40. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

128/2020 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2020rako gastua baimentzen baita desgaitasuna duten pertsonek lan-merkatu arruntean enplegu lagundua lortzeko dirulaguntzetarako. DDBN identifikazioa: 493736.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, haien oinarri arautzaileak 2020. urtea baino lehen onetsi baldin badira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan teknikariak kontratatzeko dirulaguntzarako gastua baimentzea 2020rako.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 13an emandako 1558/2008 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 5.000,00 euroko gastua baimentzea desgaitasuna duten pertsonek lan-merkatu arruntean enplegu lagundua lortzeko dirulaguntzetarako, 2020ra luzatu den 2019ko gastu-aurrekontuaren partida honen kargura: “Enpresa arruntek desgaitasunen bat duten pertsonak kontratatzeko dirulaguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 2020 950001 96100 4709 241105 partida. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 13ko 1558/2008 Ebazpenaren bidez arautu ziren (DDBN identifikazioa: 493736).

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2020ko otsailaren 6an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2002006