42. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

“Fernando Remacha” Udal Musika Eskolaren Plan Pedagogikoa. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2019ko azaroaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea “Fernando Remacha” Udal Musika Eskolaren Plan Pedagogikoaren aldaketa.

Aurreko erabakia 2019ko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 24an. Hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea iraganik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari zein Nafarroako Toki Araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Legeari jarraituz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da hori, planaren testu osoarekin batera.

Erabaki hau behin betikoa da bide administratiboan; beraz, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke haren kontra hautara (eta ez da zilegi izanen errekurtsorik paratzea, harik eta ebazpen tramitean dagoen errekurtsoa espresuki ebatzi arte edota ustezko ezespena gertatu arte):

a) Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretatik dagokion organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Hori dena, ezertan ukatu gabe bidezkotzat jotzen den bertze edozein errekurtso baliatu ahal izatea.

Tuteran, 2020ko otsailaren 10ean.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

TUTERAKO FERNANDO REMACHA UDAL MUSIKA ESKOLAREN PLAN PEDAGOGIKOA

I. TITULUA

Eskolaren xedea

1. artikulua. Tuterako Fernando Remacha Musika Eskola, gaur egun Castel Ruiz eraikinean kokatua, lehengo Oinarrizko Musika Kontserbatorioaren birmoldaketatik sortu zen, Nafarroako Gobernuko Musika eta Dantza Eskolen Erregistroan inskribatu zen 1994ko irailaren 15ean (31007100 kodea) eta xedea du Tuterako biztanleriaren musika heziketa. Abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuak oinarrizko arauak ezarri zituen musika eta dantza eskolen sorrera eta funtzionamendua arautzeko; halakoak aipatzen zituen Hezkuntza Sistemaren Antolamenduari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 39.5 artikuluak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak indargabetu baitzuen; handik goiti, azken lege horrek arautzen ditu irakaskuntza artistikoak, bertzeak bertze musika eta dantzaren oinarrizko irakaskuntzak. Foru Dekretu hori aldatu zuen 79/2010 Foru Dekretuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitu beharrez, eta honela definitzen ditu musika eskola berariazkoak: musika ikasketa arautu gabeak egiteko ikastetxeak dira, adin guztietako musikazaleei prestakuntza praktikoa eskaintzen dietenak eta gaitasun eta joera bereziak agertzen dituzten ikasleak lanbide ikasketetara bideratzen dituztenak.

Tuterako Musika Eskolak, bere hezkuntza proiektuan, ikasleen oinarrizko prestakuntzari eginen dio kasu funtsean, eta horrez gain, musikaren arloko lanbide prestakuntzarako gaitasuna duten ikasleek aitzina egitea bermatu behar du. Hala, Musika Eskolatik kontserbatorioan bi ibilbide hauen bidez sar daiteke: ohiko bidea, non oinarrizko hezkuntzak sei ikasturte dituen (Prestakuntza, 1.a, 2.a, 3.a, 4.a, IPPko 4.a), edo IPP bidea, bost ikasturte dituena (Prestakuntza, 1.a, 2.a, IPPko 3.a, IPPko 4.a).

2. artikulua. Abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, Fernando Remacha Musika Eskolak helburu hauek ditu:

a) Musikaren ezagutza eta zaletasuna sustatzea.

b) Musika tresnen irakaskuntza eskaintzea, ikasleek bakarka nahiz taldean jotzera bideratua.

c) Musika irakaskuntza osagarria eskaintzea musika tresnak jotzen ikastearekin batera.

d) Gaitasun berezia eta bokazioa duten ikasleak ikasketa profesionalera bideratzea eta irakaskuntza horretan hasteko bultzada eta prestakuntza egokia ematea hainbat mailatan.

e) Ahots taldeetan nahiz musika tresnakoetan parte hartzeko interesa sustatzea ikasleengan.

f) Musika hezkuntzaren eskaintza zabal eta askotarikoa garatzea.

g) Musika mota guztiak entzuteko interesa sustatzea eta ikasleen zentzu kritikoa garatzea.

h) Hiriko kultur giroa suspertzea, bertako bizilagunendako kultur gune garrantzitsu bilakatzeraino.

i) Jendaurreko emanaldiak antolatzea eta zaleendako musika jardueretan parte hartzea.

II. TITULUA

Eskolako antolaketaren egitura

3. artikulua. Fernando Remacha Udal Musika Eskola Hiri Bizitzaren Kalitaterako Alorreko atala da (Hezkuntzaren unitate administratiboa).

4. artikulua. Tuterako Udalak, osoko bilkuran, onetsi behar du erregelamendu hau, aplika dadin. Tuterako Udaleko alkate udalburuari dagokio Musika Eskolako gobernu organoaren eskumenak gainditzen dituzten erabakiak hartzea eta hartan aurreikusirik ez dauden aferak erabakitzea.

I. KAPITULUA

Antolaketa orokorra

5. artikulua. Irakaskuntzako jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatu beharrez, ikastetxearen hezkuntzako helburuak era eraginkorrean lortzeko, Eskolak organo hauek ditu:

1.–Gobernu organoak:

–Kide bakarrekoak: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.

–Kide anitzekoak: Irakasleen Klaustroa.

2.–Irakaslana koordinatzeko organoak:

–Departamentu didaktikoak.

–Tutoreak.

II. KAPITULUA

Zuzendaria

6. artikulua. Zuzendaria izateko baldintzak:

a) Behin betiko destinoa ikastetxean izatea eta gutxienez ikasturte bateko antzinatasuna izatea.

b) Ezartzen den epean zuzendaritza programa aurkeztea agintaldiko urteetarako, eta ikasketaburua eta idazkaria proposatzea.

7. artikulua. Zuzendaria izendatzeko prozedura:

a) Irakasleen Klaustroak hautatuko du Fernando Remacha Musika Eskolako zuzendaria, kargua eskatzen duten hautagaien artetik, eta alkate udalburuak berretsi eta izendatuko du.

b) Irakasleen Klaustroko kideen bi herenek osatutako gehiengoa beharko da zuzendaria hautatzeko.

c) Hautagai bat baino gehiago izanik inork ez badu lehen bozketan eskatzen den gehiengoa eskuratu, bigarrena eginen da, eta horretan hautagai bakarra izanen da lehen bozketan boto gehien atera dituena. Bigarren bozketa horretan ere Klaustroko kideen bi herenek osatutako gehiengoa beharko da.

d) Bigarren bozketan hautagaiak behar den gehiengoa lortu ezean, alkate udalburuak izendatuko du zuzendaria 6. artikuluko baldintzak betetzen dituzten pertsonen artetik.

8. artikulua. Zuzendariaren agintaldia 4 urtekoa izanen da.

9. artikulua. Hautagairik ez bada, alkate udalburuak irakasle bat izendatuko du zuzendari, ikasturte baterako, 6. artikuluaren a) baldintza betetzen dutenen artean.

