43. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa enpresa mintegiaren erabilerak eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamenduan. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2019ko abenduaren 10ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea enpresa mintegiaren erabilerak eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamenduaren aldaketa.

Aldaketa horren hasierako onespenari eta arauzko jendaurreko epeari buruzko iragarkia eman zen argitara 2019ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 27an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, ondotik ematen den testuaren arabera.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2020ko otsailaren 12an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

ERREGELAMENDUA, EGUESIBARKO UDALAREN ENPRESA MINTEGIAREN ERABILERAK ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

Enpresa mintegia Eguesibarko Udalak sustatutako ekimen bat da, enpresen eta enpresa ekimenen sorrera bultzatu eta errazteko, bai eta enpresak erakartzeko ere, sektore estrategikoetan aritzen badira, ibarrean berritzailea eta bereizlea den ezaugarri bat badute edo jardueran hasteko eremu txiki baten beharrean badira.

XEDAPEN OROKORRAK

1.–Mintegiaren helburua.

Eguesibarko enpresa mintegia espazio fisiko bat da, udal titulartasun publikokoa, enplegua eta autoenplegua sustatzea xede duena eta bulego bat eta eremu komunak aldi baterako erabiltzea eskaintzen diena ekintzaileei eta mikroenpresei, laguntza behar badute abian jartzeko edo hazteko.

Mintegiaren helburua honako hau da:

–Enpresa edo enpresa-proiektu berriak sor daitezen erraztea.

–Enpresa edo proiektu sortu berriak sendotzea.

–Sustatzea sor daitezen mintegian dauden proiektuen arteko sinergiak.

–Lehentasuna ematea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin bat datozen ekimenei; zehazki, energia berriztagarriekin loturikoei eta sorkuntza industria eta industria digitalen ingurukoei.

2.–Onuradunak.

Lehentasunez, Eguesibarren erroldaturiko pertsonendako izanen dira mintegiko bulegoak eta bilera gelak. Pertsona baten baino gehiagoren proiektuak direnean, aski izanen da eskatzailea egotea erroldaturik Eguesibarren.

Nolanahi ere, mintegia erabili ahal izateko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dute, II. Eranskinean jasotzen diren irizpideen arabera.

3.–Instalazioak.

Eguesibarko enpresa mintegiaren instalazioak 138,61 m² + 26,45m²-ko azalera eraiki batean banaturik daude, Eguesibarko udaletxe zaharreko lehen solairuan eta beheko solairuan (Eguesko San Martin karrika).

Espazio banaketan hauek sartzen dira:

a) Bulegoak: 7 bulego, zerbitzu enpresen jarduera abiarazteko egokituak. Bakoitzaren azalera 17,55 m², 13 m², 14 m², 9,45 m², 10,85 m², eta 12,25 m² da lehen solairuan, eta beheko solairuan, 16 m² (azken hori mugikortasun urriko eskatzaileendako da).

Halaber, mintegian honako eremu hauek daude erabiltzeko moduan, baldin gainerako bulegoak harturik badaude: 8. bulegoa (4.a planoan), 13,85 m²-koa, eta 9. bulegoa (3.a planoan), 12,60 m²-koa.

Bulego guztiek badauzkate jarduera ahalik eta denbora laburrenean abiarazteko behar diren instalazioak. Bertan gauzatu beharreko jardueraren arabera, enpresek beren gain hartu beharko dituzte bulegoaren egokitzapena nahiz horren gastuak.

Udalak onetsi beharko ditu egiten diren aldaketak, aldez aurretik idatziz eskatu eta Udalaren erregistro orokorrean sarrera eginda. Enpresek hitzeman beharko dute lokala hasieran zegoen bezala utziko dutela joatean.

Bulegoek altzariak dauzkate baina ekipamendu informatikorik ez.

b) Ur-hornidura, argindar-hornidura, klimatizazioa eta ADSL Wifi konexioa.

c) 1., 2. eta 3. bulegoek badute, gainera, aire girotua.

d) 28,15 m²-ko bilera edo prestakuntza gela bat beheko solairuan, proiektorearekin eta arbel digitalarekin.

e) 47,90 m²-ko erabilera anitzeko areto bat lehen solairuan.

