47. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2020 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honetarako deialdia: “Laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako. Landa Garapenerako 2014-2020 Programa. 04.01. neurria”. DDBN identifikazioa: 496941.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan, 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horren barnean dago nekazaritzako ustiategien modernizazioa sustatzea, ustiategi horietako aktibo fisikoetan inbertsioak egiten laguntzeko neurrien bidez.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak arautu zuen nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 17. artikuluan ezarri zuen aktibo fisikoetan inbertitzeko neurria, eta azpineurri berariazko gisa, berriz, artikulu horren 1.a) puntuan zehazten zena, nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra eta iraunkortasuna hobetu beharrei buruz.

Aipatutako 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezartzen dira laguntzaren gehieneko portzentajeak, segun eskualde mota, onuradunaren izaera edo proiektu mota.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programak neurri hori jasotzen du. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari begira eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek bideraturik daude Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera, helburu izanik hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzailea, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehatz-mehatz, 1305/2013 Erregelamenduaren 17. artikuluari jarraikiz, neurri hau Batasuneko landa garapenak duen lehentasun honi dagokio: “ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta oihanen kudeaketa iraunkorra bulkatzea”.

Beraz, esparru juridikoa da 1305/2013 (EB) Erregelamendua, hizpide duena landa garapenari laguntzea Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta, orobat, esparru horren parte dira hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Nafarroan lurzatiak modernizatzeko eta ureztalur bihurtzeko prozesuek lotura zuzena dute Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzeko obren garapenarekin. Ustiategietako inbertsioak hiru edo lau ekitalditan bilduko dira, eta sektore bakoitzean ureztapena abian jartzeko egunek baldintzatuko dituzte inbertsio horiek.

Beharrezkoa da, laguntzen berariazko deialdi baten bidez, aurrekontuko zuzkidurak eta lehentasun irizpideak arautzea, nekazaritzako ustiategietarako laguntzak lortzeko, helburu izanik ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egitea, halako moduz non ureztapena modu antolatuan jarriko den abian. Horrez gain, saihestu behar da sektore handienetan ureztapena abian jartzeko egunek gainerako eremu eta inbertsioetan eragin negatiboa izatea, laguntza eskaera asko izateagatik eremu jakin batzuei loturik.

Horregatik, eta lehentasunezko helburu horiei aurre egiteko, egokitzat jotzen da zuzkidura ekonomiko berariazko bat erabiltzea lurzatietan ureztapenetarako inbertsioak egiteko, hain zuzen ere nekazaritzako ustiategi horiek egin ditzaten.

Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunak, eta sektorean dauden emakumeen tasa txikia dela, beharrezkotzat jo da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat (3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa).

Azkenik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio ebazpen honi.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta ezarri ziren haren antolamendua eta funtzionamendua). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barnean, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatzeko eta betearazteko, eta bereziki, behar diren arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzetarako.

Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari baimena eman zaio 2.000.000 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauek 2021eko ekitaldian finantzatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta nire esku utzitako eskudantziak erabiliz, hain zuzen ere nire esku utzi dituztenak martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak (foru lege horrek tratatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala) eta urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak (foru dekretu horren bidez ezartzen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dira, “ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako”, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, I. eranskinean azaldu bezala. Ebazpen honen II. eranskina ere onesten da.

2. Deialdiaren onespena.

Onesten da deialdi hau: “Laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako”. Inbertsio horiek jasota daude “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, 2019ko ekitaldirako, bat etorriz aurreko puntuan ezarritako oinarri arautzaileekin eta baldintzekin.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 2.000.000 euroko gastua baimentzen da 2021eko ekitaldian, 2020ra luzatu diren 2019ko aurrekontu orokorretako partida baten kargura, hain zuzen ere partida honen baliokidearen kargura: 720004 72230 7700 412102 partida: “Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020. Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan”. Horretarako baldintza da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

Baimendutako kredituari 2.000.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin, baldin aurrekontuan krediturik badago, 2020ra luzatutako 2019ko aurrekontu orokorretako partida baten kargura, hain zuzen ere partida honen baliokidearen kargura: 720004 72230 7700 412102 partida: “Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020”.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2019ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 90 hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Mendialdea, goi mendialdea eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak.

Mendialdetzat, goi mendialdetzat eta naturak bereziki mugaturiko tokitzat hartuko dira jasota daudenak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 11ko 82/2019 Foru Aginduan, V. eranskinean. Foru agindu horren bidez honako hauen deialdia egin zen 2019ko kanpainarako: Eskaera Bakarra, NBEUFk finantzatutako nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ordainketa zuzenetarako eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren laguntza batzuetarako; Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak; SIGPACeko aldaketa eskaeren aurkezpena; eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

6. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, salbu administrazio publikoek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko otsailaren 19an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia. Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Laguntzak emateko oinarri arautzaileak, “ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako” 2019ko laguntzen deialdian. Inbertsio horiek jasota daude Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrian

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da honako hauek arautzea: “laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako”. Inbertsio horiek jasota daude Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, eta horien esparrua da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1.a) artikulua. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua.

2. oinarria. Neurriaren helburua.

1. Bat etorriz 1305/2013 (EB) Erregelamenduarekin eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programarekin, neurri honen helburu orokorrak dira hobetzea nekazaritzako ustiategien errendimendu orokorra eta erraztea horien jasangarritasuna.

2. Dudarik gabe bat egiten dutenez 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan adierazitako Batasunaren lehentasunekin, helburu estrategikotzat jotzen dira nekazaritzako profesional kualifikatuak ezar daitezela, behar adinako tamaina duten eta bideragarriak eta jasangarriak diren familia-ustiategietan, batez ere baldin profesional horiek jardueraren ikuspegi kolektiboa ekartzen badute, elkarteak sortuz eta horietan parte hartuz, zeinek balioa erantsiko baitute, bai enpresa bera egonkortzeagatik, bai oinarri duten lurraldearekiko loturarengatik.

3. Ustiategiaren errendimendu orokorra eta Batasunaren lehentasunak lortzeko oinarri izateagatik, interes handieneko eragiketa-helburutzat hartzen dira, besteak beste, honako hauek (zerrenda ez da zehatz-zehatza):

Errendimendu ekonomikoa hobetzea.

Ustiategiko errendimendu fisikoak eta bertako ekoizpenen kalitate maila hobetzea.

Ekoizpen kostuak murriztea.

Inputak erabiltzean efizientzia hobetzea, bereziki uraren eta energiaren erabileran.

Teknika berritzaileak hautatzea, bai enpresaren kudeaketan bai ekoizpen eredu eta/edo prozesuetan.

Nekazaritza sektorean enplegua mantentzea eta sortzea.

Lan eta osasun baldintzak hobetzea.

Nekazaritzako jardueren dibertsifikazioa bultzatzea.

3. oinarria. Onuradunak.

1. Neurriaren hartzaileak pertsona fisiko edo juridikoak dira, inbertsioak Nafarroan egiten dituztenak, betetzen dituztenak onuradunak izateko aldez aurreko baldintzak, eta hitza ematen dutenak aplikatzekoa den araudian ezarritako konpromisoak betetzeko.

2. Administrazio publikoak ez dira onuraduntzat hartuko, ezta nortasun juridiko propioa duten entitate eta sozietate publikoak ere, baldin administrazio publikoen menpekoak badira edo haiei lotuta badaude.