10. artikulua. Zuzendariaren kargu uztea: ikastetxeko zuzendaria bere eginkizunetatik geldituko da bere agintaldia bukatzean edo inguruabar hauetakoren bat gertatzean:

a) Ikastetxearekiko lan harremana galtzean, eginkizunetatik gabetzean edo indarra duen legeriak aurreikusten dituen gainerako arrazoietariko bat gertatzean.

b) Alkate udalburuak hala erabakitzea, Irakasleen Klaustroko bi herenek proposamen arrazoitua aurkezturik.

c) Interesdunak uko egitea, 9. artikuluan zehazten den kasua kenduta.

11. artikulua. Zuzendaria kargutik gelditzen denetik hamar egun iragan arteko epean hautatu edo izendatuko da zuzendari berria, erregelamendu honek ezarriarekin bat.

12. artikulua. Zuzendariaren eskumenak:

a) Ikastetxearen ordezkaritza eramatea bere eskumenen esparruan, salbu eta alderdi honetan alkate udalburuari egitea dagokiona.

b) Ikastetxeko jarduera guztiak zuzendu eta koordinatzea haren hezkuntza proiektua bete dadin, indarra duten xedapenei jarraituz eta deusetan ukatu gabe Irakasleen Klaustroari eta alkate udalburuari emandako eskumenak.

c) Arauak eta indarra duten gainerako xedapenak betetzea eta betearaztea.

d) Hezkuntza Administrazioko organoekin lankidetzan aritzea ikastetxearen hezkuntza helburuen lorpenari dagokion orotan.

e) Ikasketaburua eta idazkaria hautatzea eta alkate udalburuari haien izendapena eta kargu-uztea proposatzea.

f) Ikastetxeari atxikitako langileen buru aritzea, alkate udalburuari dagokion goi zuzendaritza deusetan ukatu gabe.

g) Eskolako organo akademikoen eta Irakasleen Klaustroaren bileren deialdiak egin eta horietan buru aritzea.

h) Eskolaren ziurtagiriak eta agiri ofizialak ikus-onestea.

i) Kide anitzeko organoek bakoitzak bere eskumenen esparruan hartzen dituzten erabakiak betearaztea.

j) Hezkuntza komunitateko sektore guztien jarduna koordinatzea.

k) Musika Eskolari esleitutako aurrekontu partidetako gastua kontrolatu eta proposatzea.

l) Ikastetxeko jarduerei eta egoera orokorrari buruzko urteko memoria prestatzea.

m) Eskola bere barrutiko bertze ikastetxe eta hezkuntza zerbitzu batzuekin egoki koordinatzeko bideak paratzea, eta hezkuntza arloko erakunde eskudunek nahiz alkate udalburuak eskatzen dioten informazioa ematea.

n) Harremanak sustatzea musika eskolekin, kontserbatorioekin eta Eskolaren hezkuntzako eta prestakuntza helburuei loturiko jarduerak egiten dituzten erakundeekin.

o) Ikastetxean bizikidetza erraztea, eta behar diren zuzenketak ezartzea, hezkuntzako agintariek ezarritakoarekin bat eta proiektu honetan finkatutako irizpideei jarraikiz.

III. KAPITULUA

Ikasketaburua

13. artikulua. Ikasketaburuaren izendapena: zuzendariak proposatuko du ikasketaburua, ikastetxeko irakasleen artetik, eta alkate udalburuak izendatuko du.

14. artikulua. Ikasketaburuaren kargu-uztea: ikastetxeko ikasketaburua bere eginkizunetatik geldituko da bere agintaldiaren bukaeran, zuzendaria kargutik gelditzen denean eta inguruabar hauetariko bat gertatzean:

a) Ikastetxearekiko lan harremana galtzean, eginkizunetatik gabetzean edo indarra duen legeriak aurreikusten dituen gainerako arrazoietariko bat gertatzean.

b) Ikastetxeko zuzendariak alkate udalburuari proposatuta, aitzinetik txosten arrazoitua eginik.

c) Interesdunak uko egitean.

15. artikulua. Ikasketaburua kargutik gelditzen denetik hamar egun iragan arteko epean hautatu edo izendatuko da ikasketaburu berria, erregelamendu honek ezarriarekin bat.

16. artikulua. Ikasketaburua kanpoan edo eri bada, ikastetxeko zuzendariak haren ordezkoa izendatuko du irakasleen artetik, alkate udalburuari aitzinetik horren berri emanda.

17. artikulua. Ikasketaburuaren eginkizunak:

a) Eskolako Plan Pedagogikoarekin loturik irakasle eta ikasleek egiten dituzten irakaskuntzako jarduerak koordinatzea eta egiten direla arduratzea.

b) Ordutegi akademikoak prestatzea, elkarlanean zuzendariekin, eta horiek hertsiki betetzen direla zaintzea.

c) Irakasleen Klaustroak ikasleen ebaluazioaren gainean finkatzen dituen irizpideak betetzen direla zaintzea.

d) Eskolako Plan Pedagogikoak ikasgai eta ikasturte bakoitzerako finkatzen dituen xede eta edukiak betetzen direla zaintzea.

e) Zuzendariak bere eskumeneko eremuan ezartzen ahal dion bertze edozein eginkizun.

f) Zuzendariaren ordezkoak egitea hura kanpoan edo eri delarik.

g) Eskola komunitateko edozein kideri laguntza ematea, hala behar badu haren eskumeneko edozein kontutan.

IV. KAPITULUA

Idazkaria

18. artikulua. Idazkariaren izendapena: idazkaria zuzendariak hautatuko du ikastetxeko irakasleen artetik, eta alkate udalburuak izendatuko du.

19. artikulua. Idazkariaren kargu-uztea: ikastetxeko idazkaria bere eginkizunetatik geldituko da bere agintaldiaren bukaeran, zuzendaria kargutik gelditzen denean eta inguruabar hauetariko bat gertatzean:

a) Ikastetxearekiko lan harremana galtzean, eginkizunetatik gabetzean edo indarra duen legeriak aurreikusten dituen gainerako arrazoietariko bat gertatzean.

b) Ikastetxeko zuzendariak alkate udalburuari proposatuta, aitzinetik txosten arrazoitua eginik.

c) Interesdunak uko egitean.

20. artikulua. Idazkaria kargutik gelditzen denetik hamar egun iragan arteko epean hautatu edo izendatuko da idazkari berria, erregelamendu honek ezarriarekin bat.

21. artikulua. Idazkaria kanpoan edo eri izanez gero, ikasketaburuak bere gain hartuko ditu haren eginkizunak. Kanpoan hilabete baino gehiago egiten badu, zuzendariak ordezkoa izendatzen ahalko du irakasleen artean, alkate udalburuari horren berri eman ondoan.

22. artikulua. Idazkariaren eskumenak:

a) Eskolaren administrazio araubidea antolatzea, zuzendariaren jarraibideei loturik.

b) Eskolaren kide anitzeko organoetan idazkari lana egitea, bilkuren akta egitea eta erabakien fedea ematea zuzendariaren oniritziarekin.

c) Eskolaren liburuak eta artxibategiak zaintzea. Eskolako irakasmateriala zaintzea eta haren erabilera xedatzea.

d) Agintariek eta interesdunek edo haien ordezkariek eskatzen dituzten ziurtagiriak luzatzea.

e) Eskolako inbentario orokorra aurkeztea.

f) Zuzendariak eskuordeturik eta haren agindupean Eskolako administrazioko langileen buru aritzea, udal organo eskudunen goi mailako zuzendaritza ukatu gabe, halakorik badagokie.

g) Egintza akademikoak antolatzea.

h) Irakasleen irakaskuntza lanerako behar diren materialen erosketa koordinatzea.

i) Eskolaz kanpoko jarduerak koordinatzea.

j) Zuzendariak bere eskumenen esparruan haren esku uzten ahal duen bertze edozein eginkizun.

