48. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

2E/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako I+G+b Sisteman integratutako exekuzioko eragileen egiaztapenerako prozedura eta beren inskripzioa aipatu eragileen erregistro publikoan.

ZIOEN AZALPENA

Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluak Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen egiaztapena arautzen du. 1. apartatuan ezartzen da Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragile gisa eratu ahal izateko, entitate eskatzaileek egiaztapena beharko dutela tipologia honen arabera: unibertsitatea, ikerketa zentroa, osasun ikerketarako institutua, zentro teknologikoa, enpresaren arloko I+G+b unitatea, entitate bereziak eta exekuzioko eragileen koordinatzailea. 2. apartatuak egiaztapena lortzeko baldintzak ezartzen ditu. Baldintza horiek osatzen dira 9.etik 12.era bitarteko artikuluetan eragile mota desberdinetarako ezarritakoekin. Eta 3. apartatuari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan I+G+b arloan eskuduna den departamentuari dagokio egiaztapenerako prozedura ezartzea eta egiaztapen horien jarraipena egitea.

Era berean, foru lege horrek, 13. artikuluaren bidez, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroa sortu zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan I+G+b arloan eskuduna den departamentuaren menpe dagoena. Departamentu horrek kudeatuko du erregistroa, eguneraturik eta osorik izatearren Nafarroan I+G+b arloan aritzen diren entitateen zerrenda, eta bermatuko du foru lege horrek ezartzen dizkien baldintzak betetzen eta gordetzen dituztela.

Foru agindu honen bitartez, aipatutako legezko aurreikuspenak betetzen dira. Xede horretarako zehazten dira egiaztapenerako eskaera aurkezteko modua eta epea, aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskaerak baloratzeko eta egiaztapenari buruzko ebazpena emateko modua. Era berean, arautzen dira egiaztapenaren baliozkotasuna eta aurkeztutako datu eta dokumentuetan izandako edozein aldaketaren berri ematea, eta nola gainbegiratuko den eskatutako baldintzak betetzen direla eta nola errebokatuko den egiaztapena. Halaber, egiaztapena lortzeko behar den gutxieneko langile kopurua ezartzen da ikerketa zentroetarako, zentro teknologikoetarako eta enpresaren arloko I+G+b unitateetarako.

Eta, orobat, egiaztapena Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen Erregistroan inskribatzea eta kentzea arautzen da, eta baita publikoak izanen diren datuak ere.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Egiaztapenerako eskaera.

1. Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragilearen egiaztapena lortu nahi duten entitateek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

2. Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako tramiteak bitarteko elektronikoak erabiliz eginen dira. Horretarako, eskatzaileak, Gaitutako Helbide Elektronikoa (DEH) izateaz gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egonen da. Era berean, helbide elektroniko bat eman beharko dute jakinarazpenen bidali direla komunikatzeko.

3. Eskaerarekin batera ondoko artikuluetan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu behar da, eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko.

2. artikulua. Entitate guztiek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa ondotik adierazten dena da:

1. IFZren kopia.

2. Entitatearen eraketaren eskritura eta estatutu eguneratuak.

3. Azken bi ekitaldietako auditoretza-txostenen, urteko kontuen eta urteko kontuen memoriaren kopia. Halakorik ez bada, egoeraren balantzearen eta azken bi ekitaldietako emaitzen kontuaren kopia, salbu eta entitateak urtebetez soilik funtzionatu badu; kasu horretan, azken ekitaldiari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Enpresaren arloko I+G+b unitateak, urtebetez soilik funtzionatu badute, haiek eratu dituzten entitateen azken bi ekitaldietako auditoretza-txostenen, urteko kontuen eta urteko kontuen memoriaren kopia aurkeztu beharko dute.

4. Eskatzaileak jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak egiten baditu, bi jardueretarako kontabilitate bereizia duela frogatu beharko du.

5. Entitateko zuzendaritza organoaren osaerari buruzko egiaztagiria.

3. artikulua. Unibertsitateek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

2. artikuluan adierazitako dokumentazioaz gain, unibertsitateek ikerketa-egituren zerrenda aurkeztu beharko dute, adieraziz izena, sorrera-data, ikerketa arloak eta horiek osatzen dituzten ikertzaileak, doktore tituludunak diren adierazita eta sexuaren arabera zehaztuta.

4. artikulua. Ikerketa zentroek eta zentro teknologikoek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

2. artikuluan adierazitako dokumentazioaz gain, ikerketa zentroek eta zentro teknologikoek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. Plantillako ikertzaileen zerrenda, Gizarte Segurantzako frogagiria edo antzekoa aurkeztuta. Ikertzaileen plantilla ez da 10 pertsonatik beherakoa izanen.