4. oinarria. Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan daitezke laguntzen eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

a) Adinez nagusi izatea, pertsona fisikoak badira.

b) Nekazaritzako ustiategi baten titularra izatea, zeina inskribatua egonen baita Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, salbu kasu hauetan: nekazari gazteak izatea eta aldi berean laguntza eskatu izana dena delako ekitaldiko “nekazari gazteen” lehen instalaziorako laguntzen deialdian, edo aurreko bi ekitaldietako batean laguntza horiek adjudikatuta izatea, edo egoera horietan dauden gazteek soilik osatutako sozietateak izatea.

c) Nekazari aktibo gisa sailkaturik egotea, bat etorriz abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioarekin, kontuan harturik zer salbuespen jarri den aurreko letran nekazari gazteentzako eta haien sozietateetarako. Errege dekretu horrek hizpide du nola aplikatu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita nola kudeatu eta kontrolatu ere ordainketa zuzenak eta landa garapenerako ordainketak.

d) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluarekin.

e) Egunean izatea tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

5. oinarria. Ustiategiak onartuak izateko irizpideak.

Nekazaritzako ustiategien titularrei laguntza hauek esleitzeko, beharrezkoa izanen da ustiategiek bete ditzatela onartuak izateko irizpide hauek, laguntza eskaera aurkezteko unean:

a) Inskribatuta egotea Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, salbu ekitaldi berean laguntza eskatu badu “nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzen deialdian”, edo laguntza horiek adjudikatu bazaizkio aurreko bi deialdietako batean, baita gazteek soilik osatutako sozietateak ere baldin egoera horietan badaude.

b) “Europako dimentsioko 10 unitateko” tamaina izatea gutxienez. Irizpide hau ez zaie eskatuko nekazari gazteek eta haien sozietateek egindako inbertsioei, aurreko letran jarritako salbuespenarekin bat.

c) Bideragarritasun ekonomikoa frogatzea behar den azterlan tekniko-ekonomikoaren bidez, aurkeztutako inbertsio plana aplikatu eta gero.

6. oinarria. Inbertsio plana.

1. Eskaerarekin batera, egoki den inbertsio plana aurkeztu beharko da, eta hura izanen da laguntzarako eskubidea sortzeko oinarria.

2. Ustiategiaren bideragarritasun ekonomikoa frogatzeaz gain, inbertsio planak frogatu beharko du ustiategiaren errendimendu orokorra handituko dela, hots, aurrerapen bat izanen dela honako hauetan: hobekuntza ekonomikoarekin lotutako alderdiren bat, inputen eta energiaren erabileraren efizientzia, enpleguaren mantentzea edo handitzea, kalitate sistemetan sartzea, jarduerak dibertsifikatzea, ingurumena zaintzea, laneko segurtasuna, etab., oinarri arautzaile hauen 2.3 oinarrian azaldutakoaren ildotik.

3. Inbertsio planean, gutxienez ere, alderdi hauek sartuko dira:

a) Ustiategiaren abiapuntuko egoeraren azalpena, datu hauek barne, besteak beste:

–Ustiategiaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenaren ildoa.

–Nortasun fisiko edo juridikoa, titulartasuna eta, bidezkoa bada, azaltzea titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza.

–Ustiategiari atxikitako eskulanaren zerrenda sailkatua eta kuantifikatua: soldatapekoak, finkoak, aldi baterakoak.

–Azalera eta batez besteko errendimenduak ekoizpen jarduera bakoitzean.

–Abelburuak, espezieen arabera, eta, hala behar denean, batez besteko errendimenduak.

–Jarduera bakoitzaren ekoizpen gordina.

–Ekoizpen jarduera bakoitzaren gastuak eta ustiategi osoaren gastu finkoak.

b) Ustiategiko bukaerako egoeraren azalpena, barnean dela abiapuntuko parametroen aipamen konparatiboa, eta azterlan ekonomikoa, adierazten duena azken emaitza hori lortzen ahal dela, eta bermatuko dituena ustiategiaren errendimendu orokorraren hobekuntza eta bideragarritasuna.

c) Egin asmo diren inbertsioen zerrenda eta azterketa, ikuspuntu teknikotik, ekonomikotik eta finantzariotik begiratuta, eta, orobat, kontuan harturik abiapuntuko ustiategiaren eta amaierakoaren arteko koherentzia, inbertsioak egiteko beharra justifikatzeko.

Azterketa horrek bere baitan izan beharko ditu, halaber, inbertsio horiek laguntza jaso dezaketela erabakitzeko behar diren justifikazio teknikoak eta agiri egokiak, bat etorriz oinarri arautzaile hauetako 7. oinarrian ezarritako beharkizun eta baldintzekin.

d) Kostuen moderazioa aplikatzeko justifikazioa, oinarri arautzaile hauetako 14. oinarriko 1.b puntuaren araberako inbertsioetarako.

e) Inbertsio planaren iraupena. Inbertsioen izaeraren araberakoa izanen da, eta fase bakoitza burutzeko aurreikuspenaren araberakoa, barnean dela hasteko aurreikusitako eguna, inbertsio bakoitzerako.

7. oinarria. Inbertsio diruz lagungarriak.

1. Nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra hobetu beharko dute inbertsioek. Horretara bideratuko da oinarri arautzaile hauetako 2.3 oinarrian zehaztutako helburu baten edo gehiagoren lorpena.

2. Inbertsioek kalterik ekar badezakete ingurumenean, beharrezkoa izanen da baimen egokia eskuratzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin.

3. Eskaeraren xede diren inbertsioak Nafarroan gauzatu behar dira.

4. Agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondoan hasi eta gauzatutako inbertsioek eta gastuek baizik ez dezakete laguntza eskuratu, salbu oinarri honen 5.c) atalean aurreikusitakoek. Frogabide gisa, kontuan hartuko dira inbertsioak justifikatzeko aurkeztutako fakturen, albaranen eta konturako ordainketen datak, besteak beste, eta, inbertsioan kokapen geografikoa zehazten ahal bada, eskatuko da aldez aurretik egiaztatzea inbertsioak ez direla hasi. Ondorio horietarako, eskatzaileak inbertsioen hasiera egunaren berri eman beharko dio Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari, hasi baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

5. Laguntzen ahal diren inbertsioak –eta haien kostuak, berriz, hautatzen ahal direnak– honako hauek izanen dira:

a) Lehorreko lurra ureztalur bihurtzeko inbertsioak eta ureztalurrak modernizatzea Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuan, baldin beharkizun hauek betetzen badira:

–1305/2013 Erregelamenduaren 46. artikuluan jasotakoak:

I) Inbertsio planean jasotako laguntzaren xede den azalerari dagokion ura neurtzeko moduko kontagailua sartzea, edo neurketa hori egiten duten gailuak aitzinetik badirela frogatzea.

II) Modernizatu behar bada aurretik jada baden ureztapen instalazio bat, frogatu behar da hobekuntzak ahalbidetzen duela ura aurreztea, 46. artikuluko 4. puntuko beharkizunekin bat, gutxienez ere %10, oraingo instalazioa kontuan hartuta.

–Jasota daudenak Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 54. eta 55. artikuluetan, finantzaketa bidez ekipatu beharreko gehieneko azalerari dagokionez.

