handiena, eta, nekazaritzako azalerarik ez badu, Nafarroan erregistratuta izan beharko ditu abere gehienak.

d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan agiri bidez justifikatzea enpresa planean aurreikusitako ekintzak egin dituela, hala lanean sartzearekin zuzeneko zerikusia dutenak, nola baremazio irizpideak aplikatuz puntuak lortzeko balio izan dutenak.

e) Behar diren kontrolak onartzea egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, enpresa plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela, hala agiri bidezkoak, nola bertatik bertara egiten direnak, baita izendatutako tutoreak ezartzen dituen egiaztapenak ere. Kontrol horietan sartzen ahalko da gazteak bere enpresa plana eta ustiategiaren kudeaketa ezagutzen dituela frogatu beharra, galdetegiak eta/edo elkarrizketa pertsonalak betez.

f) Behar diren argibideak ematea ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta sozialei buruz, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzei buruz ere. Onuradunak ustiategiaren benetako kontrola duela egiaztatzeko eta baldintza artifizialen sorrera kontrolatzeko, FEGAren 18/2019 Koordinazio Zirkularrari jarraituz (2014-2020 aldiko sistema integratuaren esparruan ezarrita ez dauden landa garapenerako neurriak kontrolatzeko plana), honako hau izan daiteke aurkeztu beharreko informazioa: merkataritzako transakzioen agiriak, kutxako fluxuak, enplegatuak, ahaidetasun loturak bezero edo hornitzaileekin, makinen lagapena, finantzaketa eta abalak, etab.

g) Dirulaguntza jaso duen jarduketa finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

h) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

11. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, laguntzaren azken ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita hiru urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.

2. Hauek dira, oro har, espediente eta pertsona guztiek geroago bete beharreko konpromisoak:

–Gaztea sartu den ustiategiak ez uztea bertan behera bere jarduna.

–Enpresa plana amaitzen denean, lortu den dimentsioaren %75, gutxienez, egiten duten ekoizpen-elementuei eustea, lan unitateetan neurtuta.

–Gizarte Segurantzan afiliatua izatea, Langileen Araubide Berezian.

–Gutxienez ustiategiko NLUen %50 osatzen duten ekoizpen baliabideen titulartasunari eustea, 10. oinarriko 1. zenbakiko c) letrarekin bat.

Konpromiso horiek ez zaizkie aplikatuko eragiketei, ekoizpen jarduera bat bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

3. Balorazio irizpideei loturiko konpromisoak ere etorkizunean bete beharreko konpromisoak dira, 8. oinarriaren 2. puntuaren arabera:

4. Aurreko 2. puntuko konpromisoak, beti, pertsona onuradunak hartzen dituela ulertu behar da. 3. puntuko konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da, baldin eta balio izan badute eskaeren hurrenkera finkatzeko balorazio irizpide gisa.

12. oinarria. Laguntza eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren izapideen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren edo NANaren/PINaren bidez. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 30eko 59/2019 Foru Aginduaren bidez, oinarriak onetsi ziren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko.

3. Eskaerak enpresa planean sartutako ekintzak hasi aurretik aurkeztu beharko dira, 10. oinarriaren 1.b) puntuan ezarritakoari jarraikiz, salbu lanean bere gain hasi dela justifikatzeko erabiltzen direnak.

4. Eskatutako betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza justifikatzeko, aski izanen da hiru aukera hauetako batean adierazten diren agiriak aurkeztea:

i) Nekazaritza arloko ikasketa tituluak, erdi mailakoaren edo goi mailakoaren baliokideak, eta/edo eskatu izanaren gordekina.

ii) Nekazari gaztea zer ustiategitan jartzen den, haren tipologiarekin loturiko ikastaroak egin direla egiaztatzen duen dokumentazioa, hura kudeatu eta erabiltzeko. Ikastarook 250 ordu baino gehiago iraun behar dute.

iii) Gutxienez 200 ikastorduko ikastaro bat, nekazaritzako enpresan sartzeari buruzkoa, egin izana frogatzen duen ziurtagiria. Ikastaro hori eman behar dute Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera baliozkotuak, aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek.