2. Doktore titulua duten pertsonen zerrenda; titulazio hori frogatzen duen titulua edo ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da horretarako, doktore titulua duen pertsona bakoitzaren sexua adierazita. Doktore titulua duten pertsonen kopurua plantillako ikertzaile kopuruaren %10ekoa izanen da gutxienez.

3. Entitatearen memoria. Bertan adieraziko dira ikerketa ildoak edo ikertzaile taldeak eta emaitzak, eta deskribatuko da eskaera egin aurreko 5 urteetan, gutxienez, izandako parte-hartzea ikerketa eta garapen proiektuetan, nazio zein nazioarte mailan.

4. Zentroaren plan estrategikoa edo jarduketarako berariazko plana. Bertan azalduko da nola dagoen aurreikusita Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 9.3 artikuluan ezarritako bikaintasun, transferentzia eta gardentasun betebeharrak betetzea. Agiri horretan jasota beharko dute foru agindu honen eranskinean ageri diren adierazleen zifrek eskaera aurkezteko unean, bai eta 2025erako helburuak erdiesteko aurreikusi diren neurriak ere.

5. artikulua. Osasun ikerketarako institutuek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

2. artikuluan aipatutako dokumentazioaz gain, osasun ikerketarako institutuek aurkeztu beharko dute Carlos III.a Osasun Institutuak emandako osasun ikerketarako institutuaren egiaztagiriaren kopia, edo Carlos III.a Osasun Institutuak ezarritako eredu orokorraren araberako Plan estrategikoa, galarazi gabe plana bere ezaugarri zehatzetara egokitzeko aukera.

6. artikulua. Enpresaren arloko I+G+b unitateek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

2. artikuluan adierazitako dokumentazioaz gain, enpresaren arloko I+G+b unitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. Plantillako ikertzaileen zerrenda, Gizarte Segurantzako frogagiria edo antzekoa aurkeztuta. Ikertzaileen plantilla 5 pertsonakoa izanen da gutxienez. Horietako batek, gutxienez, doktore titulua izan behar du.

2. Doktore titulua duten langileen zerrenda; titulazio hori frogatzen duen titulua edo ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da horretarako, doktore titulua duen pertsona bakoitzaren sexua adierazita.

Entitateak ez badu doktore titulurik duen inor, behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du kudeaketa organoak ezar dezan egiaztapenari buruzko ebazpenean zer epe ematen zaion baldintza hori betetzeko.

3. Enpresaren arloko I+G+b unitatearen plan estrategikoa. Bertan azalduko dira ikerketa lerroak, ikerketa eta garapeneko proiektuetako parte-hartzea, eta nola aurreikusten den betebeharrak betetzea, teknologia sortu eta garatzekoak eta emaitzen ustiapen komertzialekoak, patenteak sortuz, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortuz edo produktu eta prozesu berriak garatuz. Aipatu betebeharrak Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 10.3 artikuluak ezartzen ditu.

7. artikulua. Entitate bereziek aurkeztu beharreko agiriak.

2. artikuluan adierazitako dokumentazioaz gain, entitate bereziek plan estrategikoa aurkeztu beharko dute. Bertan azalduko da nola beteko dituzten Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 11. artikuluak eskatutako baldintzak honako hauei dagokienez: hedapen eta dibulgazio zientifikoko jarduerak egitea; zientzien, matematiken, ingeniaritzaren eta teknologiaren arloko ikasketak sustatzea; Nafarroako I+G+b Sistemako eragileen ikerketaren eta garapenaren emaitzak ezagutaraztea eta zabaltzea; eta, halaber, Nafarroan I+G+b laguntzeko beste jarduera batzuk egitea.

8. artikulua. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen koordinatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

2. artikuluan adierazitako dokumentazioaz gain, exekuzioko eragileen koordinatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Plan estrategikoa, jarduera ildoak bilduko dituena.

2. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) beste exekuzioko eragile batzuekin sinatutako lankidetza hitzarmenen kopia.

3. Entitateko zuzendaritza organoaren osaerari buruzko egiaztagiria.

9. artikulua. Eskaeren ebaluazioa eta ebazpena.

1. Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren I+G+b Zerbitzuak eginen du eskaeren ebaluazioa. Horretarako, zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuetako langile batzuen laguntza izaten ahal du hezkuntzaren eta osasunaren alorretan edo bidezkoak diren beste alor batzuetan.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan eta foru agindu honetan finkatutako betebeharrak, I+G+b Zerbitzuak entitate interesdunari eskatuko dio okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertzen dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

3. Behin ebazpen proposamena eginda, Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren ardura duen pertsonari bidaliko zaio, hura baita egiaztapenerako eskaerak ebazteko eskumena duena. Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke.