Gelak erabiltzeko, aurretik erreserba egin beharko da desarrollolocal.tokigarapena@egues.es helbide elektronikoaren bidez, eta zenbat pertsona bilduko diren eta bilera noiz hasi eta bukatuko den adierazi beharko da. Erabiltzen ez bada, lehenbailehen ezeztatu beharko da erreserba.

4.–Bulegoak eta luzapenak eskatzea.

Idatziz egin beharko da enpresa mintegian sartzeko eskaera, 1. eranskineko ereduaren arabera, eta Udalaren erregistro orokorraren bidez aurkeztuko da.

Eskabidea toki garapeneko arloan baloratu, eta hark ebatziko du adjudikazioa, erregistroko sarrera-hurrenkera eta II. eranskineko baremoa kontuan hartuta.

Bulego guztiak hartuta egoteagatik bulegorik lortzen ez duten eskabideak itxarote-zerrenda batean sartuko dira, eta zerrenda horretakoak eskabide berriekin lehiatuko dira leku bat hutsik gelditzen denean.

Eguesibarko enpresa mintegian egon bitartean, lokala aldatzeko eskatzen ahalko da, edo lokal gehigarriak eskatzen ahalko dira, baldin eta lokal horiek erabilgarri badaude.

Halaber, zilegi izanen da instalazioetako egonaldiaren luzapena eskatzea, ezohiko arrazoiak direla eta, gehienez ere urtebeterako.

Luzapenak erregistro orokorraren bidez eskatuko dira formalki, arrazoiak zehatz-mehatz azaldurik. Eguesibarko Udaleko toki garapeneko arloak eskabidea aztertuko du, baina, edonola ere, lehentasuna emanen die eremua eskatu eta itxarote-zerrendan dauden enpresei, halakorik bada.

Luzapen aldian, alokairuaren benetako kostua aplikatuko da, merkatuaren araberakoa.

5.–Tasak eta egonaldia.

5.1. Tasak.

Aplikatuko da Eguesibarko Udalaren enpresa mintegiko eremuak erabiltzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza.

5.2. Egonaldia.

Mintegiko eremuen erabilera aldi baterakoa izanen da, eta eskatzaile-motaren arabera aldatuko da:

1. Garatzeko negozio ideia bat duten ekintzaileak. Aurreinkubazio moduan erabiltzen ahalko dute mintegia, bideragarritasun-plana taxutu bitartean, edo enpresa edo proiektua abian jartzeko pausoak eman bitartean. Aurreinkubazio aldia urtebetekoa izanen da, gehienez. Enpresa eratzen den unean, inkubazioko baldintzak aplikatuko dira.

Aurreinkubazioan gehienez urtebete iragan ondoren, enpresa eratu ez bada, mintegia utzi egin beharko du, eta inkubaziorako beste eskabide bat egiten ahalko du, baldin eta etorkizunean eratzen bada.

2. Autonomoak eta jada eraturiko mikroenpresak. Mintegia inkubazio moduan erabiltzen ahalko dute, bi urtean gehienez.

Gehieneko egonaldia iragan ondoan, ezohiko arrazoiak direla eta, luzapena eskatzeko aukera egonen da, urtebeterako.

Luzapena gehienez urtebetekoa izanen da, eta eman ahalko da baldin bulegoren bat hutsik badago eta itxarote-zerrendarik ez badago; toki garapen eta enpleguko arloak txostena eman beharko du aurretik, gainera.

Mintegian gehienez ere 4 urtez egoten ahalko da (aurreinkubazioko 1 + inkubazioko 2 + luzapen bereziko 1).

6.–Segurtasun zerbitzuak: kontrola eta sarbideak

–Giltzak:

Enpresendako eremuaren adjudikazioa duenari bulegoaren bi giltza emanen zaizkio (bat erreserbakoa), eta postontziaren giltza bat.

