46. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1/2020 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusiak emana, Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalaren esku uzten duena ikasketa tituluen eta ikasketak baliozkotzearen arloan fede publikoa eman eta ziurtagiriak egiteko eskumena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzeko Erregelamendua onesten duen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuak idazkaritzen esku uzten du departamentuan dauden agiri eta datuen gainean fede emateko eta horien gaineko ziurtagiriak egiteko eskumena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituta dituzten eskumenen erabilera kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Elkarlotura hierarkikorik gabeko organoak badira, beharrezkoa izanen da goragoko organo hierarkiko komunak aurretiaz horretarako onespena ematea.

Urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. 12. artikuluak Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko Ikasketak Antolatzeko Atalari esleitzen dizkio eginkizun hauek, besteak beste:

–Titulu akademikoak emateko eta ikasketak baliozkotzeko proposamenak tramitatu eta ebaztea.

–Ikasketa ziurtagiriak ematea eta tituluak homologatzeko eta ikasketak baliozkotzeko espedienteak tramitatzea eta, hala behar denean, ebaztea.

–Ikasketen eta Espezialitateen Erregistroa eta Diplomen eta Tituluen Erregistroa kudeatzea.

Kontuan harturik Ikasketak Antolatzeko Atalak eginkizun horiei dagokienez jasotzen duen ziurtagiri eskaera oso handia dela eta, batez ere, ziurtagiriak lehenbailehen egin behar izaten direla, komeni da atalak berak hartzea bere gain arlo horietan fede publikoa emateko eta ziurtagiriak egiteko eskumena, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak eskuordeturik.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako kontseilariaren baimena jaso ondoren,

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalaren esku uztea ikasketa tituluen eta ikasketak baliozkotzearen arloan fede publikoa eman eta ziurtagiriak egiteko eskumena.

2. Ebazpen hau igortzea Ikasketak Antolatzeko Ataleko buruari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2020ko otsailaren 26an.–Idazkari tekniko nagusia, Beatriz Ayerra Gamboa.

Iragarkiaren kodea: F2003016