Horri dagokionez, baldin laguntzaren eskatzailea bada nekazaritzako elkarte entitatea, aipatutako legearen 41., 44. eta 45. artikuluekin bat definiturik, bere inbertsio planean justifikatu beharko du betetzen direla artikulu horietan jasotako baldintzak.

Betiere, inbertsio horiei aplikatuko zaizkie 1/2002 Foru Legearen 51. eta 52. artikuluetan ezartzen diren baldintzak, ureztatzeko oinarrizko azalera gainditzeari buruz eta kasuan kasuko ureztapen unitaterako diseinu orokorreko baldintza teknikoei buruz.

b) Ureztapen instalazio lagungarriak zer lurzatitan kokatuko diren, horietan bakarrik egindako jarduketak, jaso direnak finkak hobetzeko, II. eranskineko “Finkak hobetzea” izeneko atalean.

c) Aurreko ataletan sarturiko gastuei loturiko kostu orokorrak, hala nola arkitektoen eta aholkularien kabineteentzako ordainsariak, jasangarritasun ekonomiko eta ingurumenekoari buruzko aholkularitzari lotutako ordainsariak, barnean direla bideragarritasun azterketak eta ingurumen baimenak lortzekoak, bai eta laguntza eskaera egiteari lotutako ordainsariak ere. Betiere, laguntzen ahal den inbertsioaren %12ko muga ezarri da atal honetarako.

6. Ez dira diruz lagungarriak izanen eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauetatik heldu diren kostuak:

a) 15 urte baino gutxiagoko ekipamendua aldatzeko inbertsioak, lehen diruz lagundu direnak.

b) Zorren interesak, horien birfinantzazioa, aseguruak eta nekazaritzako enpresaren bestelako gastu orokorrak.

c) Ustiategiko bertako laneskuaren gastuak eta zuzeneko beste ekarpen batzuk, salgaietan.

d) Onuradunen inbertsio edo partaidetza finantzarioak, beren ureztatzaile elkarteak sustatutako interes orokorreko obretan.

e) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, edozein izanik ere eskualdatzeko prozedura edo era, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak ere, baldin horiek bazkide gisa parte hartzen badute, salbu eta 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) artikuluaren arabera katalogaturiko kooperatibek egiten dituzten fakturak eta likidazio ziurtagiriak.

f) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk eta proiektuen gastu orokorretan jasotako etekin industriala.

8. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak izanen dira kapitaleko zuzeneko dirulaguntzak.

2. Honako muga hauek erabiliko dira laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Dirulaguntza jaso dezakeen gehieneko inbertsio tamaina, onuraduneko eta ekitaldiko: 100.000 euro, ustiategiaren urteko lan unitateko (ULU), inbertsio plana gauzatu ondoren kalkulaturik, 800.000 euroko muga gainditu gabe.

b) Dirulaguntza jaso dezakeen gutxieneko inbertsio tamaina, espedienteko: 7.500 euro.

Kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren kalkulatuko dira zenbateko horiek, inbertsio plana oinarri hartuta.

c) Gehieneko laguntza, onuraduneko eta deialdiko: 300.000 euro.

d) Onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza, 2014-2020 programazio aldian: 800.000 euro.

Zenbateko horiek kalkulatuko dira bai laguntza eskatzeko unean, aurkeztutako inbertsio planaren arabera, bai azkeneko ordainketa egiteko eskaera egiten denean, inbertsio plan gauzatuaren arabera, betiere kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren.

Aurreko a) eta c) ataletan ezarritako mugak (laguntzarako eta inbertsio diruz lagungarrirako) dira gehieneko mugak, onuradun batek deialdiaren ekitaldian eskatutako laguntzen batuketarako, bat etorriz Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren M04.01 neurriarekin.

Orobat, aurreko d) atalean ezarritako muga (onuradunarentzat) da gehieneko muga, onuradun batek eskatutako laguntzen batuketarako, bat etorriz Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren M04.01 neurriarekin.

3. Inbertsio diruz lagungarriaren zenbateko osoaren gainean, portzentaje hauetako laguntza emanen da gehienez ere:

a) %30, orokorrean.

b) %40, nekazari gazteen kasuan.

c) Gazteak dituzten ustiategi elkartuetan, oro har ezarritako muga handitzen ahalko da 10 punturaino, %40 gehienez ere, nekazari gazteek kapital sozialean duten proportzioaren arabera.

4. Espediente bakoitzari dagokion laguntzaren portzentajeak, aurreko puntuan adierazitako mugekin, honako baremo honen arabera kalkulatuko dira:

a) Gutxieneko portzentaje orokorra: %15. Portzentaje hori handitzen ahalko da baldin gertatzen badira ondoko ataletako inguruabarrak.

b) Nekazari gazteek egindako inbertsioak: %25.

Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, laguntzen intentsitate hau aplikatuko zaie honako baldintza hauetakoren bat betetzen dutenei:

–“Nekazari gazteak” beren gain hasteko laguntzaren onuradunak izatea ekitaldi berean, hots, ustiategietako inbertsioetarako laguntzen deialdi honi dagokion ekitaldian, edo aurreko bietan.

–“Nekazari gazteak” beren gain hasteko laguntzaren onuradunak izanda, laguntza eskaera aurkezten den egunean 41 urte bete ez dituztenak eta, aldi berean, beren gain hasteko prozesua bukatu zenetik hiru urteko epearen barnean daudenak. Ondorio horietarako, ulertuko da prozesu hori bukatu dela beren gain hasteko laguntzaren azken tarteko ordainketa onesten den egunean.

–“Nekazari gazteak” beren gain hasteko laguntza lortu gabe, laguntza eskaera aurkezten den egunean 41 urte bete ez dituztenak, lehentasunezko gisa katalogatutako nekazaritzako ustiategi baten titularrak direnak, hiru urte baino gutxiago iraganik nekazaritzaren arloko gizarte segurantzan afiliatu zirenetik.

Onuraduna pertsona juridikoa bada, eta, deskribatutako baldintzen arabera, bazkide guztiak gazteak badira, aurreko portzentajea aplikatuko da.

Onuraduna pertsona juridikoa baldin bada eta ustiategi baten titularra, eta hartan parte hartzen badute bazkide gisa aipatutako baldintzak betetzen dituzten gazteek, arestiko portzentajea aplikatuko da, gazteak kapital sozialean duen partaidetzaren proportzioan.

c) Lehentasunezko gisa sailkatutako nekazaritzako ustiategi baten titularrek egindako inbertsioak, edo Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) artikuluan agertzen diren nekazaritzako kooperatibak: %10.

d) Inbertsioak gauzatzen baldin badira mendialdean, goiko mendialdean edo, mendialdeak edo goiko mendialdeak izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan dauden lehentasunezko nekazaritzako ustiategietan, aurreko letrarekin bat: %5.

9. oinarria. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuen batuketa eginen da (gehienez ere 200 puntu lortzen ahalko dira):

a) Nekazari gazteen parte-hartzea: 45 puntura arte, irizpide hauei jarraikiz:

Onuraduna nekazari gaztea bada, edo nekazari gazteak soilik dituen elkarte bat, 8. oinarriaren 4.b) puntuan jasotako errekerimenduekin bat: 45 puntu.