Badago aukera giltza gehiago eskatzeko. Horretarako, idatziz eskatu beharko zaio Eguesibarko Udalari. Giltza gehigarriek 20 euroko kostua ekarriko dute giltza bakoitzeko, eta ematean ordaindu beharko dira. Enpresa bi pertsonak edo gehiagok osatzen badute, giltza bana emanen zaie kosturik gabe, eta erreserbako giltza bakar bat.

Segurtasun arrazoiak direla eta, Eguesibarko Udalak bulegoetan sartzeko giltzen kopia bat edukiko du, larrialdietan erabiltzeko, edo beharrezkoa den beste edozein egoeratan.

–Segurtasun sistemak eta suteen aurkako sistemak:

Instalazioek segurtasun sistema bat dute, intrusio alarmak eta sentsore bolumetrikoak dauzkana, banakakoa bulego guztietan eta orokorra eremu komunetan. Sistema hori segurtasun enpresaren bulego nagusiari konektatuta dago, zerbitzua 24 orduetan eta urteko 365 egunetan emanez.

Horrez gain, suteak detektatzeko sistema automatikoa dago.

7.–Administrazio betebeharrak

–Ekonomia-jardueren gaineko zerga:

Mintegian instalatuta dauden enpresek alta hartu beharko dute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ), Eguesibarko Udalean.

–Irekitzeko lizentzia:

Edozein jarduera ekonomikotan bezala, enpresa bakoitzak irekitzeko lizentzia eskuratu beharko du. Hala ere, jarduera kaltegabean aritzen diren enpresek (gehienetan, zerbitzuetakoak) jardueraren lehen erabilerako lizentzia eskuratu behar dute. Ez dira onartuko jarduera sailkatuen lizentzia behar duen jarduera bat duten enpresak.

–Erantzukizun zibileko asegurua:

Enpresa bakoitzak erantzukizun zibileko aseguru bat egin beharko du, gutxienez 50.000 euroko estaldura izanen duena, hirugarrenei eragindako kalteak estaltzeko; erantzukizun zibil profesionala estali beharko du. Halaber, bulegoan dauzkaten ondasun pertsonalei nahiz ekipamendu informatikoei eragindako kalteak sartu beharko dituzte aseguruan, bakoitzak daukanaren araberako balioan, lapurreta, sutea eta urak eragindako kalteak estalita. Horren kopia bat igorriko diote Eguesibarko Udalari. Asegurua urtez urte berritu beharko da.

–Edukitzailearen eta edukiaren asegurua:

Enpresa mintegiaren eta Eguesibarko Udalaren azpiegitura orokorrek (eraikinaren egitura barne) edukitzailearen gaineko asegurua dute, Udalak egina. Hala ere, edukiaren gaineko asegurua egitea gomendatzen da.

–Laneko arriskuen prebentzioa:

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen eta legeria osagarriaren arabera, instalatuta dauden enpresek hori bete eta aplikatzeko konpromisoa hartu beharko dute.

8.–Tasak eta fakturazioa.

Aplikatu beharreko tasak horretarako onetsiriko ordenantza fiskalean ageri dira.

Hilero ordainduko dira tasa horiek. Alten eta bajen kasuan, ordaindu beharreko zenbatekoa hil osoak kontuan hartuz likidatuko da. Baja hartu nahi duten erabiltzaileek Udalaren Erregistro Orokorraren bidez jakinarazi beharko dute, idatziz, hilabete lehenagotik. Epe hori betetzen ez bada, dena delako hilari dagokion zenbatekoa kobratuko da.

Diru bilketarako borondatezko epean ordaindu gabeko kuotak premiamendu prozeduraren bidez kobratuko dira. Ez bada ordaintzen bi hileko edo gehiagoko zenbatekoa, erabilera-lagatzea baliogabetu eginen da.

