47. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

43/2020 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdi bat onesten baita desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2020ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak. DDBN identifikazioa: 496959.

2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Oporraldiko eskolara joateko laguntzak desgaitasuna duten ikasleentzat” izeneko 420002 42770 4809 322402 partida dago.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea, honelako laguntzak ematea bitartekorik eraginkorrenetako bat baita printzipio hori gauzatzeko.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, aurkeztu duen txostenean, proposatu du dirulaguntza deialdi bat onets dadila desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2020ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan erakunde pribatuek antolatuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi bat onestea desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2020ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak, I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez 50.000 euroko gastua baimentzea, 2020ra luzatutako 2019ko gastu aurrekontuko “Oporraldiko eskolara joateko laguntzak desgaitasuna duten ikasleentzat” izeneko 420002 42770 4809 322402 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eskolatze Bulegora, Beka Bulegora, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da seme-alabak eskola adinean dauzkaten familiendako laguntza ekonomikoak arautzea laguntza izan dezaten 2020ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.

Bigarren oinarria.–Irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakunde pribatuen betebeharrak.

Hezkuntza jarduera bat irabazi asmorik gabeko elkarte edo erakunde pribatu batek antolatzen duela jotzeko, beharrezkoa izanen da erakundea edo elkartea horretarako dagoen erregistroan izena emanda egotea.

Hirugarren oinarria.–Hezkuntza jardueratzat hartzeko baldintzak eta baztertzeko irizpideak.

Desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dauzkaten pertsonen garapen osoa errazten duten jarduerak hartuko dira hezkuntza jardueratzat, eta beren ezaugarri nagusia izanen da pertsona horien autonomia, bizi kalitatea eta gizarte inklusioa hobetzea.

Kasu guztietan justifikatu beharko da, deialdi honetan aipatzen diren dokumentuen bidez.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Banakako tratamendu hauek: logopedia, psikoterapia, psikomotrizitatea, fisioterapia, optometria edo eskolaz kanpoko beste hainbat tratamendu.

Laugarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

–Hiru eta hogeita bat urte bitarteko ikasleak izatea (urteak 2020ko abenduaren 31rako beteak izan behar dituzte) eta eskolaturik egotea.

–Desgaitasunaren egiaztagiria izatea edo EDUCAn erroldatua egotea hezkuntza premia bereziak izateagatik (desgaitasunari lotutako ardatzarekin), edo hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean egotea.

–Nafarroan bizitzea.

–Horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana komeni dela ikaslea udako oporraldiko hezkuntza jarduerara joatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. www.nafarroa.eus webgunean dagoen eskaera eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen bidezko identifikazioak ematen du hartarako sarbidea: NANa + Nafarroako Zerga Ogasuneko PINa edo, bestela, erabiltzaile ziurtagiria (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Laguntza eskaera aurkezteak berekin dakar hezkuntza administrazioei baimena ematea beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi informazioa eskatzeko, beka eskaera ebazteko beharrezkoak diren datu guztiak zehaztu, ezagutu eta egiazta ditzaten (identifikazio datuak, inguruabar pertsonalak, akademikoak eta familiakoak, eta errentari eta ondareari buruzko datuak).

Inprimaki horietan jarritako datu pertsonalak, eta laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Aipatu unitate organiko horrek aukera izanen du, edozein unetan, fitxategi horretan jasotako datuak eskuratzeko, benetakoak direla egiaztatze aldera.

Hezkuntza Departamentuak familia unitateko kide konputagarrien datu ekonomikoak eta finantzarioak eskura ditzake Ogasun Departamentutik, transmisio elektronikoz, paperean edo euskarri informatikoan, betebehar ekonomikoen gaineko ezagutza osatzeko.

Datu guztiak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Eskaera bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, aurkeztuta eta sinatuta geldituko da, ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskaera eredu hori (PDF fitxategia) paperean inprimatzea, ezta fisikoki inon aurkeztea ere.

Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez duten eskaerak, telematika bidez beteta badaude ere.

Laguntza aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzailearen eta ez beste inoren ardura da eskaera behar bezala betetzea eta epe barruan aurkeztea.

Eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da kasu guztietan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

Eskaerarekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztuko dira, kalitate egokian eskaneatuta, ongi irakurtzeko moduan.

2. Laguntzen eskaerei agiri hauek erantsi behar zaizkie, ongi irakurtzeko moduan:

–Eskatzailearen (aita/ama/legezko tutorea) NANaren fotokopia. NANik edo AIZrik ez duten eskatzaileen kasuan, pasaportearen fotokopia.

–Familia liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio. Dibortzio kasuetan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

–Desgaitasunaren ziurtagiriaren edo orientatzailearen ziurtagiriaren fotokopia (bigarren kasuan, EDUCAren barrenean zein ardatzetan erroldatua dagoen adierazita), edo txosten medikoa, irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa azaltzen duena.

–Profesional akreditatu baten ziurtagiria, hezkuntza jarduera komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena (II. eranskina).

–Ikaslea hezkuntza jardueran parte hartu baino lehenagoko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala (erroldatzea).

–Eskatzailearen familia unitateko kideek 2018an aurkezturiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

Eskatzailearen familia unitateak ez baldin badu egin 2018. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, legez beharturik ez dagoelako, honako hau erantsi beharko zaio eskabideari:

1) Besteren konturako langileen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2018. urtean izandako diru sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak egina.

2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2018. urtean izandako diru sarrera gordinen aitorpena.

Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

–Ziurtapen ofizial baten fotokopia, deialdi honen 7.3 puntuan azaldutako egoeretako batean dagoela adierazteko.

–Aitorpen bat (III. eranskina), adierazten duena eskatzailea ez dagoela onuradun izateko debeku egoeretako batean eta ez duela inolako dirulaguntzarik jaso eskaera honen xedearekin lotuta, izan beste administrazio publiko batek emana edo erakunde publiko, pribatu edo partikularren batek emana, estatuan nahiz nazioartean. Hori guztia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat.

2020ko abuztuaren 31tik irailaren 9ra bitartean, biak barne, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Hezkuntza jarduerara joan dela eta ordainketa egin duela frogatzen duen ziurtagiria (IV. eranskina). Bertan adieraziko da kuotaren %100 ordaindu dela, eta datu hauek emanen dira, gutxienez:

  • Semearen edo alabaren izena.
  • Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatea edo pertsona.
  • Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

–Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatearen ziurtagiria, jardueraren ezaugarriak azaltzen dituena: iraupen egunak, jardueren programa edo eskuorria.

Halaber, irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei eskatzen ahalko zaie beharrezkotzat jotzen den dokumentazio osagarria, eskatzen diren baldintzak justifikatze aldera.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

6.1. Ebazpen honen bosgarren oinarrian ezarritako moduan, tokian eta epeetan aurkeztuko dira eskaerak.

6.2. Hezkuntza jardueraren kostua ordaintzen duen gurasoak, tutoreak edo ikaslearen legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdi honetan ezartzen diren laguntzak.

6.3. Laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Zazpigarren oinarria.–Eskaeren balorazioa.

7.1. Eskaeren balorazioa honela eginen da:

a) Familiaren diru sarrera gordinak hartuko dira kontuan (zerga aitorpenaren 507 eta 8841 laukitxoen zenbatekoen batura, ken 511 laukitxoaren zenbatekoa), eta hortik ateratzen dena familia unitateko kideen artean zatituko da.

b) Hori egiaztatzeko, familiako kideek 2018ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren fotokopia aurkeztu beharko dute. Eskatzailearen familia unitateak ez baldin badu egin 2018. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, legez beharturik ez dagoelako, hori frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dio eskabideari.