Onuraduna pertsona juridikoa baldin bada, lehentasunezko ustiategi baten titularra, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta hartan parte hartzen badute 9. oinarriaren 4.b) puntuan aipatutako baldintzak betetzen dituzten gazteek, aplikatuko dira nekazari gazteek kapital sozialean duten portzentajea 45i aplikatzetik aterako diren puntuak.

b) Lehentasunezko ustiategiak eta titularraren baldintzak: 30 puntura arte, irizpide hauei jarraikiz:

Onuraduna lehentasunezko nekazaritzako ustiategi baten titularra baldin bada, edo nekazari gaztea bada bere gain hasteko prozesuan, onuradun izan dena bere gain hasteko laguntzena ekitaldi honetako deialdian edo aurreko bi deialdietan, edo nekazari gazteak soilik dituen elkarte bat, aurreko baldintzekin bat, ustiategia lehentasunezkotzat jotzen ez denean: 30 puntu.

Baldin onuraduna bada ogibide nagusia nekazaritza duen pertsona fisiko bat, ustiategia ez izanik nekazaritzako lehentasunezkoa, edo 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) edo c) artikuluko nekazaritzako kooperatiba bat, lehentasunezko ustiategia izateko baldintza bete gabe: 20 puntu.

Baldin onuraduna bada nekazari profesional gisa sailkatutako pertsona fisiko bat, aurreko betekizunetako bat ere bete gabe: 10 puntu.

Balorazio irizpide honen ondorioetarako, bai eta 8. oinarriko 4. zenbakiko c) letraren ondorioetarako ere, kontuan hartuko dira, laguntzak eskatzeko epea bukatzen den egunerako, ustiategien eta haien titularren sailkapenak, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduarekin (foru agindu horren bidez arautzen da koordinazioa batetik Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta bestetik Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren artean, eta irizpideak ezartzen dira Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategiak kalifikatzeko). Orobat, sailkapenak bat etorriko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 14ko 55/2019 Foru Aginduarekin (foru agindu horren bidez onesten dira kudeaketa irizpideak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistrorako).

c) Kokapen geografikoa: baldin inbertsioak gauzatzen badira mendialdean, goiko mendialdean, edo, mendialdea edo goiko mendialdea izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan dauden ustiategietan: 20 puntu.

d) Ureztalur bihurtzea, eta kontsumoen efizientzia modernizazioetan: 55 puntu bitarte, irizpide hauei jarraikiz:

Azalera lagungarriaren %50, gutxienez, ureztalur bihurtzeko inbertsioei badagokie: 55 puntu.

Baldin ureztalurrak modernizatzeko inbertsioetan uraren %15eko aurrezpena (edo handiagoa) justifikatzen bada: 55 puntu.

e) Generoa: laguntza espedientearen onuradunak baldin badira emakumeak edo, pertsona juridikoak izanik, haien gobernu organoen %30 gutxienez emakumeen esku badaude, edo sozietate zibilak non emakumeen esku baitaude gobernu organoen %30 gutxienez eta kapitalaren %30 gutxienez: 10 puntu.

f) Balio katean merkataritzako marjina hobetzea: baldin eskatzaileek aurkeztutako inbertsio planean badaude eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsio gisa laguntza jaso dezaketen jarduketak, bat etorriz laguntza hauekin: “Ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak, ez direnak ‘Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko ureztapenerako laguntzak’”, haien 7.5.f) oinarriaren arabera, eta baldin gutxienez 7.500 euroko inbertsio diruz lagungarria badagozkie: 5 puntu.

g) Inbertsio kolektiboak: baldin eskatzaileek aurkeztutako inbertsio planean badago inbertsio kolektibotzat jotako proiektu bat, bat etorriz “Ureztapenetarako ez diren inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzekin, haien 8. oinarriaren arabera: 5 puntu.

h) Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen metodoak: 10 puntu bitarte, baldintza hauei jarraikiz:

Baldin ekoizpen ekologikoaren neurriaren barnean emandako laguntzarik badute, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluarekin bat, edo gutxienez ere ustiategiaren nekazaritzako 0,5 lan unitate badagozkio abeltzaintzako edo nekazaritzako ekoizpen ekologikoari: 10 puntu.

Baldin nekazaritzako eta ingurumeneko neurriaren barnean emandako laguntzarik badute, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluarekin bat, edo gutxienez ere ustiategiaren nekazaritzako 0,5 lan unitate badagozkio behi, ardi, ahuntz edo zaldi arraza autoktonoen abeltzaintzari: 10 puntu.

Aurreko gidoiaren ondorioetarako, arraza autoktonotzat hartuko dira hala jasota daudenak abuztuaren 29ko 309/2014 Foru Aginduan, hark aldatu baitzuen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2003ko maiatzaren 26ko Foru Agindua, zeinak onesten baitzuen Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala. Ondorio horietarako, ustiategiko animalien arraza hartuko da kontuan, Abeltzaintza Erregistroaren arabera.

i) Prestakuntza eta aholkularitza: onuradunak aholkularitza neurrian parte hartzen badu Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, bat etorriz 1305/2013 Erregelamenduaren 14. eta 15. artikuluekin, edo frogatzen badu joan izana ureztapeneko uraren erabilerari, efizientziari eta kontsumoari buruzko ikastaroetara, hain zuzen ere Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko (INTIA) Ureztatzaileari Aholku Emateko Zerbitzuak emandakoetara: 5 puntu.

j) Kalitate araubideak: onuradunak bere ustiategian Nafarroan ezarritako kalitate-araubideek babestutako produktuak ekoizten eta/edo lantzen baditu, jaso direnak barne merkatuko informazio eta sustapen neurrietan, 1035/2016 Erregelamenduaren 16. artikuluarekin bat, eta kalitate araubide horietan ekoizpen unitateak gutxienez nekazaritzako 0,5 lan unitate badira: 5 puntu.

k) Elkartea eta ekonomia sozialekoa izatea: 10 puntura arte, irizpide hauei jarraikiz:

Baldin entitatea lehentasunezko elkartea bada, 13/2013 Legearen arabera, edo nekazaritzako kooperatiba bat, bat etorriz Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) eta c) artikuluarekin, edo elkarte-ustiategi bat, lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa sailkatua eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean: 10 puntu.

Baldin bestelako nekazaritzako elkarte-ustiategi bat bada, aurreko gidoian aipatutakoak ez bezalakoa, edo baldin badira pertsona fisikoak, bazkide direnak Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) artikuluan jasotako nekazaritzako kooperatiba batean: 5 puntu.

3. Onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, edo, egoki denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzeko egunari dagokionez, eta bete beharreko konpromisotzat inbertsio planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

4. Onuradunak eskatutako balorazio irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, baldin eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gainditu gabe.

10. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie dirulaguntza, deialdian erabilgarri dagoen kredituak ezarritako muga gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen dute, lehenbizi, aurreko oinarriaren a) atalean puntuazio handiena lortzen duten espedienteek, eta gero, aintzat hartuko da, hurrenez hurren, b), c), d), etab. ataletan lortzen den puntuazioa, zerrenda agortu arte. Berdinketak bere horretan segitzen badu, lehenetsiko dira lehentasunezko elkarte bateko bazkide diren pertsona fisikoak edo juridikoak, edo lehentasunezko elkarte bateko kide den entitate bateko bazkide direnak, eta, hala ere berdinketa hausten ez bada, gazteenak lehenetsiko dira, edo eratze data aintzat harturik berrienak direnak.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 60 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira dagokion ekitaldiko aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Inbertsio plana laguntzen deialdian adierazten den epean gauzatzea, galarazi gabe justifikatutako arrazoiengatik eman daitezkeen luzapenak. Luzapen horiek ez dira inoiz ere kasuko ekitaldiko azaroaren 1etik harago joanen.

