43. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Ordenantza, kultur ikastaro eta jardueretako bizikidetzari buruzkoa. Hasierako onespena

Eguesibarko Udalak, 2019ko abenduaren 10eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Kultur ikastaro eta jardueretako bizikidetzari buruzko ordenantza.

Aldaketa horren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2019ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 27an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, ondotik ematen den testuari jarraikiz.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.

EGUESIBARKO UDALAREN KULTUR IKASTARO ETA JARDUERETAKO BIZIKIDETZARI BURUZKO ORDENANTZA

1. artikulua.

Erregelamendu honen xedea da kultur ikastaroen eta jardueren funtzionamendua arautzea.

2. artikulua.

Udalak sustatutako kultur ikastaroetan eta jardueretan izena eman dezakete jarduera bakoitzerako ezarritako baldintzak betetzen dituztenek, baldin eta legezko arrazoiren batean sartuta ez badaude edo haietan izena ematea galarazten edo eragozten duen zehapen bat bete behar ez badute.

3. artikulua.

Orokorrean, erroldatuek lehentasuna izanen dute ikastaroetan eta jardueretan izena emateko. Erroldatuta ez dauden pertsonek plaza libreak gelditzen badira eskuratu ditzakete.

Oro har, aurrez izena emateko epe bat irekiko da, eta bertan eskaera guztiak jasoko dira, ondoren, beharrezkoa izanez gero, zozketa bat egiteko erroldatutakoen artean. Zozketa horretan, plazak berretsi beharko dituzte, ordainketa eginez.

Salbuespen gisa eta Udalak behar bezala arrazoituta, ikastaroetarako eta jardueretarako sarbidea eta izena emateko modua alda daitezke.

4. artikulua.

Erabiltzaileek lokaletan kalterik ikusiz gero, Udalari berehala jakinaraziko diote, behar diren neurriak har ditzan.

5. artikulua.

Interes orokorreko arrazoiengatik, Udalak edozein jarduera eten dezake, eta erabiltzaileek ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen.

6. artikulua.

Besteak beste eta aipatzearren, honako hauek izanen dira Kultura arloaren eskumenak:

–Eguesibarren kultur jardueren garapena sustatzea, eskaintza egoki batekin.

–Kontratatutako erakundeekin edo adjudikazio-hartzaileekin ikastaroak eta jarduerak koordinatzea eta gainbegiratzea.

–Antzemandako beharretatik sortutako kultur proposamenak egitea.

–Taldeen behar bezalako funtzionamendua zaintzea.

–Eskumena duen zinegotziari etengabe jakinaraztea ikastaroetan eta jardueretan garrantzitsua den guztia.

–Eskainitakoaren inguruan egiten diren iradokizunak, kexak eta erreklamazioak aditzea.

–Begiratzea egiten diren jarduerak normaltasunez eta era koordinatuan egiten ote diren, indarrean dauden barne araudiekin eta erregelamenduzko arauekin bat.

7. artikulua.

Udalaren kultur ikastaroetan eta jardueretan izena eman dutenek honako eskubide hauek dituzte:

–Izena emanda dauden jarduerak edo ikastaroak egiteko lokalak erabiltzea.

–Arduradun eta irakasle kualifikatuak izatea.

–Duintasunez tratatzea.

–Giro seguruan parte hartzea.

8. artikulua.

Irakaslea izanen da edukien, programen eta metodologiaren arduraduna. Horrez gain, sortzen diren arazoen berri emanen diote Kultura arloari.

Irakasleak, ezagutza jakin batzuk emateaz gain, jarduera pedagogikoak bideratu beharko ditu erakunde honek ezarritako filosofiaren arabera: ikasleak animatu eta motibatu.

Bizikidetzarako eta errespeturako arau batzuk bete beharko ditu, eta giro lasaia eta atsegina sortzen saiatu.

Ikasgelan sortzen diren arazoak konpondu beharko ditu, eta kultura arloari informazioa eman irtenbiderik hoberena bilatzeko.

9. artikulua.

Erabiltzaileek betebehar hauek ere izanen dituzte:

–Jarduerak egiten diren lokalen erabilera errespetatzea.