5. Onuraduna lanean jartzen bada pertsona juridiko baten izenean dagoen nekazaritzako ustiategi batean, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lanean zer entitatetan jartzen den, haren IFKren fotokopia.

b) Lanean zer entitatetan jartzen den, haren eraketa eskritura aldatuak. Haietan adieraziko da zein den nekazari gaztearen ekarpena eta zer baldintzatan sartu den bazkide edo partaide gisa. Horiekin batera, entitatearen estatutu edo arauen kopia fede-emailea, bai eta bertan zuzendaritza teknikoan eta kudeaketan ari diren pertsonen zerrenda ere.

6. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

13. oinarria. Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

14. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du instrukzio organoak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea eska dezake unitate erantzuleak. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

15. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da eta eskaerarik ezetsiz gero, hori ere espresuki agertuko da, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Sei hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita. Ebazpenak beharrezko informazioa izanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko eta onuradunak bete behar dituen betebeharrak eta konpromisoak zein diren jakiteko.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean, onuradunei adieraziko zaie neurri horrek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko dirulaguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, “Nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzea” eta “Nekazari gazteak beren gain jartzea” izeneko neurrietan.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

16. oinarria. Enpresa planaren aurrerapenen ebaluazioa eta aldaketak.

1. Enpresa plana ebaluatzeko, onetsitako enpresa planaren oinarrizko alderdiak nola garatu diren egiaztatuko da, hala agiri bidez, nola ustiategian bertan. Kontrolak epe hauek bukatu baino lehen eginen dira, betiere laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita.

–9 hilabetera:

Hasierako kontrola, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19. artikuluaren 4. puntuan ezarritakoa bete ote den egiaztatzeko. Horretarako, behar diren agiriak eskatuko dira, honako jarduketa hauek edo hauetako bat betetzen direla justifikatzeko, betiere ez badira erabili eskaera aurkeztearekin batera bere gain hasi izana frogatzeko:

  • Gizarte Segurantzan alta emanda egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.
  • Frogatzea inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak egin direla.
  • Eskaera bakarra aurkeztu izana (nekazaritza politika erkidea).
  • Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotearen agiria, onuradunaren bazkide izaera barne, elkarte diren entitateen kasuan.

–15 hilabetera:

Tarteko kontrola, jarduketa hauetako bat justifikatzeko agiriak eskatuko dira:

  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketa eta ingurunearekin duen harremana (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.).

–27 hilabetera:

Kontrol honetan jarduketa hauek justifikatzeko agiriak eskatuko dira:

  • Ustiategirako sarrera.
  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketari eta ingurunearekin duen harremanari (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.) buruzko agiriak.
  • Ustiategia bisitatzea, azken ordainketa egin aurretik, ustiategiaren elementuak egiaztatzeko.

Horren ondorioetarako, onuradunak ebaluazio horren unitate arduradunarekin kolaboratu beharko du, eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurreikusitako epeetan emanez eta ustiategira egiten diren bisitetan lagunduz.

2. Enpresa planaren aldaketak prozedura honen arabera egin beharko dira:

a) Justifikatutako arrazoiak tarteko, onuradunak uste badu beharrezkoa dela hasiera batean onetsitako enpresa planean aldaketaren bat egitea, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko du proposatutako jarduketa hasi baino lehen, eta, betiere, 2022ko maiatzaren 1a baino lehen.

b) Hauek joko dira aldaketa nabarmentzat: orientazio aldaketak produkzioan, sektorearen, labore motaren edo abere espeziearen aldaketarengatik; produkzioan ari direnen, labore hektarien edo abelburuen murrizketa. Betiere, aldaketa hauek ustiategiaren azken egoeran lan unitateen %30 baino gehiagoko aldaketa dakartenean, edo balioespen irizpideetan eragiten dutenean.

c) Proposatzen den aldaketak aski arrazoitua eta justifikatua egon behar du, enpresa plan berriaren bideragarritasuna bermatu behar du eta ez du urratu behar espedientea emateko balioetsi diren irizpideen aplikazioa.

3. Enpresa planaren aldaketa nabarmen bakarra onartuko da.

4. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea:

–Aldaketa nabarmenak izanez gero, enpresa plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako erabilitako irizpide tekniko-ekonomiko berberei jarraituz. Aldaketa onesten ez bada, hasierako enpresa plana bete beharko da.

–Aldaketak ez badira nabarmenak, enpresa planean behar bezalako doikuntzak eginen dira, eta espedientean horren berri jaso beharko da, txosten tekniko bat erantsita.

5. Uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 13. artikuluko 1. puntuko a) letra betetzearen ondorioetarako (haren bidez onetsi zen Nafarroako Nekazaritza Ustitategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina), aipatu dekretuan xedatutakoak ezartzen duenaren mende aritu nahi duten dirulaguntzen onuradunek Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan eskatu beharko dute lehentasunezko ustiategiaren kontsiderazioa. Horretarako, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (REAN) izena emanda dauden elementuak eduki beharko dituzte, eta Gizarte Segurantzan alta emanda, Langile Autonomoen Araubide Berezian. Lehen jarduera-urtea zenbatzeko, bere gain jarri diren eguna Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan eskaera egin duten eguna izango da.

17. oinarria. Enpresa planaren exekuzio epeak.

1. Egutegi hau ezarri da:

a) Enpresa planaren hasiera: laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteetan.

b) Enpresa planaren gauzatzea bukatzea: 2022ko azaroaren 1a. Barnean hartuko ditu onartua izateko baldintzak, 4. eta 5. oinarrien arabera, baita eskaerak baloratzeko irizpideak ere, 8. oinarriaren arabera.

c) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza lortzea: 2022ko azaroaren 1a.

d) Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluaren arabera, “jarduneko nekazaria” dela frogatzea eta enpresa plana eta gainerako konpromisoak bete direla egiaztatzea: 2022ko azaroaren 1a.

18. oinarria. Bete beharreko baldintzak betetzea ordainketa baino lehen, ordainketa eskaintzea, dirulaguntzen ordainketaren eskaeraren forma eta epeak.

1. Dirulaguntza emateko ebazpenean aurreikusitako laguntzak –ekitaldi bakoitzari dagozkionak– jasotzeko, beharrezkoa izanen da onuradunak ordainketa eskaera bat aurkeztea, deialdian ezarritako epea baino lehen, gaitzen den atzemate programa erabiliz. Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus). Ordainketa eskaera aurkezten ez bada, urteko kuota galdu eginen da.

2. Fase edo tarte bakoitzeko jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko frogagiriak erantsi beharko dira.

3. Dirulaguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira 2021eko eta 2022ko ekitaldietan.

4. Laguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa da onuradunek ordainketa eskaerak aurkeztea epe hauetan:

–Dirulaguntzaren lehen zatiaren ordainketa-eskaera: bederatzi hilabetean, laguntza ematen denetik kontatuta.

–Dirulaguntzaren bigarren zatiaren ordainketa-eskaera 2022. urtean: azaroaren 1a baino lehen, enpresa plana gauzatu ondoren eta egun horretarako eskatzen diren konpromisoak bete ondoren. Ordainketa hau egiteko, azken ordainketa egiteko bete behar diren konpromisoak eta enpresa plana bera bete direla egiaztatuko da, “jarduneko nekazari” gisa aritzearena barne.

5. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela eta enpresa plana egoki gauzatzen ari dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

6. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo tutoreek egindako txostenak, laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, in situ bisitak egin daitezke ustiategietara, enpresa plana bukatu eta zuzen gauzatu dela egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko ere.

19. oinarria. Murrizketak eta bazterketak ordainketetan.

1. Egiaztatzen bada enpresa plana ez dela bete, ez exekuzioan, ezta aplikatzeko egutegian ere, edo 10. oinarrian biltzen diren konpromisoak ez badirela bete, edo ikusten bada ustiaketa plana amaitzen denean onuradunek ez dituztela betetzen 4. eta 5. oinarrietan aurreikusitako sartzeko irizpideak, murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira, oinarri honetan ezartzen diren irizpideen arabera.

2. Laguntza emateko ebazpenaren egunetik bederatzi hilabetera onuradunak aurkeztu ez baditu ordainketa eskaera eta enpresa plana aplikatzen hasi dela justifikatzeko agiriak, edo instrukzio organoak egiaztatzen badu hasiera hori ez dela eraginkorra, indarrik gabe geldituko da emandako laguntza.