Plana oso-osorik gauzatutzat emateko, 9.2. oinarrian aipatutako jarduketak bukatu beharko dira, baldin jarduketa horiei esker puntuak lortu badira hautapen irizpideak aplikatuz.

b) Inbertsio plana amaitzen den egunera arte mantentzea baldintza hauek: “nekazari aktiboa”rena, 4.1.c) oinarrian ezarria, eta ustiategiaren neurriarena, 5.b) oinarriarekin bat. Beren gain hasteko prozesua bukatu ez duten nekazari gazteen kasuan, prozesu hori bukatzen denean eskatuko zaie konpromiso hauek betetzea.

c) Jarduketak egitea, eta, behar denean, mantentzea, eta betetzea uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitako beharkizunak (haren bidez onesten da Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina), lehentasunezko ustiategiei dagokienez, baita ogibide nagusia nekazaritza izateari dagokionez ere, eta, orobat, betetzea uztailaren 4ko 19/1995 Legean aurreikusitako beharkizunak (lege horrek hizpide ditu nekazaritzako ustiategien modernizazioa), nekazari profesionala izateari dagokionez, behar denean, baldin horiek balio izan badute zehazteko laguntzaren intentsitatea, 8. oinarriarekin bat, eta espedienteen lehentasuna, 9. oinarriarekin bat, inbertsioen plana bukatzeko eguna arte, betiere ordaindu aurretik, salbuespena izanik aurreko letran aurreikusitakoa, ezartzeko prozesuan diren nekazari gazteentzat.

d) Etorkizunean bete beharreko konpromisoei eustea bost urtez, 12. oinarriaren arabera, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpena ematen denetik aurrera, edo hiru urtez, baldin onuraduna bada enpresa txiki edo ertaina.

e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan honako hauek frogatzea:

–Jasotako funtsak aplikatuta egindako gastuak eta ordainketak, eta

–Hartu diren funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, ezarrita dauden epe eta moduan.

f) Behar diren kontrolak onartzea, egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela.

g) Behar diren argibideak ematea ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoez, lan arlokoez eta sozialez, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzez ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

h) Dirulaguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

i) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

k) Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoz hornitutako inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak paratu beharko du azalpen plaka bat, ereduaren araberakoa. Eredua eskura daiteke laguntzetarako izapideen katalogoan.

Plaka horretan agertuko da proiektuaren edo eragiketaren azalpena, eta plakaren %25 hartuko du, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, Europar Batasunaren arau grafikoekin bat, eta, harekin batera, irakurgarri hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

l) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

m) Bidezko denean, inbertsioko ondasunak inskribatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko behar diren erregistro ofizialetan, plana amaitu baino lehen.

n) Inbertsioek kalterik eragin badezakete ingurumenean, eskatzaileak arduratu beharko du inbertsio horiek 7.2 oinarrian aurreikusitako baimena izateaz. Laguntza emateak ez dakar berekin inola ere inbertsioek baimen hori izatea.

2. Baldin laguntza eskaera aurkezten bada “Laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako” izeneko laguntzetarako, horrek berekin ekarriko du oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

3. Ulertuko da bete direla “lehentasunezko nekazaritzako ustiategi”, “ogibide nagusia nekazaritza duena”, edo “nekazari profesionala” izateko baldintzak, baldin eta ebazpen batek onesten badu nekazaritzako ustiategien titularrak eta/edo nekazaritzako ustiategietako bazkideak direla ogibide nagusia nekazaritza duena, nekazari profesionala, edo nekazaritzako profesionala, eta nekazaritzako ustiategiak hala sailkatu badira bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduarekin (foru agindu horren bidez arautzen da koordinazioa batetik Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta bestetik Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren artean, eta irizpideak ezartzen dira Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategiak kalifikatzeko). Hori dena, betiere, inbertsioak gauzatzeko epea bukatzen den urteari dagokionez. Aurrekoa gorabehera, organo kudeatzaileak betebehar hori betetzat emateko, aurretik ziurtagiri bat eman beharko du Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak, esanez ustiategiak eta/edo onuradunak behar den izaera dutela.

12. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak dira onuradunak bere gain hartu dituenak, bost urtez horiei eusteko baldintzarekin, edo hiru urtez, enpresa txiki eta ertainen kasuan, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik aurrera.

2. Hauek hartuko dira gerora bete beharreko konpromisotzat, oro har, era guztietako espediente eta onuradunentzat:

–Ekoizte jarduera mantentzea, eta bere kokapenak programaren eremuan jarraitzea.

–Azpiegiturako eta/edo inbertsioko elementuen jabetza mantentzea.

–Eragiketaren helburuak, izaera eta gauzatzeko baldintzak mantentzea, funtsezko aldaketarik gabe eta jatorrizko helburuak kaltetu gabe.

–Beren gain hasteko prozesuan ari diren gazteen kasuan, prozesu hori bukatzen denean betebehar hauek betetzea, eta oinarri honen 1. apartatuan ezarritako epeetan mantentzea: nekazari aktiboarena, ustiategiaren neurriarena eta laguntzaren intentsitatea zehazteko eta espedienteak lehenesteko erabili diren kalifikazioena. 11.1.b) eta c) oinarrian ezartzen dira betebeharrak.

Konpromiso hori ez zaie aplikatuko finantza tresnek egin edo jasotako ekarpenei, ezta bestelako eragiketei ere, baldin ekoizpen jarduera bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

Ez zaie orobat aplikatuko inbertsiorako laguntzen onuradun diren pertsona fisikoei, baldin eta behin inbertsio eragiketa bukatu ondoan, laguntza bat hautatzen eta eskuratzen ahal badute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 Erregelamenduaren arabera, kasuan kasuko inbertsioa zuzenean loturik baldin badago Globalizaziora Egokitzeko Europako Funtsaren laguntzaren bidez diruz laguntzen ahal den jarduera gisa identifikaturiko jarduera motari.

3. Honako hauek izanen dira gerora bete beharreko konpromisoak, laguntzaren intentsitateari lotuak:

a) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiaren izaera edo, hala bada, nekazaritzako kooperatibarena mantentzea.

b) Ustiategiaren kokapena mantentzea mendialdean, goiko mendialdean, edo, mendialde nahiz goi mendialde izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan.

4. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira 9. oinarriaren araberako balorazio irizpideei lotuak:

a) Titularraren eta ustiategiaren baldintzei eustea, 2.b) puntuaren arabera; edo kalifikazio horiek lortzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak betetzea, neurriei, unitateko lan errentari eta nekazaritzaren arloko gizarte segurantzari buruzkoak.

b) Ustiategiaren kokapen geografikoari eustea, 2.c) puntuaren arabera.

c) Pertsona juridikoen kasuan, gobernu organoetan kideen %30 emakumeak izaten jarraitzea, eta kapital sozialaren %30 ere, gutxienez, emakumeen esku egotea, 2.e) puntuaren arabera.

d) Ustiategiko produktuak eraldatzeko edo merkaturatzeko inbertsioak mantentzea, 2.f) puntuaren arabera.

e) Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen metodoak mantentzea, 2.h) puntuaren arabera.

f) Prestakuntza eta aholkularitza neurrietan parte hartzen segitzea, 2.i) puntuaren arabera.

g) Kalitate araubideen babespeko produktuak ekoizten eta/edo prestatzen jarraitzea, 2.j) puntuaren arabera.

h) Onuradunak elkarte-entitate edo kooperatiba bateko bazkide izaten jarraitzea, 2.k) puntuaren arabera.

