40. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

127/2020 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2020rako gastua baimentzen baita, laneratze prozesuan lagun eginez, desgaitasuna duten eta lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei laneratze prozesuan lagun egiteko eta lan munduan sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako. DDBN identifikazioa: 493702.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, betiere haien oinarri arautzaileak 2020. urtea baino lehen onetsi baldin badira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan teknikariak kontratatzeko dirulaguntzarako gastua baimentzea 2020rako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 23an emandako 972/2019 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 65.000,00 euroko gastua baimentzea desgaitasuna duten eta lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei laneratze prozesuan lagun egiteko eta lan-munduan sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako, 2020ra luzatu den 2019ko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: “Enpresa arruntek desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko laguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241105 partida. Dirulaguntza-deialdi horren oinarriak irailaren 23ko 972/2019 Ebazpenaren bidez onetsi ziren (DDBN: 493702).

Era berean, 13.000,00 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2020ko otsailaren 6an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2002005