9.–Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Erabiltzaileak –pertsonak edo enpresak– behar bezalako baldintzetan eta funtzionamendu normalean jasoko ditu adjudikatu zaion lokala eta haren instalazio eta zerbitzu guztiak; horrenbestez, egoera berean itzuli beharko ditu kontratua bukatzean.

Eremuak garbi-garbi eduki beharko dira.

Eremu komunak esleitu zaien erabileraren arabera erabili beharko dira.

Erabiltzailearen kontura baino ez dira izanen norberaren jarduera gauzatzeagatik edo instalazioak behar ez bezala erabiltzeagatik sortzen diren mantentze, konpontze eta birjartze gastu guztiak. Erabiltzaileak idatzizko baimena eskatu beharko dio Eguesibarko Udalari halakoak gauzatzeko, eta betiere bera izanen da adjudikatu zaion lokalean gertatutako kalte guztien erantzulea.

b) Erabiltzaileak ez du lokalean eraberritze obrarik batere egiten ahalko, Eguesibarko Udalaren berariazko baimena izan ezean.

Jarduera gauzatzeko, lokala eraberritu behar izanez gero, behar den obra baimena eskatu beharko da (eskabidea betez, eraberritze mota eta haren aurrekontua zehazturik), eta eraberritzea abiatzeko ebazpena jakinarazi zain geratu. Mintegiko egonaldia iraganik, Eguesibarko Udalak aztertuko du lokala hasierako egoerara itzuli behar den ala eraberritzea mantendu behar den. Eraberritzea kendu eta lokala lehengoraturik itzuli behar bada, han instalaturik egon den enpresaren kontura izanen dira gastuak.

c) Lokala zertarako adjudikatu den, horretarako baino ez da erabiliko, hitzartu ez bezalako negoziorik jarri gabe, Eguesibarko Udalak idatziz baimena eman ezean.

d) Erabat debeku da lokalean gai sukoirik, kaltegarririk edo arriskutsurik sartu eta edukitzea, Eguesibarko Udalak berariazko eta idatzizko baimena eman ezean.

e) Mintegiko eremu bakoitzaren erabilerak ez du ekarri behar ezohiko eragozpenik (jarduera arriskutsu, osasungaitz eta kaltegarria, edo giroa nahasten ahal duena zaraten, dardaren, usainen edo tenperaturen bidez, edo gainerako okupatzaileei eragiten ahal dien jarduera oro) bertan proiektaturiko jarduerendako.

f) Abenduaren 26ko 25/2005 Legeari jarraikiz, debeku da enpresa mintegiko eremuetan erretzea, aire zabalean dauden eremuetan izan ezik.

g) Erabiltzaileek errespetatu egin behar dituzte trafikorako adierazle eta seinaleak, badaudenak zein une bakoitzean jartzen direnak.

h) Eguesibarko Udalak eskubidea izanen du lokala noiznahi bisitatzeko, komenigarria edo beharrezkoa iruditzen zaionean, baldintzak betetzen diren eta bertan obrarik egin behar duen egiaztatzeko, edo bestela, edozein arrazoi dela-eta komenigarria iruditzen zaion guztietan. Udalak berak edo horretarako izendatutako edo ordezkaritzat duen pertsonak egiten ahalko dituzte bisita horiek.

Horri dagokionez, eta kontratu honen objektu den lokalean jabeak obrak egin behar dituenean –behar diren agintariek horiek egiteko agindu ez badute ere–, erabiltzailea behartuta egonen da obra horiek egin behar dituzten teknikari eta langileei adjudikatu zaion eremuan sartzen uztera.

i) Erabileraren gaineko erregelamenduak eguneratzeak izanen ditu aldian behin, zerbitzua hobetzeko eta premia berrietara egokitzeko. Aldaketa horien berri emanen zaio eremua adjudikatu zaion erabiltzaileari , eta nahitaez bete beharko dira haien berri ematen den unetik hasita.

j) Eguesibarko Udalak beharrezkoak iruditzen zaizkion erabaki guztiak hartuko ditu mintegiaren jardunbide eta funtzionamendu zuzenerako, eta erabaki horiek mintegiko erabiltzaile eta okupatzaile guztiek bete beharrekoak izanen dira, jabeak haiek jakinarazi ondoren.