5. Ulertzen da pertsona onuradunak hartutako konpromisoa dela aurreko 2. puntuko konpromisoa. 3. eta 4. puntuetako konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da baldin eta laguntza eskaeran zehazki sartu badira, laguntzaren intentsitatea handitzeko edo eskaeren hurrenkerarako balorazio irizpideetan parte hartzeko, eta laguntza onartzeko eta/edo ordaintzeko unean balidatu badira.

13. oinarria. Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren izapideen katalogoan (www.navarra.es).

2. Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren edo NANaren/PINaren bidez. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 30eko 59/2019 Foru Aginduaren bidez, behar ziren oinarriak onetsi ziren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko.

3. Betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia, eta, baldin Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Ingurumen baimenak edo haien eskaerak, sozietateen eraketa eskriturak, aurrekontuak edo proformako fakturak, eta oinarri arautzaile hauek aplikazioak eragindako guztiak, laguntzaren tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko den zerrendaren arabera.

4. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

14. oinarria. Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eskatzen du egiazta dadila proposatutako kostuak moderatuak direla, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten du. Ondorio horietarako, inbertsio planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, instrukzio organoak sistema hauek erabiliko ditu:

a) II. eranskinean agertzen diren moduluak (“Inbertsio moduluak”) aplikatzea laguntzen xede diren inbertsioei, eta, horietarako, kostuaren frogagiria aurkeztu behar da (memoria baloratua, proformako faktura, aurrekontua...).

b) “Inbertsio moduluak” izeneko II. eranskinean aipatzen ez diren inbertsio eta gastuetarako, eskabidearekin batera eskatzaileak aurkeztutako hiru aurrekontu edo proformako fakturen artean aukeratuko da.

Egiazko enpresa hornitzaile independenteenak izanen dira eskaintzak, eta alderatzeko behar bezain zehatzak izanen dira. Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izanen hiru eskaintzak aurkeztea, baldin justifikatzen badu merkatuan ez daudela behar adina entitate hornitzaile edo emaile, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik. Salbuespen hori behar bezain justifikatua egonen da inbertsio planean.

c) Aurreko kasuetan sartzen ez diren inbertsioak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori osatuko dute kudeaketa atalaren arduradunak eta profil teknikoa duten hango bi pertsonak, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo, bestela, aurrekontu alternatibo bat aurkeztu.

Batzorde horren erabakia justifikatuko da, orobat, ondasunaren prezioak egiaztatuz onuradunari dagokion jarduketa-merkatu logiko batean.

2. Aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko, hartuko dira onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa, eta bietan txikiena hartuko da aintzat.

3. Kostuen moderazioari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta ordainketa egin aurretik, oinarritzat hartuta onuradunak aurkeztutako ordainketa-eskaera. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketak egitea eskatzen duenean.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, entitate onuradunak behar diren agiriak erantsiko dizkio (proformako fakturak, aurrekontuak, etab.) inbertsio planari, legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria igorri duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, zehatz-mehatz azalduko dira entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar.

5. Azkenean onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

15. oinarria. Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa dagokio Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari; atal hori atxikia dago Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari.

16. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dela, egiaztatuko da eskatzen diren baldintzak betetzen dituela, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean dagoen informazioaren arabera.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate erantzuleak eska dezake aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea. Behar izanez gero, gehienez 15 egun naturaleko epean zuzendu ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen hala egiten ez badu agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak, oinarri arautzaile hauen arabera.

6. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

7. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da pertsona onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak eskuratzeko baldintza guztiak.

17. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du. Ahal bada, ekitaldi bakoitzean gazteak beren gain hasteko laguntzen deialdia egin ondoren emanen da ebazpena, behar bezala aplikatu ahal izateko laguntzaren intentsitatea zehazteko eta eskaerak baloratzeko irizpideak (8. eta 9. oinarrietan ezarriak).

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean azalduko da dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, baldintzak eta, orobat, onuradunak bete behar dituen konpromisoak.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek izan duela Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren babespeko dirulaguntza, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, honako neurri honetan: “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietako aktibo fisikoetan”, “Ustiategien bideragarritasuna hobetzeko”.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena espresua izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

18. oinarria. Inbertsio plana onartzea.

1. Bidezko arrazoiengatik onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketak egitea hasiera batean onetsitako inbertsio planean, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Ondasun eta/edo konpromiso berriak hartu aurretik aurkeztuko da eskaera hori, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea bukatu baino sei hilabete lehenago.

2. Proposatutako aldaketa behar bezainbat arrazoitu eta justifikatu beharko da, eta honako hauek bermatu beharko dira:

–Inbertsio plan berriaren bideragarritasuna.

–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.

3. Aldaketa horiek nabarmen gisa sailkatuko dira honako kasu hauetan:

a) Baldin ustiategiko ekoizpenaren ildoa aldatzen bada, sektore, labore mota edo abere espeziearen arabera.

b) Baldin ustiategiko ekoizpenerako baliabideak, laborantzarako hektareak edo abelburuak %30 baino gehiago gehitu edo kentzen badira, aurreikusitakoekin alderatuta, inbertsio plana aplikatu ondoan.

c) Baldin obra zibileko, makineriako edo ekipamenduko elementuak laguntzen ahal den inbertsio osoaren %30 baino gehiago gehitu edo kentzen badira, elementu bakoitzean, eta 15.000 euro baino gehiagoko goiti-beheitia bada.

4. Inbertsio planaren aldaketa nabarmen bakarra aurkeztea onartuko da.

5. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea. Onespen horrekin ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira handituko.

Baldin aldaketak nabarmenak badira, kostuak apaltzeko prozedurarako modulu berriak aplikatzea badakarte eta/edo emandako laguntza murrizten bada, inbertsio plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planak agertzen zituen irizpide tekniko-ekonomikoei eta kostuak apaltzeko irizpideei jarraikiz.

Aurreko paragrafoan aipatu gabeko aldaketak badira, azken ordainketaren unean eginen da behar den doikuntza, bai inbertsioetan bai esleitutako laguntzan.

6. Kudeaketa organoak lagungarritzat jo ditzake epean jakinarazten ez diren aldaketak, baldin betetzen badituzte oinarri honen 2. atalean ezarritakoa eta 14. oinarriaren araberako kostuen moderazioa. Bidezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari, galarazi gabe 21. oinarrian ezarritako murrizketak.

Ondorio horietarako, baldin aurreikusitako inbertsioak egiten ez badira, edo osorik egiten ez badira eta hori aldaketa nabarmentzat jo badaiteke, komunikatu gabeko aldaketatzat hartuko dira.

19. oinarria. Ordainketa eskaera.

1. Laguntzak jaso ahal izateko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du Nafarroako Gobernuaren web-orriko izapideen katalogoan eskura dagoen atzemate programaren bidez. Ordainketa eskaera zehaztu diren egunen aurretik aurkeztu ezean, laguntzak galdu eginen dira.