V. KAPITULUA

Zuzendaritza taldearen ordutegiak

23. artikulua. Zuzendaritza taldeko kideek ezarri zaizkien eginkizunak bete ahal ditzaten, asteko eskola orduak proportzio hauetan murriztuko zaizkie:

a) Zuzendaria: 9 eskola ordu.

b) Ikasketaburua: 6 eskola ordu.

c) Idazkaria: 4 eskola ordu.

24. artikulua. Behar diren musika tresnen espezialitateetako irakasleak kontratatuko dira behin-behinean eskola ordu horiek egiteko.

VI. KAPITULUA

Irakasleen Klaustroa

25. artikulua. Irakasleen Klaustroa irakasleek ikastetxeko gobernuan parte hartzeko duten berezko organoa da. Irakaslanaren alderdi guztiak planifikatu eta koordinatzen ditu, horren berri ematen eta, hala behar badu, baita erabakiak hartzen ere.

26. artikulua. Zuzendaria izanen da Klaustroko burua, eta ikastetxean zerbitzu egiten duten irakasle guztiek osatuko dute.

27. artikulua. Irakasleen Klaustroaren eskumenak:

a) Curriculum proiektuak eta irakaskuntza gaiak onetsi eta ebaluatzea, ikastetxearen hezkuntza proiektuaren arabera.

b) Ekimenak sustatzea esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzarenean.

c) Alkate udalburuari zuzendaria izendatzeko edo kargutik kentzeko proposatzea.

d) Ikasleen orientazioarekin, ebaluazioarekin eta errekuperazioarekin zerikusia duten eginkizunak koordinatzea.

e) Gobernu organoek ezartzen dizkioten gainerakoak.

28. artikulua. Irakasleen Klaustroaren funtzionamenduaren araubidea:

a) Klaustroa hiru hilean behin bederen bilduko da, eta, betiere, zuzendariak deitu edo gutxienez kideen herenek eskatzen dutenean. Gainera, klaustroak bilkura bat egin beharko du ikasturtearen hasieran eta bertze bat bukaeran.

b) Klaustroko kide guztiek nahitaez joan beharko dute bileretara.

c) Klaustroak alkate udalburuari egokitzat jotzen dituen proposamenak aurkeztu ahal izanen dizkio, zuzendariaren bitartez.

VII. KAPITULUA

Departamentu didaktikoak

29. artikulua. Musika Eskolako irakasleak departamentu didaktikoetan antolatuko dira, espezialitate eta irakasgaien arabera. Departamentu horiek buru bat izanen dute; bilera bakoitzaren deialdia egitea, hartan buru egitea eta akta egitea izanen du eginkizun.

30. artikulua. Eskolan departamentu didaktiko hauek izanen dira:

a) Pianoa, Musika Hizkuntza, Eskolania eta Haur Hezkuntza.

b) Haizea.

c) Eskusoinua, Perkusioa, Soka.

d) Jarduerak.

31. artikulua. Musika tresnen espezialitateen eta irakasleen arabera, ikasturte bakoitzean departamentu didaktiko berriak eratzen ahalko dira, eta horien osaera aldatzen, betiere hobe bada Eskolaren antolaketarako eta funtzionamendurako.

32. artikulua. Ikasturte bakoitzaren hasieran eratuko dira departamentu didaktikoak eta haien konposizioa erabakiko.

33. artikulua. Departamentu didaktikoen eginkizunak:

a) Ikasturtea hasi baino lehen departamentuko espezialitate eta irakasgaien programazio didaktikoa egitea. Horren bidez, irakasgai bakoitzaren xede eta edukiak garatuko dira, eta orobat haien sekuentziazioa mailaka, erabilitako metodologiak, ebaluazio bideak, mailak gainditzeko irizpideak eta behar diren material eta baliabide didaktikoak, betiere guztia Eskolaren xedeetara egokitua.

b) Departamentua osatzen duten espezialitate edo irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko, Irakasleen Klaustroaren irizpideei jarraikiz.

c) Ebaluazio prozesua dela-eta ikasleek edo haien guraso zein tutoreek egiten dituzten erreklamazioak zuzendaritza taldeari jakinaraztea.

d) Zuzendaritza taldeari eta Klaustroari proposamenak aurkeztea materialaren erosketaz eta jarduerez.

e) Proba, azterketa eta sariketetan nahitaez jo behar diren obren zerrenda egitea.

f) Departamentuko espezialitate eta irakasgaien programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

g) Metodologia didaktikoa eguneratzea eta departamentuko kideen berrikuntza pedagogikoa sustatzea.

VIII. KAPITULUA

Tutoreak

34. artikulua. Tutoretza eta ikasleen irakaskuntzako orientazioa irakaslanaren zereginak izanen dira.

35. artikulua. Ikasle guztiak egonen dira irakasle-tutore baten ardurapean; hura ikasturte bakoitzaren hasieran izendatuko da.

36. artikulua. Ikasturte bakoitzaren hasieran argitara emanen da irakasleen tutoretzaren ordutegia, gurasoei edo legezko ordezkariei eta ikasleei harrera egiteko.

37. artikulua. Tutorearen eginkizunak:

a) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

b) Ikasleei aholku ematea ikasturte bakoitzean diren aukeren gainean, eta orientabidea ematea haien ahalmen pertsonalei lotuen ageri den ikasketa ibilbideaz.

c) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei, zuzendaritza taldeari edo alkate udalburuari.

d) Beren ardurapeko ikasle bakoitzaren dokumentazio akademikoa betetzea.

e) Ikasleei (edo gurasoei edo tutoreei, ikasle adingabeak badira) eta irakasleei haiekin ikusteko duen ororen berri ematea, jarduerak, portaera, jarrera eta errendimendu akademikoa direla-eta.

IX. KAPITULUA

Irakasle ez diren langileak

38. artikulua. Fernando Remacha Udal Musika Eskolako irakasle ez diren langileak dira administrazioko langileak eta menpeko edo zerbitzuetako langileak.

39. artikulua. Eskolari atxikitako administrazioko langileen eginkizunen definizioa eta haien lan araudia Nafarroako Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileen gaineko araudiaren araberakoa izanen da, orokorrean, eta Tuterako Udalarenaren araberakoa, bereziki.

40. artikulua. Fernando Remacha Musika Eskolako administrazioko eta zerbitzuetako langileak ikastetxeko zuzendaritza taldearen zuzeneko menpekoak izanen dira, batere ukatu gabe hierarkian nahiz eginkizunetan alkate udalburuarekiko gorde beharreko mendekotasuna.

