47. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Ordenantza, Udalaren kultur jardueren eta ikastaroen zerbitzua emateko prezio publikoei buruzkoa. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2019ko abenduaren 10eko osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Udalaren kultur jardueren eta ikastaroen zerbitzua emateko prezio publikoei buruzko ordenantza.

Aldaketa horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2020ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 2an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian ezarritakoa bete beharrez.

ORDENANTZA, UDALAREN KULTUR JARDUEREN ETA IKASTAROEN ZERBITZUA EMATEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua.–Kontzeptua.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz, Udalaren kultur ikastaroen eta jardueren zerbitzua egiteagatik.

2. artikulua.–Xedea.

Tasa honen xedea da Eguesibarko Udalak antolatzen dituen ikastaroen eta jardueren zerbitzua egitea; Udalaren aurrekontuari egotziko zaizkio sortzen diren diru-sarrerak.

3. artikulua.–Ordaintzeko betebeharra.

Aurreko artikuluak aipatzen duen zerbitzuaren onuradunak ordaindu beharko du, baldin eta udalaren kultur ikastaro eta jardueretan ikasle gisa matrikulatzea eskatzen badu.

Tarifaren zenbatekoa izen emateko epean ordainduko da; epe horretan aurkeztuko da izen emateko behar den dokumentazioa.

4. artikulua.–Tarifak.

A) Aplikazio arauak.

Ordenantza honetan arautzen diren prezioen ordainketa honela eginen da:

Tarifaren ordainketa eginen da udalak ikastaro eta jardueren eskaintzan adierazten duen moduan. Tarifaren ordainketa, oro har, osorik eginen da, kasuan kasuko jardueran izena ematean. Udalak, hala ere, bere jarduera batzuetan zatikako ordainketa egiteko baimena ematen ahalko du, baldin eta izena emateko unean tarifaren kostu osoaren %50 ordaintzen bada, eta gainerako ordainketa udalak ezartzen duen modalitatean egiten bada.

Izena emateko une horretan, “C.) Tarifen taula” atalean ezartzen den tarifaren zenbatekoa zehazteko ematen diren inguruabarrak frogatu beharko ditu interesdunak, agiri bidez frogatu ere.

Ordainketa hori Eguesibarko Udalak ezartzen duen gisara egin beharko da. Ez da izen ematea gauzatzen ahalko, jardueren zenbatekoak ordaintzen ez diren bitartean edo aurreko ekitaldietatik ordaindu gabeko zenbatekorik gelditzen den bitartean, ezta, beraz, jardueretan hasten ahalko ere.

Borondatezko epean ordaintzen ez diren kuotak edo epe horretan itzultzen direnak, premiamendu bidez ordainaraziko dira, legez tokatzen diren errekarguekin. Ordenantza honen arau osagarria izanen da Udalaren kultur ikastaro eta jardueretan jakingarri orokor gisa xedatzen dena.

B) Tarifak itzultzea.

Ordaindu behar duenari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik jarduera gauzatzen ez bada, ordaindutakoa itzuliko zaio.

Jardueraren zenbatekoa soilik itzuliko da ikastaroa hasi baino lehen Eguesibarreko Udaleko erregistroan idatziz eskatzen bada; kasu horretan, tasaren zenbateko osoaren %15 atxikiko da kudeaketa-gastu kontzeptupean. Jada hasita dagoen ikastaro batean baja hartzeko eskaera idatziz eginez gero, dagokion arloak kasu zehatz hori aztertu eta ebatziko du, eta baliteke tasa itzultzeari uko egitea.

Justifikatu gabeko 8 ez-joate gutxienez egiten duten ikasleek besterik gabe irten beharko dute ikastarotik eta ez dute eskubiderik izanen ordaindutako tarifa itzulia izateko.

C) Tarifen taula.

C.1 Tarifa orokorra:

Kultura arloan programatzen diren ikastaro edo lantegietarako, inskripzioa egin duenak ordu bakoitzagatik ordaindu beharreko tarifa izanen da ikastaro bakoitzaren orduko kostua zati ikastaroa egiteko ezartzen den gutxieneko inskribatutakoen kopurua eginik ateratzen den emaitza; Eguesibarren erroldaturik daudenek %20 merkeagoa izanen dute tarifa.

C.2 Hobaria duten tarifak:

Ordenantza fiskal orokorrean zerbitzu honetarako espresuki ezarritako hobariak aplikatuko dira.

5. gaia.–Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Arau-hauste arinak dira honako hauek:

Arau-hauste arinak dira ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak ez betetzea, arau-hauste astunen kalifikazioa ez dutelarik.

2.–Arau-hauste astunak dira:

–Tarifa osorik edo partez ez ordaintzea horretarako ezarritako epeetan.

–Salbuespenak, behar diren ez bezalako tarifak edo itzultze bide gabeak modu bidegabean eskuratzea.

–Arau-hausteak honela zehatuko dira:

  • Arinak, 60tik 150 eurora bitarteko isunarekin.
  • Astunak, 151tik 600 eurora bitarteko isunarekin.

Aplikatu beharreko zehapen prozedura izanen da ordenantza fiskal orokorraren 32. artikuluan ezarritakoa.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jartzea

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2020ko otsailaren 17an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2002438