2. Ordainketa eskaerarekin batera, onuradunak inbertsioen bukaeraren berri eman beharko du, baita justifikatu ere horiek nola bete diren eta ordainketak nola gauzatu diren laguntzaren xede ziren kontzeptuengatik; horretarako, aurkeztuko dira behar diren fakturak edo frogagiri baliokideak eta gastu eta inbertsio diruz lagungarri guztien ordainagiriak.

20. oinarria. Laguntzen ordainketa.

1. Laguntzen ordainketa deialdian aurreikusitako aurrekontu ekitaldiaren kargura eginen da.

2. Onuradunak proposaturiko inbertsio plana gauzatzeko epea 2021eko irailaren 15ean bukatuko da.

2021eko urriaren 1ean bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko, eta, horrekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak aurkezteko. Beraz, ulertuko da data hori dela baimen horiek lortzeko eta/edo erregistro horiek egiteko mugaeguna.

Epeak horiek izanen dira, ezertan galarazi gabe arrazoi justifikatuengatik eskatzen eta ematen ahal diren luzapenak, baldin eta luzapen horien iraupena, gehienez ere, 2021eko azaroaren 1era artekoa bada eta eskatu badira inbertsio plana amaitzeko hiru hilabeteko epea baino lehen.

Oro har, dirulaguntzak onartzea eragin zuen jarduera gauzatu dela egiaztatu ondotik ordainduko dira dirulaguntzok. Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela frogatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko entitate onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko dira ustiategietara, egiaztatzeko inbertsioak bukatu direla eta zuzen gauzatu, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

21. oinarria. Murrizketak eta bazterketak baremoa ezartzeko irizpideetan, laguntzetan eta ordainketetan.

1. Inbertsio plana 11.1.a) oinarrian adierazitako epean bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. 11.1.b) oinarrian jasotako konpromisoa (nekazari aktiboarena eta ustiategiaren neurriarena) ez bada betetzen azkeneko ordainketaren aurretik, laguntzak galdu eginen dira, salbu ebazpen honen 4.1.e) oinarriko kasua gertatzen bada; hala izanez gero, laguntza ez da ordainduko harik eta onuradunak organo kudeatzaileari adierazten dion arte Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak dituela.

3. 11.1.e) oinarrian jasotako konpromisoa (gastuen justifikazioarena) edo 11.1.f) oinarrikoa (kontrolen onarpenarena) betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da.

11.1.g) oinarrian jasotako konpromisoa (informazioa ematearena), 11.1.h) oinarrikoa (beste laguntza batzuen jakinarazpenarena), 11.1.i) oinarrikoa (kontabilitatearena) edo 11.1.m) oinarrikoa (erregistroetako inskripzioarena) betetzen ez bada, konpromisoari zuzenean lotutako laguntza galduko da. 11.1.j) oinarrian jasotako konpromisoa (agiriak gordetzearena) edo 11.1.k) oinarrikoa (azalpen plakak jartzearena) betetzen ez bada, laguntzaren %50 galduko da.

4. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada ez direla bete eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko da, salbu beren gain hasteko prozesua bukatu ez duten nekazari gazteen kasuan; haien kasuan, prozesu hori bukatutakoan egin daiteke egiaztapen hori.

Ondorio horietarako, baremazio irizpideak, dagozkionak onuradunak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako beste neurri batzuetan parte hartzeari, ulertuko da bete direla baldin eta onuradunak, enpresa planaren bukaeran, frogatzen badu kasuko laguntzetatik kanpo gelditu dela deialdirako aurrekontu nahikorik ez egoteagatik.

5. Baldin eta, behin inbertsio plana gauzaturik, gauzatutako inbertsio diruz lagungarria onetsitakoaren %70 baino txikiagoa bada, egiaz gauzatutako inbertsioari egokituko zaio ordaintzen den zenbatekoa, eta %10eko penalizazioa izanen du, doikuntza egin ondoko laguntzaren gain kalkulatuta, baldin Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu oraindik ere baliozkoak direla gauzatutako planak, bai teknikoki bai ekonomikoki.

6. Baldin eskaeretako aldaketak komunikatzeko betebeharra betetzen ez bada (18.1 oinarrian ezarria), eta oinarri horren 6. puntua aplikatu behar bada ere, ordainketa doituko da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko penalizazioa aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean.

7. Ordainketa eskaerari dagokionez, murrizketa hau aplikatuko da:

Baldin ordainketa eskaeran adierazitako laguntzaren zenbatekoa bada, eskaera horren onargarritasun azterketa egin ondoren, ordaindu beharreko zenbatekoa baino %10 handiagoa, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste gutxituko da.

Hala ere, ez da batere murrizketarik eginen baldin onuradunak frogatzen badu ez dela erantzulea diruz lagungarri ez den zenbateko hori sartu izanarena.

8. Ez da murrizketarik eta bazterketarik aplikatuko baldin eta entitate onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, hurrengo oinarriaren 3. puntuaren arabera, edo baldin aurkezten baditu gerora sortutako eta pertsona onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak.

9. Espediente baten bidez egiaztatzen bada pertsona onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, entitate onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak, edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

Aurreko paragraforaren ondorioetarako, proformako faktura edo aurrekontu faltsuak aurkeztea hartuko da nahita egindako gezurrezko adierazpentzat.

10. Frogatzen bada, espediente baten bidez, onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jaso ahal izateko, 1306/2013 Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz laguntzetatik kanpo geldituko da, eta, bidezkoa bada, laguntzengatik jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu.

22. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Baldin oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horien ez-betetzeak mailakatu eginen dira, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere.

a) Egiaztatzen bada 12.2 oinarria ez dela bete, ezarritako salbuespenak kenduta, ondorio hauek izanen dira:

I) Ekoizpen jarduera bertan behera uzten bada, edo programatik kanpoko beste toki batera eramaten: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

Honi dagokionez, ez da ulertuko jarduera bertan behera utzi dela baldin pertsona fisikoa den onuradun batek, azken ordainketaren ebazpenaren ondoan, erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo halako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, baldin eta entitate horren kapital sozialean onuradunak duen partaidetza bada lehen berak zuenaren adinakoa edo handiagoa. Betiere, entitate hartzaileak sailkaturik egon behar du lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa, eta subrogatu behar du etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteari dagokionez.

Orobat, ulertuko da jarduerari eusten zaiola, onuradunak erretiroa hartzen duelarik, baldin ustiategia beste ustiategi bati eskualdatzen bazaio, eta hura lehentasuneko gisa sailkaturik badago eskualdaketa baino lehenago, edo bere gain hasten ari den gazte bati, eta hark hartzen baditu gazteak beren gain hasteko laguntzetan ezarritako konpromisoak, baldin titular berria subrogatzen bada etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteari dagokionez.

II) Diruz lagunduriko inbertsioen jabea aldatzen bada, eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagapen, alokatze edo antzeko beste sistema baten ondorioz: ondasun horrengatik jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

III) Funtsezko aldaketa bat gertatzen bada, ukitzen dituena eragiketaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak, eta horrek jatorrizko helburuei kalte egiten badie: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da. Funtsezko aldaketatzat hartuko da baldin azkeneko ordainketaren unean zeuden Europako dimentsio unitateen %40 baino gehiago murrizten badira.