III. TITULUA

Barne funtzionamenduaren arauak

I. KAPITULUA

Ikasleak

41. artikulua. Eskola justifikaziorik gabe huts egitea. Eskolak justifikaziorik gabe huts egiteagatik zehapen hauek ezarriko dira:

a) Ikasleak bigarren aldiz huts egiten duenean (lau, astean bi saio baldin badira) irakasleak kargu hartuko dio. Laugarren aldian (zortzi, astean bi saio baldin badira), ikasketaburuak hartuko dio kargu eta izan daitezkeen ondorioen berri emanen du. Huts egiten jarraitzen badu, zuzendaritza taldeak horren berri emanen dio alkate udalburuari, ikasle hori Eskolatik ateratzeko edota hurrengo ikasturtean matrikulatzen ez uzteko.

b) Bost aldiz eskolara berandu iristea justifikaziorik gabeko hutsegite bat bezala kontatuko da.

42. artikulua. Eskola modu justifikatuan huts egitea: ikasleak eskola modu justifikatuan huts egin duela ulertuko da eritasunagatik edo arrazoizkotzat jotzen diren bertze arrazoi batzuengatik gertatzen delarik. Guraso edo tutoreek justifikazioa igorri beharko dute 18 urtetik beheitikoek huts egiten dutenean. 18 urtetik goitiko ikasleek frogagirien bidez justifikatu beharko dituzte hutsegiteak. Betiere, ikastetxeak bere esku izanen du frogagiriak onartu ala ez.

43. artikulua. Asistentziaren kontrola: irakasgai bakoitzaren irakasleak kontrolatuko du asistentzia, eta hutsegite guztien berri emanen dio ikasketaburuari.

44. artikulua. Aprobetxamenduko hutsegitea. tutorearen kargu hartzea ekarriko du eskoletan edo ikasketetan aprobetxamendurik ez izateak, edo utzikeria agertzeak irakasleak irakasgaien programazioari loturik eskatzen dituen lanetan, edo klasera etorri ohi izateak behar den ikasmaterialik gabe. Jarrera hobetu ezean, zuzendaritza taldeak, irakasleen txostena jaso ondotik, alkate udalburuari proposatzen ahalko dio ikaslea Eskolatik ateratzea edota hurrengo ikasturtean matrikulatzen ez uztea.

45. artikulua. Ikasleen eskubideak:

a) Zer irakasgaitan matrikulatu den, horiexek jasotzea, baita kultura eta musikaren aldetik egokia den orientabidea jasotzea ere, ikastetxean dagoen bitartean.

b) Hiruhilekoan behin bere portaerari, asistentziari eta ikasle gisa duen errendimenduari buruzko informazioa jasotzea, baita ikasturte bukaerako txostena ere.

c) Kultur jarduerak eta eskolaz kanpokoak egitea, banaka nahiz taldeka.

d) Eskolak deitzen dituen sarietan eta erregelamenduz zehazten den gisara lehiatzea.

e) Biltzea behar diren dirulaguntzak, administrazioek aurreikusten dituztenak.

f) Bidezko iruditzen zaizkion ekimen, proposamen, erreklamazio eta gisakoak aurkeztea irakasleei, zuzendaritzari eta alkate udalburuari.

g) Irakasleek eta irakasle ez diren langileek zuzentasunez eta begirunez hartua izatea.

h) Ikastetxeak nola funtzionatzen duen eta hezkuntza proiektua nola aplikatzen den jakitea.

46. artikulua. Ikasleen eginbeharrak:

a) Musika Eskolan egiten den hezkuntza lanean aktiboki parte hartzea.

b) Diziplina arauak betetzea eta, hartara, irakasleen duintasuna eta eginbeharra errespetatzea eta orobat ikastetxean lan egiten duten lagun guztiena.

c) Eskoletara tenorez etortzea, baita azterketetara eta espresuki deitzen diren egintza eta jarduera guztietara ere.

d) Eskola huts eginez gero, justifikatzea (berak edo, bertzenaz, gurasoek edo tutoreek).

e) Eskolaren eraikina, instalazioak, altzariak eta materiala errespetatzea.

f) Musika Eskolaren eraikinean edo materialean egindako kalteak konpontzea (berak edo, bertzenaz, gurasoek edo tutoreek), nahita edo behar ez bezala erabilita edo utzikeriaz eragin badira.

II. KAPITULUA

Gurasoak edo tutoreak

47. artikulua. Guraso edo tutoreen eskubideak:

a) Beren seme-alabek ikastetxearen izaerari dagokion hezkuntza osoa jasotzea eta, zehazki, hezkuntza proiektuaren araberako irakaskuntza jasotzea.

b) Ikastetxeak nola funtzionatzen duen eta hezkuntza proiektua nola aplikatzen den jakitea.

c) Aldian behin informazioa jasotzea, beren seme-alabek ikasketetan nahiz heldutasun afektibo eta soziala lortzeko prozesuan aurrera egiten duten jakiteko.

d) Tutoreekin eta irakasleekin harremanak izatea ikasleen heziketa integrala elkarrekin sustatzeko, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.

e) Ikasleen gurasoen elkartekoak izatea eta hark antolatzen dituen bileretan parte hartzea.

f) Ikastetxearen kudeaketan parte hartzea eta, hartara, nolanahiko proposamen, proiektu eta erreklamazioak aurkeztea, bai gurasoen elkartearen bidez bai zuzendaritza taldearen bidez zein alkate udalburuaren bidez.

g) Ikastetxean bilerak egitea seme-alaben hezkuntzaren inguruko gaiak aztertzeko, zuzendariak baimena eman ondoan.

48. artikulua. Guraso edo tutoreen eginbeharrak:

a) Ikastetxean ezarritako bisita orduak errespetatzea. Gurasoek ez dute inola ere eskolak eteten ahalko irakaslearekin eskola orduan mintzatzeko, salbu eta haien semearen edo alabaren banakako ordutegiaren barnean.

b) Seme-alaben hutsegiteak justifikatzea, egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztuz. Bertzenaz ez da hutsegitea justifikatuko.

c) Eskolak eskatzen dituen dokumentu guztiak betetzea.

d) Ikastetxearen hezkuntza eredua ezagutzea eta onartzea edo errespetatzea, haren izaera propioan eta plan pedagogiko honetako arauetan zehazturik dagoen bezala.

e) Hezkuntza komunitateko gainerako estamentuei ikastetxea zaintzen laguntzea.

f) Ikastetxeko langileen eskumen tekniko-profesionalen erabilera errespetatzea.

III. KAPITULUA

Irakasleak

49. artikulua. Eskolako irakasleek izan beharko dituzte indarra duen antolamendu juridikoak eskatzen dituen titulazioak.

50. artikulua. Irakasleak prestatzeko plana. Udalak behar diren baliabideak jarriko ditu, irakasleen prestakuntza etengaberako.

51. artikulua. Irakasleen eskubideak:

a) Ikastetxearen kudeaketan aktiboki parte hartzea, zuzenean edo beren ordezkarien bidez.

b) Klaustroko partaide izatea.

c) Klaustroaren bilera eskatzea; betiere irakasleen herenek gutxienez eskatu behar dute.

d) Hezkuntza komunitateko kide guztiek errespetatuak izatea.

e) Egoki iruditzen zaizkien iradokizun edo ideia guztiak gobernu organoei aurkeztea.

f) Ikastetxeko instalazio eta materialak erabiltzea, ezarritako ordutegiak eta arauak begiratuta.

g) Ikasleen gurasoei dei egitea, komenigarri iruditzen zaienean, eta haiekin bilerak egitea.

h) Berritze eta hobekuntza profesionala ikastetxearen barnean nahiz kanpoan.

i) Nahi gabeko istripuen aitzinean erantzukizun zibil guztiengatik babesturik egotea.

j) Goragoko erakundeek ematen dituzten jakinarazpen ofizialen berri jasotzea.

