47. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

363/2020 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira mendi-ingeniari izateko lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko hautaproben bidez; bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda mendi-ingeniari izateko lanpostuetan aritzeko, prestakuntzarako zerbitzu berezietan, eta bestetik, zerrenda bat aipatutako lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratudun gisa. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Mendi-ingeniari izateko lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I
DEIALDIA, MENDI-INGENIARI IZATEKO LANPOSTUETAN PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da mendi-ingeniari izateko lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C edo D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Mendi-ingeniari unibertsitate-titulua izatea, edo gradu titulua gehi mendi-ingeniari lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duen unibertsitateko master titulu ofiziala, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

e) Mendi-ingeniari gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskaera eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskaera beteta aurkeztu beharko dute. Eskaera hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskaeran adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, parte hatzeko eskaerarekin batera ez da beste agiririk aurkeztu behar. Izan ere, bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen dena deitzen zaien unean frogatu behar dute izangaiek, deialdi honetako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskaerak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II
DEIALDIA, MENDI-INGENIARI GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da mendi-ingeniari izateko lanpostuetan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori erabiliko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Mendi-ingeniari unibertsitate-titulua izatea, edo gradu titulua gehi mendi-ingeniari lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duen unibertsitateko master titulu ofiziala, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskaera eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskaera beteta aurkeztu beharko dute. Eskaera hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulego guztietan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskaerarekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskaeran horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Halaber, eskaeran zinpeko aitorpenaren bidez edo promesaren bidez adierazi beharko dute ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskaeran adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskaerak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III
BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehenbizikoa.–Eskaerak aurkeztea.

Deialdietan parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren web-orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskaerari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskaera telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro horretarako sarbidea Nafarroako Gobernuaren webgunean dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko eskaera berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabiltzen ahalko da.

Bigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak deialdietan onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruñea) eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus).

Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskaeran egindako akatsak zuzendu, hamar egun balioduneko epean, hura argitaratu eta biharamunetik hasita, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta argitaratuko ditu bai Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean (www.nafarroa.eus), adierazita deialdian ezarritako hautapen proba egiteko eguna, ordua eta tokia.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiaren kideak:

Epaimahaiburua: José Fermín Olabe Velasco jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Enrique Eraso Centelles jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Salomé Hernando Chicote andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Gregorio Oyaregui Arriada jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko mendi-ingeniaria.

Epaimahaikidea: Iñigo Villanueva Ceberio jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoak Lehengoratzeko Bulegoko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Elena Baeza Oliva andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoak Kudeatzeko Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Carlos Garcia Iñiguez jauna, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Ainara Elarre Belzunegui andrea, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Tania Bernaldo de Quiros Miranda andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Javier Lizarbe Chocarro jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaikideek ezin izanen dute kalifikazio epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

4.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa biltzen ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba.

5.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako 50 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

5.2. Probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskaeran azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Alfabetoaren bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak ebatziko dira lehen deituraren ordena alfabetikoari jarraikiz, ateratzen diren bi letra horietatik abiatuta. Horren ondorioetarako, ZZ letren atzetik AA letrak hartuko dira. Ezein izangairen lehenengo deitura ez bada hasten ausaz ateratzen diren bi letra horiekin, ordena alfabetikoari jarraikiz hurrengoa den deitura hartuko da. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren webgunean eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta webgunean (www.nafarroa.eus):

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zazpigarrena.–Mendi-ingeniaria izateko lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta deia.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira izangaien zerrendak. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren webgunean ere (www.nafarroa.eus).

7.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

7.4. Lanerako deia jasotzen dutenek eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, mendi-ingeniari unibertsitate tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo gradu tituluarena eta mendi-ingeniari gisa aritzeko gaikuntza ematen duen master tituluarena, edo horien baliokidetzat hartutako beste titulu batena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.

Mendi-ingeniaria izateko lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2020ko otsailaren 10ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea.

2. gaia.–59/1992 Foru Dekretua, otsailaren 17koa, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea garatzeko xedez emandako Mendien Erregelamendua onesten duena.

3. gaia.–43/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Mendiei buruzkoa.

4. gaia.–Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentaraua, maiatzaren 21ekoa, Natur Habitatak eta Basa Fauna eta Flora Zaintzeari buruzkoa. 2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa: Egitura eta edukiaren azterketa.

5. gaia.–Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea. 1996 Foru Legea, ekainaren 17koa Nafarroako Naturguneei buruzkoa.

6. gaia.–17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua. Ehiza debekualdiei buruzko foru agindua.

7. gaia.–19/1997 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Nafarroako Abelbideei buruzkoa.

8.gaia.–Nafarroako baso espezie nagusiei buruzko ekologia eta baso-tratamenduak.

9. gaia.–Mendien antolamendua. Oihana antolatzeko proiektuak, edukia.

10. gaia.–Baso aprobetxamenduak. Zuraren merkatua. Oihanen gaineko ziurtapena. Oihaneko biomasa.

11. gaia.–Baso suteak. Tipologia eta arrazoiak. Nafarroan duten garrantzia. Oihanetako suteei aurrea hartzeko jarduketak.

12. gaia.–Basoetako fauna. Oihanen kudeaketan kontuan hartu beharreko espezie nagusiak.

13. gaia.–Nafarroako oihanetako izurri eta gaitz nagusiak. Kontrol metodoak.

14. gaia.–Dasometria. Masa erregularrak eta irregularrak. Zuhaitzen neurketak. Oihanen hazkundea.

15. gaia.–Ehiza espezieen populazioak. Populazioen errolda eta jarraipena. Ehiza espezieek eta espezie basatiek eragindako kalteak, eta erreferentziazko araudia. Gaitzak, harrapakariak eta lehiatzaileak.

16. gaia.–Ehiza antolatzeko planak. Populazioen erabilera eta kudeaketa. Habitata babestu eta zaintzea. Hobekuntza teknikak. Kalteen prebentzioa.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskaera (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoak bakarrik) (PDFa).

III. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2002578