46. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Ordenantza, apustu-etxeak eta joko-lokalak arautzeko eta ludopatia prebenitzeko neurriei buruzkoa. Behin betiko onespena

Jendaurrean egon den bitartean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza behin betikoz onetsitzat jo eta osorik argitaratzen da.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz.

Irurtzunen, 2020ko otsailaren 21ean.–Alkate udalburua, Aitor Larraza Carrera.

APUSTU-ETXEAK ETA JOKO-LOKALAK ARAUTZEKO ETA LUDOPATIA PREBENITZEKO NEURRIEI BURUZKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Azken urteetan erruz ugaritu dira zorizko jokoetarako eta apustuetarako aretoak. Apustu-etxe horiek kirol-ekitaldietan txertatzen dute euren publizitatea, batez ere kirol-emankizunetan, eta futboleko izarrak ere erabiltzen dituzte ikus-entzuleak apustu egitera animatzeko. Joko sistema hau askoz adiktiboagoa da, ez du etenaldirik egiten, sartzean “doako” bonoak ematen ditu, eta, gainera, izugarrizko inbertsioak egiten ditu publizitatean. Horren ondorioz, eta gure gizartearen errealitate eta ohitura berriek eragin duten substantziarik gabeko adikzioen gorakada kezkagarria dela-eta, jabetu gara egoeraren larriaz eta hasi gara hartzen ludopatia osasun publikoko arazotzat.

Joko patologikoa nahasmendu bat da, mediku eta psikologoen sailkapenetan jokaerazko adikzio gisa agertzen dena. Jokoarekiko portaeraren gaineko kontrola galtzea da, eta ondorio larriak ditu pertsonentzat, hala nola arazo akademikoak, lanekoak, ekonomikoak, eta jokoari lotutako arazo sozialak eta/edo legalak. Irurtzunen, zoritxarrez, ondotxo dakigu zer den problematika hori.

Lan prekarioan irabazitako errentak arriskatzera tentatzen dituzte langileak, eta kontuan hartu behar da normalean ezin izaten dutela lan egonkorrik egin langabezia kroniko handia dela-eta. Horrela, ez da harritzekoa politika neoliberalek eragin negatibo handiena apustu-etxeen bidez izatea errenta txikienak dituzten auzo eta herrietan. Horiek bereziki gazteei eragiten diete; izan ere, itxaropenik eta etorkizun egonkorrik eza da haztegirik onena adrenalina dosi azkarrak lortzeko, are gehiago, dirua ahaleginik egin gabe irabazteko aukera baldin badago.

Ez da onargarria apustu-etxeek egunez egun beren irabaziak handitzea eta familien eta gizarte osoaren esku uztea euren jardueragatik jokoan harrapatuta dauden pertsonen tratamendua osorik ordaintzeko betebeharra. Bidezkoa da, beraz, enpresa horien onurek gizarte osoari egin behar dioten ekarpena handitzea, jokoarekiko mendekotasuna duten pertsonak modu eraginkorrean tratatzeko eta mekanismo horiek ikertu eta etorkizunean mendekotasunak prebenitzeko.

Apustua modu fisikoan edo Internet bidez eginda ere, apustu bakoitzaren atzean ezkutatzen dena gauza bera da: sinetsarazten dizute ez dela beharrezkoa lan egitea aberastasuna sortzeko, zure dirua inbertitu dezakezula eta, ondo egiten baduzu, biderkatu egingo duzula. Gezur liberal horrek alde batera uzten du zuk onura lortzeko zure moduko beste norbaitek bere dirua galdu behar duela; era berean, ez du argi esaten egun batean irabazi duzula eta hurrengoan askoz gehiago gal dezakezula. Ez da zorte-kontua, inondik inora ez, apustu-etxearen jabea izatea irabazten duen bakarra, matematika-kontua da.

Hori guztia, jokoan ibiltzeko erraztasuna guztiz kezkagarria baita populazio bereziki ahulari eragiten diolako; zentzu horretan, honako hau dio Drogei eta Adikzioei buruzko III. Prebentzio Planak (2018-2023): “Haurrak eta nerabeak lehentasunezko populazioak dira osasunaren prebentziorako eta sustapenerako; horregatik, babes-esparruak sortu behar dituzte agintariek.” Beraz, ditugun eskumen guztiak erabili behar ditugu gazteak kaltetzen dituzten jarduerak galarazteko, haien nortasuna garatzen eta finkatzen ari diren garaian.

Jokoari buruzko Nafarroako 2017ko memoriaren arabera, apustuetara doan gastua nabarmen igo da 2012tik, 44,41 milioi gehiago data horretatik, 2017an apustuetarako gastua 74 milioi eurokoa izateraino; hori gertatu da, besteak beste, gero eta errazagoa delako joko mota horietan aritzea bai ingurune pribatuan, on-line jokoaren bidez, bai espazio publikoan, aisialdiko establezimenduetan makinak ugaritu, eta joko eta apustuetarako berariazko aretoak ireki baitira. Beraz, oraintxe da une egokia erakunde guztiok araudia jokoaren jardueraren errealitate sozial, ekonomiko eta teknologikora egokitzeko, atzera bueltarik gabeko gaitz bihurtu aurretik.