52. artikulua. Irakasleen eginbeharrak:

a) Irakasleak eskola orduak bete beharko ditu, baita eskolarik gabeko ordu presentzialak ere, ikasketaburuak ikasturte hasieran aurkeztutako eta onetsitako ordutegi pertsonalaren arabera. Zuzendaritzari gertatzen ahal den edozein aldaketaren berri eman beharko zaio.

b) Arrazoi justifikatuengatik huts egin beharra izanez gero, aitzinetik zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio eta ordezko irakaslearendako orientabide zehatzak utzi.

c) Ikasleak errespetatzea, entzutea eta haiekin solastatzea, haiek hobeki ezagutu beharrez, ezarritako ordutegiaren barnean.

d) Nork bere ikasleen asistentzia kontrolatzea.

e) Ikasleak ebaluatzea klaustroak finkatutako irizpideak erabiliz eta ezarritako epeetan.

f) Guraso eta tutoreei beren seme-alaben eskola garapenaren berri ematea.

g) Klaustroetara eta lan taldeen bileretara joatea, haiei atxikirik badago.

h) Klaustroak hartutako erabakiak errespetatu eta betetzea.

i) Bere irakasgaia programatzea, bere eskolak prestatzea eta Departamentuko bertze kideekin koordinaturik egotea, programazio didaktikoari eta plan pedagogiko honetatik etortzen diren jarraibideei egokiturik.

j) Irakaskuntza objektiboa ematea, dogmatismo eta doktrinamendurik gabekoa, ikasleak hezkuntza sistemaren ardatz gisa harturik.

k) Ikasleen adierazpen askatasuna errespetatzea eta haien iritziak, proposamenak, erreklamazioak eta abar biltzea tutoreari edo jaso behar dituenari eramateko.

l) Gehienez ere 6 irakastordu ematea egunean; elkarren segidan badira, gutxienez ere ordu erdiko pausaldia ezarri beharko da.

m) Eskolaren materialaren erabilera egokia egitea.

n) Behar bezain lehenago arduradunari jakinaraztea behar den materiala erabiliko dela (partiturak, liburuak, CDak, atrilak, musika tresnak etab.) irakasleari atxikia ez badago ohiko ikasmaterialaren gisara.

IV. KAPITULUA

Gelak eta materiala erabiltzeko arauak

53. artikulua. Bai Eskolaren eraikina bai bertako material guztiak egoki erabili eta arretaz zainduko dituzte hezkuntza komunitateko kide guztiek. Materialak modu desegokian erabiltzeak eta altzariak, musika tresnak edo instalazioak nahita hondatzeak berekin ekarriko dute eragileek beren gain hartu beharra horiek konpontzeko edo kaltetuen ordez berriak jartzeko gastuak.

54. artikulua. Ikastetxeko irakasle guztiek gelak erabiltzen ahalko dituzte ikasteko, eta entseguak, bilerak eta gisakoak egiteko, betiere erabilera didaktikorako ezarritako orduetan traba egin gabe eta ikastetxeko ordutegi orokorraren barnean.

55. artikulua. Ikasleek gelak erabiltzen ahalko dituzte Eskolarekin ikusteko duten ikasgaiak ikasteko eta zuzendaritzak baimendutako entsegu eta bileretarako, betiere errespetatzen bada erabilera didaktikorako ordutegia, eta ikastetxearen ordutegi orokorraren barnean bada; horretarako, aitzinetik eskaera egin beharko da eta Ikasketaburutzak baimena eman.

56. artikulua. Irakasle guztiek Eskolako musika tresnak erabiltzen ahalko dituzte ikasteko edo helburu didaktikoetarako, bakoitza bere irakasgaian erabiltzeko ordutegia errespetatuz gero.

57. artikulua. Ikasleek eskura izanen dute Eskolaren musika tresnen funtsa, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Eskatzen den musika tresnak eskura egon beharko du, eta ez da beharrezkoa izan behar irakaslanerako.

b) Ikasle, guraso edo, hala behar badu, tutoreen erantzukizuna izanen da horiek erabiltzea, mantentzea eta egin daitezkeen kalte edo hondaketak.

c) Musika tresna nori laga erabakitzeko tenorean lehentasuna izanen dute adin txikieneko ikasleek.

58. artikulua. Ikasleek Eskolako musika tresnak ikastetxearen barnean erabiltzeko eta musika tresna horiek berak lagatzeko eta eraikinetik kanpora ateratzeko tramite honi segituko zaio:

a) Musika tresna erabiltzeko behar den inprimakia betetzea.

b) Ikasturte bakoitzerako ezarritako tasak ordaintzea.

59. artikulua. Musika Eskolako irakasleek soilik erabiliko dituzte audio eta bideo aparatuak, informatika tresnak eta abar, betiere horretarako ezarritako arauei jarraikiz.

60. artikulua. Ikasturte bakoitzean aplikatu beharreko tasak, bai matrikula kontzeptuan bai gelak edo musika tresnak erabiltzeko, urtero zehaztuko ditu Fernando Remacha Udal Musika Eskolaren zerbitzuen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalak, Udalak onetsiko baitu.

IV. TITULUA

Irakaskuntzen antolaketa

61. artikulua. Fernando Remacha Udal Musika Eskolako irakaskuntzak honela antolatzen dira: Haur Hezkuntza, Musika Tresnen Hezkuntza eta Helduendako Musika Hezkuntza.

62. artikulua. Plan pedagogiko honetan diseinaturiko etapek HLOk ezarritakoekin bat eginen dute, paralelismoa mantendurik haren Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzarekin. Hala ere, adin horiei lotzeko egokitasunean, malgutasunez jokatuko da haiei dagokienez, paralelismo hori posible ez denean.

I. KAPITULUA

Haur Hezkuntza

63. artikulua. Haur Hezkuntza 5 eta 6 urte bitarteko ikasleendako da.

64. artikulua. Hona hemen etapa honetan bete beharreko xedeak:

a) Musikaz eta horren ikaskuntzaz gozatzea.

b) Ikasleen gaitasun erritmikoak heztea eta bulkatzea.

c) Ikasleen gaitasun bokalak heztea eta bulkatzea.

d) Musikaren alderdi desberdinak aztertzea entzute aktiboaren bidez.

e) Begiz nahiz belarriz musika tresnen ezagutza orokorra eskuratzea, eta gisa hartara aukera ematea ikasleek beren gaitasun eta nahiagotasunak halako baten aldera zuzentzeko.

II. KAPITULUA

Musika Tresnen Hezkuntza

65. artikulua. Musika Tresnen Hezkuntza bi ziklotan antolatzen da:

a) Lehen zikloa: bortz maila (Prestakuntzatik 4.era) 7 urtetik 11 urte bitarteko adinetarako.

b) Bigarren zikloa: lau maila (5.etik 8.era) 12 urtetik 15 urte bitarteko adinetarako.