4. Egiaztapena hainbat baldintza betetzearen mende egon daiteke, ebazpenean berean adieraziko den epean. Epe hori iraganik, entitateak frogatu beharko du eskatutako baldintzak betetzen dituela, eta horrek beste ebazpen bat egitea ekarriko du, egiaztapena baieztatzeko edo ezesteko.

5. Egiaztapenerako eskaera ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, interesdunak zilegi du ulertzea eskaera administrazio-isiltasunez onartu zaiola.

6. Egiaztapenari buruzko ebazpenaren aurka, entitateak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. artikulua. Egiaztapenaren baliozkotasuna eta datuen eguneratzea.

1. SINAIko exekuzioko eragilearen egiaztapenak balio mugagabea izanen du, hura emateko eskatutako baldintzak betetzen diren bitartean.

2. Egiaztapena duten eragileek ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dituzte egiaztapena izateko aurkeztutako datuen eta agirien aldaketak.

3. Aurreko atalean ezarritakoa deusetan galarazi gabe, 4. artikuluan (ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak), 6.ean (enpresaren arloko I+G+b unitateak), 7.ean (eragile bereziak) eta 8.ean (eragileen koordinatzailea) aipatutako eragileek entitatearen memoria eguneratua eta plan estrategikoaren edo jarduketa planaren garapenari buruzko txostena (aurreko urteko abenduaren 31 erreferentziatzat hartuta) aurkeztuko dituzte urte bakoitzeko lehen seihilekoan.

4. eta 6. artikuluetan aipatzen diren eragileen kasuan memoriak puntu hauei buruzko datuak ere izanen ditu:

a) Plantillako ikertzaileen zerrenda, doktore titulua zeinek duen eta sexua adierazita.

b) Ikertzaile taldeak edo ikerketa ildoak.

c) Ikerketa eta garapeneko proiektuetako parte-hartzea.

11. artikulua. Eskatutako baldintzak betetzearen jarraipena eta egiaztapena errebokatzea.

1. Aldian behin, eta beharren arabera, egiaztapena duten eragileen jarraipena eginen du I+G+b Zerbitzuak. Horretarako, zilegi izanen du egoki deritzon informazioa eskatzea.

2. I+G+b Zerbitzuak egiaztapena beste tipo batean egitea edo hura errebokatzea proposatzen ahalko du, jarraipenean egindako frogek ondorio horietako bat baldin badakarte.

3. SINAIko exekuzioko eragilearen egiaztapena egiteko eskatutako betebeharren bat betetzen ez bada, hura errebokatzen ahalko da, horretarako tramitatzen den espedientearen aitzinetik eta interesdunari entzunaldia emanda.

4. SINAIko exekuzioko eragilearen egiaztapenaren errebokatzea Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren ardura duen pertsonaren ebazpen arrazoitu baten bidez eginen da. Horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, ebazpena jaso eta hilabeteko epean.

12. artikulua. Egiaztapenaren eskaera egiteko epea.

Egiaztapenerako eskaerak aurkezteko epea mugagabea izanen da foru agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.

13. artikulua. Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroa.

1. Exekuzioko eragile gisa egiaztatzeak berekin ekarriko du Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroan inskribatzea. Era berean, egiaztapena errebokatzeak berekin ekarriko du haren inskripzioa deuseztatzea.

2. Datu hauek publikoak izanen dira:

a) Eragilea identifikatzeko datuak:

1.–Izena edo sozietatearen izena.

2.–Merkataritzako izena.

3.–Posta helbidea, webgunea, helbide elektronikoa, telefonoa.

b) Egiaztapenaren datuak:

1.–Erregistroko inskripzioaren data.

2.–Zein eragile motatan egin den egiaztapena.

c) Ikertzaile taldeak edo ikerketa ildoak eta aplikatzeko eremuak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko otsailaren 28an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

ERANSKINA

Zentro teknologikoei buruzko adierazleak

ARDATZA

ZENTRO TEKNOLOGIKOAK

UNITATEA

2025 HELBURUA

BIKAINTASUNA

Diru-sarrerak nazioarteko I+G proiektuengatik / Diru-sarrera guztiak entitatearen I+G jarduerengatik

%

15

Indexatutako aldizkarietako argitalpenak eta nazioarteko biltzarretan aurkeztutako komunikazioak

Kopurua/100 I+G pertsona

15

TRANSFERENTZIA

Industriara transferitutako langileak

Kopurua/100 I+G pertsona

5

Diru-sarrerak enpresek I+G kontratatzeagatik / entitatearen diru-sarrera guztiak

%

35

TALENTUA

I+G langileak / entitatearen langile guztiak

%

≥ 50

Doktore titulua duten langileak / I+G langileak

%

≥ 20

Abian diren doktore-tesiak

Kopurua/100 I+G pertsona

5

Koadro honen ondorioetarako, hona zer den:

–I+G langileak (LOB):

  • Entitatean I+Gko jarduerari lotutako langileak, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtua. Entitatearekin lan harremana duten langileak hartuko dira kontuan soilik.

