47. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

34/2020 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Castejongo “Dos de Mayo” Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetatik ateratzeko baimena ukatzen diona.

Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 30eko 147/2016 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautu ziren, eta zenbait ikastetxeri baimena eman zitzaien programa horiek emateko. Foru agindu horretan xedatzen da deialdi baten bidez arautuko dela programa horietan sartzeko edo ateratzeko prozedura.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak abenduaren 27an emandako 233/2019 Ebazpenaren bidez, deialdia egin zen Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartu edo programatik ateratzeko eskaerak egiteko, 2020-2021 ikasturteari begira.

Ebazpen horren I. eranskineko hirugarren oinarrian aipatzen den Baimenen Batzordeak proposatu egin du programatik ateratzeko baimena ukatzea, arrazoi hauengatik:

1. Programatik ateratzeko aurkeztu den irteera-planean ez da aipatzen nola geldituko den ikastetxearen plantilla programatik atera ondoren.

2. Programatik ateratzeko aurkeztu den irteera-planean ez dago behar bezala justifikatua, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egin duen txostenaren arabera.

3. Programatik ateratzeko irteera-planaren bideragarritasunean ez da kontuan hartu 14/2016 Foru Aginduaren 11. artikuluaren 2. puntua, non planteatzen baita ikastetxeak bermatu behar duela programaren jarraitutasuna txertatua dagoen mailetan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ez baimentzea Castejongo “Dos de Mayo” Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programatik ateratzeko egin duen eskaera.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau igortzea Castejongo “Dos de Mayo” Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Langileriaren Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari eta Ikasketak Antolatzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 13an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

Iragarkiaren kodea: F2002430