66. artikulua. Hona hemen etapa honetan bete beharreko xedeak:

a) Musika ikaslearen bizian txertatzea, hura entzutean edo jotzean goza dadin eta haren alderako interesa senti dezan, bai ikasten ari den aldian bai etorkizunean.

b) Boz edo musika-tresnen talde amateur batean sartzeko bezainbat musika prestakuntza eskuratzea.

c) Behar bezalako prestakuntza ematea beren interesa eta musikarako gaitasunak direla-eta irakaskuntza profesionaletako kontserbatorio batean sar daitezkeen ikasleei.

III. KAPITULUA

Helduendako Musika Hezkuntza

67. artikulua. Helduendako Musika Hezkuntzak bi maila ditu eta 18 urtetik goitikoendako da.

68. artikulua. Etapa honen xedea da musika hizkuntzaren ezagutzak ematea musika taldeetan egoteagatik edo interes pertsonalaren kariaz eskuratu nahi dituzten lagun guztiei.

69. artikulua. Irakasgaiak astean behingo ordubeteko iraupena izanen du. Irakasgaia emateko gutxieneko ikasle kopurua 6 izanen da talde eta maila bakoitzetik.

IV. KAPITULUA

Hezkuntza eskaintza

70. artikulua. Fernando Remacha Udal Musika Eskolak musika tresnetan espezialitate hauek eskaintzeko baimena du: Eskusoinua, Bonbardinoa, Klarinetea, Kontrabaxua, Fagota, Zeharkako Flauta, Gitarra, Oboea, Perkusioa, Pianoa, Pop-rocka, Saxofoia, Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

71. artikulua. Espezialitate horiez gain, Eskolak etorkizunean beharrezkotzat jotzen direnak gehituko ditu, musika irakaskuntzaren joera berriak eta gizartearen eskariak garatu ahala.

72. artikulua. Plan Pedagogikoan espezialitate gehiago sartu ahal izateko, alkate udalburuak onetsi beharko du gehikuntza (berak jarriko ditu irakasgai berriak eman ahal izateko materialak eta giza baliabideak) eta hezkuntzako agintari eskudunari eskatu, zuzendaritza taldeak txostena egin ondoan.

73. artikulua. Gaur egun, badira musika talde batzuk ikasleei taldeka musika jotzeko prestakuntza eman ahal izatea bermatzen dutenak. Hona zein diren: Banda, Eskusoinu Orkestra, Soka Orkestra, Gitarra Orkestra, Perkusio Orkestra eta Eskolania. Nolanahi ere, talde horietakoren batzuk kendu edo berriak sortu ahal izanen dira; betiere, eskura dauden ikasleen arabera.

V. TITULUA

Irakaskuntzaren antolaketa. Haur Hezkuntza

74. artikulua. Haur Hezkuntzak bi maila ditu, Haur Hezk. 5 eta Haur Hezk. 6, matrikula egiten den urteko abenduaren 31n betetako adinei dagozkienak.

75. artikulua. Maila bakoitzean astean bi eskola emanen dira, bakoitza 45 minutukoa, gehienez ere 12 ikasle izanen dituzten taldeetan.

76. artikulua. Ahal den guztietan, ikasleak elkartuko dira, haien prestakuntza ahalik eta hoberena izan dadin; horixe izanen da irizpide nagusia taldeak eratzeko tenorean. Eskola horiek ematen dituen irakasleak izanen du berak antolatzeko ardura.

VI. TITULUA

Irakaskuntzaren antolaketa. Musika Tresnen Hezkuntzako lehen zikloa

77. artikulua. Maila hauek daude Musika Tresnen Hezkuntzako lehen zikloan: Prestakuntza, 1.a, 2.a, 3.a, 4.a, IPPko 3.a eta IPPko 4.a.

I. KAPITULUA

Prestakuntza maila

78. artikulua. Prestakuntza mailako ikasleek 7 urte beterik izan behar dute matrikula egiten den urteko abenduaren 31n.

79. artikulua. Irakasgaiak:

a) Musika Hizkuntza: ordu bat eta 30 minutu, asteko bi saiotan banatuak, gehienez ere 16 ikasle izanen dituzten taldeetan.

b) Instrumentu Praktika: astean 40 minutuko saio bat, betiere bi ikaslerekin. Ikasleen kopurua bakoitia bada, inongo taldetan sartu gabe gelditzen den ikasleari 30 minutuko saioa emanen zaio.

II. KAPITULUA

1. eta 2. mailak

80. artikulua. Irakasgaiak:

–1. maila.

a) Musika Hizkuntza: ordu bat eta 45 minutu, asteko bi saiotan banatuak, gehienez ere 18 ikasle izanen dituzten taldeetan.

b) Eskolania: 30 minutu astean.

c) Bakarkako Instrumentu Praktika: astean 30 minutu.

d) Taldekako Instrumentu Praktika: 45 minutu astean, gehienez ere 6 ikasle izanen dituzten taldeetan.

Irakasle batek ikasle bakarra baldin badu, irizpide pedagogikoetan oinarriturik, bertze maila bateko ikasleekin nahasten ahalko du hura edo taldekako eskola kendu eta bakarkakoari 40 minutu gehitu.

–2. maila.

a) Musika Hizkuntza: 2 ordu, asteko bi saiotan banatuak, gehienez ere 18 ikasle izanen dituzten taldeetan.

b) Eskolania: 30 minutu astean.

c) Bakarkako Instrumentu Praktika: astean 30 minutu.

d) Taldekako Instrumentu Praktika: 45 minutu astean, gehienez ere 6 ikasle izanen dituzten taldeetan.

Irakasle batek ikasle bakarra baldin badu, irizpide pedagogikoetan oinarriturik, bertze maila bateko ikasleekin nahasten ahalko du hura edo taldekako eskola kendu eta bakarkakoari 40 minutu gehitu.

81. artikulua. Tutorearen azken ebaluazioaren txostenari eta Musika Hizkuntzako eta Eskolaniako irakasleenei jarraikiz erabakiko da bi maila horietako edozein errepikatu behar den edo ez; etapa horretan gehienez ere hiru urtez egon daiteke.

82. artikulua. Maila bat errepikatzeko aukera salbuespenekotzat hartuko da. Ziklo honetan, adin bereko haurren artean garapen ebolutiboaren aldetik alde handiagoa dagoenez, errepikatzea arrazoitutzat joko da frogatzen bada mailetariko baten xedeak ez lortzeak ikasleen heldutasun eza duela oinarri. Eskoletako aprobetxamendu ezak, berriz, ez dio inoiz emanen ikasleari maila errepikatzeko eskubiderik.

III. KAPITULUA

3. eta 4. mailak

83. artikulua. Irakasgaiak:

a) Musika Hizkuntza:

1. 2 ordu astean, ordubeteko bi saiotan banatuak, gehienez ere 18 ikasle izanen dituzten taldeetan, Eskolaniara joaten EZ diren ikasleentzat.