–Arduradunak aldiro errespetatzea, Udaleko langileak zein kultura jarduera eta ikastaroetarako kontratatutako langileak izan.

–Kalteak sortuz gero, pertsonalki erantzutea. Legezko tutoreak haien ardurapeko adingabeek eragindako kalteen erantzule izanen dira.

–Irakasleak edo arduradunak ezartzen dituen arauak betetzea, elkarrenganako errespetua mantenduta.

10. artikulua.

Arau-hauste arintzat joko dira:

–Animaliak eta baimenik gabeko gauzak lokaletan sartzea.

–Instalazioen ordena eta funtzionamendu egokia aldatzea, edo gainerako erabiltzaileenganako errespeturik ez izatea.

–Erabiltzaileen eskura jarritako jarduera eta/edo instalazioetarako objektuak kaltetzea edo gaizki tratatzea.

–Erabilitako gauzak ez jasotzea eta ez garbitzea.

–Lokaletan dauden eta beste talde edo pertsona batzuenak diren instalazioak edo materialak bestelakotzea.

Arau-hauste astuntzat joko dira:

–Erabiltzaileen eta gainerako parte-hartzaileen instalazio, ekipo, material edo objektuak lapurtzea edo haiei kalteak eragitea.

–Lokaletan liskarrak, erasoak edo iskanbilak sortzea.

–Jardueretako parte-hartzaileei eta horien arduradunei fisikoki edo hitzez erasotzea.

–Ikastaro eta jardueren funtzionamendu egokirako arduradunek ezartzen dituzten jarraibideei behin eta berriz kasurik ez egitea.

–Lokalak erabiltzeko berariazko arauak behin eta berriz ez betetzea.

–Erabiltzaileen eskura jarritako jarduera eta/edo instalazioetarako objektuak larri kaltetzea edo gaizki tratatzea.

–Arau-hauste arin beragatik bitan baino gehiagotan zehatua izatea.

11. artikulua.

Arau-hauste arinak egiteagatik honako zehapen hauek jar daitezke:

–Ohartarazpena.

–Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere hamabost egunerako, eta eskubide guztiak galtzea.

–Arau-haustearen ondorioz instalazioetan kalteak gertatu badira, zehapen gisa ezar daiteke konponketaren edo kaltearen kostuaren zenbatekoa ordaintzea.

–3 hilabeteko epean 2 arau-hauste arin eginez gero, arau-hauste astun bat egiteagatik jartzen den zehapenaren adinakoa jarriko da.

–Arau-hauste edo zehapen arinek urtebetean galduko dute indarra.

Arau-hauste astunak egiteagatik honako zehapenak jar daitezke:

–Lokaletik kanporatzea, berriz sartzeko aukerarik gabe. Adingabeen kasuan, gurasoei edo tutoreei adieraziko zaie aldez aurretik. Lokalizatzeko moduan ez badaude, ikastaroen arduradunek udaltzaingoaren zaintzapean utz dezakete adingabea, irakasleak egoki iritziz gero.

–Aldi baterako kanporatzea; 6 hilabeterako, gehienez ere.

–2 arau-hauste astun edo gehiago egitearen ondorioz, inskribatutako pertsona behin betiko kanporatu daiteke ikastarotik edo jardueratik.

–Instalazioek kalteak edo galerak badituzte, zehapenarekin batera inposa daiteke eragindako kaltea edo kaltea konpontzeko kostua ordaintzea, eta premiamendu bidez erreklama daiteke.

–Arau-hauste eta zehapen astunek haiek egin eta bi urteren buruan galduko dute indarra.

12. artikulua.

–Alkatetzak edo zinegotzitza ordezkariak zehatuko ditu arau-hausteak, ustezko arau-hausleari entzun ondoren eta, hala badagokio, aplikatzekoak diren administrazio-zuzenbideko arauetan ezarritakoaren arabera.

–Zehapenak izan daitezke ohartarazpenak eta isunak, legez ezarritako zenbatekoa gainditu gabe.

–Zehapenak mailakatzeko, kontuan hartuko dira zerbitzuari sortzen zaion kaltea, egilearen asmoa edo borondatea eta hutsegiteak behin eta berriz egitea.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2020ko otsailaren 12an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2002276