3. Enpresa plana exekutatzeko epea amaitu ondoren, ikusten bada onuradunak ez duela bete, edo ez dituela hartutako konpromisoak bete, indarrik gabe geldituko da emandako laguntza, eta hartutako ordainketak itzuliko dira, edo azken ordainketa murriztu eta galduko da, bidezkoa denaren arabera, aplikatzen ahal den murrizketarik handiena aplikatuz, irizpide hauei jarraikiz:

a) Azken ordainketa galduko da, eta jasotako ordainketak gehi legez ezarritako interesak itzultzeko eskatuko, egoera hauetako bat gertatzen bada:

–4. eta 5. oinarrietan ezarritako titularra edo ustiategia onartzeko baldintzak betetzen ez badira.

–10. oinarriaren 1.c) apartatuan aipatzen diren konpromisoak betetzen ez badira.

–Baremazio irizpideak betetzen ez badira, dirulaguntzak emateko prozeduran eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ekarri zutenak, eta baieztatzen bada puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela.

–Onuradunak uko egiten badio 10. oinarriaren 1. zenbakiaren e) letran aurreikusitako kontrolak egiteari edo f) letran aurreikusitako agiriak aurkezteari.

–Onuradunak eragozten baditu tutorearen bi bisita edo gehiago, edo uko egiten badio egoteari, hori justifikatzen duen arrazoirik gabe.

b) Azken ordainketa galduko da egoera hauetako bat gertatu dela egiaztatzen bada:

–16. oinarrian biltzen den 15 hilabeteko tarteko kontrolean aurreikusitako jarduerak betetzen ez badira.

–Onuradunak eragozten badu tutorearen bisita bat, edo uko egiten badio egoteari, hori justifikatzen duen arrazoirik gabe.

c) Azken ordainketa %20 murriztuko da egoera hauetako bat gertatu dela egiaztatzen bada:

–Enpresa planean agertzen diren ekoizpen-elementuak murrizten badira, aldaketak horiek dakartenean %30etik gora murriztea ustiategiaren lan unitateak azken egoeran.

–Baremazio irizpideak betetzen ez badira, dirulaguntzak emateko prozeduran eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ekarri zutenak, eta baieztatzen bada puntuazio txikiagoa zegokiola, baina puntuazio txikiago horrek ez duenean ekarri onuradun izaera galtzea.

4. Ulertuko da bete direla baremazio irizpideak, onuradunak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako beste neurri batzuetan parte hartzeari dagozkionak, onuraduna kasuko laguntzetatik kanpo gelditu bada deialdirako aurrekontu nahikorik ez egoteagatik edo eskatzaileari egotzi ezin zaizkion beste egoera batzuengatik.

5. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

6. Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

7. Frogatzen bada, espediente baten bidez, onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jaso ahal izateko, 1306/2013 Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz laguntzetatik kanpo geldituko da, eta, bidezkoa bada, laguntzengatik jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu.

20. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauen 11. oinarrian ezarritakoaren arabera, aurrerago bete behar diren konpromisoak bete ezik, jasotako laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharra ezartzen ahalko da.

2. Konpromiso horiek noraino ez diren bete mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere.

a) 11.2 oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada, bertan ezarritako salbuespenak salbuespen, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

Horri dagokionez, pertsona fisikoa den onuradun batek erabakitzen badu, azken ordainketaren ondoren, nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo horrelako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean, ez da ulertuko bertan behera utzi duela konpromisoa, betiere lehentasunezko nekazaritza ustiategiaren izaera baldin badu onuraduna bere baitan hartu duen entitateak, eta, onuradunak benetan ekarri dituen ekoizpen unitateekin alderatuta, balio berekoak edo handiagokoak baldin badira ustiategiko nekazaritzako lan unitateak, hots, onuradunari dagozkionak kontuan izanik entitate berriaren kapital sozialean daukan partaidetza.

b) 11.3 oinarrian ezarritako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, balorazio irizpideei lotuak daudenak eta onuraduna baztertzea ekarriko zutenak, jasotako laguntzaren %50 galduko da, azkeneko ordainketaren ondoko lehenengo urtean gertatzen bada, eta hurrengo urteetako batean gertatuz gero, %25.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean, ez da ulertuko aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak bete gabe gelditu direla:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiategia edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, onuradunaren azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

5. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatzekoak izanen, aldaketak onuradunari egotzi izan zaizkion eta gerora sortu diren arrazoiek eragindakoak direnean eta behar bezala justifikatzen ahal direnean.

21. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

22. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

Iragarkiaren kodea: F2002949