7.2. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, taula honetan adierazten den ehunekoa aplikatuko zaio justifikatzen den ordainketari, familia bakoitzaren per capita errentaren arabera (PCE), baremo ekonomiko honi segituz:

–PCE < 5.000 euro: %90.

–PCE 5.001 eurotik 8.000 eurora bitarte: %80.

–PCE 8.001 eurotik 10.000 eurora bitarte: %70.

–PCE 10.001 eurotik 15.000 eurora bitarte: %60.

–PCE 15.001 eurotik 20.000 eurora bitarte: %55.

–PCE > 20.000 euro: %50.

7.3. Dirulaguntza jasotzeko orduan berdintasuna bermatzearren, egindako gastuaren hainbanaketa egin aurretik, %5eko igoera aplikatuko da honako egoera hauetako bat edo gehiago gertatzen badira:

–Familia ugaria edo guraso bakarrekoa. Hori frogatzeko, familia ugariaren tituluaren fotokopia edo guraso bakarreko familia izatearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, hurrenez hurren.

–Parte hartzaileaz aparte, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen seme edo alabaren bat izatea. Minusbaliotasuna izatearen ziurtagiri bidez frogatuko da.

–Errenta bermatua jasotzen duen familia. Errenta bermatua ematen duen ebazpenaren bidez frogatuko da.

–Eskatzailea genero indarkeriaren biktima izatea. Genero indarkeriaren biktima izatearen ziurtagiri bidez frogatuko da. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emanen dute ziurtagiri hori.

7.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren inskripzioaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

7.5. Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua hainbanatu eginen da, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jaso dezan.

Zortzigarren oinarria.–Organo eskudunak.

8.1. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familiendako laguntza ekonomikoak, 2020ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak hala proposaturik, ebaluazio batzordeak egiten duen txostenaren arabera.

Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

a) Inklusio Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

e) Komunitatearentzako Zerbitzuetako irakasle bat, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari atxikia.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

Bederatzigarren oinarria.–Prozedura eta erreklamazioak.

9.1. Eskaeren balorazioa egin eta gero, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako eta ukatutako laguntzen behin-behineko zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta eskatzaileei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazioaren ondorioetarako.

9.2. Zuzenketak eta erreklamazioak.

9.2.1. Ebaluazio batzordeak hala erabakitzen duenean, interesdunei eskatuko zaizkie beharrezkotzat jotzen diren zuzenketak, eta behar den dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epea emanen zaie, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, eskaerak bertan behera gelditu direla ulertuko da.

9.2.2 Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Inklusio Atalari. Horretarako, 10 egun balioduneko epea izanen da alegazioak egiteko, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.2.3. Zuzenketak eta erreklamazioak Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

9.3. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako eta ukatutako laguntzen behin betiko zerrenda, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen eta zuzenketen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean emanen da argitara, jakinarazpen ondorioetarako. Laguntzen behin betiko zerrenda posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie eskatzaileei, informazioaren ondorioetarako.

9.4. Emandako eta ukatutako laguntzen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hamargarren oinarria.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak ordaindu beharreko hezkuntza jardueraren guztirako kostua.

Hamaikagarren oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute (III. eranskina), xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin eta 15 egun naturaleko epean komunikatu beharko da.

Halaber, eskatzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

Hamabigarren oinarria.–Justifikazioa.

Laguntzak kobratzeko, onuradunek justifikatu beharko dute, alde batetik, hezkuntza jarduerara joan direla, eta, bestetik, ordainketa egin dutela, deialdi honen IV. eranskina aurkeztuz 2020ko abuztuaren 31tik irailaren 9ra, biak barne.

Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena eman ondoan.

Hamalaugarren oinarria.–Itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

Hamabosgarren oinarria.–Arau hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzen dituztenak, eta haietan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamenduz zehazten den prozeduraren bidez ezarriko dira, eta, halakorik ezean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarren oinarria.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Hamazazpigarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2002857