–Indexatutako aldizkarietako argitalpenak eta nazioarteko biltzarretan aurkeztutako komunikazioak:

  • Indexatutako argitalpen zientifikoak, entitatearen I+G langileek eginak. Argitaratutako artikuluak eta biltzarretako aktak sartzen dira.
  • Komunikazioek batzorde tekniko edo zientifiko bat duten nazioarteko biltzar batean aurkeztutakoak izan behar dute.

–Industriara transferitutako langileak:

  • Entitatean I+G jarduerari lotutako langileak, enpresa-ehunera transferituak, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtua. Transferentziatzat hartuko da baldin eta, entitatean baja ematen denetik, urte bateko epean alta hartzen badu enpresan. Enpresetan egindako egonaldi etengabeak ere hartuko dira kontuan, betiere 3 hilabetetik gorakoak badira.

–Enpresek I+G kontratatzearen diru-sarrerak:

  • Zerbitzu teknologikoak kanpo gelditzen dira (saiakuntzak ohikoak, ziurtagiriak, homologazioak, prestakuntza, zabalkundea eta I+G jarduerari ez dagozkion antzeko zerbitzuak).

–Zentroan abian diren doktore tesiak:

  • Kontuan hartzen dira zentroko I+D langileak egiten ari diren tesiak.

Langileriari buruzko aipamen guztiak LOBetan (lanaldi osoaren baliokideak) azaltzen direla ulertuko da.

Ikerketa zentroetako adierazleak

ARDATZA

IKERKETA ZENTROA

UNITATEA

2025 HELBURUA

BIKAINTASUNA

Diru-sarrerak nazioarteko I+G proiektuengatik / Diru-sarrera guztiak entitatearen I+G jarduerengatik

%

15

Argitalpenak lehenengo kuartilean

Kopurua/100 I+G pertsona

60

Entitateko ikertzaile nagusiak (IN), estatuko planeko proiektuen buru ari direnak / entitateko IN guztiak

%

75

TRANSFERENTZIA

Diru-sarrerak ezagutzaren transferentziagatik / entitatearen diru-sarrera guztiak

%

5

Eskatutako patenteak

Kopurua/100 I+G pertsona

2

TALENTUA

I+G langileak / entitateko langile guztiak

%

80

Ikertzaile propioen aldi baterako egonaldiak nazioarteko beste zentro batzuetan

Kopurua/100 I+G pertsona

5

Nazioarteko ikertzaileen aldi baterako egonaldiak zentroan

Kopurua/100 I+G pertsona

5

Koadro honen ondorioetarako, hona zer den:

–I+G langileak (LOB):

  • Entitatean I+G jarduerari lotutako langileak, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtua. Entitatearekin lan harremana duten langileak hartuko dira kontuan soilik.

–Ezagutza transferitzeagatiko diru-sarrerak:

  • Diru-sarrerak patenteak edo jabetza industriala babesteko beste modu batzuk saldu edo lizentziatzeagatik.

–Argitalpen zientifikoak lehenengo kuartilean:

  • Indexatutako argitalpen zientifikoak, lehenengo kuartilean argitaratuak (Q1), entitatearen I+G langileek eginak.

–Eskatutako eta emandako patenteak:

  • Nazioko edo nazioarteko edozein erregistro-bulegotan aurkeztutako patente familiak sartzen dira, betiere patente berriak badira.

–Ikertzaile propioen aldi baterako egonaldiak nazioarteko beste zentro batzuetan:

  • Hilabete batetik gorako iraupen etengabekoak, elkarlaneko ikerketa proiektuekin lotuak.

–Nazioarteko ikertzaileen aldi baterako egonaldiak zentroan:

  • Hilabete batetik gorako iraupen etengabekoak, elkarlaneko ikerketa proiektuekin lotuak.

Langileriari buruzko aipamen guztiak LOBetan (lanaldi osoaren baliokideak) azaltzen direla ulertuko da.

Iragarkiaren kodea: F2003223