10.–Seinaleak eta errotuluak.

Udala arduratuko da bere gain mintegian dauden ekimenen errotuluak eta seinaleak jartzeaz, eredu komun bat ezarririk.

Ez da onartuko inolako errotulurik jartzea bulegoetan edo eraikinaren kanpoaldean, Udalak ezarritakoez gain.

I. ERANSKINA

Enpresa mintegiko eremuen eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Proiektuak baloratzeko irizpideak

Itxarote-zerrendan dauden proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1.–Negozio ideia: Gehienez ere, 20 puntu.

Adierazleak:

–Proiektuaren bideragarritasuna.

–Proiektua udal plan estrategikoarekin bat etortzea.

–Proiektuaren heldutasun-maila.

–Proiektua finantzatzeko estrategia (autofinantzaketa).

–Mintegian dauden beste proiektu batzuekin edo udalerriko beste enpresa batzuekin harremana izateko gaitasuna.

–Lanpostu eta enpresa berriak sortzea proiektua abiaraztean.

–Arreta ematea udalerrian arreta eta laguntza handiagoak behar dituzten kolektiboei (adingabeak, gazteak, etab.).

–Generoaren arloko eragina.

–Berrikuntza soziala: udalerrian berriak diren zerbitzuak edo negozio ideiak, sareko lankidetzan edo lanean aritzea zerbitzuak ematen direnean.

–Proiektuak gizartean izango duen erantzun-maila edo transferentzia-maila.

2.–Sustatzaileen gaitasun tekniko eta profesionala. Gehienez ere, 20 puntu.

Adierazleak:

–Enpresa-proiektuarekin loturiko prestakuntza.

–Ekintzailetzako proiektuarekin loturiko esperientzia eta ibilbide profesionala.

–Proiektua garatzeko arloko ezagutza.

–Elkarrizketa pertsonala Toki Garapen eta Enpleguko Zerbitzuarekin.

3.–Enpresa jarduera zer sektoretan gauzatzen den. Gehienez ere, 10 puntu.

Adierazleak:

–Toki garapeneko plan estrategikoan jasotzen diren lehentasunezko sektoreekin loturiko zerbitzu profesionalak.

–Herritar taldeendako arretarekin (adingabeak, gazteak, adinekoak, mendekotasun egoeran daudenak, etab.), osasunaren eta kirolaren arloko jarduerekin eta kultura eta aisialdiko jarduerekin loturiko zerbitzuak.

–Eguesibarren berritzaileak diren proiektu eta ekimenak.

4.–Lehentasunezko herritar-profiletako eskatzaileak. Gehienez ere, 20 puntu.

Adierazleak:

–Luzaroko langabeak (langabezian izena emanik eta lanik gabe egon behar dute langile autonomoen araubide berezian alta hartu aurre-aurreko 12 hilabeteetan jarraian), 4 puntu..

–18 urtetik 30 urtera bitartekoak, edo berrogeita bostetik gorakoak, 4 puntu.

–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenak, 4 puntu.

–Behar bereziak dituztenak, 4 puntu.

–Emakumeak, 4 puntu.

5.–Udalerrian erroldaturikoek sustatzen dituzten proiektuak. Gehienez ere, 30 puntu.

Aldeko ebazpena lortzeko edo itxarote-zerrendan dauden eskatzaileen poltsan sartzeko, gutxienez puntuen %50 lortu beharko da (50 puntu).

Toki Garapen eta Enpleguko Zerbitzuak eginen du proiektuen baremazioa, beste arlo batzuen laguntzarekin, baloratu beharreko proiektuaren arabera.

Kasu guztietan, baremazioari ekiteko, kolektibokoa izatea egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dira.

Iragarkiaren kodea: L2002170