Autonomia erkidegoetako legeriak berariazko baimen sistema bat ezartzen du helburu horietarako lokalak ireki eta ustiatzeko. Horretarako, bada, Foru Komunitateko organo eskudunak emaniko administrazio baimena eskuratu behar da, aldez aurretik eta nahitaez. Komunitateak, orobat, Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroa sortu du kontrolak paratzeko, bai aldez aurretikoak zein zehatzaileak, sektore hau arautua izan dadin. Alabaina, toki erakundeek ere badituzte eskumenak parametro mugatzaileak jartzeko haien udalerrietan aipatu establezimenduak ezartzeko.

Hori esanik, ikusten dugu, batetik, udalerriek badutela eskumena hirigintzaren eta hiri-ingurumenaren arloetan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen arabera, eta, bestetik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak ezartzen du joko aretoekin lotutako jarduerek jarduera sailkaturako udal lizentzia beharko dutela. Lizentzia hori ukatu dakieke hirigintzako planeamenduan edo udal ordenantzetan oinarritutako arrazoiengatik.

Horregatik uste dugu Irurtzungo Udala gaitua dagoela hirigintza arloko mugak jartzeko, haurrak eta gazteak babesteko irizpideetan oinarriturik, osasun publikoa eta interes orokorra zaintzeko. Muga horiek arautuko dute zorizko joko edo apustuetarako areto edo lokalak non ireki, populazio sentikorra (haurrak, nerabeak eta gazteak) maiz ibiltzen den tokietatik hurbil.

1. artikulua.–Xedea

Ordenantza honen xedea da baldintza batzuk ezartzea jokoarekin lotutako lokalak jartzeko. Baldintza horien helburua da gutxieneko distantzia batzuk ezartzea lokal horietatik hezkuntza, kultura, gazte, osasun eta kirol zentroetara eta, batez ere, gazte eta haurrek erabiltzen dituzten eremu libreetara. Horretaz gain, arlo horretako publizitatearekin, prebentzioarekin edo prestakuntzarekin zerikusia duten alderdiak arautuko ditu, udalaren eskumen-esparruaren barruan, betiere.

2. artikulua.–Eraginpeko establezimenduak

1.–Ordenantza honen eraginpean daude jokorako aretoak baldin, makinan dirua jokatuz, trukean zuzenean nahiz zeharka sari bat lortzea ahalbidetzen badute.

2.–Beraz, parametro horiek aplikatuz, berrikusi eginen da aurkeztutako jarduera-lizentziaren eskabidea, batez ere joko areto, kasino, bingo eta apustuetarako aretoak ezartzeko eta, oro har, Nafarroako Gobernuan organo eskudunaren baimena behar duten establezimenduak ezartzeko, gaiari buruz indarra duen legerian babesturik.

3. artikulua.–Gutxieneko distantziak

1.–Jokorik gabeko eremu deklaratzen dira, populazio zaurgarria babesteko, kirol, kultura, hezkuntza eta jostetako instalazioen sarreratik 400 metroko erradioan diren kale guztiak.

2.–Era horretako establezimenduen artean gutxienez 400 metroko tartea egongo da.

4. artikulua.–Distantziak neurtzea.

Aurreko artikuluan aurreikusitako bereizketa-distantziak neurtzeko, 1/1000 eskalara egokitutako planimetriaren gainean trazatuko da lehen finkatutako gutxieneko azalera duen erradio bat edo batzuk; erradioen erreferentzia-puntua lehendik dauden eta/edo ezarri beharreko establezimendu publikoen artean hurbilen dauden mugak izango dira.

5. artikulua. –Ordenantza honetan ezarritako distantziak betetzen direla justifikatzea.

Distantzien eraginpeko jarduera-lizentziak eskatzeko nahiz horrelako jardueraren bat jartzeko kontsultetarako, 1/1000 eskalako plano bat erantsiko da. Bertan adieraziko da, zehatz, lizentzia zer lokaletarako eskatzen den, haren kokapena eta zabalik dauden beste lokaletara dagoen distantzia. Ordenantza honetan ezarritako gutxieneko distantziak ere betetzen direla adierazi beharko da.

6. artikulua.–Publizitatea egiteko debekua.

1.–Irurtzungo Udalak arautuko du mota horretako establezimenduetako hiri-altzarietako edo espazio publikoko edozein kartel kentzea, eta publizitatea lokaleko karteletara mugatu ahal izango du (haietan soilik izena jartzea agindu ahalko du, publizitaterik gabe).

7. artikulua.–Diruz lagundu ezin daitezkeen jarduerak.

Udal honek ezin izango du diruz lagundu mota honetako apustu-etxeek osorik edo zati batean babesten duten ekitaldirik, ekitaldiak lokal fisikoan edo online eginda ere.

8. artikulua.–Adikzioen prebentzioa

1.–Zein sarreran zein barnean, ongi ikusteko moduko tokian, lokal horiek informazio kartela beharko dute adikzioen arriskuari buruz eta, adikzioa izanez gero, hura tratatzeko lekuei buruz.

2.–Era berean, lokaletan ustiatzen diren joko eta apustu makinak identifikatu beharko dira.

9. artikulua.–Prestakuntza

Ikastetxeetan informazio-jarduera gehiago egingo dira, gazteek online jokoen eta apustuen inguruan egiten duten erabilera eta haren ondorioz sor daitezkeen arazoak lantzeko.

10. artikulua.–Ordenantza fiskala.

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, ordenantza fiskal bat sortuko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 179.a) artikuluko eta hurrengoetako apustuei dagokien atalean luxuzko gastuen zerga arautuko duena. Aplikatu beharreko zergaren tasa %15ekoa izango da.

Iragarkiaren kodea: L2002925