2. Ordu bat eta 30 minutu bi saiotan, gehienez ere 18 ikasle izanen dituzten taldeetan, Eskolaniara joaten diren ikasleentzat.

b) Bakarkako Instrumentu Praktika: saio bat astean, 30 minutukoa.

c) Taldekako Instrumentu Praktika, aukera hauetariko batean:

1. Nahitaezkoa izanen da 4. mailako, IPPko 4. mailako eta IPPko 3. mailako ikasleek ikastetxean dauden taldeetariko batean egitea beren taldekako eskola. 3. mailako ikasleek bertze talde batean egiten ahalko dute taldekako eskola, tutoreak hala erabakitzen badu.

3. mailan taldekako eskola 45 minutukoa izanen da, eta gehienez 6 ikasle izanen dira talde bakoitzeko. Kasu berezietan, tutoreak, irizpide pedagogikoetan oinarrituta, bertan behera uzten ahalko du taldekako eskola, bakarkakoa 40 minutura luzatuz.

2. Musika tresnen taldea: ikastetxean dauden taldeetariko batean.

3. Pianoko espezialitatean, musika tresnaren ezaugarri bereziengatik, bakarkako eskola 40 minutukoa izanen da, taldekako eskolarik ez dagoelako.

4. Aukerakoa. Eskolania: astean ordu bat.

IV. KAPITULUA

Irakaskuntza profesionaletarako 3. eta 4. prestakuntza mailak.

84. artikulua. 2. mailatik aitzina, irakaskuntza profesionaletarako prestakuntza bide bat irekitzen da interesa eta musika gaitasun bereziak dituzten ikasleendako; kurtsoko hirugarren hiruhilekoan lortutako kalifikazioa izanen da hartarako sarbidea.

85. artikulua. IPPrako sarbidea:

a) IPPko 3. mailan sartu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da Musika Hizkuntza eta Musika Tresna irakasgaietan gutxienez ere “8” eskuratzea.

b) IPPko 4. mailan sartu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da IPPko 3. mailako Musika Hizkuntza eta Musika Tresna irakasgaiak gainditzea.

c) 4.a bukatzen duten ikasleak, IPPko 4. mailan sartu ahal izanen dira, betiere Musika Hizkuntza eta Musika Tresna irakasgaietan gutxienez ere “8” eskuratzen badute.

86. artikulua. Irakasgaiak:

a) Musika Hizkuntza: 2 ordu astean, asteko bi saiotan banatuak, gehienez ere 15 ikasle izanen dituzten taldeetan.

b) Bakarkako Instrumentu Praktika: saio bat astean, 40 minutukoa.

c) Musika Tresnen edo Bozen Taldea: ikastetxean dauden taldeetariko batean.

87. artikulua. IPPko 4. maila egin eta irakaskuntza profesionaletan sartzeko probak gainditurik kontserbatorioan sartzen ez diren ikasleak zuzenean sartuko dira Musika Tresnen Hezkuntzako 5. mailan.

88. artikulua. IPPko 4. maila egin eta irakaskuntza profesionaletan sartzeko probak gainditu ez dituzten ikasleek hautara izanen dute maila hori errepikatzea, aitzinetik irakasleek aldeko txostena eginda, edo Musika Tresnen Hezkuntzako 5. mailan sartzea.

89. artikulua. Nolanahi ere, IPPko 4. mailan gehienez ere bi urtez egon daiteke.

VII. TITULUA

Irakaskuntzaren antolaketa. Musika Tresnen Hezkuntzako
bigarren zikloa

90. artikulua. Maila hauek ditu: 5., 6., 7. eta 8. mailak.

91. artikulua. 5. mailako edozein irakasgaitan sartzeko baldintzak hauek dira:

a) Musika Tresnako Bakarkako Eskola: 4. mailako Musika Tresna irakasgaian, gutxienez ere “oso ongi 7” kalifikazioa.

b) Musika Tresnako Taldekako Eskola: 4. mailako Musika Tresna irakasgaian, gutxienez ere “nahikoa 5” kalifikazioa.

c) Musika Tresnen Taldeak:

–Dagokion irakasgaia 4. mailan egin bada, nahitaezkoa izanen da hura gainditu izana.

–Aukeratutako irakasgaia 4. mailan egin ez bada, nahitaezkoa izanen da musika tresnaren espezialitatea gainditzea.

d) Eskolania:

–Dagokion irakasgaia 4. mailan egin bada, nahitaezkoa izanen da hura gainditu izana.

–Aukeratutako irakasgaia 4. mailan egin ez bada, nahitaezkoa izanen da boz proba bat gainditzea.

e) –Pop-Rock Gela:

–Izena eman nahi den musika tresnaren espezialitatea nahitaez gainditu beharko da.

–4. mailan gainditutakoaz bertzelakoa den espezialitate batean izena eman ahal izateko, sartzeko proba bat gainditu beharko da.

f) Musika Hezkuntza Osagarria:

–Musika Hizkuntza gainditu beharko da 4. mailan.

92. artikulua. Irakasgai batean sarturik, beharrezkoa izanen da maila bakoitzean hura gainditzea hurrengo mailara pasatzeko.

93. artikulua. Irakasgaiak:

a) Bakarkako Instrumentu Praktika: astean 30 minutu.

b) Taldekako Instrumentu Praktika: 15 minutuko ratioa ikasleko, eta gehienez ere ordu bat.

Musika tresnaren irakasleak izanen du eskola taxutzen duten ikasle mota eta kopurua zehazteko ardura, irizpide pedagogikoen arabera taldekaturik, eta ez nahitaez bat etorririk ikasleak matrikulaturik dauden mailarekin.

Eskola horiek antolatu behar badira 4 ikasle baino gutxiagoko taldeekin, ikasle bakoitzarekin erabili beharreko denbora 15 izanen da astean.

c) Musika Tresnen edo Bozen Taldea: talde bakoitzak esleitua duen denbora.

94. artikulua. Ikastetxea, arestian aipatu direnez gain, beharrezkoak iruditzen zaizkion irakasgaiak ematen ahalko ditu ikasturte bakoitzean.

VIII. TITULUA

Jarduera osagarriak

95. artikulua. Fernando Remacha Musika Eskolak jarduerak antolatuko ditu irakaskuntza guztien osagarri; horietara nahitaez joan beharko dute eskaera jasotzen duten ikasle guztiek.

96. artikulua. Jarduera osagarriak zenbait motatakoak izanen dira:

a) Kontzertu pedagogikoak.

b) Kontzertu profesionalak.

c) Ikasleen kontzertuak egun seinaleetan.

d) Trukaketak bertze eskolekin.

e) Ikasleen entzunaldiak.

97. artikulua. Jarduera horiek eskolatzat hartuko dira ondorio guztietarako. Ez da inoiz banakako nahiz taldekako eskolarik errekuperatuko, antolaketa arrazoiak direla-eta arestian aipatu jardueretariko bat jarri bada haien ordez.

IX. TITULUA

Ebaluazioa

98. artikulua. Ebaluazioaren xedea da ikasleen ikaskuntza baloratzea; ebaluazioa pertsonalizatua izanen da, jarraitua eta irakasgaiz irakasgai desberdindua, eta irakasgaietariko bakoitzaren programazio didaktikoetan islatzen diren xede, eduki eta ebaluazio irizpideak izanen ditu erreferentzia.