IV) Beren gain hasten ari diren gazteen kasuan, nekazari aktiboaren izaeraren betebeharra edo ustiategiaren gutxieneko neurriarena betetzen ez bada: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

b) Titularraren eta ustiategiaren baldintzak betetzen jarraitzea:

I) Egiaztatzen bada lehentasunezko ustiategi izaera edo titularrarena galdu dela konpromisoko lehenbiziko urtean, jasotako laguntzaren %50 itzuliko da, bigarren urtean %30, eta hirugarrenean %15.

II) Konpromiso hau ez da hartuko bete gabetzat baldin ustiategiak ez badu bere dimentsioa murrizten Europako dimentsio unitateen %40 baino gehiago.

c) Ustiategien kokapen geografikoari eustea. Mendialdean edo, mendialdea edo goiko mendialdea izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituen toki batean dagoen ustiategia izatearen konpromisoa galtzen bada lehenbiziko urtean, jasotako laguntzaren %50 itzuliko da, bigarren urtean %30 eta hirugarrenean %15. Konpromiso hau ez da hartuko bete gabetzat baldin ustiategiak guztira duen azalerak jarraitzen badu mendialdean edo, mendialdea edo goi mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituen toki batean.

d) Egiaztatzen bada ez dela bete, pertsona juridikoen kasuan, gobernu organoetan kideen %30 emakume izateko konpromisoa, jasotako laguntzaren %20 galduko da, salbu ezinezkoa bada, materialki, konpromisoa betetzea.

e) Ez bada betetzen ekoizpena ingurumena gehiago errespetatzen duten metodoen bidez gauzatzen jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

f) Ez bada betetzen prestakuntza eta aholkularitza neurrietan parte hartzen jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

g) Ez bada betetzen kalitate araubideek babestutako produktuak ekoizten eta/edo lantzen jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

h) Ez bada betetzen elkartea eta/edo horietako bateko bazkidea izaten jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko bete gabe gelditu direla aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten bada.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, kaltetu dituena onuradunen azienda edo labore guztiak edo zati bat.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

23. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen pertsona onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

24. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak jarraituko die kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

FINKAK HOBETZEA

1.–Hustubide berriak (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,5

–euro/metro lineala

3

2.–Ubideak garbitzea (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,25

–euro/metro lineala

2,5

3.–Lur erauzketa eta tarte aldakorretarako garraioa, buldozer bidezkoa/m³

0,68

4.–Lur erauzketa pala kargatzailearekin, eta kamioian garraiatzea, finkaren barnean / m³

1,70

5.–Lur erauzketa beldar-traktorearekin, eta are-makina motordunean garraiatzea, finkaren barnean / m³ lur

1,25

6.–Nibelazioa edo landare geruza kentzea are-makina motordunarekin, finkaren barnean / m³ lur

0,85

7.–Arroka erauzketa, baita karga eta garraioa edo lurperatzea ere / m³

22

8.–Zangak, putzuak, etab. hustea / m³

13

9.–Material solteak kargatzea eta finkatik kanpo garraiatzea / m³

2

10.–Drainatzeak

10.1. Geotestila drainatzeetarako euroak/ml

1

10.2. Hodi eta legarrez drainatzea euroak/ml

8

10.3. Legar edo hodiz drainatzea euroak/ml

6

10.4. Drainatzea hodi bikoitzarekin, gehikuntza metro linealeko

5

11.–PVCzko lurpeko hodia, finkan noizean behin sartutako ura ateratzeko, euro/ml

16

12.–Luberritzeak eta sasi garbiketak

12.1. Lur ez sasitsua / ha

500

12.2. Lur sasitsua / ha

1.070

12.3. Sasi-garbitzea, %50etik beherako sastraka dagoela (hektareako)

230

12.4. Sasi-garbitzea, %50etik gorako sastraka dagoela (hektareako)

440

UREZTAPENAK ORO HAR

1.–Irazgaizte naturaleko ureztatzeko putzuak, ur harguneekin, hustubideekin, drainatzearekin, honako hauek barnean direla: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondak egitea, inguruko hesitura, erabat funtzionalak eta bukatuak. Edukiera (m³)

11

2.–Ureztatzeko putzuak, iragazgaizteko xafla elastikodunarekin, xafla geotestilarekin, ur harguneekin, hustubideekin, drainatzearekin, honako hauek barnean direla: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondatzea, inguruko hesitura, hainbat hormigoiztatze, hondoko hargunea, erabat funtzionalak eta bukatuak. Edukiera (m³)

16

3.–Ura hartzeko azaleko putzua, honako hauek barnean direla: hartxintxarra, hormigoizko eraztunak (gehienez 2 metroko diametrokoak) eta estalkia. Metroa (sakon)

255

4.–Ureztapeneko etxola, zolata barne / m²

600

5.–Telekontrola (unit.)

1.500

6.–Iragazte tresnak, proformako fakturen bidezkoak

7.–Motoponpa, proformako fakturen bidezkoa

LURZATIKO EKIPAMENDUA NEKAZARITZAKO INTERES PRIBATUKO UREZTAPEN INSTALAZIOETARAKO

1.1. Aspertsiozko ureztapena, lurpeko estaldura osokoa (euroak/ha)

–Azaleko instalazioak < 2 hektarea

4.200

–Azaleko instalazioak >= 2 hektarea eta < 5,5 hektarea

3.700

–Azaleko instalazioak >= 5,5 hektarea eta < 10 hektarea

3.300

–Azaleko instalazioak >= 10 hektarea

3.000

1.2. Aspertsiozko ureztapena, azaleko estaldurakoa/ha

2.600

2.–Tantakako ureztapena (euro/ha)

2.400

3.–150 metro baino gutxiagoko erradioa duen edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen duen pibotaren bidezko ureztapena. (Hektareako). Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona

4.–150 metroko erradioa edo handiagoa duen eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzen duen pibotaren bidezko ureztapena. (Pibotaren metro linealeko)

200

5.–Ureztapen mistoa, pibot eta aspertsio bidezkoa, izkinetako sistema lurperatua duena:

5.1. Pibota, 150 metroko erradioa baino txikiagoa duena edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa. (Hektareako). Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona

5.2. Pibota, 150 metroko erradioa edo handiagoa duena eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa (a+b)

a) Pibotak ureztatutako azalerarako. (Pibotaren metro linealeko)

200

b) Izkinetako estalduraren bidez ureztatutako azalera, a+b lurzatiaren azaleraren adinakoa edo txikiagoa izanda. (Hektareako)

4.700

5.3. Zenbait pibot: azalera osoa 2 pibotez edo gehiagoz estaltzen bada, aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko erabilgarri den erradioa izanen da 150 metro lineal baino erradio handiagoa duten piboten erradioen batuketa, baldin horietariko bakoitzak 7 ha baino gehiago ureztatzen baditu. Piboten erradioa 150 metro lineal baino gutxiagokoa bada edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen badute, haien azalerari 3. ataleko kopurua aplikatuko zaio. Izkinetako gainerako azalerari 5.2.b) ataleko kopurua aplikatuko zaio

Aurrekoen konbinazioak

6.–Ureztapena alboko aitzinamenduaren bidez

6.1. Aplikatuko dira 3., 4. edo 5. ataletako moduluak.

6.2. Aurreko 6.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik. (Makina bakoitzagatik)

5.800

7.–Hipodromo bidezko ureztapena

7.1. Aplikatuko dira 3., 4. edo 5. ataletako moduluak

7.2. Aurreko 7.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik. (Makina bakoitzagatik)

10.300

Iragarkiaren kodea: F2002943