99. artikulua. Irakasleek, ikasturtean zehar, ikasleen ikaskuntzari buruzko jakingarriak bilduko dituzte, horretarako behaketa sistematikoa, probak edo bertze mekanismo batzuk erabiliz, irakasgai bakoitzaren ezaugarri berezkoen arabera. Prozesu horrek behar du ikasleak eskoletara eta irakasgai bakoitzerako programaturiko jarduera guztietara etortzea.

100. artikulua. Irakasle taldeak, tutoreak koordinaturik, hiru ebaluazio saio eginen du ikasle beraren gainean; gisa horretara baloratuko da ikaslearen ikaskuntza eta hartuko dira behar diren neurriak.

101. artikulua. Irakasgai bakoitzaren kalifikazio orokorra honela adieraziko da: Bikain, Oso Ongi, Nahikoa edo Gutxiegi, eta gainera, kalifikazio numerikoa erabil daiteke (0tik 10era).

102. artikulua. Taldeen irakasgaietan, kalifikazio orokorra honela adieraziko da: Bikain, Oso Ongi, Nahikoa edo Gutxiegi, eta gainera, kalifikazio numerikoa erabil daiteke (0tik 10era).

103. artikulua. Irakasgai bakoitzaren alderdi desberdinen kalifikazioa honela adieraziko da: OO (Oso Ongi), O (Ongi), H (Hainbatean), G (Gaizki) edo OG (Oso Gaizki).

104. artikulua. Tutoreak ikasle bakoitzaren hiruhilekoko ebaluazio orria gauzatuko du eta haren bidez emanen du irakasgai bakoitzaren alderdi guztien bilakaeraren berri, bai eta irakasgaiaren balorazio orokorra ere.

105. artikulua. Hirugarren hiruhilekoko txostenarekin batera azken ebaluazioaren txostena aurkeztuko da, eta hartan zehaztuko da ikaslea hurrengo mailara pasatzen den, maila errepikatu behar duen (1.ean eta 2.ean soilik) edo ikastetxean segituko ez duen.

X. TITULUA

Eskolan sartzeko eta egoteko araubidea

106. artikulua. Tuteran erroldatu eta bizi direnek lehentasuna izanen dute plazen esleipenean.

107. artikulua. Ikasturte bakoitzeko maiatzean, Herriko Etxeko eta Eskolako iragarki oholean argitaratuko dira hurrengo ikasturterako izena emateko eta matrikula egiteko datak.

108. artikulua. Matrikula ezarritako epeetan egiten ez bada, ikasle gisa eskuratutako eskubideak galduko dira.

109. artikulua. Adin bereko ikasleak aipatuz gero, urte berean sortuak direla ulertu behar da.

I. KAPITULUA

Haur Hezkuntza

110. artikulua. Etapa honetan sartzeko izena eman beharko da matrikularen aitzin.

111. artikulua. Eskaria ikastetxeak ezarritako eskaintza baino handiagoa bada, zozketa publikoa eginen da plazak esleitzeko.

112. artikulua. Anai-arreba bizkiek sartzeko eskatzen badute, biei zenbaki bakarra esleituko zaie eta zozketan tokatzen bazaie bat gutxiago izanen da eskaintzen den plaza kopurua.

113. artikulua. Onartzen ez diren ikasleak itxaron zerrendan geldituko dira, zozketan ezarritako ordena mantendurik; lehen hiruhilekoan dei egiten ahalko zaie hutsik dauden plazak badira.

114. artikulua. Haur Hezkuntzan onartuak izanez gero, ikasleek plaza bermatua izanen dute etapa hori bukatu arte, salbu eta 41. artikuluan aipatutako kasuetan (eskola justifikaziorik gabe huts egitea) edota 44. artikuluko kasuetan (aprobetxamendu eza).

II. KAPITULUA

Musika Tresnen Hezkuntza

115. artikulua. Eskola honetan “Haur Hezkuntza 6” maila eginez gero, ikasleek plaza bermatua izanen dute Prestakuntza mailan; ez ordea musika tresnaren espezialitatean, hori zozketa bidez esleituko baita eskatzen diren plazak eskainiak baino gehiago diren espezialitateetan. Nahi duten espezialitatean plazarik ez duten ikasleek plazak dituen bertze bat hautatu ahal izanen dute. Matrikulak egiteko bulegoetan eskabideak aurkezten diren ordenaren arabera esleituko dira plazak.

116. artikulua. Eskola honetan Prestakuntza maila eginez gero, ikasleak bertze musika tresna baten espezialitatera aldatu ahal izanen dira hurrengo mailan (1.a), baldin eta Ikasketaburutzari hala eskatzen badiote matrikulazio epea hasi baino lehen.

117. artikulua. Bertze maila batzuetako ikasleek, espezialitatez aldatu nahi badute, Ikasketaburutzari eskatu beharko diote eta berak eskaera ebatziko du matrikulazio epe guztiak amaitu ondoan.

118. artikulua. Eskola honetan inoiz ikasi ez duten ikasleek, Musika Tresnen Hezkuntzako mailaren batean sartu nahi badute, izena emateko orrian jarriko dute zein musika tresnaren espezialitatea nahi duten eta musika hizkuntzaz nahiz musika tresna horretaz dituzten ezagutzak aipatuko dituzte, halakorik izanez gero.

119. artikulua. Ikastetxean lehendik dauden ikasleen matrikulak egin eta gero, gainerako plazak izena emandako ikasleen artean banatuko dira adinaren arabera (gazteenetik zaharrenera).

120. artikulua. Adin bereko ikasleen artean, musika tresnaren baten espezialitatean, eskariak eskaintza gainditzen badu, jendaurreko zozketa eginen da plazak esleitzeko.

121. artikulua. Ezagutzak dituzten ikasleei, onartuak izanez gero, maila egokian sartzeko beharrezkotzat jotzen diren probak eginen zaizkie.

122. artikulua. Matrikulazio epea bururatu ondoan ikasleak onartzen ahalko dira, baita 2. hiruhilekoaren hasiera baino lehen ere, bajak gertatzen badira edota musika tresnaren baten espezialitatean plazaren bat hutsik gelditzen bada.

123. artikulua. X. titulu honetan jasotzen ez diren kasuak eskaera baten bidez tramitatuko dira Ikasketaburutzan; horrek komenigarri iruditzen zaion gisan ebatziko ditu, betiere kontraesanean sartzen ez bada arestian arautuarekin.

XI. TITULUA

Eskola egutegia

124. artikulua. Ikasturtearen hasieran Eskolako zuzendaritza taldeak eskola egutegia eginen du, Nafarroako Gobernuak bere musika ikastetxeetarako ezartzen dituen gidalerroei jarraituz.

125. artikulua. Egutegi horretan ezarriko dira ebaluazio saioak eta notak emateko datak, eskolak hasi baino lehen argitaratuko direnak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da Fernando Remacha Udal Musika Eskolaren Plan Pedagogikoa, Udalak 2012ko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran onetsia.

AZKEN XEDAPENA

Plan pedagogiko honek indarra hartuko du 2019-2020ko ikasturtearekin batean, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2002058